Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
1936ko udazkena Gipuzkoan
Mikel Aizpuru (Director) / Urko Apaolaza
Jesús Mari Gómez / Jon Ordiozola, 2007

 

      Hernani 1936-2006 proiektuaren fruitu da liburu hau; Hernaniko udalaren ekimenez, Eusko Jaurlaritzako Justizia bailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen bailaren laguntzei esker sortua, EHUko Gaur Egungo Historia sailarekin hitzartutako lankidetzan gauzaturikoa. Urteetan egindako zorra genuen duela 70 urte, 1936ko udazkenean Hernanin hil edota hobiratu zituztenekin eta haien desagerpenaren samintasuna isilean, sarritan ezkutuan, malkoak erakutsi gabe luzaroan bizi beharra izan duten ahaide eta lagunekin. Errepublika demokratikoaren aurka 1936ko uztailaren 18an altxatu zirenek berrehunen bat lagun fusilatu edota lurperatu zituzten Hernanin, izenik gabe, epaiketarik gabe, inolako errukirik gabe. Eta orduan desagertutakoak ez dira ageri izan diktadurako urte luzeetan, ez zitzaien hilobi duin bat eskaini, are gehiago, amnesian oinarritu nahi izan zen demokrazia berria, eta oraintsura arte omenaldi bakan batzuk besterik ez zaie eskaini frankistek betiko ahanzturara kondenatu nahi izan zituztenei. Zor hori kitatu beharra genuen, eta memoria eta duintasuna berreskuratu. Ahalegin horretan egindako ikerketa da.

      Liburua ez da izan proiektuaren emaitza bakarra. EITB eta Aranzadi Zientzi Elkartearekin batera egin da Udazkena oraindik. Memoria de la Guerra Civil-en Hernani dokumentala. Horrez gainera, fusilatzeen 70. urteurrena ospatu zen 2006ko azaroaren 8an, Hernaniko kanposantuko sarreran, Gerra Zibilak Euskal Herrian odolez zikindurik utzi dituen tokirik gogoratuenean. Ekitaldi instituzionala izan zen, Euskal Autonomia Erkidegoko, Gipuzkoako eta Hernaniko goi-agintariak egon ziren bertan, 70 urte lehenago fusilatu zituzten euskaldunen hainbat senide eta lagunekin batera. 1936an frankistek hil eta desagerrarazi zituzten guztiak gogoan, haien omenez egin zen ekitaldia eta liburu hau.