Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
4.
Hernaniarren aurkako
errepresioa eta biolentzia
Gerra Zibilean eta
Lehen Frankismoan
Honako ale honen helburua Gerra Zibilean (1936-1939) eta Lehen Frankismo gisa ezaguturikoan (1939-1959) Hernanin eta Hernaniarren aurka emandako biolentzia, errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketak ikertzea da. Lehen atalean ikusi dugunez, borrokaldiak bi hilabete baino gutxiago iraun zituen Hernanin, irailaren 13rako tropa frankistek herria hartu baitzuten. Aldi honetan zehar, biolentzia ordena publikoa mantentzeko neurri gisa ulertu zen erretagoardietan. Horrek, ordea, ez du esan nahi biolentzia hori simetrikoa edota proportzionala izan zenik[1].
Horren adibide garbia da Hernaniko herriarena. Defentsa Batzordeak botere errotua izan zuen bertan, eta mota ezberdinetako biolentzia gauzatu zuen gerraren lehen asteetan. Hala nola, 10 bat hilketa, atxiloketak zein konfiskazioak. Periodo berean, ordea, 200 pertsona inguru fusilatu zituzten kolpistek epaiz kanpo Hernaniko herrian. Biolentziak, emandako adibide honek baina forma zabalagoak hartu zituen arren agerian geratzen da, Rodriguezek (2008) dion bezala, kolpisten indarkeria biolentzia “iraultzailearen” erreakzioa zela zioen narratibaren faltsutasuna.
Gainera, Gerra Zibilean zehar emandako biolentzia ezin da banatu gerraostean gauzatu zutenarekin. Hain zuzen ere, 1948ra arte mantendu zen 1936an aldarrikatutako gerra-egoera eta, ondorioz, gerran ezarritako errepresio-ereduak etenik gabe jarraitu zuen[2]. Ondorioz, jarraitutasun horrek gerraren eta gerraostearen arteko banaketa ezabatzen du. Biolentziak, hertsapen politikorako zein kontrol sozialerako bitarteko gisa, bi alditan iraun zuen[3]. Hala ere, esan daiteke lehen “izu” fase baten ostean biolentziaren kontrola Estatu edota egitura instituzional frankistaren esku geratu zela: lege espezifikoek babestutako mekanismoak ezarri baitzituen. Gerraostean, izua modu antolatuan ezarri zen estatu berriaren goi-esparruetatik, Justizia Militarra tresna nagusi gisa erabiliz[4].
Errepresio horren helburu nagusia boterea izuaren bidez ziurtatzea zen, aurkari politikoak fisikoki desagerraraziz eta edozein erresistentzia mota geldiaraziz[5]. Era horretan, Francoren erregimenaren oinarri instituzionalak Armadan, alderdi bakarrean (FET de las JONS) eta, Estatutik kanpoko ikuspegi batetik, Eliza katolikoan oinarritu ziren[6]. Ahaztu gabe, herritarren edo maila lokaleko aktore ezberdinen rola ezinbestekoa izan zela erregimenaren kontsolidazioan eta biolentzia zein errepresioaren ariketan. Hernanin, argi eta garbi ikusten da indarkeria-moduen arteko aldaketa: legez kanpoko fusilamendu masiboetatik hasi eta Justizia Militarrak ehundaka herritar auzipetu zituen arte.
Funtsean, 1936ko uztaileko altxamenduaren hasieratik bertatik, erregimen errepublikarra ezabatu eta ustezko “iraultza boltxebikea” prebenitzeaz haratago, beste helburu zehatz bat izan zen jomugan: “Espainiaren etsai” gisa identifikatutako gizarte-talde bat ezabatzeko funtsezko nahia zegoen[7]. Hots, bazen hasieratik gaitz gisa ulertzen zen hori errotik ateratzeko borondate bat. Hortaz, errepresioa ez zen gizabanakoen ezabatze fisikora mugatu: izaera pedagogiko eta masiboa izan zuen, eta biktimen identitatea ezabatzea zuen helburu[8]. “Etsaien” identitateak ez ziren berehalako termino politikoetan soilik definitu, izan ere, altxamenduaren aurretiko esperientzia kolektiboetan ere eratu ziren[9]. Horren adibide garbia litzateke 1934ko urriko mugimenduarena, bertan parte-hartze nabarmena izan zuten herritarrek gerraostean jasandako errepresioan islatzen dena.
