Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024

 

4.5.
EPAIZ KANPOKO FUSILATZEAK

 

 

4.5.1. Hernani, fusilatzeen gunea

 

         1936ko udazkenean errepresio sistematiko eta antolatu baten mendeko gune bilakatu zen Gipuzkoa. Are gehiago, Donostia frankisten esku erori ostean. Matxinatuek erabili zuten estrategia edo neurri errepresibo ohikoenetako bat izan zen haien aburuz “susmagarriak” ziren pertsonak kartzeletan sartzea. Bertan hainbat egun igaro ondoren, “aske” uzten zituzten. Errealitatean, ordea, fusilatuak izateko ateratzen zituzten kartzeletatik: bai Donostiako erdigunetik urrundutako tokietan edota beste udalerri batzuetan ere: Hernanin, kasu. Hain zuzen ere, 1936ko udazkenean Hernaniko herria epaiketaz kanpoko exekuzioen gune nagusi bilakatu zen. Zehatzago esanda, Hernani izan zen judizioz kanpoko exekuzio gehien burutu zen Gipuzkoako herria.

         Hernaniko gertaeren berri ematen duen oinarrizko lanetako bat Aranzadi Zientzia Elkarteak burututakoa litzateke, 2002. urtetik Hernaniko fusilatzeen inguruko ikerketa historiko zein arkeologikoak burutu baititu. Hain zuzen ere, 2002ko irailean Hernanin Gerra Zibilean jazotakoen inguruko ikerketa hasteko akordioa lortu zen. Alfredo Morazaren zuzendaritzapean, Aranzadik bere gain hartu zuen kriptako indusketa egiteko ardura.

         10. akordioa. “Hernaniko Gerra Zibilean izandako hainbat gertakariri buruzko azterlana. Kontuan hartuta Udal Artxiboan jasota dagoela Espainiako Gerra Zibilean indar frankistek fusilatzeak eta gorpuak hobi komunetan ehorzteak egin zituztela Hernanin (...), Aranzadirekin aurretiazko gestioak egiten hasteko, udal-artxibozainarekin lankidetzan, gertakari horiek ahalik eta gehien argitzeko[888]".

         2004an ikerketa-jarduerak alderdi historikoago eta dokumentalago baterantz bihurtu ziren. Ildo horretan, urte horretan udalak hitzarmen bat sinatu zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Historia Garaikideko Sailarekin. Akordioaren ondorioz, Mikel Aizpuru Muruak zuzendutako ikerketa-talde bat eratu zen. Ildo horretatik, Hernaniko fusilamenduen 70. urteurrenaren testuinguruan, 2006ko martxoan, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hernaniko Udalak “Hernani 1936-2006” programaren zati bat bultzatzeko. Lehiaketa baten ondoren, Carlos Lopez Ceballosen Argi-horma lana atera zen. Inaugurazio bat egin zen udal hilerrian egindako ekitaldi jendetsu batekin, Lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua eta Foru Aldundiko ordezkariak bertan zirela.

         Aldi berean, Aizpururen lantaldearen ikerketak 2007ra arte luzatu ziren, eta urte horretan amaitu ziren lanak, 1936ko udazkena Gipuzkoan. Hernaniko fusilatzeak izeneko liburua argitaratuta. Liburu honek, izenburuak iradokitzen duen bezala, Hernaniko fusilamenduen gertaerak osotasunean jorratzen ditu, eta, gainera, testuinguru historiko zehatza eskaintzen du koiuntura soziopolitikoari buruz, bai Gipuzkoan, bai Hernanin[889].

         Burututako lan hauei esker dakigu Hernanin 200 pertsona inguru fusilatu zituztela guztira 1936ko udazkenean. Hernaniko hilerrian hilobiratuta egon zitezkeen 197 pertsona inguru identifikatu zituzten, hain zuzen[890]. Hortaz, Hernani frankisten exekuzio-gune bilakatu zela esan genezake. Besteak beste, Donostiako hiritik gertu zegoelako eta udalerri berezia zelako, hau da, hiriburuko agintarian esku-hartzea saihesten zuelako.

         Presoek “aske” geratzen zirenaren berria jaso eta espetxetik (Ondarretatik gehienak) atera ondoren kamioietan eramaten zituzten Hernanira. Bertan kapilauen esku geratzen ziren, eta fusilamendu pelotoiek (militar, falangista, errekete eta matxinatuen aldeko boluntarioez osatuak) exekuzioak burutzen zituzten. Hernanin hiru zonalde nagusitan burutu ziren fusilamendu hauek: horietako bi Galarreta inguruan (Illarratsueta baserri ondoan eta “heriotzaren aldapa” deituriko bidegurutzean), eta, bestetik, Hernaniko hilerriaren sarreran[891]. Josebe Goya hernaniarra herriko ehorzlearen alaba zen eta sarritan eman zuen ikusitakoaren testigantza:

         “En un carro de la basura, como si fuera ganado. Yo corría, y venía a ver, por si podía conocer a alguien. Ponían una sábana por encima, pero no era bastante para taparles a todos. Asomaban brazos, iban colgando piernas... [...] Hacia las dos de la mañana nadie podía dormir ya en el barrio, con los disparos. Todos los vecinos de la zona nos tuvimos que trasladar al centro por las noches [,..][892]"

         Agintari frankistek beraiek ere onartu zuten sarraskia 1958an egindako dokumentu batean, non zehazten duten 200 bat pertsona inguru lurperatu zirela Hernaniko hilerrian fusilatuak izan eta gero. Hernaniko Guardia Zibilak eginiko txosten honetan zehazten da Martin Lecuona Echaveguren, Gervasio Albisu Bideaur, Jose Ariztimuño Olaso, Jose Adarraga Larburu, Celestino Onaindia Zuluaga, Jose Maria Elizalde Zubiri, Gabino Alustiza eta beste 190 bat pertsona zeudela bertan hobiratuak[893].

         1943an hildako hauei omenaldi publiko bat egiteko lehen saiakera burutu zen Hernanin, Santu guztien egunean. Hilerriko hobi komunean lore sorta bat eta inskripzio bat idatzita agertu ziren, bertan fusilatuen omenez: “Arerio maltzurrak zuek bazterrean utzi arren, eusko gogoan toki berezia daukazue”. Omenaldi honen ondorioz epai bat ireki zuten Juan Goya Zubiri eta Manuel Mugica Liceaga herrikideen aurka[894]. Bada, haien epaiketarako eginiko informeetan Gobernadore Zibilari iritsitako 1943ko gutun anonimo bat ageri da, “Euzko” ezizenez sinatua. Hurrengoa zioen gutunak:

         “Muy extrañados estamos con su proceder, porque un hombre que se precia católico como V. y que lleve su odio, allá de la muerte, como lo ha mostrado con su denuncia, por dedicatoria aparecida ayer sobre la tumba, de nuestros caídos e inolvidables mártires, dedicatoria que no tiene nada de ofensiva para nadie, y que a V. le hizo tanta pupa, para que se ensañe con inocentes, y perjudique y a familias que ningún daño le han hecho y todavía tendrá V. el valor de ir a misa y comulgar rezumando odio y rencor, para esos pobres seres asesinados sin tomarles una triste declaración, y si no haga V. examen de conciencia, en el mismo cementerio hay asesinados por los rojos, según pone la lápida que los cubre, y lo pone con todas las letras porque es la verdad. ¿Ypor qué a los nuestros no se les puede hacer lo mismo, si es tan cierto que fueron asesinados como los otros? Porque le molesta que se les recuerde con cariño y emoción? Es que V. se creía que haría desaparecer su memoria como han hecho desaparecer sus cuerpos? Está V. completamente equivocado y hubiese sido mejor, que V. precisamente, no se hubiera mezclado en este asunto, por si algún día, se olvidaban de los San Adrianes, pues se sabe positivamente que un miembro de la misma ha pertenecido al pelotón de ejecuciones, y eso señor se paga, tarde o temprano, y más cuando se demuestra tan poco arrepentimiento, [?] porque es tan grande su soberbia que cegados por ella están cometiendo muchas torpezas, y dando a la publicidad, cosas que el que las oye las va guardando para sacar en conclusión, que todas las muertes habidas, unas asesinadas y otras “ajusticiadas, sin responsabilidad para los jueces", son debidas, a almas pobres, como la de V. que se han enseñado en sus informes, sin pensar que va llegando el día que serán medidos, con la misma vara (que el que a hierro mata, a hierro muere). Sin más que decirle y dándole gracias, por la propaganda que nos hace con su persecución, pues nadie olvida en Hernani que Vds. deben la vida a los que hoy persiguen, se despide de Vd. deseándole que duerma tranquilo si su conciencia de cristiano le permite cosa que lo dudo[895]".

         Ofizialki, hildakoen omenaldirik ezin izan zen burutu 1977ko azarora arte. Hala ere, halako adierazpenek agerian uzten dute Hernanin jazotakoa herritar, gipuzkoar eta biztanle askoren oroimenean iraun zuela hamarkada luzetan. Batzuentzat, estrategia gertaerak isilpean eta ahanztura-saiakeretan gordetzea izan zen, ahanzturara baztertzeak mina eta izua arindu baitezake batzuetan. Bestalde, beste gizabanako batzuek egia ezkutatu egin behar izan zuten, errepresalien beldurrez edo erregimeneko ingurugiroan sorturiko aparientziazko kontsentsuaren presioz. Hala ere, ezarritako isiltasun honen erdian, memoria-erresistentzia —erresilientzia zantzuak ere agertu ziren, hildakoei omenaldiak eginez edota gertatutakoa argitzeko eskaeretan. Adierazpen guzti hauek, sarritan diskretuak edota irismen mugatukoak izan arren, erresistentzia-ekintzak izan ziren erregimenak ezarritako ahanzturaren aurrean.

 

 

4.5.1.1 Galerna itsasontziaren kasua

 

         1928an PYSBE (Pesquerías y Secaderos de Bacalao de España) enpresak bi bakailao-itsasontzi berri eskuratu zituen: Galerna eta Vendaval deiturikoak. PYSBE enpresako kapitain eta lemazain gehienak gipuzkoar eta bizkaitarrak ziren. Gerra Zibila hasi zenean, enpresako sei ontzi Pasaian (Gipuzkoa) zeuden amarratuta, Ternuan egingo zen hurrengo kanpaina prestatzen ari ziren bitartean.

         Abuztuaren 6an, Gipuzkoako Defentsa Batzordea Pasaiako portuko PYSBEren instalazioez jabetu zen, hornidura guztiak konfiskatuz. Ondoren, irailaren 5ean, tropa kolpisten aurrerapenaren beldur, aipaturiko Batzordeak Pasaiako ebakuazioa agindu zuen. Gau hartan bertan abiatu ziren PYSBEko Vendaval, Euskal-Erria, Galerna, Tramontana eta Hispania itsasontziak portutik. Irailaren 12an, tropa nazionalak Pasaiara sartzear zeudela, Euskal-Erria, Galerna eta Vendaval itsasontziak portutik irten ziren berriro ere, eta azken biek Bilborantz jo zuten[896].

         Ebakuazioaren ondoren, Bizkaiko Defentsa Batzordeak itsas loturako zerbitzu bat antolatu zuen Bilbo eta Baionaren artean korrespondentzia zein bidaiariak garraiatzeko. Galerna eta Vendaval itsasontziak tartekatu egiten ziren lan horretan. Hala ere, urriaren 15ean, lotura bertan behera geratu zen Galerna ontzi frankistek harrapatu zutelako. Besteak beste, Alcazar de Toledo, Virgen de Iciar, Denis eta Virgen del Carmen ontziek. La Voz de España aldizkariaren arabera 80 pertsona zihoazen barruan: 28 tripulatzaile eta 50 bidaiari inguru.

         Galerna itsasontziko hainbat bidaiari eta tripulatzaile Ondarretan espetxeratu eta “aske” utzi ondoren Hernanin fusilatu zituzten frankistek. Horien artean zeuden, esate baterako, Jose Ariztimuño Aitzol apaiza, Jose Maria Elizalde merkataria, Raimundo Gamboa industriala, Manuel Guruzeaga abere-hiltzailea, Jose Jurico pilotaria, Juan Antonio Landin, Tomas Larrinaga industriala eta Higinio Francisco Saizar medikua.

         José María Elizalde, el industrial Raimundo Gamboa, el matarife Manuel Guruzeaga, el pelotari José Jurico, Juan Antonio Landín, el industrial Tomás Larrinaga y el médico Higinio Francisco Saizar.

 

 

Galernako eskifaia

 

         Galernako eskifaiaren kasuan, Eusko Jaurlaritzaren agindupean egondako ontzia izanik, gerran zehar sortutako dokumentazioan ontziko langileen soldataren dokumentazioa kontsulta genezake. Horrela, gutxienez 25 kide identifikatzea lortu da, eta nahiz eta guztiek edukitako ondorioak ezagutzea zaila den, pentsa genezake kolpisten aldekoak ez zirenek errepresio era ezberdinak jasan zituztela.

         Badakigu 1937ko otsaila eta martxoa bitartean Gerra Kontseiluetan epaituak izan zirela batzuk. Urte luzetako espetxealdia ezartzen zien kondenak jaso ondoren, Ezkabara eraman zituztela asko preso. Horietako bi, gainera, ez ziren bizirik atera aipaturiko espetxetik. Lehena, Victorino Corino, 1938ko maiatzean izan zen presoen Ezkabako ihesean parte hartu zuen presoetako bat izan zen eta polizia frankistak tiroz erail zuen. Ramon Alonso berriz, espetxeko bizi baldintza txarren ondorioz gaixotu egin zen eta 1939ko uztailean hil zen. Horretaz gain, 1937ko martxoan Gerra Kontseiluak burutzen ziren data bertsuetan Salvador Echenique delegatua eta Ramiro Figuerido zerbitzariaren heriotzak inskribatu ziren Donostian, eta kausa ezezaguna bazaigu ere, frankistek erail zituztela pentsa genezake.

 

GALERNAKO ESKIFAIAK JASANDAKO ERREPRESIOA[897]

IZEN-ABIZENA

ARDURA

ERREPRESIOA

Sesma Benavente, Luis

Marinela

33 urteko marinel Donostiarra. 1937ko martxoan Gerra Kontseilu baten ostean 30 urteko espetxealdira kondenatua. Ezkabako gotorlekura lekualdatua Ondarretatik. Baldintzapeko askatasunarekin atera zen espetxe honetatik 1943ko maiatzean

Corino Portilla, Victorino

Marinela

Santander hiriko 30 urteko marinela. 1937ko martxoan 30 urteko espetxealdira kondenatua eta Ezkabara lekualdatua. Bertako ihesaldian parte hartu zuen eta polizia frankistak erail zuen 1938ko maiatzean.

Lores Soler, Alberto

Marinela

Pasaiako marinela. 1937ko otsailean Gerra Kontseilu batean 30 urteko espetxealdira kondenatua. Ezkaban preso egon zen eta ihesaldian parte hartu zuen. 1942an Astorgako kartzelara lekualdatu zuten.

Ureta Elespuru, Francisco

Marinela

Donostiako marinela. 1937ko otsailean Gerra Kontseiluan epaitua, 30 urteko espetxealdira kondenatua. Ezkaban, Astorgan eta Gijonen egon zen preso

Gaso/Jaso Larrea, Elias

Marinela

Donostiako marinela. 1937ko otsailean Gerra Kontseiluan epaitua, 30 urteko espetxealdira kondenatua. Ezkaban egon zen preso 1940ra arte[901].

Viturro Otero, Manuel

Sugina

Boiro-ko marinela. CNTko militantea. 1937ko otsailean Gerra Kontseiluan epaitua, 30 urteko espetxealdira kondenatua. 1941era arte Ezkaban egon zen preso.

Alonso Nine, Ramon

Sugina / Marinela

O Carril-eko sugina. 1937ko otsailean Gerra Kontseiluan epaitua, 30 urteko espetxealdira kondenatua. Ezkabako ihesaldian parte hartu zuen eta 1939ko uztailean hil zen bertan gaixotasun baten ondorioz.

Figuerido Fernandez, Ramiro

Kamareroa

Epaiz kanpo fusilatua Donostian 1937ko martxoan, Salvador Echeniqueren egun berean[902]

Echenique Iriarte, Salvador

Delegatua

Epaiz kanpo fusilatua Donostian 1937ko martxoan, Ramiro Figueridoren egun berean[903]

Barea Pascual, Jose

Telegrafista

Santurtziko telegrafista. 1937ko otsailean Gerra Kontseiluan epaitua, 30 urteko espetxealdira kondenatua. Ezkabako kartzelan egon zen 1940ra arte.

