Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024

 

3.4.
UDALBATZA FRANKISTAREN SORRERA

 

         Gipuzkoako kanpainak aurrera egin eta frankistek bertako herriak bereganatu ahala hauetako egitura eta aginte guztiak ordezkatu zituzten, udalbatzak barne. Prozesu horretan garrantzitsua izan zen Karlisten Gerra Batzordea deiturikoa, lehen hilabeteetan Diputazioaren konpetentziak bere gain hartu baitzituen Gipuzkoan. Horien artean, matxinatuek bereganatutako herrietako udalak eratzeko funtzioa bete zuen Batzordeak[452], Hernaniko udalarena barne.

         Matxinatuek 1936ko irailaren 12an hartu zuten Hernaniko herria, bada, hiru egunetara izendatu zuen Gipuzkoako Karlisten Gerra Batzordeak lehenengo udala; hilaren 15ean. Batzordeak Bernabe Armendariz Battu ezarri zuen Hernaniko alkate modura, era harekin batera, Sandalio Landaribar Arriola, Esteban Urbialde Zubigain, Juan Orayen, Bibiano Aristorena Ameztoy, Julio San Adrian Zozaya, Ricardo Rezola Berrondo, Luis Iturrioz Arriola eta Jose Romero zinegotzi gisa. Dena dela, irailaren 23ko bilkuran gauzatu zuten udala ofizialki eratzeko akta.

         Irailaren 23ko udal-bilkura hartan Bernabe Armendariz alkateak Udala eratu zuela adierazi zuenean jarri zen ofizialki tokiko gobernu berria martxan. Era berean, lehen alkateorde izendatu zuen Sandalio Landibar eta, bigarren, Esteban Urbialde. Julio San Adrian, berriz, sindiko hautatu zuen, eta Juan Orayen haren ordezkari. Udalak bost Batzorde Informatzaile jarri zituen martxan: Argia eta Ura, Irakaskuntza, Sustapena, Gobernazioa eta Ogasuna.

 

HERNANIKO LEHEN UDALBATZA FRANKISTA ERATZEKO SAIAKERA (1936/09/15-1936/10/01)[453]

IZEN-ABIZENAK

KARGUA

OHARRAK

Armendariz Battu, Bernabe

Alkatea

Auzitegi Militarretatik igaroa, artxibatua. Ondarretan kartzelaratua.

Landaribar Arriola, Sandalio

Lehen alkateordea

Central Obrera Nacional Socialista-ko idazkari nagusia 1937ko urrian. FETJONS-eko burua izan zen. Txostenak idazten zituen.

Urbialde Zubigain, Esteban

Bigarren alkateordea

Udal langileen depuraziorako sortutako batzordeko lehendakaria.

San Adrian Zozaya, Julio

Sindikoa

FET-JONS-eko gazteen Hernaniko ordezkaria. 1943an burua.

Orayen, Juan

Ordezko sindikoa

 

Aristorena Ameztoy, Bibiano

Zinegotzia

 

Rezola Berrondo, Ricardo

Zinegotzia

1937ko martxoan lehen alkateorde izandatu zuten. 1939ko uztailean behin-behineko alkate.

Iturrioz Arriola, Luis

Zinegotzia

Armada Frankistara batu zen 1938an.

Romero Erice, Jose

Zinegotzia

Militarra.

 

         Alabaina, irailaren 23ko udalbatzarra eten egin zen Hernaniko Guardia Zibilaren Postuko sarjentu komandantea agertu zenean. Hark Donostiako Gerra Batzorde Karlistaren komunikazio bat erakutsi zuen, udalaren eraketa bertan behera uzteko eskatuz, beste agindu bat eman arte. Hala eta guztiz ere, Bernabe Armendariz alkateak udalbatzaren eraketa jada eginda zegoela adierazi zion sarjentuari, eta, hortaz, burututako egitate bat zela. Bestalde, “komunikazioa izenpetzen duen agintaritzari zor zaion errespetuagatik” bilkura amaitutzat eman zuen. Era horretan, ebatzi gabe geratu ziren Batzorde Informatzaileak osatuko zituzten zinegotzien aukeraketa.

