Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

TXIRRITARENAK

 

 

 

LANEGUNAK

 

Astelehena det jai bat hartua

pekatu mortal purutzat

asteartean kolpeik jotzeko

gogorik etortzen etzat

asteazkena, hauxen da pena!

tristura handia sartzen tzat

ta osteguna, peri eguna

burua dana nahasten tzat

aste guztia kolpeik jo gabe

neri holaxe joaten tzat.

 

[Antonio Zubiarrain, kantatua]

 

Iturria: http://gipuzkoakultura.nirudia.com

 

EREÑOZUKO ERMITARI

 

Goiko etxeko Nikolas zana

jende askoren aurrian

beste mordo bat harria biltzen

goiko Alkatxuingo larrian

nere aita ta Pizarro berriz

ganaduakin larrian

ermita eder hau nik egin nuan

txokolateren* lurrian.

                             [* Azpiko gure etxea Txokolatenekoa baita!]

 

Zenbat aldiz nei goatzen zaidan

ene ermita maitia!

zu egiteko auzo guztiak

hartu zun borondatia

nere aitak’e ontza bat urre

bai omen zuan botia

San Antoniok eraman ziken

nik bihar nuan dotia.

 

[Antonio Zubiarrain]

 

 

HARGIN ANDALUZA

 

      (Latzen) Fabrika egitean, langilleetan bazan argin andaluz bat. Bein batean onek, berak bezperan egindako pareta, okertua arkitu zuan. Bultzaka asi zan, pareta okerra zuzendu nairik. Lan ortan ari zala, Txirritak ikusi zuan. Artean mutiko gaztea zan, baiña bertso au bota zion:

 

Aiziak biali du

andikan onuntza,

geroztik emen dabil

gure andaluza;

argiñ ona zala ta

zakurraren putza,

bera eroriko dek,

ez akiyok bultza.

 

[Gregorio Santa Kruz, Txirrita liburua]

 

 

JAIOTETXEAN

 

      Egun batean, gizon larria zala, Latze inguruan ari omen zan lanean Txirrita. Artean, Latze baserria oso-osorik zegoan. Fabrikako enkargatua or etorri zitzaion, bere jaiotetxea ikusi nai zuala esanez. Baietz, lagunduko ziola, erantzun zion, eta alkarrekin joan ziran. Ateondoraiño eldu ziran, eta orduan Txirritak onela esan zuan:

      — Arrayia! Arrayia! Esaera zaarra da: jaiotako tokira iltzera. Ni ez noa, ba, barrena sartzera.

      Eta buelta eman eta sartu gabe alde egin zuan.

[Gregorio Santa Kruz, Txirrita liburua]

 

      Beste egun batean, Ereñozu’ra kantura etorri eta bertso au bota zuan bere jaiotetxeagatik:

 

Txirrita zarrak beti izan du

aurreko zarren fedia,

zenbait bezela ez da izandu

sinismenikan gabia;

zaku bat urre izan biar du

gure aitonak gordia,

saiatzen dira galanki baña

ezin billatu ordia.

 

[Jose Oiarbide, Txirrita liburua]

 

 

MAIORAZGO DESPATXATUA

 

      Beste batean, amak ala galdetu omen zion:

      — Aizak: aita nun dabil?

      Eta Txirritak bertso batekin erantzun zion:

 

Etxeko maiorazkua

nintzan tokamentuz,

baldin serbitu banu

aita pulamentuz;

nere bizimodua

beti dabil kantuz,

despatxatuko naute

ez banabil kontuz,

aita ikullun dabil

beiak gobernatuz.

 

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

 

ALBAITERUEN SALAN

 

      San Markos mendiko fuertea egiten ari ziran garaian, langille batzuk Txirrita’n zeuden ostatuz. Goiz batean, oietako bat, ondo-ezik edo miñez zegoalako itxura egin, beranduago jeiki eta aize pixka bat artzera zijoala esanez, kanpora atera zan. Baiña ordurako bere pardela balkoitik botea zeukan. Eta pardela artu, ostatua zor utzi eta alde egin zuan. Amak, noski, pena artu zuan. Baiña Txirritak esan zion egoteko lasai; berak billatuko zuala gizon ori, eta kenduko ziola dirua.

      Esan eta egin. Atzetik joan eta arkitu du gizon ori. Kargua artu eta kendu dio dirua. Baiña txanponak berak jaso zituanean, Albaiteruena deitzen zitzaion taberna batera joan eta danak gastatu zituan. An, dantzan eta saltoka zebillela, txurnioa estrokatu zuan (txorkatilla biurritu), eta bestek ekarri bear izan zuten etxera aidean.

      Gisa artan ikustean, onela galdetu zioten etxekoak:

      — Motell, zer egin dek? Zer pasa zaik?

      Eta Txirritak bertso onekin erantzun zien:

 

Albaiteruen sala

demonio ortan,

demoniozko estropozo bat

egin nuen bertan.