 

 

4.5.1.2. Hernani, elizgizonen fusilatze lekua

 

         Gerra Zibilak Euskal Herrian edukitako ezaugarri bereizgarrietako bat euskal apaizen alderdi batek edukitako jarrera izan zen. Hots, euskal nazionalismoa oinarri edukirik Errepublikaren gobernua eta Eusko Jaurlaritza babestearena. Egiazki, kleroaren ohiko jarrera erregimenaren aldekoa izan baitzen gainontzeko lurraldeetan. Ondorioz, gizartearen beste hainbat sektoreekin jazo zen eran, apaiz hauen jarrerak errepresioa ekarri zuen berarekin. Jazarraldi honek modu ezberdinak izan zituen, besteak beste: atxiloketak, deserriratzeak, isunak, espetxeratzeak edota fusilatzeak[904]. Azken errepresio motaren kasuan 16 izan ziren Euskal Herrian frankistek hildako apaizak. Fusilatze horietatik erdiak Hernaniko udalerrian gauzatu ziren. Hain zuzen ere, Hernani izan zen apaiz gehien hil zituzten udalerria: zortzi izan ziren hildako lekaideak (zazpi apaiz eta klaretar bat).

         Era berean, Hernanikoak izan ziren Gipuzkoan jazotako apaizen lehen fusilatzeak. Gervasio Albisu eta Martin Lecuona, Errenteriako parrokiakoak, irailaren amaieran atxilotu eta urriaren 7ko gauean hil zituzten Hernanin. Handik hamar egunera gertatu ziren hurrengo fusilatzeak: hilaren 17an hil zituzten Jose Adarraga billabonatarra eta Jose Ariztimuño Aitzol apaiza. Urriaren 23an, berriz ere, beste bi elizgizonen hilketak gertatu ziren, hau da, Alejandro Mendicute apaizarena eta Jose Otaño klaretarrarena. Hernanin hildako azken apaizak Jose Ignacio Peñagaricano eta Celestino Onaindia izan ziren, urriaren 27 eta 29an fusilatuak.

 

HERNANIN FUSILATUTAKO ELIZGIZONAK

IZEN-ABIZENA

ROLA

HERIOTZA-DATA

Albisu Bidaur, Gervasio

Errenteriako koadjutorea

1936-10-07

Lecuona Echeveguren, Martin

Errenteriako koadjutorea

1936-10-07

Adarraga Larburu, Jose

Hernaniri lotuta

1936-10-17

Ariztimuño Olaso, Jose (Aitzol)

Donostiari lotuta

1936-10-17

Mendicute Lizeaga, Alejandro

Hernaniko kapilaua

1936-10-23

Otaño Miguelez, Jose

Tolosako klaretarra

1936-10-23

Peñagaricano Solozabal, Jose Ignacio

Etxebarriako koadjutorea

1936-10-27

Onaindia Zuluaga, Celestino

Elgoibarko koadjutorea

1936-10-29

 

 

4.5.2. Hernanin fusilatu edo hilobiratutako pertsonak

 

1. Adarraga Larburu, Jose

         1881eko maiatzaren 12an Villabonan jaioa[905]. Apaiz ikasketak egin ostean Mexikora joan zen bertan funtzio hauek betetzera eta, beranduago, Gasteizko Elizbarrutiarentzat ere lan egin zuen. Gerra Zibila hastean, baina, Hernanin betetzen zituen funtzio horiek eta Donostian bizi zen. Armada kolpista Gipuzkoako hiriburura sartzean atzitu eta Ondarretan espetxeratu zuten. Militantzia politikoan nabarmendu ez zen arren, matxinoek beste hainbat euskal apaizekin egin zuten erara, abertzalea izatearen salaketapean epaiketarik gabe fusilatu zuten 1936ko urriaren 17tik 18rako gauean. Hernaniko hilerrian lurperatu zuten haren gorpua[906].

2. Aguiriano Arana, Pedro

         1902an Arrasaten jaioa, herriko ELMA industrian lan egiten zuen eta Francisca Cillaurrenekin ezkondua zegoen. Herriko mugimendu abertzaleetako kidea eta EAJko afiliatua. Hori izan daiteke Pedro atxilotu izanaren arrazoia. Urriaren erdialdean atxilotu zuten eta egun batzuk preso egon ostean fusilatu egin zuten azaroaren 1etik 2rako. Ondoren, Hernanin hilobiratu zuten[907].

3. Aguizu Izurrategui, Victoriano

         Aretxabaletan jaio zen 1895eko azaroaren 8an. Herriko EAJren taldeko kide nabarmena zen, izan ere, Batzokiko lehendakaria izan zen Errepublika garaian. Arrasateko Union Cerrajera enpresa garrantzitsuko langilea zen Victoriano. Matxinoak 1936ko irailaren amaieran herrian sartu zirenean atxilotu eta Ondarretara eraman zuten preso beste hainbat herrikiderekin batera. Urriaren 21 eta 22 bitarteko gauean kartzelatik atera zuten eta beste preso batzuekin batera Hernanin fusilatu zuten[908].

4. Ayastuy Ormazabal, Ramon

         Oñatin jaioa, jornalaria zen eta ELA sindikatura afiliatua zegoen gerrak eztanda egitean. Ondorioz, defentsa prestatzen hasi zirenean Gipuzkoako Komandantziaren pean zeuden milizietara batu zen[909]. Gipuzkoa kolpisten atzaparretan erori zenean baina atzitu egin zuten hauek eta 1936ko azaroaren 5ean fusilatu zuten inolako epaiketarik gabe Hernanin, herriko hilerrian hobiratu zuten gero[910].

5. Albisu Bidaur, Gervasio

         Errenterian jaio zen 1871 ko ekainaren 19an[911]. Apaiz ikasketak egin ostean jaioterrian hasi zen koadjutore gisa lan egiten, gerrak eztanda egin zuen arte. Orduan, Errenteriatik ihes egin zuen hasiera batean, Fronte Popularreko milizien beldur. Donostiara jo zuen hasiera batean eta, ondoren, Zumaiara mugitu zen. 1936ko irailean, herria matxinoen esku erori ostean, Errenteriara itzultzea erabaki zuen. Iritsi bezain pronto, ordea, atxilotu egin zuten kolpistek Martin Lecuona herriko koadjutorearekin batera, Errenteriako mugimendu abertzaleekin zituzten loturak zirela eta.

         Hasiera batean, Batzokia zegoen eraikinean izan zituzten preso, Falangearen egoitza bilakatu zena. Beranduago, Ondarretako kartzelara lekualdatu zituzten. Bi apaiz koadjutore hauek urriaren 8tik 9rako gauean espetxetik atera eta epairik gabe fusilatu zituzten Hernanin, gero, bertako hilerrian lurperatuak izateko[912].

6. Aldabaldetrecu Vitoria, Juan

         Jaiotza dataren inguruan iturri kontrajarriak daude: Donostiako Elizbarrutiko Artxiboaren arabera 1888ko ekainaren 22an jaio zen Donostian[913]. 1943an familiak bere heriotza inskribatu ahal izan zuenean Donostiako Erregistro Zibilean, 1896ko urtarrilaren 10ean jaio zela adierazten da, ordea.

         Gerra Zibila hastean Gipuzkoako hiriburuan bizi zen Ruperta Merino Cortazar emaztearekin batera. Kolpistak hirira sartu zirenean, 1936ko irailean, gutxira atxilotu egin zuten eta Hernaniko inguruetan erail zuten 1936ko urriaren 8an. Bere gorpua jaso ahal izan zuten eta Donostiako hilerrian hilobiratu zuten[914].

7. Alday Michelena, Juan Bautista

         1902an Oiartzungo Ugaldetxo auzoko Larrea baserrian jaio zen. Maria Portugal Arocena lezoarrarekin ezkondu eta gero, Lezoko Torrejil baserrira bizitzera joan zen. Bertan, hiru seme-alabekin batera bizi zen Gerra Zibilak eztanda egitean. Gipuzkoa kolpisten esku erori eta gero atxilotu egin zuten eta Hernanin erail zuten urriaren 13an[915].

8. Alegre Lores, Antonio

         Donostian jaioa eta sugina ofizioz. 52 urte zituen Gipuzkoako hiriburuan atzitu eta Hernanin erail zutenean 1936ko urriko 18tik 19rako gauean[916].

9. Alonso Fernandez, Bernardino

         Valladolid hirian jaioa, Gerra Zibila hastean Donostian bizi zen. Kolpistek Gipuzkoa armaz bereganatu zutenean Hernanin fusilatu zutenetako bat izan zen, 1936ko urriaren 23an, 62 urte zituela[917].

10. Alustiza Echeverria, Gabino

         1888ko urriaren 25ean jaio zen Asteasun baina Aian osatu zuen bizitza. Errepublika garaian herri honetako alkate funtzioak bete zituen, EAJ alderdiko ordezkari gisa. Gerra Zibilak eztanda egitean, kolpisten aurka herrian antolatu zen Defentsa Batzordeko buru ere izan zen, baina 1936ko irailean Gipuzkoa matxinoen esku erortzean, herritik ihes egiteko plana zuen arren azken unean bertan geratzeko erabakia hartu zuen.

         Ondorioz, eskuindarren zutabeak Aian sartu eta gutxira atxilotu egin zuten, abertzalea izan eta matxinadaren aurkako erresistentzia antolatzeagatik. Orduan, Ondarretako kartzelara eraman zuten preso. Bertan zegoela, familiakoen bisitak jaso ahal izan zituen, baina urriaren 26tik 27rako gauean espetxetik atera eta Hernanin fusilatu zuten, 48 urte bete eta hurrengo egunean[918].

11. Ameztoy Fernandez, Fermin

         Lantziegon jaio zen 1891 ko uztailaren 7an. Tomasa Vazquez Fernandez emaztearekin batera Donostian bizi zen Gerra Zibila hasi zenean. Merkataria zen ofizioz. Kolpistak hirian sartu eta gutxira atxilotu egin zuten eta urriaren 22ko goizaldean fusilatu zuten frankistek Hernanin, bere gorpua herriko hilerrian hobiratuz[919].

12. Arambarri Goñi, Lorenzo

         Arrasatearra eta Union Cerrajera enpresako langilea. Arlo politikoan abertzalea, EAJ alderdira eta ELA sindikatura afiliatua zegoen. Arrasaten kolpistak sartzean atxilotuetako bat izan zen. Ondarretako kartzelara eraman zuten preso eta bertatik urriaren 21etik 22rako gauean atera ostean epairik gabe fusilatu zuten Hernanin, ostean bere gorpua hilerrian hobiratuz[920].

13. Aramburu Oyarzabal, Carmen

         1884ko uztailaren 16an Hernanin jaioa, Celestino Recondo Mugica zinegotzi errepublikarraren anaia zen Jose Recondorekin ezkondua zegoen. Gerraren aurretik seme-alaba eta koinatuekin batera Kale Nagusiko etxe berean bizi ziren. Frankistak herrian sartzean, baina, senarraren anaiek eta haren seme-alabek ihes egitea erabaki zuten arren, Carmen eta Josek Hernanin geratzea erabaki zuten[921]. Ezezagunak zaizkigun arrazoiak tarteko, Carmenek 52 urte zituela kolpistek atzitu ostean inolako epaiketa gabe fusilatu eta Hernaniko hilerrian lurperatu zuten 1937ko urtarrilaren 5ean[922].

14. Aramburu Unanue, Jose ulpiano

         1874ko otsailaren 12an jaio zen Tolosan[923], baina Urretxuko bizilaguna zen. Ezkondua zegoen eta zazpi seme-alaba izan zituen. Saskigilea ofizioz, herriko bizitza kulturaleko kide zen, udal musika bandako eta txistulari taldeko partaide baitzen. Kolpistak 1936ko iraila amaieran herrian sartu eta gutxira atxilotu egin zuten, mugimendu abertzaleen aldekoa zelako. Ondarretara preso eraman eta gero, 1936ko urriaren 21ean espetxetik atera eta judizioz kanpo fusilatu zuten Hernanin[924].

15. Aramburuzabala Beitia, Emeteria Casimira

         1878ko martxoaren 4an jaio zen Eskoriatzako Marin auzoko baserri batean[925], eta auzo berean bizi zen Valentin Echave eta zortzi seme-alabekin batera Gerra Zibilak eztanda egitean[926]. Lotura politiko ezagunik gabea, Gatzagan erosketa batzuk egitetik etxera bidean atxilotu zuten urriaren 15ean[927]. Eskoriatzatik Ondarretara eraman zuten preso eta bertatik irailaren 21ean goizaldean atera eta Hernanin erail zuten. Familiak ezin izan zuen bere heriotza inskribatu 1946ra arte[928].

16. Arana Echenagusia, Jose

         1914an Lasarten jaioa, familiarekin Andoainen bizi zen Gerra Zibilak eztanda egitean. UGTra afiliatua zegoen eta Subijana industriako langilea zen, eta Tolosatik matxinoen tropak 1936ko abuztuan herrira iristean familiarekin Oriora ihes egin zuen baina Gipuzkoa kolpisten armadaren esku geratzean familiak Andoainera itzultzea erabaki zuen. Familiaren lekukotzaren arabera 1936an frankistek desagerrarazi egin zuten Donostia inguruetan[929].

17. Arana Zubillaga, Hilario

         25 urteko Leintz Gatzagarra zen Hilario gerraren inguruko berriak herrira iritsi zirenean. EAJra afiliatua zegoen eta kolpistek herrian sartu eta gutxira, 1936ko urrian, atzitu eta Ondarretako kartzelara eraman zuten preso beste hainbat herrikiderekin batera. Urriaren 21etik 22rako gauen espetxetik atera eta inolako epairik gabe fusilatu zuten Hernanin[930].

18. Arbizu Lasa, Angel

         1900eko uztailaren 7an jaio zen Hernanin. Paper-industriako langile hau Bakero baserrian bizi zen Josefa Antonia Gorostegui emaztearekin eta Martin, Manuel, Eusebia eta Miren seme-alabekin batera[931].

         Gerra Zibilaren berriak iristean, UGTra zegoen afiliatuta eta sindikatuaren mobilizazio deiari kasu egin zion. Horrela, Hernaniko Gerra Komisariotzaren aginduetara jarri zen eta Gipuzkoaren defentsan parte hartu zuen gainera[932]. 1936ko irailean, ordea, Gipuzkoa matxinoen esku erortzear zegoela Defentsa Batzordearen ebakuazio deiari muzin egitea erabaki zuen. Hau da, Hernanin geratu zen. Ondorioz, Hernaniko agintari frankisten aginduz atxilotu egin zuten, eta aste batzuetarako egun Udal Artxiboa dagoen lekuan preso izan eta gero, 1936ko urriaren 17tik 18ra bitarteko gauean bertatik atera eta goizeko bostetan erail zuten Hernanin bertan. Gero, bere gorpua hilerrira eraman eta hobi komunean hilobiratu zuten. Familiak ezin izan zuen bere heriotza inskribatu 1941eko urrira arte[933].

19. Arcelus Aguirre, Hilarion

         Gerra Zibila hasi zenean Urretxun bizi zen 28 urteko gaztea zen Hilarion. Jostuna ofizioz, herriko EAJren taldera afiliatua zegoen. Matxinoak Urretxun 1936ko iraila amaieran sartu eta gutxira atxilotu egin zuten. Inolako epaiketa gabe Hernanira ekarri eta fusilatu zuten 1936ko irailaren 20an[934].

20. Ariztegui Aguirrebeña, Julian

         Eibarren jaio zen 1890eko urtarrilaren 7an, baina Donostiako Amara auzoan bizi zen Encarnacion Isasa emaztea eta bost seme-alabekin batera. Merkataria ofizioz, etxe azpian zuen lokal batean lan egiten zuen. Salaketa bat tarteko 1936ko urriaren 24an atxilotu egin zuten, izan ere, inongo alderdi edo antolakundeetara afiliatuta ez zegoen arren abertzalea baitzen. Komisaldegitik pasa ostean Ondarretako kartzelara eraman zuten preso, non urriaren 29an familiari esan zioten aske utzi zutela. Benetako arrazoia izan zen aurreko eguneko gauean, beste hainbat presorekin batera, espetxetik atera eta eraila izan zela. Epai gabe fusilatu ostean, bere gorpua Hernaniko hilerrian hobiratu zuten. Familiari, gainera, zituzten ondasunak konfiskatu zizkieten[935].

