Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
1936ko udazkena Gipuzkoan
Mikel Aizpuru (Director) / Urko Apaolaza
Jesús Mari Gómez / Jon Ordiozola, 2007

 

SARRERA

 

      Orain arteko orrialdeetan ikusi dugunez, ia ezinezkoa da zehatz jakitea zenbat hil edota hobiratu zituzten Hernanin matxinatuek, eta kopuruetara hurbiltzen bagara ere, ezin izan dugu jakin nor izan zen biktimetako bakoitza. Hobiratzeak ez dira agertzen inongo agiritan, eta, kasu askotan, Erregistro Zibilean ere ez; gainera, batzuen kasuan, urte asko geroago inskribatu ziren heriotzak erregistroan, baina ez zen zehaztu zein tokitan hil ziren. Egoera horretan, oso zuhurki jokatu behar izan dugu ikerketetan, eta badakigu ikerketan aurrera egin ahala, guk emandako zerrenda luzatu edota aldatu egin litekeela. Hildakoen gorpuei dagokienez ere, urteetan egin diren kanposantuko obrek erabat eraldatu dute 1936ko hobien egoera, eta gaur egun ezin dira jaso hildako bakoitzaren gorpuzkiak banan-banan, mugimenduek nahasirik geratu baitira. Hori guztia dela eta, beste toki batzuetako errealitate berdina dugu: hobi komunetan lurperaturiko hildakoak, inolako inskripziorik gabe eta kopuruen gorabeheren artean, zifrak eman izan dituenaren asmoaren arabera erabilita eta aldatuta.

      Beraz, beste bide batzuetara jo du gure ikerketak. Bi puntu hartu ditugu lanean hasteko abiapuntutzat: alde batetik, 1958an Guardia Zibilak egindako txostena; bestetik, Aranzadi Zientzia Elkartearen izenean Iñaki Egañak egindako lana[235] 2003an eta lan horretan ematen duen Hernaniko kanposantuko hildakoen zerrenda. Horietan oinarriturik, Hernanin hildako edota hobiraturiko gehiago aurkitzera zuzendu ditugu gure ikerketak, lehenengo eta behin. Senideen lankidetza mugagabea izan dugu zeregin horretan, baina, aldi berean, ahozko iturriek beren izaeragatik dituzten mugak izan ditugu eragozpen. Izan ere, inolako legezko biderik eta arrastorik utzi ez duten gertaerak ezagutzeko bide bakarra dira ahozko kontakizunak, informazio bakarra eta oso baliotsua eskaintzen dute sarritan; baina direna izateagatik, kontatutakoetan eta oroitzapenetan oinarriturikoa, denborak berak eta beste hainbat zirkunstantziak zaildu egiten dute gertatutakoaren oroitzapen zehatza. Bigarrenik, oso azterketa kritikoa egin diegu eskura genituen zerrendei, ahalik eta froga gehien izateko, emango dugun zerrendan agertzen direnak benetan Hernanin hil edota hobiraturikoak izan zirela egiaztatzeko. Kasu askotan, nahi baino aukera gutxiago izan dugu hildakoei buruzko zehaztasunak ezagutzeko, agiri faltagatik edota seniderik ez delako gelditzen. Dena den, ondoko orrialdeetako erregistro bakoitzarekin batera doaz zerrendan sartzeko frogak eskaini dizkiguten erreferentzia historiografikoak, artxiboetakoak eta ahozkoak.

      129 izen bildu ditugu, eta banaka zerrendatu baino lehen hildakoen ezaugarrien azterketa kuantitatiboa egingo dugu, eta horrekin batera, dakigunaren arabera, zein egoerak eraman zituzten heriotzara aztertuko dugu. Sei aldagai erabili ditugu azterketa kuantitatiboa egiteko: adina, egoera zibila, jeneroa, jatorri geografikoa, ogibidearen araberako sailkapena eta lerrokatze politikoa.

