Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

TXIRRITARI OMENALDIAK

 

Txirritaren omenaldia, 1936an Errenterin.
Ezkerretik eskuinera:
Eserita: Alkain, Lexo, Aitzol,
Txirrita, Basarri, Alkain (semea), Txapel.
Zutik: Hernandorena, Saiburu, Garmendia,
Telletxea, Idiazabal, Zubimendi, Lizaso,
Arzelus, Gaztelumendi, Olaizola, Uztapide.
Iturria: Auñamendi Entziklopedia.

 

 

1936 ERRENTERIN

 

      Txirritari eskeiñitako omenaldi ori, 1936-III-22’an egin zan. Egun artako berri, Luzear’ek eman zuan andik bi egunera El Día egunerokoan. Idazlan luzea baita, ezin jarriko degu emen dana, baiña zati batzuk bai:

      Txirrita baldartua eta autamobillean ekarri zuten. Errenteri’ko elizak ar-malla edo eskallera asko ditu. Ain zuzen, 1895 urtean berritu ziranean, Txirrita ere antxe jardun zan lanean. Baña, bere bi makuluren laguntzagatik ere, oso nekez igo zituan orain Txirritak. Meza nagusia, ildako bertsolarien animengatik eskeñi zan. Meza ondorenean, zenbait euskal erritan oi zan antzera, txistulariak euskal doiñu batzuk jo zituzten kontzejupean.

      Amabiak laurden gutxiagotan, teatrora. Ager-tokian, erdi-erdian jarrita, bere patriarka zaar itxurarekin, Txirrita. Bere inguruan zenbait bertsolari: Lujanbio edo Saiburu; Telleri-Txiki, Alkain aita-semeak, Uztapide, Lexo, Basarri ta Txapel. Baita euskaltzale-mordoska bat ere.

      Aurrena, Jose Ariztimuño apaiz jaunak, Aitzol’ek alegia, itzaldi bat egin zuan: Txirrita, bertsolarien erori-aldian, antzu-aldian, guzien eusle, buru, biotz eta maixu izana zala, eta bertsolari guziak aitortzen ziotela maixutasun ori; bertsolariak diran bitartean gure erria ez dala ilko. Beste orrelako gauza asko esan zituan, Txirrita eta bertsolari guziak goratuz.

      Urrena, Bitor Idiazabal’ek, Errenderi’ko Euskaltzaleak alkartearen lendakariak, makil eder bat eskeiñi zion Txirritari. Makillaren esku-lekuaren inguruan onela zion: Errenteriko Euskaltzaleak Txirritari,1936’go Epailla’k22.

      Ondoren, bertsolari guziak bertso pare bana bota zioten, aren bertsotarako trebetasuna goratuz eta leenagoko bi makillen gaiñetik irugarrena zertarako ote zuan galdetuz. Jende tartetik ere izan omen zan beste bertsolari baten erantzuna.

      Txirritak bi bertso kantatu zituan, bere makil berri ura gai artuta.

 

Emen geienak bazenekiten

ni nola neguen eri,

orregatikan bastoi eder au

eman dirazute neri;

au ikusi nai duenak orain

ondo beiratu berari,

erromatarrak bentzitutako

lizar makilla diruri.

Irurogei ta amasei urte,

garaia det umiltzeko,

bultza bearrik ez nadukake

goitik bera amiltzeko;

bi makil oiek aski nitun nik

munduz mundu ibiltzeko,

irugarrena andregaiari

arkakosuak iltzeko.

 

      Andik atera eta bazkaria. Eta, bazkaldondoan, bertsolari guziak kantu-lanari ekin zioten. Luzear’ek onela dio: «Ango bertsoak jaso izatera, gaurko izperringi osoa txikia genuke guzientzat. Kilometroka neurtzekoa zan atzoko etorria».

      Uztapide zanak, bere Lengo egunak gogoan liburuan, omenaldi onen berri ere ematen du. Egun artako bazkalosteko saioaz onela dio:

      «Bazkal ondoan beste saio bat egin genduan bertsotan. Gozatu genduan Txirrita ta beste an ziran jendea. Onela jardun genduan Txirritak eta biok:

 

        Uztapidek:

Zure bertsua beti izaten da

garbia eta klarua,

estimatzeko modukua da

zuk daukazun zartzarua;

zu bezelako aita batekin

gaztientzat anparua,

ankak piska bat makaldu arren

argi daukazu burua.

 

        Txirritak:

Nere arteko pasadizua

esaten biet abitu,

zuri ez dizu kalte egingo

eta mesedez aditu:

reuma gaiztuak arrapatuta

elbarri nintzan gelditu,

neri gaitz ori eman ziranak

zuretzat ere baditu.

 

      Ondoren, txistulariak, dantzariak eta pelotariak izan ziran. Urrena, bertso-saioa berriz ere. Eta, azkenik, euskal erromeria. Egun artan eskeiñitako makilla, oraindik ere gordetzen dute Txirritaren illobak, osabaren oroipengarritzat.

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

 

 

1935 EREÑOZU

 

      Gure aitak (Joxe Oiarbide, 1912an jaioa) Txirritarekin zeozer amistadea izango zuen, baina oso gaztetan. Txirrita eta Paulo Txikiarekin kantatu zuen, Txirritari lehen omenaldia egin ziotenean, Ereñozun. Paulok 17 urte zituen eta gure aitak, Afrikatik soldaduskatik etorri berria, 23 urte. Gureak ez zuen segitu bertsotan. Txirrita bizirik ezagutu zuen, gure aitak 29 urte inguru zituenera arte.

      Aita Zavalari Txirritaren bertso idatzi asko eman zizkion gure aitak. Bertso asko zekizkien buruz.

[Florian Oiarbide]

 

 

1963 HERNANI

 

      Txirritari lehen omenaldia egin ziotenean Hernanin, goiko plazan, han kantatu omen zuten Basarrik eta Uztapidek, eta bertako Altxok eta Bixente Arriurdinetakoak ere bai.

[Florian Oiarbide]

 

 

1963 EREÑOZU

 

      1963’ko urriaren 20’an, omenaldia egin zitzaion Txirritari Ereñozu’n. Baita ere oroitarri bat, bere irudiarekin, Latze baserriaren pareta zaarren ondoan ezarri.

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]