21. Ariztimuño Olaso, Jose “Aitzol”

         1896ko martxoren 18an jaio zen Tolosan. Ideia erlijioso sakondun pertsona, 1922an apaiztu ostean Beasaineko Garin auzoan jardun zuen apaiz gisa. Ideia abertzale sendoduna, EAJren baitan garatu zuen militantzia, euskara eta euskaltzaletasuna bultzatuz kazetaritza-lan mardula eginez. Zenbait egunkari sortzen lagundu zuen eta beste hainbatekin elkarlanak egin zituen. Hizlari ezaguna bilakatu zen eta hainbat ekitaldi politikotan parte hartu zuen ere, garaiko aktore politiko nabarmena bilakatuz. Gerra Zibila hastean, Lapurdiko Ahusti udalerriko Belok monasterioan errefuxiatu zen hasieran, eta Nafarroako karlistek eskuineko euskal abertzaleekin akordio bat erdiestea bilatu zuen. Hala ere, saiakera hauek porrot egitean Bizkaira joateko nahia erakutsi zuen, Euskadiko Gudarostera batzeko helburuarekin. Horretarako, Galerna itsasontzira igo zen Baionan 1936ko urriaren 15ean. Ontzia itsas-armada frankistak atzitu eta Pasaian bidaiariak lehorrarazi ostean Ondarretara eraman zituzten preso. Urriaren 18tik 19ra bitartean beste hainbat presorekin batera espetxetik atera eta guztiak judizioz kanpo exekutatu ostean Hernaniko hilerrian hobiratu zituzten.

22. Arregui, Jose Manuel

         Donostiako Loiola auzoan bizi zen eta ELA sindikatuko militantea izan zen Errepublika garaian. Gipuzkoako hiriburuan armada kolpista sartu eta gutxira fusilatu zuten Hernanin, 1936ko urriaren 5ean, eta bere gorpua herriko hilerrian hobiratu zuten[936].

23. Arrieta Arrieta, Jose Antonio

         Donostian bizi zen 33 urteko soldatapeko langilea zen Jose Antonio. Ezkongabea, bere sendiak 1948an bere heriotza inskribatu ahal izan zuenean Hernanin hil zutela adierazi zuten 1936ko urriaren 1ean[937].

24. Arrieta Arteaga, Miguel Joaquin “Muturzuri”

         1884ko irailaren 7an Altzan jaioa[938], Astigarragan bizi zen gerra hasi zenean. Herrian petrikilo edo sendalari antzerako bat zen. 1936ko irailean familia guztiarekin batera kolpisten tropengandik ihes egiteko saiakera egin zuten. Hala ere, familiako batzuk helburua lortu bazuten ere, Miguel izen bereko semearekin batera frankistek atzitu egin zuten Donostiatik ihes egiten saiatu zirenean, eta egun batzuetan preso egon eta gero, urriaren 8an, aita-semeak Hernanin fusilatu zituzten[939].

25. Arrieta Zuaznabar, Miguel Jose

         Astigarragan jaio eta bizi zen. Gerra Zibila hasi zenean eta matxinoen zutabeak herrian ate joka zirela, familiarekin batera Euskal Herriko mendebaldera ihes egiteko saiakera egin zuen. Kide batzuk hau erdietsi bazuten ere, Miguel Jose eta bere aita Miguel Joaquin frankisten atzaparretan erori ziren Donostiatik itsasoz ihes egiteko saiakera burutzen ari zirela. Hasiera batean espetxeratuak izan baziren ere, inolako epairik gabe kartzelatik atera eta Hernanin fusilatu zituzten biak urriaren 8an[940].

26. Arruti Alkorta, Eusebio

         1879ko urriaren 29an jaio zen Zarautzen, nahiz eta gerra aurretik Donostian bizi zen Elvira Gil de Montes Huarte emaztea eta bost seme-alabekin batera. Izan ere, bertan Gipuzkoako Aldundiarentzat lan egiten baitzuen. Matxinoak Gipuzkoako hiriburuan sartu eta gutxira atzitu egin zuten, eta urriaren 2an Hernanira eraman eta erail egin zuten[941].

27. Artola Azurmendi, Jose Maria

         1894ko martxoaren 28an Urnietan jaioa, Donostian bizi zen. Gerra Zibilaren berriak hirira iristean, kolpisten aurka borrokatzeko milizietara engaiatu zen, Gipuzkoako Komandantziaren aginduetara borrokatuz. ELA sindikatura afiliatua zegoen[942]. Gipuzkoa 1936ko irailean zehar matxinoen esku erori zenean, Jose Maria atzitu zuten eta Hernani eta Urnieta bitarteko errepidean fusilatu zuten 1936ko irailaren 29an[943].

28. Artola Echeverria, Dominica

         1867ko abenduaren 20an Astigarragan jaioa[944]. Donostian bizi zen Gerra Zibila hastean. Hiria frankistek hartu zutenean atzitu egin zuten eta Hernanin fusilatu zuten epai gabe 1936ko urriaren 18an, bere semea komunista izateagatik[945].

29. Artola Iraola, Miguel Eleuterio[946]

         1892ko apirilaren 18an jaio zen Donostian[947]. Udal langilea zen hirian bertan, non atezain gisa lan egiten zuen matxinoek Gipuzkoa bereganatu zutenean. Donostian bertan atxilotua izan zen eta 1936ko urriaren 18an Hernanira eraman eta fusilatu zuten[948].

30. Artza Beasain, Martin

         1903ko maiatzaren 16an jaio zen Beasainen. Bere emazte Juana Lujambio Artola eta Jose Luis semearekin batera Hernaniko Kardaberaz kalean bizi zen[949]. Gerra aurretik kale-garbitzailea izan zen Hernanin, baina osasun arazoak tarteko 1936 hasieran lanpostutik kanporatua izan zen[950].

         Armada kolpista Hernanin sartzean, baina, emazteak semearekin batera Bizkaian errefuxiatzea erabaki zuen. Martinek, ordea, Hernanin geratzeko hautua egin zuen. Matxinoak herrira sartu eta hurrengo asteetan desagerrarazi egin zuten Martin. Bitartean, Juana emaztea eta Jose Luis semea gerratik ihesi Kataluniara joan ziren. Gaixotu ostean Manresa hirian (Bartzelona) hil zen Juana, ondorioz, bere familia egin behar izan zen Jose Luis haurraren kargu. Denboraldi batez Frantzian bizi ostean Hernanira itzuli ziren[951].

31. Azcarreta Aiastui, Marcelino

         Gerra hasi zenean Oñatin bizi zen 26 urteko gaztea zen eta Bergarako labe-garaietan lan egiten zuen, non ELA sindikatura afiliatua zegoen[952]. Beraz, gerraren inguruko berriak Debagoienara iristean, Oñatin kolpisten aurka borrokatzeko antolatu ziren milizietara batu zen. Hala ere, Gipuzkoa ia guztia matxinoen esku erortzean armada kolpistaren atzaparretan erori zen, eta hauek inolako epaiketarik gabe Hernanin fusilatu zuten 1936ko azaroaren 5ean[953].

32. Becerra Narvaiza, Jose

         1917an Donostian jaio bazen ere, Urretxura bizitzera joan zen gaztetan. Bertan, Esteban Orbegozo fundizioan lan egiten zuen. Horretaz gain, enpresaren bertako futbol taldeko jokalaria ere bazen. Militantzia edota afiliazio politiko ezagunik gabea, kolpistek atzitu ostean 1936ko urriaren 29an fusilatu zuten Hernanin[954].

33. Beitia Errazti, Leon

         Leintz Gatzagako Dominaga baserrian bizi zen, non artzain gisa lan eginez bizi zen. Abertzalea zen eta 1936ko urriaren 15ean atxilotu zuten meza entzutetik irtetean. Egun batzuetan zehar Arrasaten preso egon ostean, Ondarretara lekualdatu zuten. Inolako epairik gabe 1936ko urriaren 20an fusilatu zuten Hernanin[955].

34. Belaustegi Otamendi, Angel

         1916an Urretxun jaioa. Udal idazkariaren semea zen. Abertzalea ideologiaz, zuzenbide ikasketak burutzen ari zen Gerra Zibila hastean. Kolpistek haren etxean atxilotu eta 1936ko urriaren 20an Hernanin fusilatu zuten inolako epairik gabe 17 urte zituela[956].

35. Bengoa Aguiriano, Juan

         1898ko uztailaren 13an jaio zen Arrasateko Bedoña auzoan[957]. Ezkondua zegoen eta sei-seme alaba zituzten. Abertzalea zen eta EAJ alderdira eta ELA sindikatura afiliatua zegoen; azken honetako zuzendaritza-batzordekoa zen gainera[958]. Kolpistek atxilotu ostean 1936ko urriaren 25ean Hernanin fusilatu zuten, eta herriko hilerrian bertan hobiratu zuten[959].

36. Bengoa Elorza, Maria

         Arrasatearra zen eta herriko Emakume Abertzale Batzara zegoen afiliatuta. 17 urte zituela Hernanin fusilatu zuten[960].

37. Bermejillo Acasuso, Leandro

         1896ko martxoaren 15ean Balmasedan jaioa[961]. Pasaian bizi zen, non inprimatzaile gisa lan egiten zuen. Matxinoak Gipuzkoa bereganatu eta gutxira atzitua, 1936ko urriaren 10ean fusilatu zuten Hernanin[962].

38. Burutaran Ormazabal, Pantaleon

         1892ko abenduaren 5ean jaio zen Donostian[963]. Loiola auzoan bizi zen, Ibaieder etxean, eta Dragas de Loyola enpresan lan egiten zuen errementari gisa. ELAra afiliatua zegoen eta lanean zegoela atxilotua izan zen. 1936ko urriaren 1ean fusilatu zuten Hernanin bere anai Saturiorekin batera.

39. Burutaran Ormazabal, Saturio

         1889ko abuztuaren 29an jaio zen Donostian[964]. Pantaleon anaia bezala, Loiola auzoan bizi zen. Herriko auzo-alkatea zen. Errepublikarra zen eta anaiarekin batera errementari gisa Dragas de Loyola enpresan lan egiten zuen, non biak lanpostuan bertan atxilotu zituzten. Ondarretara eraman zituzten preso eta biak inolako epairik gabe espetxetik atera eta Hernanin fusilatu zituzten 1936ko urriaren 1ean[965].

40. Calleja Alfaro, Jesus

         Fiteron jaioa 1911n, familiarekin batera Donostiara lekualdatu zen gaztea zela. Amara auzoan bizi zen, ezkondua zegoen eta seme jaioberria zuten. Lanbidez kontularia zen eta autoen enpresa batean egiten zuen lan. Filiazio politiko ezezagunekoa, gizon sinestuna oso. Bere lankide baten salaketa faltsu baten ondorioz atxilotu eta Ondarretan kartzelaratu zuten. 1936ko urriaren 4an exekutatu zuten[966].

41. Celigüeta Rincon, Marcelino

         Nafarroako Zentroniko herrian jaio bazen ere Donostian bizi zen. Manuela Ganuzarekin ezkondua zegoen eta Amaran txurro-denda ezagun bat zuen, Churreria y Patatas Celigüeta izenekoa. Ongintzaren arloan egin zituen lanak ere ezagunak ziren. Kolpistek atzitu ostean Ondarretara eraman zuten preso eta egun batzuez, gainera, Lasarteko abiazio-zelaian gatibu-lanak egiten egon zen[967]. Ondarretako kartzelatik epairik gabe atera eta Hernanin fusilatu zuten 1936ko urriaren 24an, 41 urte zituela[968].

42. Cerdan Murillo, Jose

         Aguilar Kodes Lizarraldeko herrian jaioa, Donostian bizi zen. 1936ko urriaren 18an Hernanin fusilatu zuten.

43. De la Cruz de las Heras, Enrique

         Donostiako bizilaguna. 1936ko irailaren 29an fusilatu zuten Hernanin inolako epaiketarik gabe 59 urte zituela[969].

44. Dodignon Imaz, Carlos

         Donostian jaio eta bizi zen Carlos. Gerra aurretik Gros auzoan bizi zen Juana Mintegui Sanroman emaztea eta hiru seme-alabekin batera. Familia guztiak Gipuzkoako hiriburua uztea erabaki zuen 1936ko irailean Bizkaira ihes eginez, baina Carlosek etxean geratzea erabaki zuen[970]. Kolpistek judizioz kanpo Hernanin fusilatu ostean hilerrian bertan hobiratu zuten 1936ko irailaren 16an, 48 urte zituenean[971].

45. Echave Zabaleta, Manuel

         Aramaion jaioa, Leintz Gatzagan bizi zen familiarekin batera Bordincruz baserrian. Bertan, artzain gisa jarduten zuen Eskoriatzako Forjas de Escoriaza enpresan lan egiteaz gain. Ardiekin mendian zela atxilotu zuten kolpistek, abertzalea eta Gatzagako Defentsa Batzordeko kide izateagatik. Beste herrikide batzuekin batera Arrasaten preso egon ostean Ondarretara lekualdatu zituzten eta 1936ko urriaren 22an inolako epaiketarik gabe fusilatu zuten Hernanin[972]. Hor ez zen eten baina Manuelen aurkako jazarpena, izan ere, EAJra afiliatua egoteagatik 1938ko apirilean 5.000 pezetako isuna ordaintzera kondenatu zuten, bere familiak ordaindu behar izan zuen isuna[973].

46. Egurcegui Arteaga, Encarnacion

         1891ko ekainaren 15ean jaio zen Donostian[974]. Ezkongabea zen eta kolpistak hirian sartu eta aste gutxira atzitu ostean epai gabe ziegatik atera eta Hernanin fusilatu zuten 1936ko urriaren 5ean[975].

47. Eguren Mendiola, Venancio

         1904an Zumarragan jaioa. Herriko mugimendu abertzaleko kidea, saskigilea zen ofizioz eta Alcorta, Mendizabal y Cia enpresako bazkidea zen[976]. Gerra Zibila hastean herriko Defentsa Batzordeak estatu-kolpea babesten zuten pertsonak atxilotu ostean hauen zaintzaz arduratu zen taldeko kide izan zen. Kolpistak Gipuzkoa bereganatu zutenean, baina, Zumarragan geratzea erabaki zuen. Tropa frankistak herrian sartzean atzitu eta espetxeratu egin zuten. 1936ko urriaren 20an fusilatu zuten Hernanin[977].

48. Elgoibar Gorostiza, Anselmo

         Leintz Gatzagako Zelaikua baserrian bizi zen Gerra Zibila hasi zenean. ELA sindikatu abertzaleko militantea, Araba eta Gipuzkoa arteko mugan guardiak egiten jardun zuen gerraren lehen asteetan, matxinoen erasoaldiak identifikatzeko. Gipuzkoa 1936ko irailean matxinoen esku erori zenean ez zuen herritik ihes egin. Bere militantzia abertzaleagatik kolpistek urriaren 15ean atxilotu egin zuten, ostean Ondarretara eramanez. Gertakari honetatik aste batera fusilatu zuten Hernanin, urriaren 22an. Valentin Lamarain iloba ere Hernanin fusilatu zuten egun berean[978].

49. Elizalde Zubiri, Jose Maria

         Donostian jaio zen 1896ko otsailaren 16an[979]. Asuncion Flaño donostiarrarekin ezkondua zegoen eta hiru seme-alaba zituzten. Emaztearekin batera Casa Usoz oihal eta puntuzko produktuak saltzen zituen enpresan lan egiten zuen, bidaiari gisa Jose Mariak. Inolako alderdira afiliatua ez egon arren ezkertiarra zen. Lan-bidaia batean zegoen Bartzelonan zen militarrek estatu-kolpe saiakera burutzean, baina bertatik gutxira Ipar Euskal Herrira joan zen. Baionan Galerna itsasontzia hartu zuen Bizkaira joan ahal izateko 1936ko urriaren 15ean. Ontzia, ordea, itsas-armada frankistak atzitu zuen eta Pasaian lehorreratu ostean Ondarretara eraman zituzten bertako bidaiariak[980]. Jose Maria beste hainbat presorekin batera “aske” utzi ostean 1936ko urriaren 18an fusilatu zuten judizioz kanpo Hernanin[981]. Beste iturri batzuen arabera Donostian fusilatu zuten egun berean[982].

50. Elorza Narvaiza, Jose

         1887ko uztailaren 16an Azkoitian jaioa[983]. Errenterian bizi zen, Maria Urquia emaztearekin batera, herri honetako basozaina baitzen. Errenteriako Circulo Liberal-eko kide bazen ere, ez zuen politikan parte-hartze nabarmenik izan. Gipuzkoako mendebaldea kolpisten esku erortzean, ordea, jaioterrian babesa bilatzea erabaki zuen. Hala ere, lanpostua galtzeko beldurragatik 1936ko irailaren 21ean Errenteriara itzultzea erabaki zuen. Bertan, agintari frankistek kargugabetze prozedura abiatu zioten herritik ihes egiteagatik eta gutxira, gainera, atxilotu ere egin zuten. Atzitua izan eta gutxira Hernanin fusilatu zuten urriaren 10ean[984].

