Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

EREŅOZU

 

 

BERTSOLARIAK

 

      Juanito Altxo, Bixente Lizeaga, Migel Mari Legarraldekoa...

[Aterpe]

 

      Epeleko Joxe Manuel Ugalde (hark guk danok baino hobeto egiten zuen), Martin Otxotorena (atezainaren aita), Bixente Gorrotxategi Arriurdinetakoa... horiek denok aritzen ginen lardaskan. Ereņozun biltzen ginen, Irrintzi tabernan.

[Pedro Joxe Mujika “Anatx”]

 

      Eduardo Oiarbide, osaba, Eibarren atera zen Gipuzkoako Txapelketan, 1945-1950 aldean. Antonio Pagola eta ziren epaile. Uste dut Joxe Lizasok irabazi zuela. “Haietan ni baino hobea hura bakarra huen!” esaten zuen. Laugarren uste dut geratu zela gurea. Hurrengo txapelketan ez zen batere joan.

[Florian Oiarbide]

 

      Behin edo behin elkartzen ginen Ereņozu alde horretan afaltzen sozidadean eta bertakoak hasten ziren kantari. Altxotarrak, batez ere. Barre puska bat eginez gustura egoten ginen. Zaletasuna bazen herrian, eta bertso giro polita sortzen zen.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

 

AUZOKO BERTSOLARIAK

 

        1

Ereņotzuri begiratuta

bururatutzen zait neri

bertako izanak nola ditugun

horrenbeste bertsolari

hortaz gainera entzule finak

lehen eta orain ugari

hoiek ezean alperrikan da

ibilitzea kantari.

 

        2

Txirrita lehendik goian daukagu

ezin da gorago jaso

Patxi Bakallo, Pedro Santa Kruz

onak genituen oso

ondorenian Pablo Txikiyak

bertsolaritzan eraso

Juanito Altxo geroago zan

kantatzen zuen eroso.

 

        3

Legarreta-ta Joxe Migeli

ipintzen diot arreta

aipatu behar sartu ezkero

behin bertsolari zaharreta

gainera bere semia gendun

hemen Joxe Legarreta

esan nahi nuke nola guztiok

diogun hainbat zor eta.

 

        4

Joxe Ttanttua bertsolariya

hura beti umorian

lehengo kontuak kontatzen zitun

oso era dotorian

ondorengoak jarraitzen dute

hark utzitako bidian

momentuan bat aipatzekotan

esango nuke Florian.

 

        5

Lehengo zahar hoiek utzi ziguten

bertsolaritza herentzi

ordutik hasi ta orain arte

galtzera ez dugu utzi

orain gazteak indartsu datoz

bertsolari dira jantzi

horrengatikan nik zorionak

Iboni eta Aritzi.

 

        6

Aipatutako batzuak hilak

emanda beren pausua

beste batzuak edadetuak

maite dugunak bertsua

orain gaztiak ikusi eta

guretzat une gozua

hontaz aurrera zuen esku da

Ereņozuko auzua.

 

[Manuel Huizi, 2003an Joxe Legarretaren omenez
Ereņozun egindako bertso-emanaldirako jarriak]

 

 

SAIOAK

 

      Ereņozura ere joaten ginen gaiak jartzera. Baten batek behar eta ni. Xalbador, Uztapide, Basarri, denak Ereņozuko festetan izaten ziren bertsotan. Gaiak jartzen aritu nintzen batean Xalbador eta Uztapide ziren, eta Xalbadorrek ekarri gintuen bueltan kotxez tren apeaderora. Bere galtza txukunen gainetik bonbatxo batzuk jantzi zituen eta han sartu zen kotxean. Bi zaharren artean etorri nintzen isilik, gustura haien kontuak entzunaz! Oso elkar maiteak ziren.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Garagarrillaren amairuan Ereņozura joango giņan. Ara ere urte askoan joan nintzan.

      Lenbizi joan giņanean, lau bertsolari izan ginan: Saiburu edo Lujanbio; Azpeitiko Mandiolatza’koa; Ernaniko kurtiderian egiten zuan lana; uraxe bestea, eta Zepai ta ni. Beti bezela, bi saio egin giņuzen: bat goizean eta bestea arratsaldean.

      Bien bitartean joan giņan bazkaltzera, eta neskatxa bat ikusi genduan, bersotan ederki egiten zuana, guk bazkaldu genduan tokian. Ez dakit zarrak edo berriak zer kantatuko zituan, baņa boza ederrarekin kantatzen zituan. Ereņozun jende asko izan oi da kanpokoa, eta ez dakit egun orretarako etorritakoren bat edo zer izango zan ura. Geiago ez det nik ura ikusi.