         Gipuzkoako Gerra Batzorde Karlistak, bestalde, urriaren 1ean udalbatza berri bat osatu zuen, hilaren 3ko bilkuran formalizatu zena. Horretarako, Batzordeak irailaren 15ean izendatutako alkate eta zinegotziak kargugabetu egin zituen. Alkate berria Pablo Morencos Cunchillos hautatu zuten, baina Eusko Jaurlaritzak preso zuenez, Julian Madina Muñoaga ezarri zuten behin-behineko alkate funtzioak betetzen. Bilera honetan, era berean, zinegotzi berriak izendatu ziren Gerra Batzorde Karlistak ezarritako jarraibideei segituz. Alkateordeen karguak berretsi ziren eta baita sindikoak hautatu ere. Kasu honetan, bost batzorde informatzaileak mantendu ziren eta kideak esleitu zitzaizkien hauei guztiei.

 

HERNANIKO UDALBATZA FRANKISTA BERRIA (1936/10/01)[454]

IZEN-ABIZENAK

KARGUA

OHARRAK

Morencos Cunchillos, Pablo

Alkatea*

Ez zituen alkate funtzioak bete.

Madina Muñoaga, Julian

Alkateordea (behin-behineko alkatea)

Behin-behineko alkatea. 1937ko urtarrilean alkate izendatua.

Zaragüeta Abalabide, Teodoro

Bigarren alkateordea

1937ko martxoan alkate izendatua.

San Adrian Zozaya, Julio

Sindikoa

 

Arrozpide Zupiria, Francisco

Ordezko sindikoa

Prokuradore sindikoa izandakoa [Batzorde kudeatzailean 1934-1936].

Rezola Berrondo, Ricardo

Zinegotzia

 

Puig Vilar, Jose Maria

Zinegotzia

Alkate izandakoa [Batzorde kudeatzailean 1934-1936]. Bigarren alkateorde 1936an.

Garin, Miguel

Zinegotzia

 

Izaguirre Beloqui, Ricardo

Zinegotzia

Zinegotzi izandakoa [Batzorde kudeatzailean 1934-1936].

Lizaso Garmendia, Juan

Zinegotzia

Zinegotzi eta Lasarteko auzo-alkate izandakoa [Batzorde kudeatzailean 1934-1936].

Arregui Michelena, Jose

Zinegotzia

 

Urbialde Zubigain, Esteban

Zinegotzia

 

Ochotorena Recalde, Victor

Zinegotzia

Zinegotzi izandakoa [Batzorde kudeatzailean 1934-1936]. Hurrengo saiorako karguari uko egin zion eta Bibiano Aristorenak ordezkatu zuen.

Bermejo Ruiz, Jenaro

Idazkaria

 

 

         Gerra Batzorde Karlistak, beraz, udalbatzaren berrantolaketa bat egin zuen, aurretik ezarritako hainbat pertsona kargugabetuz. Berregituratze honetan, bada, “Biurteko Beltza” deituriko aldian udalean karguak izandako hainbat pertsona ezarri zituzten zinegotzi postuetan. Hain zuzen ere, 1934ko irailean euskal udalbatzen dimisioaren ondoren sortu zen batzorde kudeatzailea osatu zuten hauetako askok. Udalbatzaz gain, urriaren 9an Komandantzia Militar berria sortu zen Lasarten. Hernaniren gaineko ardura militarra izateaz gain, Hernanin erregimena inposatu eta errepresioa burutzeko pilareetako bat izan zen.

         Udalbatza berrantolatu osteko asteetan hainbat erabaki eta agindu igorri zituen udalak. Ikusi dugun bezala, lehen ziklo batean Gerra Batzordeak botere-kota handiak eduki zituen udalen kudeaketan zein Diputazioari zegozkion hainbat ahalmenetan. Horrela, Gerra Batzorde Karlistak zirkular bat egin zuen, langileen izendapenak egitea debekatuz, aldez aurretik harekin ados jarri gabe. Era berean, adierazi zuen langile horiek eskubidea zutela beren soldatak osorik jasotzeko, armada frankistan borondatezko zerbitzua emanez gero, eta beren postuak erreserbatzeko, gerra-egoera amaitzen zenerako[455].