51. Gabilondo Ugalde, Hilario

         1894ko urtarrilaren 14an Urretxun jaioa, ezkondua zegoen eta bi seme-alaba zituen. Forjaria ofizioz, Alcorta, Mendizabal y Cia enpresan lan egiten zuen gerra aurretik. EAJra afiliatua egoteagatik atxilotu zuten kolpistek Urretxun, eta Ondarretara preso eraman ostean, inolako epaiketarik izan ez arren 1936ko urriaren 20an espetxetik atera eta Hernanin fusilatu zuten[985].

52. Galdos Azkarretazabal, Raimundo

         1899ko martxoaren 15ean Aretxabaletan jaio zen[986]. Arrasaten bizi zen Guadalupe Ocaranza emaztea eta bi seme-alabekin batera. Bertan Union Cerrajera enpresan lan egiten zuen eta EAJ alderdira afiliatua egoteaz gain, ELA sindikatuko lehendakaria zen herrian Gerra Zibila hasi aurretik. Militantzia politiko nabarmena izanda ere, zutabe kolpistak herrian sartu zirenean ihes ez egitea erabaki zuen. Ondorioz, gutxira atxilotu egin zuten eta Ondarretara preso eraman ostean urriaren 21ean kartzelatik atera ostean 22ko goizaldean Hernaniko hilerrian fusilatu zuten, beste hainbat presorekin batera[987].

53. Gamboa Aurrecoechea, Raimundo

         1902ko urtarrilaren 23an jaio zen Gernikan. Rosario Soleagarekin ezkondu zen eta Madrilen bizi ziren bost alabekin batera. Gerra Zibilak eztanda egitean Lekeition zegoen oporretan Gamboa Soleaga familia, eta Raimundo EAJ alderdiarentzat hasi zen lan egiten: lehen gudarien konpainiak antolatzen Lekeition, gerora Itxasalde batailoia izango zena. 1936ko irailean, gainera, Jose Antonio Agirre buru zuen EAJren ordezkaritza batekin Frantziako Estatua gurutzatu eta Kataluniatik igaro ostean Madrilera joan zen bilkura batera. Itzuleran Ipar Euskal Herrian geldialdi labur bat egin ostean Baionan Galerna itsasontzia hartu zuen Bilbora itzultzeko. Galerna baina itsas-armada frankistak atzitu zuen eta Pasaian bidaiariak jaitsarazi ostean Ondarretara eraman zituzten preso. 1936ko urriaren 18tik 19ra bitarteko gauean fusilatu zuten Hernaniko hilerrian. Familiak ez zuen Raimundoren heriotzaren berri izan 1936ko abendura arte. Gerratik aldentzeko helburuz, Rosario bost alabak eta familiako kide batzuekin batera Frantziako Estatuan errefuxiatu zen 1937ko udan eta, ostean, Belgikara joan ziren. Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Ipar Euskal Herrira itzuli behar izan zuten, non Biarritzen Rosario hil baitzen. Familiako bost alabak 1940an Bilbora itzuli ziren[988].

54. Garayalde Martinez de Aragon, Saturnino

         Donostiako Loiola auzoan bizi zen Gerra Zibilak eztanda egitean. Errepublikarra zen eta UGT sindikatura zegoen afiliatuta. 49 urte zituenean kolpistek atzitu egin zuten eta 1936ko urriaren 21ean fusilatu zuten Hernanin[989].

55. Garbizu Arbizu, Saturnino

         1896ko azaroaren 26an Bidaurretan jaioa. Felisa Goñi irakaslea eta Pablo eta Eladia seme-alabekin batera Hernaniko Florida auzoan bizi ziren. Lorezaina zen, gainera, auzo bereko Oblatuen Murua jauregian[990]. Gerrak eztanda egitean milizianoz bete zen herria eta Saturninok kolpisten aurkako borrokan bere alea emateko helburuarekin Hernaniko Gerra Komisariotzaren aginduetara zegoen Gurutze Gorriarentzat lan egin zuen miliziano gisa[991].

         Bikoteak, seme-alabekin batera, kolpisten iritsiera aurretik eginiko ebakuazio deiari uko egin zion eta biek bizia galdu zuten honen ondorioz. Saturninoren kasuan atxilotu egin zuten eta egun batzuez Atsegindegi etxean egon zen preso hainbat herritarrekin[992]. Baina 1936ko irailaren 23an frankistek ziegatik atera eta erail egin zuten[993] (beste iturri batzuek adierazten dute 1936ko urriaren 28an fusilatu zutela). Felisa Goñi emaztea irakaslea zen herrian eta Saturnino senarra erail zuten egun berean desagerrarazi zuten, baina beste iturri batzuen arabera, hau ere urriaren 28an izan zen. Familiak ezin izan zituen bien heriotzak inskribatu 1945era arte.

56. Garbizu Echeverria, Manuel

         1901eko martxoaren 12an Pasaian jaioa, herri honetan bertan bizi zen Dolores Agote emaztea eta sei seme-alabekin batera, non merkataritza-agente gisa lan egiten zuen[994]. EAJko kide nabarmena zen herrian eta 1933an Pasaia-Antxon Batzokia ireki zutenean honen lehendakari izendatu zuten[995]. Estatu-kolpe saiakera burutu zenean, honen aurka antolatzeko herrian sortu zen Defentsa Batzordeko finantza komisariotzako kide izan zen. Hala ere zutabe kolpistak herrira iritsi zirenean bertan geratzea erabaki zuen. Agintari frankistek, salaketa bat tarteko, 1936ko urriaren 2an atxilotu zuten eta Ondarretara preso eraman zuten. 1936ko urriaren 13an beste hainbat presorekin batera kartzelatik atera eta Hernanin fusilatu zuten judizioz kanpo[996].

57. Garcia Aznar, Roman

         Fiteron jaioa, Donostian bizi zen Gerra Zibila hastean Luisa Pardo Arevalo emaztea eta Carmen eta Teresa alabekin batera. Hiri hau kolpisten esku erortzean atzitu zuten eta Hernanin epaiz kanpo exekutatu ostean 1936ko urriaren 22an. Herri honetako hilerrian bertan hobiratu zuten[997].

58. Garcia Gallego, Clemente

         1898ko otsailaren 20an jaio zen Ciudad Rodrigo herrian (Salamanca), baina Pasaian bizi zen eta marinel lanak egiten zituen. Pilar Garaterekin ezkondua, Carlos izeneko seme bat zuten elkarrekin. Frankistek atzitua izan eta gero 1936ko urriaren 18an fusilatu zuten Hernanin[998].

59. Garcia Platon, Eulogio

         1888ko uztailaren 3an jaio zen Siete Iglesias de Trabancos herrian (Valladolid). Concepcion Rubio Martinez emaztearekin batera Hernaniko Florida auzoan bizi zen jornalaria zen. 1936ko irailean, matxinoen zutabeen gertutasuna zela eta Defentsa Batzordeak ebakuazio deia luzatu zuenean, emazteak eta bizilagun gehienek herritik ihes egitea erabaki zuten. Eulogiok, ordea, Hernanin geratzea erabaki zuen[999].

         Testuinguru hartan, lanpostuan lan egin eta denbora librean abereak zaintzera mugatu zen, azken jarduera hau gauetan burutuz. Familiari Bizkaitik itzultzean herriko agintari frankistek eginiko adierazpenen arabera, gauez abiazio errepublikarrari argi-seinaleak egitea egotzi zioten. Ondorioz, ustez espioitzagatik atxilotu eta Atsegindegi etxean izan zuten preso. Familiak eginiko ikerketen arabera Atsegindegi etxean bertan fusilatu zuten Eulogio beste preso batzuekin batera[1000]. Polloeko hilerriko erregistro liburuaren arabera, 1936ko urriaren 3an fusilatu zuten eta Donostiako kanposantu honetan hilobiratu zuten[1001].

60. Gascon Perez, Catalina

         Ciudad Rodrigo herrian (Salamanca) jaioa, Mutrikun bizi zen Francisco Ascensio senarra eta bi semerekin batera[1002]. Deba ibaiaren ezkerraldean bizi zen eta Deba herritik pasatzen zen trenbidean lan egiten zuen barrerazain gisa. Karlisten zutabeak Deban 1936ko iraila amaieran sartu eta gutxira atxilotu zuten Catalina, hauek burutzen zebiltzan errepresioa ikustean “todo esto ya pasará” esateagatik[1003]. 1936ko urriaren 20an Ondarretako kartzelatik atera eta Hernanin fusilatu zuten 1936ko urriaren 20an, 56 urte zituela[1004].

61. Gastañares Villar, Miguel

         Arrasatearra, 26 urte zituen eta herriko Banco Guipuzcoano-ko egoitzan lan egiten zuen. Josefina Luco Madina emaztea eta alaba batekin bizi zen Arrasate pasealekuan. EAJ eta ELA antolakunde abertzaleetako kidea zen eta Venancio anaiarekin batera atxilotu eta Ondarretara eraman zituzten preso. 1936ko urriaren 21eko gauean bi anaiak beste hainbat presorekin batera espetxetik atera zituzten eta judizioz kanpo exekutatu zituzten hurrengo goizean Hernanin[1005].

62. Gastañares Villar, Venancio

         Arrasatearra, abertzalea zen eta EAJk izendatua ELA sindikatuarentzat hitzaldiak ematen zituen. Carmen Garciarekin ezkondua zegoen eta herrian Union Cerrajera enpresan lan egiten zuen. Kolpistek atxilotu ostean Ondarretara preso eraman zuten eta bertatik urriaren 21eko gauean atera zituzten “aske” uzten zituztela esaten zuen dokumentu bat sinarazi ostean. Hainbat presorekin batera, tartean Miguel anaia, Hernanira eraman zuten eta bertan fusilatu ostean hilerriko hobi komunean lurperatu zuten bere gorpua. Erail zuten unean 29 urte zituen eta erail aurretik Gora Euskadi askatuta oihukatu zuen[1006].

63. Gaztañaga Gaztañaga, Jose Martin

         Errenterian jaio zen 1891 urtean eta bertan bizi zen Eulogia Gaztañaga emaztearekin batera, nekazal lurrak lantzetik biziz biak. Bikoteak sei seme-alaba zituen. Militantzia edota afiliazio politiko ezagunik gabea, herriko agintari frankistek atxilotu egin zuten eta Hernanin fusilatu zuten 1936ko urriaren 3an, ondoren, herri honetako hilerrian hobiratuz[1007].

64. Gonzalez Espinel, Jose

         Valladolideko probintzian jaioa, soldadutza amaitu ostean Pasaiara joan zen bizitzera, non Victoriano Luzuriaga enpresan hasi zen lanean mekanikari gisa. Pasaian Petra Silva Garciarekin ezkondu zen, probintzia berekoa zena, eta hiru seme-alaba izan zituzten. Gerra herrira ate-joka iritsi zenean baina, herritik ihes egin eta Donostiara joan ziren. Hala ere, hiri hau zutabe frankisten esku erortzean bertan geratzea erabaki zuten. Pasaiako etxea nola zegoen ikustera joan zen batean, Jose Donostiara itzultzen ari zela, atxilotu eta Ondarretara eraman zuten preso. Filiazio politiko ezagunik gabea, Pasaiako batzokiko lehendakaria zen Manuel Garbizurekin erlazio handia zuen eta hori izan zitekeen atxiloketaren arrazoia. Preso zela 1936ko urrian Lasarteko abiazio-zelaira gatibu-lanak egitera bidali zuten. Urriaren 7an emaztea bisitan joan zenean baina, “aske” utzi zutela esan zioten. Ordutik, familiak ez du Joseren berririk izan eta Hernanin fusilatu zutela uste dute[1008].

65. Gonzalez Fernandez, Silverio

         Toro herrian (Zamora) jaioa, Hernanin bizi zen Carmen Diez Ezquerro emaztea eta lau seme-alabekin batera. Kolpistek Buruntza bereganatu eta beraien zutabeak Hernaniko herria eskuratzear zeudela, familiak ez zion Defentsa Batzordearen ebakuazio deiari kasu egin. Silverio agintari frankistek atxilotu egin zuten eta 1936ko urriaren 23an herrian bertan fusilatu zuten[1009].

66. Gonzalez Girarte, Julian

         Acebo herrian (Caceres) jaio zen 1879ko otsailaren 16an, baina 1917an Donostiara bizitzera joan zen Luciana Perales emaztearekin batera. Gerra aurretik Papelera Nerecan enpresan lan egiten zuen atezain gisa eta matxinoak hirian sartzean bikoteak ihes ez egitea erabaki zuen. Ondorioak larriak izan ziren, izan ere, 1936ko azaroaren 9an polizia-indar frankistak bere etxera joan ziren atxilotzeko helburuarekin eta Ondarretako espetxera eraman zuten preso. Familiaren arabera, egun gutxira kartzelatik atera eta Hernanin exekutatu zuten azaroaren 19an[1010]

67. Goñi Biurrun, Felisa

         Belaskoain herrian jaioa 1896ko otsailaren 21ean, Saturnino Garbizurekin ezkondu ostean Hernanira bizitzera etorri ziren, Florida langile-auzoan ezarriz. Bertan, Pablo eta Eladia seme-alabak jaio ziren[1011].

         Gerra garaian Saturninok miliziano gisa jardun zuen arren, familiak Hernanin geratzea erabaki zuen 1936ko irailean kolpisten armada herrian sartu zenean, eta garesti ordaindu zuten erabaki hau. Felisa Goñi irakaslea zen, eta Julian Perez maisuarekin batera 1936ko urriaren 23an fusilatu zuten. Ostean, Felisaren gorpua desagerrarazi zuten frankistek Tolosa eta Berastegi bitartean[1012]. Gertakari hau noiz eman zen zehazteko unean baina, iturri kontrajarriak ditugu. 1945ean familiak bere heriotza inskribatu ahal izan zuenean adierazi baitzuen hau 1936ko irailaren 23an gertatu zela[1013], baina beste iturri batzuek urte bereko urriaren 28an izan zela diote[1014].

68. Guruceaga Arruabarrena, Juan Manuel Antonio

         Astigarragan jaioa, Groseko abere-hiltegian lan egiten zuen gerra aurretik. Ezkondua zegoen eta bi alaba zituen. Gerra Zibilak eztanda egin eta gutxira Gipuzkoa matxinoen esku erortzean 1936ko irailean, Ipar Euskal Herrian babesa bilatzeko erabakia hartu zuen. Hala ere, gutxira Astigarragako alkate zen Alberto anaiarekin biltzeko helburuarekin, Galerna itsasontziak urriaren 15ean Baionatik Bilbora egin behar zuen bidaiarako txartel bat erosi zuen. Ontzi hau baina, itsas-armada frankistak atzitu zuen eta Pasaiako portuan jaitsarazi ostean kolpistek Ondarretako kartzelara eraman zuten Manuel, beste hainbat pertsonekin batera[1015]. 1936ko urriaren 18an Hernaniko hilerrira fusilatzera eraman zituzten presoetako bat izan zen, 34 urte zituen erail zutenean[1016]. Alberto anaia arrazoi politikoengatik Caracasen (Venezuela) errefuxiatu behar izan zen eta Manuelen emaztea eta bi alabak, berriz, Frantziako Estatura bizitzera joan ziren[1017].

69. Guruceaga Illarregui, Juan

         1892ko abuztuaren 14an jaio zen Altzan[1018]. Ezkondua zegoen eta sagardogilea zen. EAJra afiliatua egon arren herrian geratu zen kolpisten zutabeak Gipuzkoa ekialdetik erasoa jo zutenean. Hauek hirian sartu zirenean, Mirakruz kaleko Iturrizaga etxebizitza arpilatzen ari zirela ikustean “si los rojos robaban, también ellos lo hacían" esateagatik atxilotu zuten[1019]. 1936ko urriaren 2an exekutatu zuten Hernanin[1020].

70. Gutierrez Fernandez, Jose Ciriaco

         1875ean Burgosen jaio zen baina Donostian bizi zen, jostuna baitzen ofizioz eta “Sastrería Gutierrez" izeneko jostundegi ezagun bat zuen hirian. Alarguna zen eta alaba bat zuen. Errepublikarra bazen ere, ez zuen militantzia politiko ezaguni. Hala ere, 1936ko urriaren 17 eta 18 bitartean kolpisten indarrek atzitu eta preso eduki zuten. Inolako funtsik gabe, urriaren 21ean gauez Hernanira fusilatzera eraman zuten.

         Familia Jose Ciriacoren egoera ikertzen hasi zenean “aske” utzi zutela esan zioten frankistek. Horretaz gain, familia eta honen ondasunen aurkako errepresioa abiatu zuten, jostundegia eta etxea arpilatu eta konfiskatuz edota familiari Joseren bizitza aseguruaren poliza kobratzea ekidinez besteak beste. Jazarpen honen ondorioz, alaba eta honen familia Frantziako Estatuan errefuxiatu behar izan ziren[1021].