Demoniuak emen,

demoniuak an,

demoniuak beti

gorputzaren bueltan,

demoniuak sasoi zeukaten

demoniuetan.

                  [Albaiteruen sala ori Bonatxo baserrian zegoan]

     

[Jose Ramon Erauskin Lujanbio, Txirrita liburua]

 

 

MATEMATIKAK

 

      Txirrita oso gaztea zala, etxera sei sardin ekarri omen zituzten; eta aita eta amak bina, eta berak eta anaiak bana izan omen zuten. Orduan bertso au bota omen zuan:

 

Gure etxean laurentzako

gaur sei sardiña,

bañan ez dute egin

partizio berdiña;

guri bana eta berak

jan digute biña,

zergatikan ez partitu

bana ta erdiña?

 

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

 

AMARI

 

      Txirrita bertsotara kanpora ateratzen asi zanean, ala esan zion amak bein batean:

      — I beti or abil batean eta bestean, baiña etxean ez dek kantatzen. Noiz kantatu bear dek?

      Eta Txirritak orduan onela kantatu zion:

 

Atso lepa luze bat

dala nere ama,

Erren teria’n dauka

sorgiñaren fama;

soñean jazten ditu

lau edo bost gona,

ni gaiztoa naiz baña

bera ez dek ona.

 

      Amak, asarretu eta esan zion:

      — Alde egin zak emendik! Orrekin naikoa dek gaizto zital orrek!

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

 

ANDREGAIAK

 

      Andregaia ere izan omen zuan. Bertsoa onela kantatu izan omen zuan beintzat bein batean:

 

Andregai bat banuen eta

esan bear det zeiñ ere,

mantal txuria jantzitzen zuan

da ibiltzen zan dotore;

amaika bider eskatu nion,

etzidan eman beñere,

geroztik iru aur izan ditu,

Paris’en dabil iñure.

 

[Estanislao Urruzola, Uxola, Txirrita liburua]

 

      Mutilzar gelditzea erabaki zuan ezkeroztik, txantxetan artu zuan beti bere izate ori. Egun batean, Zizurkil’era joanak ziran Gaztelu eta Txirrita, biak mutilzarrak.

      Tabernako atean, batek besteari onela otsegin zion:

      — Txirrita, umeak nun dituk?

      Eta besteak:

      — Ireekin jostatzera joanak dituk.

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

 

NI EZKONTZIAN

 

      Urrengo iru bertso auetan, eztaiak nolakoak izango zituan esaten du. Ez dakigu boteak ala jarriak diran.

 

Ogei eta bi urtetarako

nitzan ezkondu nayian,

irurogei ta bederatzitan

oraindik nago gayian;

lendabiziko nere preoia

botatzen duten jayian,

suzko zezenak izango dira

Zurriola’n da kayian.

 

Gañera berriz esposatzean

debalde napar zezenak,

kostako zaizkit galanki baño

aundiak eta gizenak;

aiek iltzeko bi kastillano

indar aundiko gizonak,

Machaquito ta Bombita ditut

etorritzeko esanak.

 

Dozen erdi bat urdai azpiko

zintzilik dauzkat jarriyak,

saltxitxoi eta lukainka asko

Aragoi’tik ekarriyak;

lau kapoi pare eta sei ollo

agindu dizkit erriyak,

eta ondoren toreatzeko

bi zekor gorri-gorriyak,

ni ezkontzean izango dira

bankete izugarriyak.

 

[Jose Ramon Erauskin Lujanbio, Txirrita liburua]

 

 

TABERNAKO ATIA

 

      Zaartu ondoren, Altza’n arrebaren etxean bizi zala, erriko medikuak Don Inazio Casares eta Don Leandro Aizpurua omen ziran Txirrita ostatutik etxera ongi serbituta bialdu bear zutela pentsatu zuten. Kosta omen zan pixka bat; baiña bai fardel ederra eman ere. Urrengo goizean, seietako mezetara zijoan jendeari, bertso au kantatu zion Txirritak:

 

Zabal dagola ikusten badet

nik tabernako atia,

iduritzen zait pekatu dala

an sartu gabe joatia;

gure erriko bi medikuak

pikaro xamarrak tia,

bart arratsean bialdu naute

pipa bezela betia.

 

[Sebastian Salaberria, Txirrita liburua]

 

      Urte pranko Ernani’tik palta Txirrita. Ta batean etorri ta Ezio baserriko Manuelekin asi bertsotan. Txirritak bertso bat onela kantatu zun:

 

Zu Ezio’ko Manuel zera,

ni jaio nitzan Latxian,

garai batian barriyu ontan

neskatx ederrak bazian;

gazte denboran ibiltzen giñan

pandanguan da baltsian,

gure orduko aixkire zarrak

danak ezkondu alzian?