      Ogibideei dagokienez, ez dugu sakonduko hauteskundeetako erroldetan eta udalekoetan agertzen diren sailkapenen eta errealitatearen arteko aldeaz, izan ere, eguneroko lanbidea ez da sarritan ongi islatzen aurreikusita dauden sailkapenetan. Gure ikerketarako, zortzi taldetan banatu ditugu ogibideak: jabeak, autonomoak, lanbide liberalak, funtzionarioak / enplegatuak, eskulangileak, baserritarrak, etxeko andreak eta apaizak. Oso nabarmena da emaitza: exekutaturikoen % 50 baino gehiago eskulangileak ziren (ogibidea ezagutzen ditugun kasuak kontuan hartuta). % 11 funtzionarioak edo enplegatuak ziren eta % 6 nekazariak. % 9,3 aritzen ziren autonomo lanean, eta % 8,4 izan ziren etxekoandreak. Ogibide liberalekoak izan ziren gutxienak (% 2) eta horien atzean zeuden jabeak (% 4,3). Beraz, datu horiek eskuan ditugula, hobeto zehaztuko dugu lanaren lehenengo atalean egin genuen baieztapen bat. Hau da, ez zen klase-errepresioa izan, ez lanbidea ez bizimodua ez baitziren izan zigortzeko irizpidea; baina alde klasista nabarmena izan zuen zapalkuntzak, zigortuetako gehienak gizarteko klaserik baxuenetakoak izan baitziren, ez erdi-mailakoak, ez behekoak, beherengoak baizik. Hildakoen proportzioak Gipuzkoako lan-gizartean zuten lekuarekin erkatuz gero, ez datozela beti bat ikusten da. Gipuzkoako biztanleria aktibotik kentzen baditugu eskola-umeak, ez dihardutenak lanean, etxeko andreak eta umeak, guztira gizartearen % 60, Rodríguez Ranz-en arabera (1994, 21), ogibide liberalekoen eta jabeen proportzioa probintziako aktiboetan bi talde horiek zutena baino altuagoa dela ikus daiteke. Gogoeta berdina egin daiteke funtzionarioen datuekin: biztanleria aktibo murriztuaren % 3 izanik, exekutatuen % 11 izan ziren. Kontrakoa gertatu zen industriako eta zerbitzuetako eskulangileekin: biztanleria aktibo murriztuaren % 60 inguru ziren eta hildakoen % 50. Antzeko zerbait esan daiteke nekazariei buruz: 1930ean lehen sektoreak Gipuzkoako populazio aktiboaren % 9,62 betetzen zuen (% 24 murriztutakoan) eta hildakoen zerrendako % 6 baino ez ziren izan. Gainera, Debagoieneko bi herritako baserritarrak izan ziren gehienak, Gatzagakoak eta Eskoriatzakoak. Beraz, azterketa azkar hau ikusita, ondoriozta daiteke Gipuzkoako gizarteko sektore dinamikoenak izan zirela kaltetuenak; eskulangileen artean, proportzioan, uste baino eragin txikiagoa izan zuela; eta, azkenik, konpromiso politiko handienak zeuzkatenak alde eginda zeudela errepresioaren une latzenetarako. Baserritarren arteko kontzientzia politiko eskasak, edo pentsaera tradizionalistetaranzko joerak ere zerikusia izango zuten errepresioaren helburu ez izateko, eta Hernaniko exekutatuen artean hain nekazari gutxi egoteko.

      Nahiko harrigarria izan da exekutatuen adinari buruzko azterketaren emaitza: batez beste, ez ziren oso gazteak izan hildakoak, hildakoen % 46k 40 urte baino gehiago zeukan eta 21 urte baino gutxiago % 7k. Harritu egiten du jokabide eta pentsaera erradikalena izaten dutenak politikan (ustez, zapalkuntza gogorren pairatzen dutenak) gazteenak izaten baitira; eta horren arabera, gazteenak izan beharko lirateke exekutatuen arteko gehienak. Baina ez zen horrela gertatu, eta nolabaiteko azalpena badu. Matxinoek Gipuzkoa hartu zuten moduak aukera eman zien ihes egiteko errepresioaren biktima izan zitezkeela uste zuten gehienei, eta zaharrenak eta inolako “errurik” ez zutela uste zutenak geratu ziren lurraldean. Orduan, atxilotutako askok ordaindu zuten agintari berrien frustrazioa, ustezko benetako errudunek alde egin baitzieten. Zenbait kasutan, aitak edo amak ordaindu zuen errepublikarren aldeko semeren bat izana. Esate baterako, seme komunista izateagatik fusilatu zuten 64 urteko Dominica Artola eta semeetako batzuk errepublikazaleak izateagatik —beste aldekoak ere bazituen— Petra Heredero, Donostiako etxe bateko atezaina. Horixe da heriotza batzuk azaltzeko aurkitzen dugun azalpen bakarra, ez baitzitzaien ezagutzen inolako lotura politikorik hildakoei. Beste kasu batzuetan, aldiz, altxatutakoen armadara derrigor sartu beharrak urrundu zituen zenbait gazte zigorretik.