         Agindu hori baliatuz Erreketea, Falangea eta JAP (Juventud de Accion Popular) taldea postu hauek bereganatzen saiatu ziren. Hain zuzen, Hernaniko falangeak eskatu zuen haien eta Batzar Karlistaren artean ekitatiboki banatzeko herritik alde egin zuten edota depuratu zituzten udal langileen postuak. JAP-ek banaketa horretan kontuan hartzeko eskaria egin zuen, eta Udalak onartu egin zituen eskakizunak[456].

         Bestalde, urriaren 8ko udalbatzarrean Gobernadore Zibilak irailaren 22an eginiko zirkularra irakurri zuten. Honen arabera, ezein nagusik ezin zuen langile berririk kontratatu ez eta indar kolpistak herrian sartu eta berrogeita zortzi orduetan lanera aurkeztu ez zirenak berriz onartu. Udalbatza berri honen lehen bilera honetan ere, bi kale-izendegi aldatu ziren: batetik, Errepublika Plazari, “España” izena jartzea eta, bestetik, “Dos de Junio” kalea “Navarra” izendatzea. Azkenik, Franco Jeneralari telegrafo bat zuzentzea erabaki zuten, Estatuko Buruzagitzara igotzeagatik eta atxikimendu sutsua emateko.

         Karlisten Gerra Batzordearekin loturiko botere-gatazkak argi islatu zen azaroaren 26eko bilkuran. Gipuzkoa eta Bizkaiko Gobernadore Zibil nagusiak xedapen bat eman zuen udalak langileen izendapenei buruz hartutako erabakiak zuzentzeko eskatuz. Tartean, lanpostu hutsak Falangea, Errekete eta JAP-en artean banatzekoa. Izendapenei buruzko jarraibideak Gobernu Zibiletik bakarrik zetozela zehaztu zen, eta azpimarratu zen Udalak ez zirela mugatu behar erakunde politiko jakin batzuetako afiliazioetara, baizik eta hautagaiek espainolismo garbia eta baldintzarik gabekoa erakutsi behar zutela, bai eta konpetentzia erabilgarriak ere[457]. Era horretan, Hernaniko udalbatza frankista berriak azaroaren 26an hasi zituen udal langileen aurkako garbiketa prozesuak[458].

 

HERNANIKO FUSILAMENDUEKIN
LOTURIKO UDALAREN GASTUAK

Hilerrian lan egin zuen peoi brigadari emandako jatekoa.

64,70 pta.

Hilotzen lekualdaketa.

333 pta.

Gorpuak lekuz aldatu eta lurperatzea.

350 pta.

Peoi hauei emandako janaria.

69,25 pta

Peoi hauei emandako ardoa.

63,45 pta.

Lurperatze zerbitzuak.

30 pta.

 

         Aipaturiko frankismoaren familia politikoetako kide zein erakunde-lokal hauek, hortaz, oinarrizko funtzioa bete zuten ordena berriaren inposaketan eta honetarako beharrezkoa zen errepresioaren ezarpenean. Esaterako, herritarren jarrera moral eta politikoa aztertu eta aurkako akusazio-txostenak egiteaz arduratu ziren, bereziki, Informazio Junta delakoaren bitartez. Talde horren baitan hurrengo pertsonek hartu zuten parte: Julio Arcos, Ramon Arratibel, Angel Barreiro, Juan Luis Barreiro, Sebastian Echaniz Aramburu, Santiago Gallego Martin, Ricardo Izaguirre Beloqui eta Javier Ormazabal. Herri mailako oinarrizko beste kargu bat Falangeko Tokiko Buruarena zen, hainbat urtetan Nemesio Leal Hernandezek bete zuena.