Izuzko erregimen horrek, aldarrikatutako gerra-egoeran hedatua, sakonki birmoldatu zuen gizartea: eguneroko bizitzan sartu ziren praktika hertsatzaile eta errepresiboen sarea ehundu baitzuen. Errepresio horren ondorio psikologiko eta sozialak suntsitzaileak izan ziren, hala nola, nonahiko beldurra, etengabeko zaintza eta kontrol soziala, umiliazio publikoak eta marjinazio sistematikoa[10]. Liburu honetan 1936 eta 1959 urteen arteko garaiari erreparatzen diogu, Lehen Frankismo gisa ezagutzen dena[11]. Hala ere, beharrezkoa da nabarmentzea frankismoa bat eta bakarra izan zela eta jarraitutasun historikoa izan zuela. Erregimen frankistak diktadura autoritario gisa iraun zuen, oinarrizko eskubide politikoak sistematikoki ukatuz eta edozein disidentzia mota zapalduz.
Hernanin, altxamenduaren aurretiko eszenatoki politikoan, ez zegoen apenas botere frankista bihurtuko zena babesteko oinarri sozial esanguratsurik. Egoera politikoaren ezaugarri nagusia nazionalisten eta kultura politiko errepublikarreko hainbat alderdiren arteko dinamika bizia eta gatazkatsua zen. Nazionalistak eta errepublikanoak botere politikoaren alde lehiatzen ziren tokiko hauteskundeetan, eta langile mugimenduak, berriz, ondo egituratuta zeuden herri mailan. UGT sindikatuak presentzia handia zuen, batez ere tokiko ekonomia definitzen zuten industrietako milaka langileen artean. Gerra Zibila hasi zenean eta frankistek Hernani hartu zutenean, errepresio masibo eta sistematikoa gertatu zen erregimen berriaren aurkakotzat hartzen zirenen kontra. Hala ere, ezin dugu ahaztu hainbat herritar erregimen frankistarekin aliatu zirela, ez bakarrik esparru militarrean, baita hainbat modutako kolaborazioan ere.
Funtsezkoa da nabarmentzea, gai horiei ikerketaren lehen alean heldu badiegu ere, erbestea, zibilen heriotzak eta frontekoak ere Giza Eskubideen urraketak direla, eta frankismoari lotutako biolentziaren parte direla. Ikusi dugunez, gutxienez 2.000 herritarrek herria ebakuatu edota errefuxiatu behar izan zuten Gerra Zibilean zehar. Gainera, hauetatik 25 pertsona hil ziren hainbat egoeratan, ihesean, erbestean, bonbardaketen eta beste indarkeria mota batzuen ondorioz. Errepublikaren alde mobilizatu ziren 550 hernaniarren artean gutxienez 67 hil ziren borrokan. Gainera, Hernaniko 250 haur inguru SESBera, Belgikara, Frantziara eta Britainia Handira eraman zituzten “gerrako ume” gisa, Gerra Zibilaren izugarrikerien babesleku bila. 1936ko abenduko erroldak ebakuazioaren tamaina eta gerrak tokiko biztanlerian izan zuen eragina islatzen ditu. Biztanleen % 34,16 ez zegoen herrian, hau da, erregistratutako 6,840 biztanleetatik 2,338.
Ale honetan, bestelako biolentzia eta errepresio motak aztertuko ditugu, besteak beste, epaiz kanpoko exekuzioak, Justizia Militarrak prozesatutako herritarrak, emakumeen aurkako errepresioa, errepresio ekonomikoa, langile publikoen garbiketa edota forma ezberdinetan gatibu egondako hernaniarrena. Oro har, Hernanin zein hernaniarrekin loturiko kasuak dira aztertu direnak: bertan jaiotakoenak eta, batez ere, aztergai dugun aldian herrian bizi zirenenak. Sarrera honetan ikerketaren ikuspegi orokorra eskainiko dugu, dagozkion kapituluetan sakonago jorratuko diren datu eta azterketekin.