      Egoera zibilari dagozkion datuak lotuta doaz adinarekin, izan ere, adinean zenbat eta aurreratuago handiagoa da ezkondua izateko aukera. Exekutatuen egoera zibila ezagutzen dugunen artean, erdiak baino gehiago ezkonduak ziren eta seme-alabak zeuzkaten, Jesús Callejak ume jaioberria zuen hil zutenean eta Emeteria Aranburuzabalak 9 seme-alaba. Bederatzi izan ziren Hernanin hil edo hobiraturiko emakumeak; beste probintzia batzuetako proportzioa baino altuagoa, besteetan % 4 edo 5en ingurukoa izan baitzen. Gure lagina oso txikia da estrapolazioak egiteko, baina goian aipaturiko arrazoiarekin lotuta egon daiteke kopuru altua, hau da, seme-alaben ordez aukeratu izana zigortzeko. Hernaniko biktimarik gazteena ere emakumea izan zen: María Bengoa, Arrasateko Emakume Abertzale Batzara afiliatua. Emakumeen aurkako gogorkeria hori erabili zuen Euzko Jaurlaritzak, bi aldeen arteko ezberdintasunak azpimarratzeko gerra-garaiko matxinoen jokabidea salatzean. Emakume bakarra kondenatu zuten heriotzara errepublikarrek Euskal Herri osoan, María del Coro Zubizarretari espioitza leporatu zioten heriotzara kondenatzeko, baina emakumea zela aintzat hartuta, indultatu egin zuten[236].

      Zehaztasun gutxi daukagu exekutatuen lotura politikoei buruz: ez dakigu hildakoen % 47ren pentsaera politikoa zein zen. Nahiko normala da datu hori, ohiko erregistro ofizialetan ez baita zehazten lotura politikoa, txosten polizialak kenduta. Bestalde, senideek ere batzuetan ez dakite esaten zein zen zehazki etxekoaren pentsaera politikoa edota zein alderdirekin zuen lotura, isilpean gordetzen zen datua delako kasu askotan. Dena den, deigarria da zehazki inora atxikigabeak eta inolako lotura politikorik gabeko hainbeste egotea hildakoen artean, halaber, ardura politiko nabarmena izan zuen inor ez egotea. Aitzol eta Francisco Saizar (EAEkoa, Foru Aldundiko Batzorde Kudeatzaileko kidea) bakarrik nabarmen daitezke ibilbide politikoagatik. Malgutasunez jokatzen badugu, irizpide zabal baten arabera, Victoriano Akizu eta Manuel Garbizu ere sar ditzakegu taldean, EAJko Aretxabaleta eta Pasaiako Uri Buru Batzarretako lehendakariak, hurrenez hurren; gainerakoak, gehienez ere, alderdi politiko edo sindikaturen bateko afiliatuak ziren. Hildakoen % 40, gutxienez, abertzalea zen, afiliatua edo sinpatizantea, batez ere EAJkoak, baina batzuen lotura Euzko Langilleen Alkartasuna sindikatuko kide izatera mugatzen zen. Errepublikazale definitutakoak (zehaztasun gehiagorik gabe) sartu ditugu bigarren taldean, exekutaturikoen % 8 izan ziren horiek. Eta % 4ren kasuan, badakigu UGTrekin edo PSOErekin zutela lotura. Gainerakoei buruz ez dakigu ezer, usteak besterik ez. Hildakoen artean, Euskal Herritik kanpo jaio eta batez ere Donostian bizi zirenak 20ren bat izan ziren; guk uste dugu, beharbada, ezkerreko ideologia eta erakundeetatik hurbil ibiliko zirela, baina ez dugunez horiei buruzko datu zehatzik, ezin dugu baieztapen biribilik egin.