71. Heras Barrios, Felix

         Fuenmayor herrian (Errioxa) jaioa, Donostian bizi zen emaztearekin batera Gerra Zibila hasi aurretik. Kolpistek 1936ko urriaren 10ean Hernanin fusilatu zuten 69 urte zituela[1022].

72. Heredero Martin, Petra

         Turegano herrian (Segovia) jaio zen eta alargundu ostean Errepublika garaian Donostiara bizitzera joan zen 66 urterekin, bertan lan egitera joanak ziren semeak baitzituen. Horrela, Usandizaga kaleko etxebizitza batean atezain gisa hasi zen lanean, baina kolpistak hiriburuan sartu eta gutxira atxilotu eta Boulevardeko atxilo-gunera eraman zuten preso. Bertatik baina, gauez atera eta judizioz kanpo exekutatu ostean bere gorpua desagerrarazi zuten frankistek, nahiz eta familiak uste duen Galarreta inguruan fusilatu zutela[1023].

73. Hernandez Urquia, Jose

         Jose Hernandez Donostian bizi zen Gerra Zibilaren berriak iritsi zirenean. Ezkondua zegoen eta kolpistek Gipuzkoaren aurka burututako erasoaldiak arrakasta izan eta gero Lasarten judizioz kanpo exekutatu zuten. Noiz erail zuten eta bere gorpua non hobiratua izan zen ezezagunak dira[1024].

74. Idigoras, Jose

         Metalurgialaria ofizioz, Leintz Gatzagan jaio eta bizi zen. 22 urte zituela atzitu eta espetxeratu zuten frankistek, ELA sindikatura afiliatua zegoelako. 1936ko urriaren 22an baina, espetxetik atera eta Hernanira eraman zuten fusilatzera inolako salaketa edota epaiketarik burutu gabe[1025].

75. Insausti Arana, Juan Bautista

         Donostiako Kale Nagusian bizi zen Juan, taberna-jatetxe bat zuen bertan. Ezkonduta zegoen. 1936ko urriaren 5ean Hernanin epaiketa gabe fusilatutako pertsonetako bat izan zen[1026].

76. Insausti Arruti, Jose

         Donostian jaioa Easo kalean bizi zen Consuelo Ruiz emaztea eta hiru seme-alabekin batera. Sugin gisa lan egiten zuen hiriko gas-fabrikan, non UGT sindikatura afiliatua zegoen. 1936ko uztailean baina, estatu-kolpe saiakera burutu zutenean Errioxan zegoen Jose oporretan. Beraz, ezin izan zen Donostiara itzuli hiria irailean kolpisten esku erori zen arte. Itzuli bezain pronto lanpostuan bertan atxilotu zuten eta Ondarretara eraman zuten preso. Atxilotu eta gutxira ama arropa eramatera joan zenean, semea kartzelan ez zegoela esan zioten[1027]. 1936ko urriaren 1ean fusilatu zuten Hernanin[1028].

77. Insaustí Zunzuarregui, Esteban

         Errenterian jaio eta bizi zen Esteban. Bertako paper fabrikan lan egiten zuen eta Batzokiko kide ere bazen. Karlisten zutabeak Errenterian sartzean, aurretik familiako kide gehienek ihes egin bazuten ere, Estebanek herrian geratzeko erabakia hartu zuen. Kolpistek herriaren kontrola eskuratu bezain pronto bera atxilotzera joan ziren lanpostura eta gutxira Ondarretara eraman zuten preso Gervasio Albizu eta Martin Lecuona apaiz errenteriarrekin batera. Familiaren lekukotzen arabera bi apaiz hauekin batera fusilatu zuten 1936ko irailaren 9an, 20 urte zituela[1029].

78. Irañeta Izurriaga, Jacinto

         Tafallan jaioa zen baina Donostian bizi zen, non kale-garbitzaile gisa egiten zuen lan. Hirian bertan lanean ari zela atxilotu eta Boulevardeko atxilo-gunera eraman zuten preso 1936ko irailean. Gau batean baina, kolpisten pikete batek atera eta irailaren 30ean Urnieta eta Hernani bitarteko errepidean fusilatu zuen judizioz kanpo, 47 urte zituela[1030].

79. Irulegui Uranga, Juan Antonio

         1903ko abenduaren 23an jaio zen Andoaingo Aranaztegi baserrian, baina Maria Paulina Garmendia emaztea eta bi seme-alabekin batera Donostian bizi zen. Bertan, kontratista izateaz gain Intza taberna kudeatzen zuten. Abertzalea eta oso katolikoa zen eta badirudi militarrak estatu-kolpea babesten saiatu zirenean hauen aurkako borrokan parte hartu zuen jelkideetako bat izan zela. Garesti ordaindu zuen hau, izan ere, 1936ko urrian Donostian mezatik tabernara bueltan zela atxilotu zuten Juan Antonio karlistek eta Ondarretara eraman zuten preso. Urriaren hasieran “aske” utzi zutela adierazi zioten familiari, ez dute jakin non fusilatu zuten Juan Antonio ordudanik[1031]. 1936ko urriaren 5ean fusilatu zuten Hernanin iturri batzuen arabera[1032].

         Maria Paulina eta seme-alaben aurkako jazarpena etengabea izan zen. Hasieran, taberna konfiskatzen saiatu ziren, baina hau ez lortzean izena aldatzera behartu zituzten “Bar España” deitzera behartuz. Horretaz gain, frankismoaren aurkako taberna hartan biltzen zelako behin baino gehiagotan itxiarazi zieten poliziak[1033].

80. Iturbe Elcorobarrutia, Isidoro

         Arrasaten bizi zen Isidoro, 33 urte zituen eta Basili Muñoarekin ezkondua zegoen, bi alaba txiki zituztelarik. Union Cerrajera enpresan tornularia zen eta Arrasaten kolpistak sartu ostean, 1936ko urrian, Guardia Zibila Isidoro atxilotzera joan zen, abertzalea zelako. Etxe aurreko kalean atxilotu zuten emaztearen aurrean eta honi euskaraz egiteagatik jipoia jaso zuen Guardia Zibilen aldetik. Atxilotu ostean Ondarretako kartzelara eraman zuten urriaren 20an, baina ez zen luzaro preso egon bertan, izan ere, gauez espetxetik atera eta urriaren 22ko goizaldean Hernanin fusilatu zuten[1034].

81. Jurico Zarco, Jose

         Donostian bizi zen 38 urteko pelotaria zen Jose gerra hasi zenean. Honen ondorioz, Ipar Euskal Herrian errefuxiatua zegoen 1936ko urrirako, eta Galerna itsasontziko txartel bat eskuratu ostean Bizkairako bidea abiatzeko prestatu zen hilaren 15ean. Ontzia baina, frankisten itsas-armadaren atzaparretan erori zen eta ontzia Pasaiako portura eraman ondoren Jose atxilotu zuten. Hiru egunetara, urriaren 18an, Hernanin fusilatu zuten judizioz kanpo[1035].

82. Lahore Bilbao, Joseph Luis

         1891n Baztanen jaioa[1036], Zarautzen bizi zen. Gidaria ofizioz, arlo politikoan errepublikar-federalekin bat egiten zuen. 1936ko urriaren 18an Hernanin fusilatu zuten[1037].

83. Lamarain Elgoibar, Valentin

         22 urteko gaztea zen Gerra Zibila hastean. Leintz Gatzagakoa sortzez, bere osaba Anselmo Elgoibar eta beste herrikide batzuekin batera 1936ko urriaren 15ean atxilotu zuten kolpistek. Egun batzuk Arrasaten preso egon eta gero Ondarretako kartzelara lekualdatu zituzten. Osaba eta beste hainbat presorekin batera urriaren 22an espetxetik atera eta Hernanira eraman ostean fusilatu zituzten guztiak[1038].

84. Landin Urrieta, Juan Antonio

         Jaiotzez Bilbokoa bazen ere, Donostian bizi zen familiarekin batera. 21 urte zituen eta Zuzenbide ikasketak amaitu berriak zituen. Gerra Zibilak eztanda egitean Gipuzkoaren defentsarako antolatutako milizietara batu zen[1039]. 1936ko irailean Donostia matxinoen esku erori zenean baina, Ipar Euskal Herrian errefuxiatu behar izan zen familiak Bilborako bidea hartzen zuen bitartean. 1936ko urrian Galerna itsasontzia hartu zuen familiarekin Bizkaian biltzeko helburuarekin. Itsasontzia itsas-armada frankistak atzitu zuen eta Pasaiako portura eraman ostean, urriaren 15ean Ondarretako kartzelan espetxeratu zuten.

         Hernanin fusilatu zuten 1936ko urriaren 20an, baina bertako medikuaren alabaren senargaia zenez, honek gorpua berreskuratu eta Sarasqueta medikuaren familiaren panteoian hilobiratzea lortu zuen[1040].

85. Larrinaga Gana, Tomas

         1896an jaio zen Sopelan, baina Getxon bizi zen, bertan ibilgailuen konponketarako garaje bat eta gasolindegi bat baitzituen. Horretaz gain, Galdakaon organoa jotzen zuen. Gerra Zibilaren harira eta familia-arrazoi batzuk tarteko, Galerna itsasontzian Baionarako bidea hartu zuen. Itzultzeko bidaian itsasontzia itsas-armada frankistak atzitu zuen eta Pasaiako portuan jaitsarazi ostean Tomas atxilotu eta 1936ko urriaren 16an Ondarretara eraman zuten preso. Bost egunetara, urriaren 21ean, Gobernu Militarraren esku utzi zuten. Errealitatean, espetxetik atera eta Hernanin fusilatu zuten[1041].

86. Lassalle Goñi, Jorge

         1895eko urtarrilaren 12an jaio zen Irunen. Bertan Juana Echano Mardarasekin ezkondu zen, nahiz eta bikotea Donostiara lekualdatu zen beranduago. Bertan tailer bat ireki zuen Amaran, errementaria baitzen ofizioz. Errepublikarra zen eta "Guk ere nai degu" elkartearen sortzaileetako bat ere. Kolpistak hirian sartzean familia emaztearen jaioterrian (Euban) errefuxiatu bazen ere Jorge Donostian geratu zen tailerra zaintzen. Lanpostuan bertan atzitu zuten eta hainbat atxilo gunetatik pasa ostean Ondarretan espetxeratu zuten. 1936ko urriaren 28an kartzelatik atera eta inolako epaiketarik gabe Hernanin fusilatu zuten[1042].

87. Lecuona Echaveguran, Martin

         1907an jaio zen Oiartzunen eta apaiztu ostean Errenteriako apaiz laguntzaile zen 1935tik. Abertzalea zen eta herriko Juventud Obrera Cristiana taldearen sorreran parte hartu zuen eta ELArekin elkarlanean jarduten zuen. 1936ko irailean erreketeen zutabeak herrian sartu zirenean ihes ez egitea erabaki zuen, baina gutxira Gervasio Albizu apaiz errenteriarrarekin batera atxilotu zuten. Egun batzuetan Falangearen egoitza bilakatu zen Batzokian preso egon ostean Ondarretako kartzelara lekualdatu zituzten. Espetxe honetatik gauez atea ostean Gervasiorekin batera Hernaniko hilerrian fusilatu zuten judizioz kanpo 1936ko urriaren 9an[1043].

88. Lecea Mazquiaran, Tomas “Gasolina”

         1901eko otsailaren 21ean jaio zen Altsasun. Basilisa Murillorekin ezkondua, Sakanako herri honetan bizi ziren Mari Cruz alabarekin batera. Olazti zementu fabrikako langilea, UGT sindikatura afiliatua zegoen eta estatu-kolpearen berriak ezagutzean Frantziako Estatuan errefuxiatu zen familiarekin. Tomasek, ordea, gerrak gutxi iraungo zuela pentsatuz Gipuzkoa eta Nafarroako mugan geratzea erabaki zuen. Bertan zutabe kolpistek atzitu egin zuten eta Lasarten preso eduki eta gero 1936ko urriaren 8an Hernanin fusilatu zuten Leandro Saez herrikidearekin batera[1044].

89. Legaz Muñoz, Ruperto

         Nafarroako Alesbes herrian jaioa, Pasaian bizi zen Leonor Peralta emaztea eta hiru seme-alabekin batera. Mugazaina ofizioz, kolpistek atzitu ostean 1936ko urriaren 13an fusilatu zuten Hernanin[1045].

90. Lores Sole, Claudio

         Irungoa jaiotzez, Pasaian bizi zen 27 urteko gaztea zen Claudio 1936an. Gidaria zen ofizioz eta ezkondua zegoen, seme-alaba bat zutelarik. Kolpistek atzitu ostean 1936ko urriaren 19an Hernanin fusilatu zuten[1046].

91. Madina Irizar, Vicente

         Arrasateko Banco Guipuzcoano banketxeko langilea, Melchora Oruetarekin ezkondua zegoen eta Jesus izeneko semea zuten. Herrian matxinoak sartu eta gutxira salatu egin zuten, EAJ alderdira eta ELA sindikatura afiliatua egoteagatik eta Ondarretara eraman zuten preso. Askok pairatu zuten gisan 1936ko urriaren 21etik 22ra bitarteko gauean hainbat presorekin batera kartzelatik atera eta Hernanin fusilatu zuten judizioz kanpo[1047].

92. Maestro Garcia, Doroteo

         Bañares herrian (Errioxa) jaioa, Donostian bizi zen Errepublika garaian, non harategi bat zuen. Ezkertiarra izaki, Donostiako agintari frankisten aurrean salatu zuten honegatik eta atxilotu egin zuten. 1936ko irailaren 29an Hernanin fusilatu zuten[1048].

93. Manterola Imaz, Juan

         1890eko ekainaren 30ean jaio zen Donostian[1049]. Ezkongabea, anai-arrebekin batera Gipuzkoako hiriburuko Alde Zaharrean bizi zen, iturgin gisa lan egiten zuen bitartean, nahiz eta Donostiako suhiltzaileen langile-buru ere jarduten zuen tarteka. Fronte Popularrarekiko gertutasuna zuen eta kolpistek hiria bereganatu ostean suhiltzaileen parkean bertan atxilotu zuten. Bertatik Ondarretako kartzelara eraman zuten preso, nondik 1936ko urriaren 3an kartzelatik atera zuten, baina ez libre uzteko, Hernanira eraman eta hilerriaren hormaren aurka fusilatzeko baizik[1050]

94. Martinez Fernandez, Bautista

         1896ko irailaren 16an Andoainen jaio zen arren, Madrilen bizi zen dirudun familia batentzat zerbitzari gisa lan eginez. Ideia errepublikarren defendatzailea, Donostian zegoen Gerra Zibila hastean, opor garaia zelako. Hala ere, kolpistak hirian sartzean familiaren esanetan mendekua bilatuz bere bikotekidearen bikote-ohiak salatu zuen eta, ondorioz, Ondarretako kartzelan giltzaperatu zuten.

         Ondarretan egon zen preso 1936ko urriaren 17an “aske” utzi zuten arte. Orduan kamioi batean sartu zuten beste hainbat presorekin batera eta Hernanira eraman ostean hurrengo eguneko goizaldean fusilatu zuten[1051].

95. Megido Fernandez, Luis

         Donostiarra, 1936ko urriaren 19an Hernanin fusilatu zuten[1052].

96. Mendicute Liceaga, Alejandro

         1891ean Altzan jaioa, Hernanin bizi zen Miguel eta Isabel anaiekin batera. Alejandro Donostian kaperau zen eta Miguel anaia, berriz, apaiza Hernanin. Mugimendu abertzaleekin eta langileekin lerrotuta egoteagatik kolpistek atxilotu egin zuten 1936ko urria hasieran. Espetxean zela adierazi zuen Zegaman ELAren ekitaldi batean parte hartzeagatik herri honetako Aseguinolaza izeneko batek salatu zuela. Hernanin hasieran eta Ondarretan ondoren egon zen preso. 1936ko urriaren 23tik 24rako gauean espetxetik atera eta Hernanira ekarri zuten fusilatzera. Miguel anaiak, herriko apaiza izanik, Alejandroren gorpua berreskuratzea hilerrian hilobiratzea lortu zuen[1053].

97. Miranda Alduarte, Juan

         28 urteko tapizatzaile Donostiar hau, hiria matxinoen atzaparretan erori ostean atxilotu eta gauez espetxetik atera eta gero Hernanin fusilatu zuten urriaren 18an[1054].

98. Mondragon Errasti, Norberto

         Arrasaten bizi zen Norberto, Maria Echevarria Ceciaga emaztea eta semearekin batera Gerra Zibila hasi zen urtean. Herriko Banco Guipuzcoano-ren egoitzako langilea, abertzalea zen eta 1936ko iraila amaieran Arrasate matxinoen esku erori eta gutxira, atxilotu egin zuten Defentsa Batzordearentzat guardiak egitea egotziz. Arrasaten egun batzuk preso egon eta gero Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten eta urriaren 21etik 22rako gauean “aske” utzi ostean Hernaniko hilerrian fusilatu zuten 25 urte zituenean[1055].

