Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024

 

Lujanbio Olano, Maria Pilar

 

         Hernanin jaioa. Bere osaba bat fusilatua izan zen. Gerra garaiko oroitzapen ugari ditu: bonbardaketak, emakumeei zigorrak, irainak, euskararen debekua, gaueko tiroak eta hildakoak, gurdia gorpuz beteta eta odola zeriola, ...

         Zer gertatu zitzaion zure amaren familiari gerra hasi zenean?

         Denak errepublikarrak ziren, nire aitona ibiltzen zen botoak biltzen baserrietatik. Nire amak ez zuen maite PNV, nire aitonari txistua botatzen ziotelako pasatzen zenean, hemen, Hernanin. Eskolara joan eta dena erderaz zen, eta euskaraz baino ez zekiten. Nire amak kontatzen zuen euskaraz hitz egiteagatik Hernaniko emakume batzuei ilea moztu zietela eta trapu zahar bat jantzita kaletik pasatzen zituztela. Jendeak leihoetatik begiratzen zuen eta euskaraz hitz egiten zutelako zen hori.

         Hauek errepublikarrak zirenez, bandera errepublikarra zeukaten etxean eta beti beldurrarekin ibili izan ziren. Herriko errepublikano batzuk alde egin zuten eta etxeko gauza batzuk gordetzeko utzi zituzten. Nire amak eta, beldur handia eduki zuten. Baratza bat zuten eta dena lurperatu behar izan zuten: arropa, bitxiak, dirua, bandera ere bai. Bandera erre egin zuten azkenean, ia negarrez.

         Nire amak kontatzen zuen gauean egoten zirela ohean dardarka. Herria txikia zenez, entzuten zituzten tiroak eta izerditan jartzen zirela, dardarka. Errepublikanoak zirenez beldur handia pasa zuten. Hurrengo egunean ikusten zuten jendea hila, bai portalean, bai kalean. pasatzen zen egunero egurrezko karro bat hildako gorpuak hor gainean botata zituena. Odola erortzen zen zirrikituetatik.

         Zer gertatu zitzaien zure amaren anaiei gerra hasi zenean?

         Bi nagusienak, Manuel eta Felix, erreklutatu egin zituzten eta gerran borrokatzera behartu. Nire beste osaba Juanitok, ordea, lehenago ihes egin zuen eta miliziano bezala aritu zen gorriekin. Nonbait atxilotu zuten eta langile batailoi batean egon zen preso. Toledon egon zen, Batallón de Trabajadores batean. Ez dakit noiz egin zuten preso. Hiru urte inguru egon zen. Hernanira itzuli zenean, pilota, euskara, dena bultzatzen aritu zen. Antzerkiak eta euskaraz idazten ... gu ere behartzen gintuen euskaraz hitz egitera berarekin.

         Eta gainontzeko familiarekin zer gertatu zen?

         Nire aitona gerra denboran hil zen, 50 urte zituela. Amona gelditu zen bi alabekin, 17 eta 10 urte zituztela.

         Nire amak orduan 17 urte zituen eta nire aitaren fabrikara gerturatu zen aita hil zenean, almidoi fabrikara. Orduan hasi zen bertan lan egiten, bere aitaren postuan. Baratza eta pare bat behi ere zituzten eta horrekin egin zuten aurrera. Gosea ez zuten pasa, boniato pila bat jaten zutela zioten, ogia eta taloa etxean egiten zuten eta babarrun asko jan zituzten. Hori bai, tristura handia eduki zuten. Nire ama, gainera, hasi zen soldaduei arropa garbitzen. Haiek bizi ziren etxebizitzan solairu bat hutsik gelditu zen eta han sartu ziren soldadu batzuk. Batzuk italiarrak ziren. Herrian abesti hau abesten zuten batzuek: “los italianos se marcharán y de recuerdo un bebé te dejarán”. Esaten dute emakume bat baino gehiago utzi zutela haurdun. Amak galtzak, alkandorak eta denetik garbitzen zizkien. Soldaduek esan zieten ordaindu egingo zietela garbitzeagatik eta nire amaren amak esaten omen zuen “ez, ez, nik ere beste seme batzuk ditut frontean, eta ziur haien arropak beste norbaitekgarbitzen dizkietela”. Esaten zuten jatorrak zirela eta laguntasun handia egin zuten azkenean, ondoan bizi ziren eta. Azkenean ordaindu zieten.

         Gero jakin dut, bizilagunek kontatuta, nire amona oso eskuzabala zela. Askok gerra denboran ez omen zuten ezer jateko eta honek esnea ematen zien eta beti esaten zien, ahal zutenean ordaintzeko.

         Gerra garaian, bonbak entzuten zituztenean, etxe batean sartzen ziren. Den denak batera jartzen ziren eta beldurra handia pasatzen zuten, baina behintzat, han denak batera egon ohi ziren, batera eta babestuta.