      Ernaniko Migel Toledo majiņa bat bider joango zan onezkero, berak esan izan duanez. Migel Toledo ori gerra aurreko alkatea zan, da orrek beti gurekin bazkalduko zuan. San Antonio egunean aspaldian etzuan urterik galduko Ereņozura joan gabe. Gero Basarrirekin asi nintzan joaten. Orrekin ere urte batzuek egin nituan. An ere, goizeko saioa egin ezkero, lanik txarrenak egiten ziran. Sozidade bat zegoan; ara bildu oi giņan, plazako saioa egiten genduanean, eta an izaten ziran kanpotik etorritakoren batzuek. An, tragoska bat egiņaz, bertsosaioren bat egingo genduan, da iņon baņo atentzio obea edukiko zuten. Urumea errekan bada afizioa, eta entenitzen dute aiek bertsoa zer dan. Batenbat ixilik ezin egon bazan, berealaxe esango zion an batenbatek:

      — Ixilik egon edo bestela alde kanpora emendik!

      Basarrik eta nik biok arratsaldean egingo genduan beste saioren bat, eta goizean baņo errezago; kezka gutxiagorekin beti ere. Jendea agurtuko genduan plazan, urrengo urte arte esanda eta berriz ere ez aztutzeko gurekin, eta jetxiko giņan, soņu-jotzalleari txanda eskeņiaz.

      Urte batzuetan segitu genion Basarrik eta biok, baņa arek utzi egin zion gero, eta ni Lasarterekin asi nintzan orduan.

      Lasarterekin ere urte askoan joan giņan. Biok ondo alkar artutzen genduan, eta bertsotan errez egin ere egiten genduan. An, Txilibitanea esaten zaiona, bada taberna bat, eta ura ere bisitatu bear izaten genduan. Suia ere, bat soņu jotzallea du Txilibitak, eta egundoko juerga egin oi zan etxe artan.

      An ere beti egin bear izaten genduan bertso-saio bat.

      Beste batean, Agirre azpeitiarrarekin ere izan nintzan. Bertsolari bizia da uraxen; jendeari gusto emateko modukoa. Ereņozun bazekiten aren berri ordurako; len ere askotan izanda zegoan ura.

      An izaten dira, bertsotan entenitzen duan jendea ere, Juan Marko ta Uizi naparra.

      Jendea, berriz, nik ez dakit nundik etortzen dan ainbeste jende errekazulo artara. Ikusi egin bear da ango automobillen emana ta ango jendetza.

[Manuel Uztapide, Lengo egunak gogoan]

 

      Eliza goiko koskatik, eskailera maila bat jaitsi eta hor aulki bat jartzen zuten, eta hor esertzen zen bertsolari bat, eta bestea frenteko etxeko leihotik. Gero nik ezagutu nuen goien, bi etxeren tartean, Goikoetxeren eta bestearen artean, bolatokia zen hor, eta hortxe. Nik hor ezagutu dut Saiburu. Xalto ere aritu omen zen intxaurraren gainera igota!

[Florian Oiarbide]

 

      Ereņozuko festetan, urte askoan ezagutu dut Pablo Zubiarrain, Mitxelena ere bai eta bestea Lexoti. Jendeak disfrutatzen zuen... urte guztia haren zain! Barrioko festa behar zuen bertsolaria aditzez gero!

[Florian Oiarbide]

 

 

LAGUNARTEAN

 

      Gure gurasoen taberna-dendara biltzen ziren jai iluntzean. Afari mokoa egin eta gero bertso zaharrak kantatzen zituzten. Bertso asko zekizkien Epeleko Joxe Miel Ugaldek (Joxe Manuel Ugalderen aitak). Joxe Luis Artola ere etortzen zen, Alkatxuingoa.

      Bertso zahar bat ez zekienik barrioan ez dakit zein izango zen! Baita emakumeak ere! Txirritarenak batez ere.

[Florian Oiarbide]

 

      Afizioa zegoen batek besteari puntuak jartzekoa. Joxe Luis Artola, Daniel Zerain, Joxe Zerain, Inixio Arretxe... Goizean sei eta erdietako mezetatik atera, eta kruzea dago 100 metro gora joanda, Katiluxar. Kruzeraino puntutan joaten ginen, eta handik aurrera batzuk Alkatxuinera eta besteak Larre-Gain aldera jarraitzen genuen.

[Florian Oiarbide]