      Exekutatutakoen bizilekua izan da azterketan kontuan hartu dugun azken aldagaia. Altsasuko nafar bat (Tomás Lezea) eta hiru bizkaitarrez gain (Raimundo Gamboa, Tomás Larrinaga eta José Ignacio Peñagarikano), Gipuzkoako 20 herri desberdinetakoak hil edota hobiratu ziren Hernanin; 54 Donostiakoak, 10 Hernani bertakoak, 10 Arrasatekoak, 7 Urretxukoak, 7 Errenteriakoak, 7 Gatzagakoak, 6 Pasaiakoak, 5 Eskoriatzakoak, 3 Oñatikoak, 2 Astigarragakoak, 2 Lezokoak, 2 Zarauzkoak, 2 Zumarragakoak, 2 Aretxabaletakoak, Aiako 1, Andoaingo 1, Lasarteko 1, Tolosako 1, Elgoibarreko 1 eta Mutrikuko 1. Oro har, ez dira herri txikiak, industria-sektore sendoa zuten eta hauteskundeetan ezkerraren edo abertzaleen alde agertzen ziren herri horietan.

      Ezin gara hasi sarrera honetan kasuak banaka-banaka aztertzen, ezta herririk herri, bakoitzak bere dinamika eta ezaugarriak izaten ditu eta, baina kasu berezi batzuei dagozkien zenbait iruzkin egingo ditugu. Donostiako Loiola auzoan, Zumarraga eta Urretxun eta Debagoienean, Arrasate eta Gatzagaren artean, gertatutakoa aztertuko dugu. Lehenengo kasuan, Loiolan, 14 lagun hil zituzten, horietako bi emakumeak. Militarren kuartelen aldamenean dago auzoa, eta nahiko lasai bizi izan zuten Errepublika-garaia, Cristobaldegui mojen komentuan aritu baitziren zaintza-lanetan ELAko zenbait abertzale, eta horiek eragotzi zuten erradikalenek eskuindarrei eraso egitea. Dozena-erdi lagun besterik ez zuten atxilotu garai hartan; baina erabat aldatu zen egoera militarrak sartu zirenean. Hilabete batzuk lehenago, frankistak sartu aurretik, auzo-alkate errepublikarrari (Saturio Burutaran) eta abertzaleei esker kartzelatu gabe geratu ziren batek baino gehiagok lagundu zieten militarrei lehenago beraiek kartzelatik libratu zituztenak atxilotzen. Felipe de Múgica abertzalearen testigantzaren arabera (Gamboa-Larronde, 2006, 411), Loiolako kuarteltxoan zaintza-lanetan aritzeagatik hil zituzten guztiak, lau salbuespen kenduta, Portuondo etxeko senar-emazteak eta Encarnación Arana mendeku pertsonalengatik hil zituztelako, eta auzo-alkatetza betetzeagatik Burutaran. ELAko kideak ziren hildako gehienak, eta hamalauetako inork ez zuen izan epaimahai baten aurrean hitz egiteko aukerarik. Múgicaren iritziz, bi kazike herratsuren salaketak izan ziren nahiko, txekatik igaro eta “paseatzera” eramateko, gainera, lehenago biktimek berek babestuta bizi izan zirenak ziren salatzaileak. Argi eta garbi dakigu, haietako bost Hernanin hil zituztela, baina ez dakigu besteen berririk.