 

[Antonio Zavala, Txirrita liburua]

 

 

SAN JOANAK EGAÑANEAN

 

      «Jendetza aundia biltzen zuan Txirritak, bertsoak kantatzera norabait joaten zanean; eta ez gutxiago Ernani’n kantatu bear zuanean, bertako semea baitzan. Ernani’ko San Juan festetan bertsotara deitzen ziotenean, zintzo joaten omen zan, eta portatu ere bai, erriko jendeari naiko parra egin eraziz bere bertso eta ateraldi arrigarriekin. Amabost bat egun pasatzen omen zituen, festetara zetorren bakoitzean, plazan, tabernetan eta sagardotegietan bertso-saio galantak egiñez.

      Errian ate guztiak zabalik zeuden berarentzat. Ain maitea edo gogozkoa baitzuten danak. Baña geienean Egaña izeneko ostatura biltzen zan. Emen antolatzen zioten gela bat lotarako, eta gela orri Egaña’nekoak Txirritaren gela edo kuartoa deitzen omen zioten beti.

      Ostatu ontan len komona bajoa omen zuten, eta, Txirrita gizon aundia zala ikusirik, bertako etxekoandreak festetarako komona berria jartzea pentsatu omen zuan, gorputzetik egin bearrak jendeak exeri ta lasai egin zitzan. Beartu omen zan, bada, Txirrita ere eta sartu omen zan. Baita exeri ta lasai jarri ere. Baña ipurdia beera sartu omen zitzaion eta iñola ere ezin atera; eta, larriturik, jendeari deika asi omen zan. Joan omen ziran ez dakit zenbat gizon berari laguntzera. Danak tiraka atzaparrak eten bearrean, eta ala ere ezin atera Txirrita komon berri ortatik. Eta ala, tiraka ta bultzaka zebiltzala, or puskatu dute komona. Pena ederra izan bear zuan Egaña’neko etxekoandreak. Baña Txirritak esan omen zion:

      — Barkatu, etxekoandre. Marka ederra egin degu. Baña etzaite aserretu. Badakizu ofizioz argiña naizela, eta neronek egingo dizut karaitz arriarekin berria sendo-sendoa.

[Sebastian Salaberria, Txirrita liburua]

 

 

PRESA EGINEAN

 

      Ugarretxe enpresakoak Fagollagako presa hori egiten ari zirela, kristoren jela bota zuen. Hotzak eta mukia dariola ezin aguantaturik zeudela, etorri da kontratista eta Txirritak:

 

Osasun ona kontserbatzeko

hau da goi giro preskua

bi belarriak ubel ubelak

sudurran punta beztua

hanka gaxuak sumil sumilak

ta ipurdia hoztua

beste inuan berotu ezinda

hankatartian eskua.

 

Fagollagako presa.

 

      Bertsoa bota omen zuen eta kontratistak “beno, beno, gaur eguartea jai egizue”.

[Antonio Zubiarrain]

 

      Beste batean, markes bat alderatu eta begira jarri zitzaion, lana nola egiten zuan. Orduan Txirritak bertso au bota zion:

 

Txikitandikan artua nuen

argintzan afiziyua,

beñere aprendiz ibilli gabe

ikasi ofiziyua;

eman ezkero materiala,

gañera despaziyua,

denborarekin egingo nuke

markesen palaziyua.

 

[Juan Bautista Gesalaga “Zaldubi”, Txirrita liburua]

 

 

NESKETAN

 

      Neskak hala esan zion:

      — Bota Txirrita neri bertso bat. Nik hiru pezeta emango dizkizut. Txirritak honela erantzun zion:

      — Merkeago ere aritu izandu naun, neska. Botako diñat:

 

Atzo goizian, labak aldian

maindire denak altxian,

nahiago nuke zure blankua

eduki banu etxian,

lehendabiziko tirua xuxen

sartuko nizun beltxian,

biarrenguak kale eginda ere

ajola haundirik etzian.

 

[Juanjo Uria, Txirrita 50. urteurrena liburua]

 

 

PULTSUAN

 

      Behin, zortzi egun parrandan pasata azaldu zen Txirrita lanera eta kontratistak hala esan omen zion:

      — Aizak, horrelakorik gehiago egiten badek, ez haut berriz ametituko.

      Txirrita isilik gelditu zen eta handik hilabeterako hamar egun pasata etorri omen zen berriz.

      Kontratistak:

      — Hi ez etorri honera, jira adi hortik. Ez dit ezer jakin nahi hirekin. Lehen ere esan nian.

      Baina Txirritak funtzioa jartzen zien askotan eta mutilak pena haundia hartu zuten eta zerbait aipatu omen zioten nagusiari. Txirritak 100 metro edo pasa zituenean, nagusiak oihu bat egin omen zion:

      — Etorri adi honera. Esango al didak ba, non ibili haizen?

      Eta Txirritak hala esan omen zion:

 

Bilbaon izandu naiz

San Frantzisko kalian,

pultzuan probatutzen

bihatz bakarrian,

doblatuta utzi naute

lehenengo gabian,

sendatzen egondu naiz

hamar egunian.

 

[Juanjo Uria, Txirrita 50. urteurrena liburua]