99. Moya Moya, Francisco

         Briviesca herrian (Burgos) jaio zen Francisco, baina Errepublika garaian Donostian bizi zen Tomasa Soto eta Mercedes alabarekin batera. Jornalaria ofizioz, kolpistek Donostian atzitu eta Ondarretan preso eduki eta gero, inolako epaiketarik gabe 1936ko azaroaren 2an fusilatu zuten Hernanin, 35 urte zituela[1056].

100. Olaizola Arregui, Simon

         Azpeitiko Loiola auzoko Agite baserrian jaioa, Donostian bizi izan zen Errepublika garaian. Bertan Union Gastronomica Guipuzcoana elkarte gastronomiko ezaguneko sortzaile izan zen eta ELA sindikatura afiliatua zegoen. Kolpistak hiria bereganatzean militantzia horregatik salaketa bat jaso ostean etxera joan ziren atxilotzera. Emaztea eta seme-alaben aurrean atxilotu zuten. 1940an familiak heriotza inskribatzea lortu zuenean 1936ko urriaren 8an “aske” utzi ostean desagertu zela adierazten da. Familiak uste du Galarreta inguruan exekutatu zutela[1057].

101. Onaindia Zuluaga, Celestino

         1898ko abuztuaren 13an jaio zen Markinan eta apaiz ikasketak burutu ostean Elgoibarren hasi zen koadjutore gisa 1922tik aurrera. 1936ko urriaren 21ean Jose Peñagaricano apaiz etxebarritarrarekin batera hilotz bat Elgoibarreko elizara eraman ostean atxilotu eta Ondarretara eraman zituzten preso biak. Celestinori mugimendu abertzaleekin lerratzea, euskara sustatzea eta espioi lanak egitea egotzi zizkioten. Hala ere, salaketa formalik edota epaiketarik burutu gabe Joserekin batera espetxetik atera zuten urriaren 27tik 28rako gauean eta Hernaniko hilerrian fusilatu zituzten beste hainbat presorekin batera[1058].

102. Orcajo Orcajo, Alfonso

         Valladoliden jaioa, gaztetan Urretxura bizitzera joana zen, non doitzaile gisa lan egiten zuen Eguzkia S.A. enpresan. 26 urte zituen Gerra Zibila hastean eta kolpistek herrira sartu eta gutxira atxilotu egin zuten. 1936ko urriaren 20an Hernanin fusilatu zuten[1059].

103. Otaño Miguelez, Jose

         Nafarroako Lerga herrian jaioa, Tolosako Corazonistas kongregazioko organista zen. 1936ko abuztuan herrian kolpistak sartzean komentuan ezkutatuta bizi izan zen, gauez soilik ateratzen zelarik bertatik. Komentuko kide baten salaketa tarteko atxilotu egin zuten, eta kolpisten aurkako alderdien aldeko jarrera izatea eta beraiekin joateko nahia egozten zioten. Ondarretara eraman zuten preso eta 1936ko urriaren 23an fusilatu zuten Hernani[1060].

104. Peñagaricano Solozabal, Jose Ignacio

         Etxebarrin jaioa 1872ko abenduaren 1ean, apaiz ikasketak egin ostean jaioterrian bertan koadjutore gisa jarduten zuen Gerra Zibila hasi arte. 1936ko urriaren 21ean Elgoibarren apaiza zen Markinako Celestino Onaindia apaizarekin hilotz bat Elgoibarko elizara eraman ostean atxilotu zituzten biak, abertzalea izateagatik. Ondarretara eraman zituzten bertatik, non beste apaiz batzuekin eduki zituzten preso. Elizgizon askori gertatu zitzaien moduan, inolako epaiketa edota akusaziorik burutu gabe 1936ko urriaren 27tik 28ra bitarteko gauean espetxetik atera eta fusilatu egin zituzten Hernanin[1061].

105. Perez Rodriguez, Julian

         Husillos herrian (Palentzia) jaioa 1884ko otsailaren 16an, Hernanin bizi zen Lorenza de Simon emaztea eta seme-alabekin, herriko irakaslea baitzen. Felisa Goñi irakasle hernaniarrarekin batera atzitu eta Tolosa eta Berastegi bitartean fusilatu zituzten biak. Julianen kasuan familiak gorpua berreskuratzea lortu zuen Gervasio Achucarro apaizaren laguntzari esker eta Hernaniko hilerrian hilobiratu zuten[1062].

106. Pompeyo Pompeyo, Francisco

         Donostian jaio zen 1896an. Zumarragako Artiz auzoan bizi zen emaztea eta hiru seme-alabekin batera Rojo, Zaldua y Cia enpresan lan egiten zuen bitartean. Guardia Zibilak etxean bertan atxilotu zuen eta Ondarretara lekualdatua izan eta gero 1936ko urriaren 21ean fusilatu zuten Hernanin. Bere gorpua Hernaniko hilerrian hobiratu zuten[1063].

107. Prieto Navarro, Pablo

         Madrilen jaio zen eta Donostian bizi zen. 41 urte zituela 1936ko urriaren 2an fusilatu zuten[1064]. Ofizioz Industria eta Komertzioko Ministerioko funtzionarioa zen eta erregimen frankistak bere aurkako garbiketa-prozesua abiatu zuen 1941 urtean, bere aurrekari politikoak zirela eta.

108. Reppekus Pommerenke, Herbert

         Bochum hirian jaioa (Nordrhein-Westfalen, Alemania), Donostian bizi zen Aldapeta kaleko etxe batean familiarekin batera. Gerra Zibilaren harira matxinoek Donostia bonbardatu zutenean hasiera batean Frantziako Estatuan errefuxiatu bazen ere, denborara Donostiara itzuli zen.

         1936ko urriaren 12an baina, Falangea beraien etxean bertaratu zen ustez etxetik itsas-armada errepublikarrari argi-seinaleak egiteagatik. Herbert aitak etxetik ihes egitea lortu bazuen ere, hurrengo egunean Falangearen egoitzan aurkeztu zen semea atxilotu zutela jakitean, hau askatzeko saiakera egiteko. Agintari frankisten txostenen esanetan komunista zen Herbert eta Erwin semeak eta alaba batek milizianoekin batera borrokan ibiliak ziren. Urriaren 18an aita-semeak espetxean zeudela adierazpenak egin zituzten, hau guztia ukatuz. Hala ere, Alemaniako estatua kolpisten aliatua zenez agintari frankistek Frantziako Estatura kanporatzea erabaki zutela adierazi zuten, 1936ko urria amaieran Guardia Zibila eta Falangearen esku utziz, Orreagatik Frantziako Estatura kanporatu zitzaten. Hala ere, Alemaniako agintari politikoak gutxira aita-semeen inguruko galdeketak egiten hasi ziren, biak desagerrarazi egin baitzituzten[1065]. Uste da Hernaniko hilerrian fusilatu eta hilobiratu zituztela.

109. Reppekus Rolfs, Erwin

         17 urte zituen Erwin gazteak Gerra Zibila hasi zenean. Hamburgo hirian (Alemania) jaio bazen ere, Donostiako Aldapeta kalean bizi zen Herbert aita eta familiako gainontzeko kideekin batera. 1936ko urriaren 12an Falangeak atxilotu egin zuen, ustez beraien etxetik itsas-armada errepublikarrari argi-seinaleak egiteagatik.

         Falangeak eta agintari frankistek igorritako txostenen arabera miliziano bezala borrokatu zuen kolpisten aurka eta Herbert aita hiriko komunista ezaguna zen. Horretaz gain, bere arreba batek erizain gisa milizianoekin borrokan jardun zuela adierazi zuten. Aita-semeak alemaniarrak izanik, erregimen frankistak adierazi zuen Guardia Zibila eta falangista batzuen esku utzi zituztela, hasiera batean Nafarroara kanporatzeko eta bertatik Frantziako Estatura deserriratuak izateko. Uste da Hernaniko hilerrian fusilatu eta hobiratu zituztela, aita-semeen inguruko ikerketa abiatu zuten agintari alemaniarren esanez[1066].

110. Resina Carnero, Maximo

         Avilan jaio bazen ere txikitatik Donostian bizi zen merkataritza-peritua zen Maximo. Ezkondua zegoen eta familiarekin Moraza kalean bizi zen. Fronte Popularreko alderdiekiko gertukoa zen eta kolpistek hiria bereganatu eta gutxira atzitu zuten. Donostiako hainbat atxilo-gunetan preso egon eta gero Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten. 1936ko urriaren 22an espetxetik atera eta fusilatu egin zuten Hernaniko hilerriko sarreran eta hilerriko hobi komunetan lurperatu zuten[1067].

111. Rezola Vidaurre, Miguel

         1891ko urriaren 29an jaio zen Bidanian[1068]. Zurgina zen ofizioz eta Donostiako Loiola auzoan bizi zen emaztearekin batera Gerra Zibila hasi zenean. ELA sindikatura afiliatua zegoen eta kolpistak Gipuzkoako hiriburuan sartu eta gutxira atxilotu egin zuten hauek[1069]. Hainbat astez preso egon ostean Hernanin fusilatu zuten 1936ko azaroaren 5ean[1070]

112. Rodriguez Rodriguez, Carlos Benito

         Madrilen jaioa, Pasaian bizi zen Aurora Rodriguez emaztea eta bi seme-alabekin batera. Inprimatzailea zen ofizioz Donostian eta gerra hastearekin batera miliziano gisa kolpisten aurkako borrokara batu zen, Lenin miliziano taldearekin Gipuzkoako ekialdeko fronteetan borrokatuz. Matxinoen erasoaldiak 1936ko irailean arrakasta lortzean Bizkaian errefuxiatzea zuen helburu, baina gaixotzearen ondorioz Errenteriako ospitalean artatu behar izan zuten. Alta lortu zuenean baina, matxinoen esku zegoen probintzia osoa eta atzitu eta Donostiako Falangearen egoitzan atxilotua egon ostean Ondarretara eraman zuten preso. Bertatik inolako epaiketa gabe atera eta judizioz kanpo fusilatu zuten Hernanin 1936ko urriaren 3an[1071].

113. Rodriguez Sedaño, Eusebio

         Los Altos herrian (Burgos) jaioa, Donostian bizi zen eta 30 urteko igeltseroa zen Eusebio[1072]. ELA sindikatura afiliatua zegoen, eta nahiz eta estatu-kolpea babestu zuten alderdiak bozkatu Gerra Zibilean Altzan ELAk antolatu zituen guardietan parte hartu zuen[1073]. Halaber, Gipuzkoa kolpistek armaz hartu zutenean atxilotu egin zuten eta Ondarretan preso egon eta gero 1936ko azaroaren 15ean Hernanin fusilatu zuten[1074].

114. Romo Lacalle, Sabino

         1894ko ekainaren 8an jaio zen Orian, eta bertako asko bezala Brunet industrian lan egiten zuen. 1936ko iraileko lehen egunetan, kolpisten tropen iritsieraren aurrean Oria ebakuatzeko deiari muzin egin zion, nahiz eta pentsaeraz sozialista izan. Frankisten zutabeak herrian sartu eta fusilatu egin zuten Hernanin[1075].

115. Rubio Peña, Blas

         Borja herrian (Zaragoza) jaio zen 1894ko martxoaren 3an. Trenbideetako langilea zen eta Plazaola trenaren Andoaingo Olloki geltokiko burua zen, Antonia Melendo emaztea eta seme-alabekin geltokian bertan bizi zelarik[1076].

         Hainbat trenbideetako langile bezala, kolpistak herrian sartu eta gutxira atxilotu egin zuten. Hasiera batean, 1936ko abuztuaren 19an Tolosako espetxera eraman zuten preso. Tolosako espetxetik Guardia Zibilak azaroaren 13an atera zuen, Ondarretako espetxera eramateko helburuarekin[1077]. Hala ere, Ondarretako kartzelara iritsi eta gutxira azaroaren 16an familiari jakinarazi zioten “aske” utzi zutela. Familiak uste du Hernanin fusilatu zutela. Rubio Melendo familiak errepresio eta jazarpena pairatu zuen Blas fusilatu zutelako, eta horretaz gain Antonia emaztearen familia Errepublikaren alde lerrotu zelako. Tartean bi anai miliziano gisa borrokan hil ziren besteak beste[1078].

116. Ruiz-Dana Ibarra, Juan Luis

         Correos posta-zerbitzuko langilea zen eta Zaragozan zegoen adskribatua nahiz eta lan arrazoiak tarteko Bilbon aurkitzen zen Gerra Zibilak eztanda egitean. Orduan, probintziako agintarientzat hasi zen lanean, itsaso bidez Frantziako Estatura bidaiak eginez posta-zerbitzua mantentzeko helburuarekin. Funtzio hauek betetzen zebilen Galerna itsasontzian hau matxinoek atzitu zutenean eta ontzia Pasaian porturatu zutenean Ondarretan espetxeratu zuten beste hainbatekin batera. Berarekin batera atxilotuak izan ziren asko bezala inolako epairik gabe 1936ko urriaren 17ko gauean kartzelatik atera eta hurrengo eguneko goizaldean fusilatu zuten[1079].

117. Saez de Adana Araoz, Leandro “Motxo”

         Agurainen jaioa 1897ko martxoaren 17an, Altsasun bizi zen 1936ko udan. Rosa Aramendiarekin ezkondua zegoen eta 6 seme-alaba zituzten. Olaztiko zementu fabrikan lan egiten zuen eta UGT sindikatura afiliatua zegoen, beraz, uztailaren 18an kolpistek Nafarroaren kontrola bereganatu zutenean Gipuzkoara ihes egin behar izan zuen. Hala ere, hau aste gutxitan matxinoen atzaparretan erori zenean, Leandrok patu berbera pairatu zuen eta Ondarretan egun batzuetan giltzaperatua egon ostean 1936ko urriaren 8an Hernanin fusilatu zuten[1080].

 

Leandro de Adana Araoz “Motxo”
(familiaren ekarpena).

 

118. Saizar Mugica, Higinio Francisco

         1894ko urtarrilaren 14an jaio zen Donostian[1081]. Medikua zen ofizioz eta EAE alderdiko kide ere bazen. Bilbo eta Baiona artean posta-lanak egiten zebilen Galerna itsasontzian zihoan Lapurditik Bizkairako bidea egiten. Itsas-armada frankistak ontzia atzitu zuenean, eta Pasaiako portuan lurreratu ostean hainbatekin batera Ondarretara eraman zuten preso 1936ko urriaren 15ean[1082]. Kartzela honetatik urriaren 22 gauean atera eta hurrengo egunean Hernanin fusilatu zuten. Familiak gorpua berreskuratzea lortu zuen eta Polloen hilobiratu ahal izan zuen[1083].

119. Salterain Elgoibar, Jose

         1918ko uztailaren 7an jaio zen Leintz Gatzagan[1084]. Urriaren 15ean atxilotu zuten, Hernanin fusilatu ziren gainontzeko gatzagarrekin batera, eta Arrasaten egun batzuk preso egon ostean Ondarretara lekualdatu zituzten. Atxilotua izan eta aste batera fusilatu zuten Hernanin[1085]. Salbador Zapiainek bere liburuan aipatzen duen gazte gatzagarra izango da seguruenik, zeinek Ondarretan preso zela saminez betea eta erabat etsita amari deika jarduten zuen gauetan.

         Jose eta honen familiaren aurkako errepresioa baina ez zen hor eten, izan ere, Gipuzkoako Probintziako Ondasunen Konfiskazio Batzordeak 1938ko maiatzean 50.000 pezetako isuna ordaintzera kondenatu baitzuen, eta Jose 1936an fusilatu zutenez familiak ordaindu behar izan zuen isun hau.

120. Santos, Alberto

         Militarra zen ofizioz Loiolako kuartelean. Estatu-kolpe saiakeraren ostean Errepublikaren alde lerrotu zen militarretako bat izan zen. Era berean, Gipuzkoa defendatzen zuten milizietako buruetako bat ere izan zen. Donostia kolpisten esku erortzean baina, atzitu eta espetxeratua izan zen, eta gutxira fusilatu egin zuten. Gainera, emazteak urte gutxiko alaba batekin Gipuzkoa utzi eta Galizara joan behar izan zuen, erregimenaren eta herritarren presioaren ondorioz[1086].

121. Sanz Casadaban, Vicente

         1899ko uztailaren 20an Iruñean jaio bazen ere Donostian bizi zen Gerra Zibila hastean. Kolpistek atxilotua, 1936ko urriaren 18an hamarnaka pertsona bezala Hernaniko hilerrian fusilatu zuten judizioz kanpo[1087].