      Zumarragak eta Urretxuk ere ez zuten kalte handirik jasan Errepublika-garaian. Causa General delakoak zenbait ondasunen galera baino ez zuen hartu kontuan, gainera Zumarragan bakarrik. Hondamendia eta kalteak arintze aldera, Errepublika garaiko udal agintariek Francoren aldekoak bildu zituzten, minik jasan ez zezaten; eta frontea hurbildu zenean, Markinara eraman zituzten eta handik Debara; azkenik, askatu egin zituzten irailaren 23an. Altxamendu militarraren ondorioz tailer asko itxi ziren, langabeziak gora egin zuen, eta goseak eraginda, langile batzuk milizietan sartu ziren Gobernuak agindutako soldata jasotzeko asmotan. Zumarraga eta Urretxu okupatu eta hilabetera, antza denez, otsaileko hauteskundeetan emandako boto gehienak abertzaleen artera (% 57,77 Zumarragan eta % 44,93 Urretxun) eta Frente Popularrera (% 13,92 eta % 27,14) joan zirenez, hautu hori egin izana zigortzea erabaki zuten agintari berriek. Horien aginduak jarraituz, 9 lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak, 7 Urretxun eta 2 Zumarragan, eta Ondarretara eraman zituzten (Mendizábal, 1996, 246). Gehienak abertzaleak ziren, errepublikan zaintza-lanetan aritutakoak, kasu batzuetan Zumarragako eskuindar presoek berek eskatuta erradikalenek ez ziezaien erasorik egin zaintzen aritutakoak (Gamboa-Larronde, 2006, 143 eta 255). Inork ez zuen ezer gehiago jakin atxilotu haiei buruz. Senideek iturri ez-ofizialetatik jaso zuten informazio eskasaren arabera, Hernanin hil zituzten. Inolako errukirik gabe tratatu zituzten familiakoak udal agintari berriek, hildakoen aldeko ospakizun guztiak debekatu zitzaizkien, eta ezin izan zuten ezer egin senideak gogoratzeko; horrela hildakoen sufrimenduaz gainera samintasun larria eta estigmatizaturik bizi beharra baino ez zitzaien geratu senideei. 1961era arte itxaron behar izan zuten, fusilatutakoen omenezko ospakizun erlijiosoak egiteko. Artechek gogoratu zuenez, ezer txarrik pentsatu gabe, alde egin gabe geratu izana izan zen delitu bakarra. Urteak geroago, 1983an jarri zuten hildakoen omenezko plaka bat Hernaniko kanposantuko kriptan.

      Donostiako eskualdearekin batera, Debagoiena izan zen militar matxinoen errepresioaren lehenengo aldiko eskualderik kaltetuena[237]. Horrela ikusita, harrigarria da baieztapen hori, izan ere frankistek hartu zuten Gipuzkoako azken eskualdea izan zenez, errepublikarekin eta abertzaletasunarekin lotura estuena izandakoek inolako arazorik gabe ihes egiteko aukera izan zuten. Beharbada, hiru elementuren arteko konbinazioan bilatu behar dugu arrazoia. Lehenik, abertzale asko eta errepublikar-sozialista asko izatea bailaran, baina eskuindarren presentzia ere aintzat hartzeko adinakoa zen. Bigarrenik, 1934ko iraultza-saioaren porrotaren ondorioak. Eta, azkenik, eskualdeak bizi zuen gerra-egoera, irailaren bukaeratik aurrera egon baitzen frontea geldituta Bizkaiarekin muga egiten duten mendietan. Ordura arte, herrietan sortutako defentsa-batzordeen kontrolpean egon zen bailara, defentsa-marrak ezartzeaz gain (hegoaldean Arabako frontea eta ekialdean) ordena publikoa bermatzeaz arduratu ziren eta susmagarriak jazarri eta atxilotu egiten zituzten. Hasiera-hasieratik, oso baja gutxi egon ziren eskuindarren artean, agian EAJko eta ELAko kideek hartu zutelako parte aipatutako defentsa-batzordeetan. Causa General-aren arabera[238], asko izan ziren atxiloketak (80 Arrasaten eta 12 Aretxabaletan) eta isunak, eta tratu txarrak ere jasan zituzten zenbaitzuek (Eibarreko sozialista-talde batek Arrateko santutegira eraman presoak eta han jipoitu zituzten), baina heriotza gehienak Bilbon gertatu ziren, hara eramandako presoen artean. Emilio Saiz Barco aretxabaletarra, esate baterako, matxinatuen hegazkinek hiriburua bonbardatu ostean, errepublikarrak kartzeletan sartu eta eraso zutenean hil zuten Bilbon. Beste bi gaixorik hil ziren. Arrasaten, aldiz, hiru lagun hil zituzten Kanpanzarren: irailaren 23an Manuel García Corral eta hiru egun geroago Lucio de la Cruz eta Lino Mardaraz Elustondo.

