Edukira joan

Webgunearen titulo eta logoa

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar men? principal de navegaci?n [eu]
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

JUAN BAUTISTA
BELAUNTZARAN ZABALA
“PATXI BAKALLO”

 

1832an jaioa Errenterian

1896an hila Argentinan

 

      Gurasoak zituan: “Miguel Joseph”, ernaniarra, ta Juana Maria, aranoarra.

[Antonio Zavala, Hiru bertsolari]

 

      Errenteri’n jaioa izanarren, Osiña’ko “Oianeder” baserriko alabarekin ezkondu zan (Maria Ramona Iraolarekin, 1856an).

[Basarri, “Nere Bordatxotik” atala, Zeruko Argia 1967ko urrilak 15]

 

      Patxi, esan digutenez, bizi-modua ateratzearren era askotara saiatutako gizona izan zan: etxean taberna izan zuan, mineral-karraio ibilli zan, nekazaritzan zerbait ere alegindu zan... Ta, bati entzun diodanez, itxas-arrantzara ere bai, bakallotara, Ernani’tik artara iñor joaten etzalarik; ta, ain zuzen, orregatik ezarri omen zioten Bakallo izengoitia. Bañan, nork jakin ola ote dan?

      Ta emen bizi-modua ezin atera zualako, Argentina’ra joan zan fameli guziarekin. Ernani’n esan digutenez, karlisten bigarren gerrate inguruan joana izan bear zuan. Bati entzun diogunez, emen egindako zor guziak andik pagatu egin zituan. Agidanean, azkenerako kukuak ondo jo zion... Bere billobak eta Ernani’n esan dizkigunetatik, onako erri auetan beintzat bizi izan zan: Buenos Aires, 25 de Mayo, Trenque-Iauquen, ta Mercedes.

[Antonio Zavala, Hiru bertsolari]

 

 

XENPELARRI DESAFIO

 

Xenpelar.
Argazkia: Juan Francisco Petriarena Recondo,
Auñamendi Entziklopedia.

 

      Ona emen bina bertso Astigarragako Patxi Bakallo-k, Xenpelarri botatako desafioarenak:

 

        Bakallo:

Iñork ba-dakizute

Oyartzun’go berri,

eskumuñak Ardotxi

eta Xenpelarri

Libertsiyo polit bat

nai ba-dute jarri,

bidez erdi bezela

dago Bentaberri;

gonbidatutzen ditut

nai ba-dute etorri.

 

        Xenpelar:

Pazkubigarren-goizez

artu nuen karta;

bestek firmatua da,

ez da zure palta.

Suma ederra dezu,

eztarriya alta,

abiyatuko nauzu

itz oyek esan-ta:

gizona gonbitzia

libertsiyo bat da.

 

        Bakallo:

Desapiyo ori da

Bentaberri’rako,

konpormatzen ba-dira

bidez erdirako.

Ezpazaye egiten

gogorik arako,

lagun bat artuko det

nere guardirako,

berdin prestatuko naiz

Errenteri’rako.

 

        Xenpelar:

Xenpelar probatzeko

egin dute faza,

gizon baten itzari

eman diyot traza.

Ez Astigarra ‘tikan

onuntzago pasa;

bertara juango naz,

egon zaite lasa;

nai dezun ordurako

eska zazu plaza.

 

[Jesus M. Etxezarreta, Bertsolarien desafioak, guduak eta txapelketak]

 

 

ALATIK EMAKUME BATI

 

      Garai artan, minerala egosteko ola asko zan, Urumea ibaiaren bazterretan, Ernani’ko partean: Oianabarren, Osiñaga, Epele, Pagollaga, Ereñozu, Amillatz, Olazar, Olaberri, Pikoaga, Añarbe...