122. Sevilla Perez, Santiago

         Quintanilla Vivar (Burgos) herrian jaioa, Donostian bizi zen emaztearekin batera. Hiriko tranbiako gidaria zen eta kolpistek atxilotu ostean 1936ko urriaren 3an Hernanin fusilatu zuten, 42 urte zituela[1088].

123. Ugarte Ayastui, Ceferino “Olaldekua”

         Oñatiko gazte honek 21 urte zituen Gerra Zibila hasi zenean. Mugarza-Ugarte lantegiko langilea zen eta kolpistak Debagoienan sartzean abertzalea izateagatik atxilotu zuten[1089]. Hainbat herritarrekin batera Ondarretara lekualdatua izan eta gero 1936ko uztailaren 5ean espetxetik atera eta Hernanin fusilatu zuten[1090].

124. Uribe Urteaga, Apolinar

         1878ko uztailaren 23an jaio zen Eskoriatzan[1091]. Artzaia zen ofizioz, baina Gerra Zibila hastean herriko Defentsa Batzordera batu zen. Ondorioz, kolpistek herrian sartzean atxilotu zutenetako bat izan zen. Ondarretara lekualdatua izan eta gero 1936ko urriaren 21ean fusilatu zuten Hernanin[1092].

125. Urra Ochoa de Alda, Nieves

         Vianan jaio zen 1889ko abuztuaren 5ean. Ordizian bizi izan zen lehen senarrarekin, baina alargun geratu eta gero Donostiara bizitzera joan zen, non Alfonso Rubiorekin ezkondu eta Grosen bizi izan zen, Egian komertzio bat irekitzeaz gain. Kolpistak hirira sartu eta gutxira hauek atzitu eta Ondarretan espetxeratu zuten, itsas armada frankistak hiria bonbardatzean zaurituei laguntzea egotzi baitzioten. 1936ko urriaren 29an, inolako epairik gabe espetxetik atera eta Hernanin fusilatu zuten[1093].

126. Usarraga Garrillon, Policarpo Francisco

         1889ko urtarrilaren 25ean jaio zen Hernanin. Carmen Zapirainekin ezkondua, zazpi seme-alabekin batera Kale Nagusiko etxe batean bizi ziren gerrak eztanda egitean. Familiako kide gehienek kolpisten tropak Hernanin sartzean zirela ebakuatzeko erabakia hartu zuten, baina Policarpok Dionisio semearekin batera etxea zaintzen geratzea erabaki zuen[1094]. Familiako kideek izaera ezkertiarra zutenez, gutxira atxilotu zuten Policarpo eta 1936ko urriaren 26an fusilatua izan ostean gorpua desagerrarazi zuten egileek[1095].

127. Villaverde Moron, Ignacío

         Donostiarra zen Ignacio, eta Gipuzkoa kolpisten esku erori zenean atzitu eta inolako epairik gabe fusilatu zuten Hernanin 1936ko urriaren 18an[1096].

128. Viteri Beitia, Francisco

         1899ko urriaren 10ean jaio zen Eskoriatzako Marin auzoan[1097]. Dominica Arreserekin ezkondua, trenbideetako langilea zen herrian. Kolpistek atxilotu eta inolako epaiketarik gabe fusilatu zuten urriaren 22an[1098].

129. Zabala Urroz, Pascual “Paskualtxo”

         1894ko martxoaren 7an Goizuetan jaioa, Hernaniko Florida auzoan bizi zen bere arreba eta honen senarra eta familiarekin batera[1099]. Badirudi gerraren berriak herrira iristean kolpisten aurka borrokatzeko sortu zen Gerra Komisariotzara batu zela miliziano bezala[1100]. Kolpistak Santa Barbara bereganatu ostean herrian sartu zirenean atzitu eta fusilatu

         zuten[1101].

130. Zabaleta Aramburu, Angel Maria

         24 urteko urretxuar gazte hau ikasketak burutzen zebilen Gerra Zibilak eztanda egitean eta ELA eta EAJ antolakundeetara afiliatua zegoen[1102]. Beste iturri batzuek adierazten dute 1917an jaio zela, eta bere arreba EABkoa izateagatik lanpostutik kanporatu zutela ere. 1936ko urriaren 20an Hernanin fusilatu zuten, judizioz kanpo[1103].

131. Zubizarreta Errasti, Tomas

         1893ko abenduaren 29an jaio zen Eskoriatzako Marin auzoan[1104]. Trenbideetako langilea zen eta Maria Beitiarekin ezkondua zegoen. Emaztea eta lau seme-alabekin batera Eskoriatzan bizi zen. Herritar askori pasa bezala kolpistak herrian sartu eta gutxira atzitu eta espetxeratu egin zuten. Ondarretara lekualdatua izan eta gutxira, 1936ko urriaren 22an Hernanin fusilatu zuten eta herriko hilerrian hobiratu zuten bere gorpua[1105].

 

 

4.5.3. Herritik kanpo eta epairik gabe fusilatutako Hernaniarrak

 

         Aipatu dugu Hernaniko herria epaiz kanpoko fusilatzeen gune izan zela 1936ko Gipuzkoako udazkenean. Hala eta guztiz ere, haien herritik kanpo eta epairik gabe fusilatu zituzten hernaniarrak ere egon ziren. Aurreko atalean ikusi bezala, indarkeria orokortuaren aldi honetan, “prozesu legalen” bidez burututako hilketez gain legez kanpo, “estrajudizialki”, eginikoak ere bazeuden. Hernanitik kanpo eta epairik gabe fusilatutako Hernaniarren kasuan, 11 pertsona daude identifikatuta. Hauetako asko Hernaniren inguruko herrietan burutu ziren: 4 Andoainen, 1 Asteasun eta beste 1 Donostian. Era berean, non hil eta lurperatu zuten ezagutzen ez dugun kasu bat ere badago: Felix Goyarena. Fusilatze hauetatik gehienak (11tik 10) 1936 urtean burutu ziren, hau da, Hernanin gauzatutakoen urte berean.

         Epaiketarik gabe burututako fusilatzeen kasuak asko badira ere, parekoak dira hauen nolakotasunak ezagutzeko zailtasunak. Batetik, era honetan hil zituzten pertsonen identifikazio osatua egiteko oztopoak daude, hauetako asko “desagertu” egin baitziren. Honekin esan nahi da haien heriotza ez zela inskribatu erregistro zibiletan edota hilerrietako erregistro-liburuetan. Beste kasu batzuetan, erregistratu arren idatziak ageri diren arrazoiak ez dira egiazkoak, hau da, epaiz kanpo fusilatu zituztela ezkutatzen dute. Hernaniko Erregistro Zibileko adibideak behatuz ikusi daiteke aipaturikoa: Jose Manrique Zubia hernaniarraren kasuan, adibidez. Jose 1936ko urrian harrapatu eta Andoainen exekutatu zuten judizioz kanpo. Bere heriotza, ordea, 1945eko otsailean inskribatzen da eta hala deskribatzen dira arrazoiak:

         "en consecuencia de heridas de arma de fuego que le fueron producidas en acción de guerra[1106]".

         Hots, gerra-frontean hil balitz bezala inskribatzen dute bere heriotza, errealitatean, epaiz kanpo fusilatua izan arren.

1. Alcelay Beldarrain, Julian

         1912an jaiotako 23 urteko gaztea zen Julian gerrak eztanda egitean. UGTra afiliatua zegoen[1107] eta ondorioz kolpisten aurka borrokatzeko milizietara batu zen, Hernaniko Gerra Komisariotzaren aginduetara borrokatuz[1108]. Gipuzkoa matxinoen esku erortzean baina Julian atzitu eta fusilatu egin zuten. Ondoren, bere gorpua Ormaiztegiko hilerrian abandonatu eta kanposantu honetan bertan hilobiratu zuten 1936ko urriaren 10ean.

2. Amilibia Saldias, Jose cruz

         1909ko maiatzaren 5ean jaioa Andoainen, gaztetan Hernanira bizitzera etorri zen. Bertan Josefa Telletxearekin ezkondu zen eta biak Perkaiztegin bizi ziren. Gerra aurretik bi seme-alaba izan zituzten: Maria Josefa eta Jose Ramon.

         Hernaniko Udalean frankistek eginiko txostenetan mugimendu abertzaleetako kide gisa ageri da. Hori izan daiteke, hain zuzen, bere atxiloketaren arrazoia[1109]. Izan ere, kolpistak herrian sartu eta gutxira atzitu eta fusilatzeko helburuarekin Andoaineko Sagarmendi baserri ondora eraman zuten 1936ko irailaren 15ean. Bertan erail ostean bere gorpua Andoaingo hilerrian lurperatu zuten[1110].

3. Belza Razquin, Gregorio

         Etxarri Aranatzen jaio zen 1897ko irailaren 9an. Maria Ventura herrikidearekin ezkondu eta gero Donostiara joan ziren bizitzera eta bertan beraien hiru seme zaharrenak jaio ziren: Miguel, Angel eta Luis. 1927an Lasarteko Kale Nagusira etorri ziren bizitzera eta bertan, 1932an, laugarren semea jaio zen: Jose Miguel. 1936ko udan, baina, Belza Ventura familia gerraren ondorioz herria ebakuatu zuten ehunka familietako bat izan zen, Bilbon errefuxiatuz guztiak gerraren lehen hilabeteetan[1111].

         Armada frankistak Bizkaiaren aurkako erasoaldia abiatu zuenean, Luis eta Angel semeak Eusko Jaurlaritzaren ebakuazio planean izendatu zituzten, eta biak errefuxiatu ziren SESBen. Familiako gainontzeko kideak Santanderrera joan ziren, eta bertan, Jose Miguel seme hil zuten frankistek hiriaren aurka burututako bonbardaketa batean. Gregorio eta Mariak, baina, Miguel seme zaharrenarekin batera Kantauriko Hegia matxinoek hartu ondoren Lasartera itzultzea beste aukerarik ez zuten izan. Bertan, ordea, 1941ean, Gregorio Belza atxilotu egin zuten. 13 hilabetez preso egon ondoren 1942ko otsailaren 6an falangista batek erail egin zuen[1112].

4. Eguia Elola, Simon

         1904ko urriaren 28an Asteasun jaioa, Lasarteko Kale Nagusian bizi zen Lorenzo aita eta anai-arrebekin batera gerrak eztanda egitean. Loretokiko langilea zen Simon, zaldien zaintzaz eta belarra mozteaz arduratuz. Hasiera batean, Lasarte uztea erabaki bazuen ere, gutxira herrira itzultzeko erabakia hartu zuen 1936ko iraila amaieran, ez baitzuen bere arreba Maria haur guztiekin bakarrik utzi nahi.

         Lasartera itzuli bezain pronto, ustez lagunak ziren baina agintari frankistekin bat egiten zutenek seinalatu egin zuten eta gauean bertan atxilotu eta Torre etxera eraman zuten preso. Bertan bederatzi bat egunez egon zen, familiari jakinarazi zioten arte hurrengo gauean atera eta fusilatu egingo zutela. Familia bisita bat egiten saiatu zen, baina solik bi iloba gazte utzi zituzten sartzen. Hauei, Simonek berak esan zien musu bat emateko eta familiari esateko ikusten zuten azken aldia izango zela.

         Horrela, urriaren 8tik 9rako gauean berarekin preso zegoen Usurbileko Jose Galarmendirekin batera Asteasuko hilerriaren ondoko errepidearen aurka fusilatu zituzten, hirugarren pertsona batekin, zein familiaren ustez Billabonako Valeriano Saizar izan zitekeen. Gerora, Asteasuko hilerriko sarreran lurperatu zituzten gorpuak zuhaitz haundi baten ondoan, gaur egun desagertua dagoena[1113].

 

Simon Eguia Elola “Loreto” zaldiarekin. (familiaren ekarpena).

 

Eskela. (familiaren ekarpena).

 

5. Gomez Aguirre, Jose

         Bera herrian jaio zen arren, Hernanin bizi zen gerra aurretik Manuela Alcorta Azpeitia emaztearekin batera. Kolpistek atzitu ostean Andoainen fusilatu zuten judizioz kanpo 1936ko urriaren 28an 31 urte zituela[1114].

6. Goya Urbieta, Felix

         1885ko apirilaren 13an jaio zen Oiartzunen eta Eulatera joan zen bizitzera. Bertan ezagutu zuen bere emazte Martina Ruiz de Galarreta Garcia, eta zazpi seme-alaba izan zituzten: Mauro, Pedro, Miguel, Felix, Leonor, Josefa eta Egieder. UGT sindikatuko kidea zen Felix, eta pentsamenduz ezkertiarra. Gerra hasi zenean, Nafarroako herri askotan bezala, erreketeek aurretik zerrendatuta zituzten errepublikar eta abertzaleak jazarri zituzten. Horrela, 1936ko uztailean preso hartu eta Iruñera eraman zuten. Urte bereko azaroan berriro atzitu zuten eta beste hainbatekin batera mendira eraman zuten. Ihes egitea lortu bazuen ere, bere burua aurkeztu zuen Guardia Zibilaren kuartel batean. Ondorioz, deserriratu egin zuten Nafarroatik: emaztearekin eta seme-alabekin batera Gipuzkoa aldera joan ziren, Hernanira, bertan bizi baitzen Felixen anai Jose. Aldi berean, Eulateko etxea konfiskatu zieten. Tolosan zeudela, Felix preso hartu zuten bertako kuartel batean. 1936ko azaroaren 12an Tolosatik Ondarretako kartzelara lekualdatu zuten Felix beste 18 lagunekin batera. Geroztik, ez dago bere berririk[1115].

         Aurrez ikusi ditugun kasu askotan bezala, emazteari “aske” utzi zutela esan zioten, eta bere fitxan hurrengo oharra ageri da: “a disposición del juez especial Sr. Llamas"[1116]. Hain zuzen ere, azaroaren 14tik 18ra Ramiro Llamas epaile militarraren eskariz Tolosatik Ondarretara lekualdatutako 19 pertsona epairik gabe fusilatu zituzten Donostian, Beran, Oiartzunen eta Tolosan. Horien artean legoke Felix Goya, bere gorpua oraindik aurkitu ez den arren.

7. Manrique Zubia, Jose

         Ordizian jaioa 1896ko martxoaren 31ean[1117]. Josefa Loyarte Perurenarekin zegoen ezkondua eta Maria Luisa izeneko alaba bat zuten gerra hasi zenean. Ofizioz arotza zen Jose. Kolpistek Gipuzkoa hartu zutenean harrapatu egin zuten eta Andoainera eraman 1936ko urriaren 27an. Bertan, judizioz kanpo exekutatu zuten eta bere gorpua herri horretako hilerrian lurperatu zuten[1118].

8. Martinez Sanchez, Resurreccion

         Casalarreina (Errioxa) herrikoa jaiotzez, hezkuntzako ikasketak burutu eta Espainiar Estatuko hainbat herritan irakasle izan eta gero, 1934an Euskal Herrira etorri eta Hernaniko eskola nazionaleko irakaslea izan zen.

         1936ko irailean, Gipuzkoa kolpisten esku erori eta gero Consolacion ahizparekin batera, Cervera del Rio Alhamako (Errioxa) irakaslea zena, atxilotu zuten Donostian. Izan ere, oporretan baitzeuden biak Juan Manuel Zapatero koinatuarekin batera. Familia sozialista esanguratsu bateko kideak ziren guztiak. Cervera del Rio Alhama herrira eraman zituzten kolpistek preso. Juan Manuel koinatua irailaren 19an fusilatu zuten. Martinez Sanchez ahizpak, berriz, irakasle ezkertiarrak izan eta Errioxako sozialisten buruetako bat zen Alfredo Martinezen arrebak izateagatik Cabreton herrira (Errioxa) eraman zituzten 1936ko urriaren 18ko gauean: bertan exekutatuak izan ziren. Herri honetako testiguek honela gogoratzen dute eguna:

         “El día que mataron a las maestras nos aterrorizaron toda la noche gritando viva la muerte..."[1119].

9. Poza Granado, Alejandro

         Curiel del Duero herrian (Valladolid) jaio zen 1883ko urtarrilaren 11n eta herri berean ezkondu zen 1907ko urrian Josefa Herrero Requejarekin. 1936ko uztailaren 18an, ordea, Gerra Zibilak eztanda egitean, Venta de Baños herrian (Palentzia) bizi ziren seme-alabekin batera.

         Trenbideetako langilea zen Alejandro eta Fronte Popularra babesteagatik Emilio semearekin batera atxilotu zuten kolpisten miliziek etxean bertan 1936ko abuztuaren 27an. Aita-semeak herriko tren geltokian falangistek sortutako kalabozoetara eraman zituzten eta gauean bertan alkandora urdindun pikete batek ziegetatik atera eta inolako epaiketa gabe Torquemadako (Palentzia) errepidean fusilatu zituzten.