1936ko udazkenean, Gipuzkoa, eta bereziki Hernani, exekuzio estrajudizialen epizentro bihurtu zen, bertako hilerrian fusilatu eta lurperatutako 200 pertsona ingururekin. Guztira, 265 hernaniar inguru prozesatu zituzten Auzitegi Militarrek. Auzi asko artxibatu baziren ere, auzipetuek espetxean jarraitzen zuten azken ebazpena eman arte, sarritan urteak atzeratzen baitziren. Batzuk Langileen Batailoietara edo kontzentrazio esparruetara bidali zituzten. Guztira 82 pertsonak jaso zuten kartzela-zigorra, eta 16 hernaniarrek heriotza-zigorra jaso zuten; horietatik 9 exekutatu egin zituzten.
Gerra Zibilean eta diktadura frankistan, Hernaniko emakumeek erregimen frankistaren errepresio gogor eta sistematikoari egin behar izan zioten aurre. 60 emakume baino gehiago espetxeratu zituzten, askatasunik gabe ez ezik, errepresio fisiko eta psikologikoko modu umiliagarrietan ere. Emakume horietako asko auzitegi militar frankistek auzipetu zituzten, 59 gutxienez. Garrantzitsua da nabarmentzea indarkeria, errepresio eta hertsadura mota batzuk ¡dentifikatzen zailak direla, bereziki emakumeen kasuan. Hernanin, kasu asko dokumentatu ahal izan diren arren, argi dago artxibo ofizialetan erregistratuta daudenak baino gehiago gertatu zirela. Errepresio sexuatua, bereziki, ez da ia inoiz dokumentazio ofizialean idatzita geratzen, eta horrek azpimarratzen du ahozko eta tokiko historiak garrantzi handia duela ezkutuko esperientzia horiek azaleratzeko orduan.
Kontzentrazio esparruak eta bortxazko lanak errepresio tresnak izan ziren; ikerketa honetan 191 hernaniar identifikatu dira baldintza horietan. Presondegiek eta kontzentrazio-esparruek erregimenaren etsaien garbiketa fisiko eta psikologikorako balio zuten, eta asko hiltzen ziren, baldintza deitoragarrien ondorioz. Gutxienez zortzi hernaniar hil ziren espetxeetan, kontzentrazio-esparruetan edo langileen batailoietan.
Erbesteak Frantziako hondartzetako kontzentrazio-esparruetara eraman zituen hernaniar asko. Katalunia okupatu ondoren, 500.000 pertsona inguru iritsi ziren Frantziako mugetara. Errefuxiatuak Argeles-sur-Mer, Barcares eta Saint Cyprien hondartzetan bildu ziren. Argeles-sur-Mer-en, euskaldun asko, hernaniarrak barne, Gernika-Berrin elkartu ziren eta bertan antolatu eta elkarri lagundu zioten. 1939ko martxoan, Gurs izeneko esparruaren kokapena izendatu zen. Zehazki, Gurseko kontzentrazio-gunean 15,000 errefuxiatu inguru egon ziren. Ikerketa honetan, Hernaniko 62 pertsona identifikatu dira atzerriko kontzentrazio-esparruetan, eta beste bi nazien sarraski-esparruetan hil zirenak.
Errepresio ekonomikoa funtsezkoa izan zen erregimen frankistaren boterea ezartzeko eta sendotzeko. Okupatu eta berehala, Errepublikarekin bat zetozen edo erregimen berriaren kontrakotzat jotzen ziren hernaniarren ondasunak konfiskatzeko eta bahitzeko prozesu sistematikoa hasi zen. Hernanin, Ondasunak Konfiskatzeko Probintziako Batzordeak 28 pertsonaren ondasunak konfiskatu zituen, eta beste batzuei, emakumeei bereziki, isun ekonomikoak jarri zizkien Tasen Fiskaltzaren bidez. Gainera, 12 pertsona inguru epaitu eta zigortu zituen Erantzukizun Politikoen Auzitegiak.