      Altxatutako militarrek eta aliatuek erreakzio gogorra izan zuten eskualdea okupatu zutenean. Errepublikan, 29 karlista atxilotu zituzten Oñatin, baina ez zen hildakorik izan. Militar matxinoek, ordea, 70 lagun atxilotu zituzten eta 19 fusilatu Oñati eta inguruan eta beste toki batzuetan (Oktubre, 1987, 285-288). Ez daukagu datu zehatzik, baina, gure ustez, horietako hiru gutxienez Hernanin hil zituzten. Are gogorragoa izan zen mendekua Arrasaten, udal agintari berrien eta karlisten arteko lankidetzan zuzendurik. 42ren bat lagun exekutatu zituzten matxinoek fase ezberdinetan, ihesaren legearen arabera hil zituztenak, Florencia Olazagoitia errepublikarra (5 hilabeteko haurdunaldian), María Bengoa 17 urteko gazte abertzalea (Hernanin hil zuten) eta Dionisio Uribesalgo karlisten aldekoa, iloba batek salaturik (Arteche, 1977, 81) barne. Ia biztanleen % 60k utzi zuten Arrasate, eta altxaturikoak herria hartzearekin batera hasi ziren atxilotzen. Udal-kartzelan sartu zituzten presoak, eta errepublikarren hegazkinen bonbardaketetan gatibu edo rehen gisa erabiltzera ere iritsi ziren. Gatibuetako asko Oiartzunen fusilatu zituzten, baina hasierako 9ko talde bat (abertzaletasunarekin zuten lotura) Hernanin hil zuten, akusazio faltsua leporatuta, hots, 1934ko urrian Marcelino Orejaren hilketan parte hartu izana. Urriaren 20an, Arrasateko bederatziekin batera, beste herri batzuetako presoak kamioira igo eta Donostiara eraman zituzten Ondarretako kartzelara. Bi egun geroago, familiakoak joan zitzaizkienean bisita egitera, aske geratu zirela adierazi zien zaintzaileak. Bila eta bila aritu ondoren, Hernaniko hobi batean aurkitu zituzten (Oktubre, 1987, 237-240).

      Bailarako beste herri batzuek ere pairatu zituzten irabazleen errepresaliak. Aretxabaletan Herri Defentsarako Junta eratu zuten: 6 abertzale, 6 ezkertiar eta alkatea buru. Máximo Alberdiren arabera, garia errekisatu zuen batzorde horrek, isun batzuk jarri zituen, eta, hasieran abertzaleek aurrerabide handirik eman ez bazuten ere, boluntarioak erreklutatu zituen milizietarako (Gamboa-Larronde, 2006, 440-445). Irailaren 20an, Bilbora eraman zituzten presoak, matxinoek herria hartu baino lehen. Herriko etorkin gehienek, 40ren bat gudarik eta 15 familia abertzalek utzi zuten herria. Altxatutakoak sartu zirenean, nahiz eta Eusebio Alcorta alkate berria saiatu indarkeria eta injustiziak saihesten, atxiloketak eragin zituzten herritar baten salaketek, eta atxilotuetako bi exekutatu egin zituzten: Isidoro García Echave, Euzko Langilleen Alkartasuneko lehendakaria, Oiartzunen hil zuten eta Victoriano Akizu Euzko Etxeako lehendakaria, Hernanin. Iparraldeko Frontea erori ondoren beste bi lagun fusilatu zituzten, Errepublika-garaiko atxiloketen arduradunak izana leporaturik: Félix Alberdi Ceberio abertzalea hil zuten 1937an eta Saturnino Sauquillo Echevarría sozialista 1938an[239]. Beste aretxabaletar bat desagertu egin zen zaurituta ingresaturik zegoen Santanderreko ospitaletik (Askoren artean, 2002, 155).