      Minerala, aaletan karreatzen zan. Beerakoan urak eramaten zuan; gorakoan, idi-pareak tiratzen zioten aalari ibaian sartuta. Asko lekutan, ur lodia zegoanetan alegia, igari bezela ibiltzen ziran idiak; ur mea zegoanetan, berriz, aala arrastaka bezela joaten zan, iya ondoa joaz. Patxi Bakallo, etxea ibai ondoan baitzuan, lan ortan ere ibilli zan. Egun batez, ba omen zijoan mineral-karraio, bera aala erdian exerita; idiak, berriz, uretan sartuta. Alako batean, Zikuñagako ixkiñan emakumezko ijito bat ikusi zuan ibai-bazterrean, eta aalatik bertso au bota omen zion:

 

Goizian jeiki eta

onen abiyara,

iñun ezer senti badu

lapurreriya da;

gezurrik gabetandik

ori egiya da,

kontzientzi gaiztoko

Judasen kriyada.

 

[Antonio Zavala, Hiru bertsolari]

 

 

BERE BURUARI

 

      Onako iru bertso auek, Patxi Bakallok bere buruari jarriak omen dira. Ala esan digu bertsoak buruz zekizkianak, Oiartzun’go Okillegi baserriko etxekojaunak, Jose Zugarramurdi’k:

 

        1

Iñor etortzen bada

Bakalloren galdez,

exkiñan ortxen dago

ardo edanez;

gerta laiteke zenbait

euskaldun ta prantzes,

ori egiya dala

egin zazu trabes;

lanetikan iges

txit nabil aldrebes,

andria dolorez,

egiyak esanez,

alare konforme da

bere gizonez!

 

        2

Mundu guzian dago

gauza ageriya,

nola aberasten dan

bertsolariya;

nekez etxeratze’itu

arto ta gariya,

igual dendatikan

soñeko berriya;

badaukat premiya

artzeko neurriya,

diruz naiz urriya,

deus ezin baliya...

au da nere pesta ta

erromeriya!

 

        3

Nere bizimodua

nua deklaratzen,

erozein jarri bedi

erreparatzen:

zorrak erraz egin ta

neketan pagatzen,

oraiñaldian ori

zait neri gertatzen;

laboriak artzen,

kontuz dira neurtzen,

errotan lajatzen,

an ere bajatzen,

nork bere deretxorik

eztik barkatzen.

 

[Antonio Zavala, Hiru bertsolari]

 

 

EMAKUME BERTSOLARIAREKIN LEIHOTIK LEIHORA

 

      Oianabarren’en [liburuak hala dio, Oianeder da etxearen izena] ondo-ondoan, etxe txiki bat dago. Txurdiñanea [liburuak hala dio, Txuria-enea izateko itxura osoa du] esaten zitzaion garai artan. Etxe ontako alaba bat, neskatxa gaztea, bertsolaria zan. Ta Patxi ta biak, askotan jarduten ziran bertsotan alkarrekin. Goizean egun onak emateko, bertsoa; ta alkarri esan bear zioten guzia esateko ere bai, kasik. Jai-goizetan, Ernani ‘ko Osiñaga aldeko jendeak Oianabarren’en ataritik pasa bear zuten mezetara joateko. Bein baño geiagotan gertatu omen zan, ordea, meza-zale oiek andik pasatzerakoan Patxi ta aldameneko neskatxa bertsotan aritzea, ta, auen bertsoak entzuteagatik, gelditu ta mezetara berandu irixtea.

      Ala, gau batean, Patxirenean alaba bat jaio zan. Ta goizean, aldamenekoai berria ematearren, leiotik kanpora muturra atera ta bertso au bota zuan Patxik:

 

Bertsoa botako det

leiotik leiora,

bart gure etxe ontan

alaba jaio da;

iñork nai badu etorri

orren bataiora,

aur orren gurasoa

Patxi Bakallo da.

 

      Ta Xenpelarrek, bertso onen berri izan zuanean, beste au kantatu omen zuan Bakallorentzat:

 

Beraz andria dezu

ezur-berritua,

ala eman didazu

neri mandatua;

bankete bat eiteko

badet desiua,

abisatu zaidazu

noiz dan bataiua.

 

[Antonio Zavala, Hiru bertsolari]