         Marcelino Poza semea ere, Venta de Bañoseko (Palentzia) trenbideetako langilea eta UGT eta JSU antolakundeetako kide nabarmena zena, atxilotu eta Gerra Kontseilu batean epaitu zuen erregimen frankistak, herrian langile talde batekin estatu-kolpearen aurkako erresistentzia antolatzen saiatzeagatik. 1936ko irailean heriotza-zigorrera kondenatu zuten eta hilaren 21ean fusilatu zuten. Zehazki, Alejandro aita eta Emilio semea fusilatu zuten errepide berean eta Palentziako hilerrian lurperatu zuten[1120]. Josefa Herrerok, kolpe gogor honen ostean, seme-alabekin batera Hernanira bizitzera etortzeko erabakia hartu zuen.

10. Poza Herrero, Emilio

         1913ko apirilaren 5ean jaioa Curiel del Duero (Valladolid) herrian. Venta de Baños (Palentzia) herrian bizi zen Alejandro Poza eta Josefa Herrero gurasoekin batera Gerra Zibilak eztanda egitean.

         Jornalaria zen ofizioz eta 1936ko abuztuaren 27an Alejandro aitarekin batera etxean atxilotu zuten kolpistek, Fronte Popularra babesten zutelako. Borreroek tren geltokian ezarri zituzten kalabozoetara eraman zituzten preso eta gaua iristean pikete talde batek bertatik atera eta inolako epaiketa gabe fusilatu zituzten Torquemada herrira (Palentzia) doan errepidean[1121].

         Aurrez gainera, 1939ko uztailaren 19an Marcelino anaia ere atxilotu zuten estatu-kolpearen aurkako erresistentzia antolatzen saiatzeagatik eta heriotza-zigorrera kondenatua izan eta gero 1936ko irailaren 21ean fusilatu zuten Emilio bera eta Alejandro aita fusilatu zituzten errepide berean[1122]. Poza Herrero familiatik bizirik geratzen zirenak, egoera gogor honen aurrean Hernanira bizitzera etortzeko erabakia hartu zuten 1940ko hamarkadan Josefa ama buru zutela.

11. Tormes Asin, Angel

         1906ko azaroaren 9an Tolosan jaioa. Hernanin bizi zen, bere aita paper industriako kide nabarmena baitzen. Herriko mugimendu abertzaleko kide nabarmenetako bat zen Angel, ELA sindikatura afiliatua zegoen eta mendigoixale taldeetako partaide zen gainera. Ondorioz, hainbat herrikiderekin batera atxilotu egin zuten 1933an propaganda politikoa egiteagatik. Gerra Zibila hastean, 1936ko udan, estatu-kolpea babesten zuten herritarrak preso zeuden Agustindarren komentuan zaintza lanak egin zituen, baina herria ebakuatzeko unea iritsi zenean Hernanin geratzea erabaki zuen.

         Lagun baten etxean ezkutatu bazen ere, kolpistak herrian sartu eta hurrengo egunean salaketa bat tarteko atxilotu egin zuten. Andoaineko hilerriko hormaren aurka fusilatu zuten 1936ko irailaren 14an. Familiak bere gorpua Hernanin hilobiratzea lortu zuen[1123].

 

 

 

[888] Sarrera Erregistroa, 228 zk. (2002ko urriaren 2a).

[889] Egaña, I., 2010. Atal hau, hortaz, ez da sakonera handian landuko, jada Aizpuruk zuzenduriko lanean jorratzen baita.

[890] Oraindik ere, fusilatu askoren hilobiratze tokiak ez dira ezagutzen. Preseski, 2023ko azaroan Gogora institutuak Hipolito Berasategui Alcalde-ren gorpuzkia Oiartzunen identifikatu du, orain arte Hernanin zegoela uste zena.

[891] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[892] Punto y Hora, 1977ko azaroaren 3-9koa.

[893] HUA / AMH // E-5-II-27/*.

[894] Ikus auzitegi militarren atala.

[895] AIRMN, 1149/43. Urgentziazko Sumarisimoa.

[896] San Gil, J. P., 1991, 69-100 or.

[897] Herrero Hernan, H., 2020.

[898] AGA, espetxe-fitxa.

[899] AGA, espetxe-fitxa.

[900] AGA, espetxe-fitxa.

[901] AGA, espetxe-fitxa.

[902] Polloeko hilerriko liburua, 195. akta zenbakia.

[903] Polloeko hilerriko liburua, 194. akta zenbakia.

[904] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[905] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.019//1175/002-01 (f.105r, n°19/B,1881-05-12).

[906] Ferreiro Curras, A., 2013.

[907] Altuna Recio, M. & Garai Bengoa, J. R., 2018.

[908] Intxuspe Lopez, J. R. (zuz.), 2011.

[909] CDMH, sig. DNSD-SECRETARÍA, FICHERO, 5, A0176649.

[910] Egaña, I., 1998, 240. or.

[911] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.075//2169/001-01 (f.272v, n°4/B, 1871-06-19).

[912] Rodriguez Oñatibia, A., 2019.

[913] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.063//2013/003-02 (f.208v, n°38/B,1888-06-22).

[914] Donostiako Erregistro Zibila, 3. atala, 122 liburukia, 398 orrialdea.

[915] Agirretxe Mitxelena, J. L., Pontesta Garmendia, A. & Leon Nanclares, A., 2008.

[916] Egaña, I., 1998.

[917] Ibídem.

[918] Sanz Goikoetxea, E., 2015.

[919] Gogora institutua.

[920] Aranzadiko datu-basea.

[921] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[922] Egaña, I., 2009.

[923] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.141//2952/001-01 (f.29r,n°14/B,1874-02-12).

[924] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[925] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.116//2590/001-01 (f.203r,n°--/B,1878-03-04).

[926] Eskoriatzako Erregistro Zibila, 3. atala, 8. liburukia, 81. orrialdea.

[927] Oktubre taldea, 2003.

[928] Eskoriatzako Erregistro Zibila, 3 atala, 8 liburukia, 81 orrialdea.

[929] Lasa Bergara, X., 2006.

[930] Euskal Memoria fundazioa, 2015.

[931] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[932] Egaña, I., 1998.

[933] HEZ, 1941 urtea, 64 agindua.

[934] "Informe Beurko”, Euskadiko Artxibo Historikoa.

[935] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[936] Ibídem.

[937] Donostiako Erregistro Zibila, 1948ko apirilaren 5ean inskribatua.

[938] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.013//1120/003-01 (f.234v, n°36/B, 1884-09-07).

[939] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[940] Ibídem.

[941] Donostiako Erregistro Zibila, 1940ko azaroaren 6a.

[942] Arizabaleta Gantxegi, I., 2020.

[943] Donostiako Erregistro Zibila, 1944ko martxoaren 12an inskribatua.

[944] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.039//1394/003-02 (f.99r, n°50/B, 1867-12-20).

[945] Egaña, I., 1998.

[946] Iturri batzuetan Manuel bezala ere ageri da.

[947] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.064//1985/002-01 (f.280r, n°114/B, 1892-04-18).

[948] Egaña, I., 1998.

[949] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[950] HUA / AMH // A-1-49 (H47). Libro de actas del Ayuntamiento, 1936/01/11 - 1938/12/23.

[951] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[952] Oktubre taldea, 2003.

[953] Egaña, I., 1998.

[954] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[955] Ibídem.

[956] "Informe Beurko". Euskadiko Artxibo Historikoa.

[957] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.051//T540/007-01 (f.108v, n°5/B, 1898-07-13).

[958] Oktubre taldea, 2003.

[959] Aretxabaletako Erregistro Zibila, 36. liburukia, 148. folioa.

[960] "Informe Beurko". Euskadiko Artxibo Historikoa.

[961] BEHA / AHEB // sig.ES/AHEB-BEHA/F006.037 (3902/002-00).

[962] Egaña, I., 1998.

[963] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.065//4037/002-01 (p.418, n°132/B, 1892-12-05).

[964] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.065//4037/002-01 (p.195, n°90/B, 1889-08-29).

[965] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[966] Ibídem.

[967] Ibídem.

[968] Donostiako Erregistro Zibila, 1939ko abuztuaren 21ean inskribatua.

[969] Egaña, I., 1998.

[970] CDMH, sig. PS_SAN_0_C0110_EXP0002_0040.

[971] Donostiako Erregistro Zibila, 1944ko uztailaren 14an inskribatua.

[972] AIZPURU, M. (zuz.), 2007.

[973] AGA.

[974] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.064//1985/002-01 (f.211r, n°146/B,1891-06-15).

[975] Egaña, I., 1998.

[976] “Informe Beurko". Euskadiko Artxibo Historikoa.

[977] Prada Santamaria, A., Aranguren Alonso, M. & Peña Fernandez, A., 2014.

[978] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[979] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.061//1841/002-01 (f.70r, n°29/B,1896-02-16).

[980] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[981] HUA / AMH // E-5-II-27/12. Guerra de 1936. Responsabilidades políticas, incautaciones, filiaciones políticas...etc. 1937 - 1944.

[982] Donostiako Erregistro Zibila, 1940ko apirilaren 4an inskribatua.

[983] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.045//1481/002-01 (p.127, n°86/B,1887-07-16).

[984] Rodriguez Oñatibia, A., 2019.

[985] Jose Javier Saenz de Buruagaren lekukotza.

[986] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.090//2334/001-01 (f.253r, n°3/B,1899-03-15).

[987] Altuna Recio, M. & Garai Bengoa, J. R., 2019.

[988] Nekane eta Carmen Gamboa Soleagaren lekukotza.

[989] Aranzadiko datu-basea.

[990] HEZ, 68 agindua, 1945 urtea.

[991] CDMH, sig. DNSD-SECRETARÍA, FICHERO, 22, G0027484.

[992] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[993] HEZ, 68 agindua, 1945 urtea.

[994] Pasaiako Erregistro Zibila, 67 agindua, 1939 urtea.

[995] Portugal Arteaga, X., 2007.

[996] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[997] Donostiako Erregistro Zibila, 3 atala, 107 liburukia, 291 orrialdea.

[998] Pasaiako Erregistro Zibila, 15 agindua, 1940 urtea.

[999] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[1000] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1001] Polloeko hilerriko liburua, 947 akta zenbakia.

[1002] Mutrikuko Erregistro Zibila, 40 agindua, 1940 urtea.

[1003] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1004] Mutrikuko Erregistro Zibila, 40 agindua, 1940 urtea.

[1005] Altuna Recio, M. & Garai Bengoa, J. R., 2019.

[1006] Ibídem.

[1007] Rodriguez Oñatibia, A., 2019.

[1008] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1009] HEZ, 78 agindua, 1942 urtea.

[1010] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1011] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[1012] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1013] HEZ, 69 agindua, 1945 urtea.

[1014] Egaña, I., 1998.

[1015] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1016] Egaña, I., 1998.

[1017] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1018] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.013//1121/001-01 (f.58r, n°76/B,1892-08-14).

[1019] “Informe Beurko”. Euskadiko Artxibo Historikoa.

[1020] Egaña, I., 1998.

[1021] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1022] Egaña, I., 1998.

[1023] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1024] Aranzadiko datu-basea.

[1025] 'bídem.

[1026] Donostiako Erregistro Zibila.

[1027] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1028] Egaña, I., 1998.

[1029] Rodriguez Oñatibia, A., 2019.

[1030] Aranzadiko datu-basea.

[1031] Lasa Bergara, X., 2006.

[1032] Gogora Institutua.

[1033] Lasa Bergara, X., 2006.

[1034] Altuna Recio, M. & Garai Bengoa, J. R., 2019.

[1035] Ibídem.

[1036] Beste iturri batzuen arabera Ipar Euskal Herrian bizi zen eta 51 urte zituen 1936an.

[1037] Aranzadiko datu-basea.

[1038] Oktubre taldea, 2003.

[1039] CDMH.

[1040] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1041] Ibídem.

[1042] Ibídem.

[1043] Rodriguez Oñatibia, A., 2019.

[1044] Altsasu Memoria.

[1045] Pasaiako Erregistro Zibila, 2 agindua, 1940 urtea.

[1046] Pasaiako Erregistro Zibila, 3 agindua, 1940 urtea.

[1047] Altuna Recio, M. & Garai Bengoa, J. R., 2019.

[1048] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1049] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.061//1840/002-01 (f.51v, n°109/B,1890-06-30).

[1050] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1051] Lasa Bergara, X., 2006.

[1052] Egaña, I., 1998.

[1053] Ferreiro Curras, A., 2013.

[1054] Egaña, I., 1998.

[1055] Altuna Recio, M. & Garai Bengoa, J. R., 2019.

[1056] Gogora institutua.

[1057] Buces Cabello, J., 2016.

[1058] Ferreiro Curras, A., 2013.

[1059] Aranzadiko datu-basea.

[1060] Errazkin Arrizabalaga, M., 2013.

[1061] Ferreiro Curras, A., 2013.

[1062] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1063] Prada Santamaria, A., Aranguren Alonso, M. & Peña Fernandez, A., 2014.

[1064] Egaña, I., 1998.

[1065] AIRMN, 107/36 Aurretiazko eginbideak.

[1066] AIRMN.

[1067] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1068] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.058//1811/001-01 (f.177v, n°17/B, 1891-10-29).

[1069] “Informe Beurko", Euskadiko Artxibo Historikoa.

[1070] Donostiako Erregistro Zibila.

[1071] Egaña, I., 1998.

[1072] Donostiako Erregistro Zibila, 1940ko otsailaren 25ean inskribatua.

[1073] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1074] Donostiako Erregistro Zibila, 1940ko otsailaren 25ean inskribatua.

[1075] Arizabaleta Gantxegi, I., 2020.

[1076] Lasa Bergara, X., 2006.

[1077] GPAH / AHPG // sig. GEZ02773_0129.

[1078] Lasa Bergara, X. 2006.

[1079] CDMH.

[1080] Nafarroako Oroimen Historikoaren Dokumentazio Funtsa.

[1081] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.062//3981/001-01 (f.43r, n°9/B,1894-01-14).

[1082] "Informe Beurko". Euskadiko Artxibo Historikoa.

[1083] Polloeko hilerriko liburua, 1090 akta zenbakia.

[1084] Leintz Gatzagako Erregistro Zibila, 1 atala, 6 liburukia, 146 orrialdea.

[1085] Oktubre taldea, 2003.

[1086] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1087] Gogora institutua.

[1088] Donostiako Erregistro Zibila.

[1089] Oktubre taldea, 2003.

[1090] Egaña, I., 1998.

[1091] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.120//2596/001-01 (f.10v, n°51/B, 1878-07-23).

[1092] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1093] Ibidem.

[1094] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[1095] HEZ, 31 agindua, 1942 urtea.

[1096] Egaña, I., 1998.

[1097] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.116//T540/004-01 (f.34r, n°5/B,1899-10-10).

[1098] Aramaioko Erregistro Zibila, 1940 urtea, 385 zenbakia.

[1099] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[1100] Egaña, I., 1998.

[1101] “Informe Beurko". Euskadiko Artxibo Historikoa.

[1102] Ibídem.

[1103] Aizpuru, M. (zuz.), 2007.

[1104] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.116//T540/004-01 (f.17r, n°6/B,1893-12-29).

[1105] Aramaioko Erregistro Zibila 387 agindua, 1941 urtea.

[1106] hez, 19 agindua, 1945 urtea.

[1107] Aranzadiko datu-basea.

[1108] Egaña, I., 1998.

[1109] HUA / AMH // E-5-II-27/12. Guerra de 1936. Responsabilidades políticas, incautaciones, filiaciones políticas...etc. 1937 - 1944.

[1110] Andoaingo Erregistro Zibila, 23 liburukia, 53 agindua, 1936 urtea.

[1111] HUA / AMH // B-4-II-13 (H250). Padrón municipal de habitantes, 1936.

[1112] Lasarte-Oriako Udala, 2020.

[1113] Aranzadi Zientzia Elkarteari familiak emandako lekukotza eta dokumentazioa.

[1114] HEZ, 36 agindua, 1941 urtea.

[1115] Lasarte-Oriako Udala, 2020.

[1116] GPAH / AHPG // 2772, Exp 015.

[1117] DEAH / AHDSS // sig. DEAH/F06.128//2722/003-01 (f.112v, n°16/B, 1896-03-30).

[1118] HEZ, 19 agindua, 1945 urtea.

[1119] Aguirre Gonzalez, J.V., 2007, 398. or.; Llanos Justa, T., 2015, 198 - 204. or.

[1120] Asociación para la Recuperación de la Memoria Histórica (ARMH) elkarteak utzitako dokumentuak.

[1121] Ibídem.

[1122] AIRMN, 381/36 Sumarisimoa.

[1123] Lasa Bergara, X., 2006.