         Eta euskararekin, guri beti etxean erdaraz. Nire osaba Juanito izan zen Urumea Ikastolaren fundatzaileetako bat eta bera asko haserretzen zen guk erdaraz hitz egiten bagenuen. Nire osaba, Monzonekin asko ibili izan zen. Etxean Enbatako aldizkariak genituen eta beti beldurrarekin ibili izan ginen, gordetzen... eta Martutenetik pasatzen ginenean “aupa gudariakbeti!” esaten zuen.

         Zer gertatu zitzaion zure amonari (Pilar)?

         Lehenengo etorri ziren Frankorekin borrokatu zutenak, etxera. Baina osaba Juanito falta zen, preso baitzegoen. Amona oso gaizki zegoen, hilzorian eta han egon zen, eusten. Eta Juanito iritsi zen egunean bertan hil zen. Nik uste dut zain egon zela, justu egun berdinean iritsi zen, besarkatu egin zuen eta gau horretan hil zen.

         Zer gertatu zitzaion zure aitaren familiari gerra hasi zenean?

         Nire amonak 9 seme-alaba zituen. Denak komunistak eta errepublikanoak ziren. Seme zaharrena hil zenean (gerra baino lehen) ez zioten ez hileta ez ezer egin. Baserrikoak ziren. Astigarragara jaitsi ziren eta jende guztia gortinatik begira aritu zen. Nire osaba zaharrena, Jose Nicolas Lujambio Lasa, eskapatu egin zen eta gerrara joan zen. Beste osaba Patxi ere batailoi batean egon zen, milizianoa izan zen. Nire izeba Joaquinak bi neska zituen, eta beste bat tripan. Eta maleta bat. Joan ziren, trenez. Edo maleta edo nire alabak. Maletak han utzi zituzten eta alabak askatu gabe jarraitu zuen. Nire aita eta nire osaba Leandro igotzen ziren Santiagomendira, ardoa eta janaria ematea milizianoei.

         Zer gertatu zitzaion Leandrori?

         Nire izeba Mariak kontatzen zidan, berak Donostian aberats batzuentzako neskame bezala lan egiten zuenean, bere anaia Leandro bertara gerturatu zela. Agurtzeko asmoz iritsi zen. Badirudi norbaitek esan ziola, “gauza bat esan behar dizut. Esan didate nire bila etorriko direla eta agurtzera etorri naiz”. “Bueno bueno, nola etorriko dira zure bila. Isilzaitez eta segi etxera. Zuk ez duzu ezer egin, egon lasai”. Etxera joan zen eta hortik egun batzuetara bere bila etorri ziren. Konfiantza horrekin etxera joan zen eta gero harrapatu egin zuten.

         Nire osaba etxetik hartu zuten. Amona bi edo hiru egunez joan zen jarraian Leandroren bila Astigarragako komandantziara. Arropa eta janariarekin joan zen, eta esan zion bere amari hirugarren egunean Leandrok: “ama, bihar ez etorri. Ez naiz hemen egongo”. Joan zen hurrengo egunean eta Leandro ez zegon. “Leandro nun dago?” galdetu zion hango zaindariari eta erantzun dio “Bereak egin du”. Negarrez atera zen handik. Entzun zuten han mendian gorpuak ikusi zituztela Oiartzungo karreteran, eta han joan ziren nire amona eta nire aita, Leandroren bila. Biak batera joan ziren Santiagomenditik. Eta han zeuden, kunetetatik paseatzen eta gorpu guztiei buelta eman eta aurpegiak begiratzen, ea Leandro aurkituko zuten. Ez zuten topatu. Hainbat egunetan zehar joan ziren bilatzera.

         Nire osaba, Leandro Lujambio Lasa, fusilatu egin zuten. Ez daukagu heriotza ziurtagiririk, noski. Ventas de Astigarragan batailoi batean egon zen, uste dut. Nire aitak esaten zuen ez zuela ezertan parte hartu. Bazkaria eramaten aritu omen zen milizianoei. Santiagomendin bizi ziren eta han trintxerak egin zituzten. Leandrok 14 urte zituen eta bazkariak igotzen aritu zen. Baina ez dakit, ez dakigu zer pasa zitzaion.

         Badirudi behin amonaren etxera, baserrira, etorri zela fraile bat. Eta esan omen zion Leandro Lujanbioren partez zetorrela. Berarekin egon omen zen, San Markoseko gotorlekuan. Apaiza egon omen zen bertan jendea konfesatzen (orduan preso zegoen Leandro). Ez dakit Leandro konfesatu ote zen, bera ez baitzen sinestuna. Baina fabore bat eskatu zion honek: “joan nire amarengana, esaiozu laster akatuko nautela, ez daukatela kulparik, baina, akatuko nautela”. Nire beste izeba bat, Kontxi, Errekalden bizi zen eta han taberna bat zeukan. Nonbait, Leandro preso zegoenean, zaindari batek Errekaldekoa zela esan zion. Hori entzunda Leandrok esan zion arreba bat zuela bertan eta “berarekin egoten bazara, esaiozu nola egon zaren nirekin, akatuko nautela”... orduan horri ere jarri zion errekaua. Nire aitak zioenez, txibato bat izan zen nire osaba salatu zuena. Badirudi Santiagomendiko baserri bateko norbait izan zela.