Bestalde, agintari frankistek egindako garbiketa-prozesuen helburua udal-langileek Errepublika eta gerran izandako jarrerak zigortzea zen, baita ideologia frankistarekin bat ez zetozen enplegatu publikoak eta funtzionarioak kanporatzea ere. Udal-eremuan, 16 langile zigortu zituzten neurri horien ondorioz. Aldundian, 28 langileri, horien artean 15 telefonista eta 11 mikelete, garbiketa-prozesuak egin zizkieten, eta horrek eragin sakona izan zuen haien lan-egonkortasunean eta egonkortasun pertsonalean. Gainera, 14 irakasleren aurka garbiketa-prozedurak ireki zituzten, eta horietako 4k, gutxienez, zigorra jaso zuten. Bestalde, trenbideko 30 langile inguru ere errepresaliak jasan zituzten, politika frankistekin bat ez zetozen Hernaniko langile publikoen aurkako jazarpen sistematikoko patroi bat ezarriz.
Indarkeria zein errepresioa handiak izan arren, erresistentzia ez zen inoiz erabat desagertu. Hernaniarren kasuan azpimarratu behar dugu mugalariek eta Comète sareak, makiekin eta beste borroka klandestino batzuekin batera erregimenaren aurkako borrokan izandako papera. Gainera, erresistentzia modu antolatu horiez gain, aipatu beharrekoak dira eguneroko erresistentziak, ekintza sinboliko txikietatik erakusgarriagoenetara: elkartasun ekintzak, desobedientzia, euskararen erabilera edota justiziaren aldarrikapenak.
Erregimen frankistak “etsaitzat” hartutakoak menperatzen eta diziplinatzen zituen bitartean, gerraren eta matxinatutako bandoan eroritakoen inguruko kontakizun bat eratzen zen. Memoria horren zutabeetako bat hildako matxinatuak izan ziren, jarraitu beharreko eredu gisa aurkeztuak. Horretarako, haien omenezko oroitzapen-monumentuak eraiki ziren, Hernanikoa kasu. Isiltasuna, ordea, ez da ahanzturaren sinonimoa; batzuentzat, estrategia izan zen gertaturikoak isilpean gordetzea eta ahazten saiatzea, batzuetan mina eta izua arindu zitzakeelako. Beste gizabanako batzuek egia ezkutatu behar izan zuten errepresalien beldur zirelako. Ezarritako isiltasun horren erdian, erresistentzia zantzuak ere agertu ziren, oroimenezko erresilientzia bat, hildakoen omenaldiekin edo argibide eta justizia eskaerekin. Adierazpen horiek, diskretuak edo mugatuak izan arren, erresistentzia-ekintzak izan ziren erregimenak ezarritako ahanzturaren aurrean. Hernaniarrek emandako testigantza gehienetan zehatz-mehatz gogoratzen da udazken hartan eta hurrengo urteetan herrian gertatutakoa. Gainera, diktadura betean, fusilatuak gogoratzeko eta publikoki omentzeko ahaleginak egin ziren herrian: hilerrian agertutako loreak eta inskripzioa, adibidez. Gainera, oroimenezko erresistentzia deigarriagoak izan ziren, Gobernadore Zibilari idatzitako gutun anonimo bat kasurako.
Hernaniren historia Gerra Zibilean eta frankismoan, errepresio eta biolentziarenaz gain, erresilientzia, erresistentzia eta duintasun historia ere bada. Gutun anonimoaren azken galderak izate hori islatzen du:
«Haien memoria desagerraraziko zenuela uste al zenuen, haien gorputzak desagerrarazi dituzten bezala?» «¿Es que V. se creía que haría desaparecer su memoria como han hecho desaparecer sus cuerpos?[12]».
[1] Rodrigo, J., 2008.
[2] Íbidem.
[3] Benayas Sanchez, D., 2022.
[4] Casanova et al., 2002.
[5] Rodrigo, J., 2008.
[6] Babiano et al., 2018.
[7] Íbidem.
[8] Rodrigo, J., 2008.
[9] Babiano et al., 2018.
[10] Casanova et al., 2002.
[11] Hernaniko bigarren frankismoko historia lantzen duen liburua idatzi zuen 2022an Javier Buces Cabello historialariak. Ikus: Buces Cabello, J., 2022.
[12] AIRMN, 1149/43. Urgentziazko Sumarisimoa.