      Beharbada, Gipuzkoa guztiko kasurik harrigarrienak Leintz Gatzagakoak eta Maringoak (Eskoriatzako auzoa) izan ziren. Nekazari-giroko herri txiki bat zen Gatzaga, 394 biztanlekoa, biztanleen gehiengo abertzalearekin (1936ko hauteskundeetan, % 53,75 boto abertzalea eta % 13,69 Frente Popularraren aldekoa) eta gerrak frontearen lerroan bertan kokatu zuena. “Jaungoikoari eskerrak” Gatzagan ez zela ezer gertatu adierazi zuen Zacarías Ruiz de Alegría alkate frankistak Causa General-ari egindako txostenean 1940an, baina oso bestelakoa izan zen errealitatea. Antonio Gamarra abertzale gasteiztarraren kontakizunari esker dakigu benetan gertatu zena (Gamboa-Larronde, 2006, 315-317). Gamarra (geroago EBBko kidea izango zena) uztailaren 27an heldu zen Gatzagara Gasteiztik ihesean, bi anaiarekin batera; behin herrira helduta, defentsa-batzordearen sorrera bultzatu zuten eta Gamarra bera izan zen buru. Baina handik egun gutxira, faxista izatea leporatu zieten, ez zutelako eskuindarren atxiloketarik agindu, ez eta ondasunik errekisatu ere. Orduan, herriko abertzaleek eta errepublikarrek batzorde berri bat eratu zuten. Azkenik, matxinatuen alde zeudelakoan, zazpi lagun atxilotu zituzten eta herriko etxe batean giltzapetu. irailaren 5ean, aldiz, aske utzi zituzten preso guztiak, batzordeak aho batez erabakita. Matxinatuek herria hartu arren, ez zuten alde egin batzordekideek, eta 25 egun geroago atxilotu zituzten, urriaren 15ean hain zuzen, beste gazte batzuekin batera. Arrasateko kartzelan gau batzuk igaro ondoren, Donostiara eraman zituzten eta horietako zazpi, inolako epaiketarik gabe fusilatu egin zituzten. Gainerakoak preso geratu ziren.

      Ikusi ditugun gertakizunen gogortasuna eta zigorren zorroztasuna azaltzeko, agian, lagungarri gerta lekiguke Santiago Vega Sombríaren gogoeta (2005, 71). Haren esanetan, bereziki gogorra izan zen errepresioa landa-eremuetan; izan ere, nekazari-giroko herri txikietan gizarteko harremanak estuagoak dira, hurbilagokoak, onerako zein txarrerako, eta horrek azaleratu egiten ditu haserre zaharrak, familiartekoak zein amodioa tarteko sortutakoak, eta nahasi egiten dira gorroto politikoarekin edo klaseko gorrotoarekin; are gehiago, batzuetan herriko tabernarien interesekin berekin ere nahas litezke, Gatzagan gertatu zen bezala. Gerrarekin lotura estuagoa zuten arrazoiek ere izango zuten eragina mendeku gogorretan. Frontea hurbil zegoenez eta errepublikazaleen erresistentzia handia izan zenez, luzaroan eragotzi zitzaien matxinoei Bizkai aldera igarotzea; egoera horretan, ofentsiba geldiarazten laguntzen zuten espioiak aurkitu nahi zituzten inguruan. Maringo gertaeretan ere bi logikek izango zuten zerikusia, 129 auzotarretik 6 fusilatu zituztenean, 1936ko udazkenean (Oktubre, 1987, 292). Jorge Iturricastillo parrokoa (lehenago ere kontatu ditugu horri buruzkoak) eta, itxura batean, politikarekin inolako loturarik ez (edo lotura eskasa) zuten 5 herritar hil zituzten. Kasurik nabarmenena aipatuko dugu: Emeteria Aranburuzabala, 59 urtekoa, 9 seme-alabaren ama, Gatzagan olioa erosita etxera itzultzean atxilotua. Azken ikerketen arabera, Zarimutz auzoko apaizak izan zuen zerikusia atxiloketekin eta geroko sei heriotzekin[240]. Iturricastillo izan ezik, Hernanin fusilatu zituzten gainerakoak, Arrasatekoekin eta Gatzagakoekin batera, urriaren 22an.

 

 

 

 

[235] Egaña, Iñaki: Guerra Civil en Hernani. Información previa a las tareas de investigación y exhumación. Sociedad de Ciencias Aranzadi. San Sebastián, 2003.

[236] Labayru Ikastegiko Agiritegia. Onaindia Fondoa,16-2 Karpeta, 1940, 36.

[237] Oktubre Taldea-k aztertu zuen eskualdean gertaturikoa 1987ko lan batean, eta 2OO3an berriz argitaratu zen, askoz ere osatuago.

[238] AHN, Causa General 1335.

[239] AGMAV, C. 72, Cp. 13.

[240] El Diario Vasco, 2006-6-3.