         Botere-egituren baitako pertsonaien arteko gatazkak ere azpimarragarriak dira. Esaterako, Nemesio Leal Hernandez Tokiko Buruaren eta Santiago Carrero Rodriguez Tolosako Komandantzia Militarreko ordezkariaren artekoa. Auzitegi Militarrek abiatutako ikerketan adierazten da botere-egiturak ez errespetatzeagatik izan zela gatazka. Hala ere, Julio San Adrian Zozaya-ri ikur tradizionalistarekiko mespretxua adierazi zuela egozten diote, bularretik Borgoinako Gurutzea erauztea leporatuz. Baita ere, “elementu” separatistak babestu izana egotzi zitzaion, beraiekiko harremanagatik. Hain zuzen, ikerketa honetan txertatzen dute hernaniar talde baten argazki bat. Bertan, Julio San Adrian ageri da ondoren milizianoak izango diren hainbatekin: besteak beste, Luis Gorospe Caracciolo, Felipe Sarasola Goenaga eta Antonio Aizpurua Balda[459]. Halako adibideek argitara ekartzen dute botere-egituren dinamikek duten konplexutasuna. Hau da, sarritan maila lokaleko ikerketetan edota mikrohistorian aurki ditzakegu halako lokarriak. Kasu honetan, errealitate politiko eta sozialen konfigurazioan harreman pertsonalek izan zezaketen garrantzia.

 

 

3.4.1. Hernaniko udal errepublikarra erbestean

 

         Hernaniko udal errepublikarra desegin egin zen kolpistek herria hartu zutenean. Kideetako batzuk egitura frankistetara txertatu ziren, hala nola, Jose Maria Puig Villar, zinegotzi izendatua izan zena. Hala ere, gainerako kide gehienek fronterako edo erbesterako bidea hartu zuten, izan Errepublikaren alde borrokatu edota errepresiotik ihes egiteko. Gerora, gainera, hauetako askok kartzela-zigorrak, ekonomikoak, gatibu lanak eta bestelako errepresio motak jasan zituzten.

 

HERNANIKO AZKEN
UDALBATZA ERREPUBLIKARRA

IZEN-ABIZENAK

KARGUA

OHARRAK

Toledo Alberdi, Miguel

Alkatea

Ziburun errefuxiatua. Auzitegi Militarretan absolbitua. Erantzukizun Politikoen Tribunalak zigortua.

Achucarro Zubillaga, Luis

Lehen alkateordea

Falangera eta armada frankistara batu. Auzitegi Militarretan epaitua eta kartzelaratua.

Puig Villar, Jose Maria

Bigarren alkateordea

Udalbatza frankistan zinegotzi izendatua.

Lujambio Beldarrain, Lazaro

Sindikoa

 

Sasiambarrena Erauzquin, Diego

Ordezko sindikoa

 

Zubillaga Zubillaga, Cayetano

Zinegotzia

 

Tellaeche Galarza, Agustín

Zinegotzia

Erantzukizun Politikoen Tribunalak zigortua.

Olloquiegui Zulaica, Fernando

Zinegotzia

Euskadiko Gudarostera batu zen. Atzitua, espetxeratua eta Auzitegi Militarrek zigortua.

Beroitz Sarobe, Jose

Zinegotzia

Errefuxiatua. Gurs-eko esparruan preso egon zen.

Aguirre Lecuona, Joaquin

Zinegotzia

Valmasedan errefuxiatua.

Mugica Liceaga, Manuel

Zinegotzia

Alkatea erbestean. Gatibu lanetan.

Recondo Mugica, Celestino

Zinegotzia

Frantzian errefuxiatua. Kartzelaratua eta Auzitegi Militarrek epaitua.

Setien Galdeano, Jose

Zinegotzia

 

 

         Bada, ebakuatutako udalbatza errepublikarra berriro eraiki zuten Bizkaian hurrengo hilabetean. 1936ko urrian Bizkaiko hainbat egunkaritan Hernaniko udaleko zinegotziei zuzendutako ohar bat argitaratu zuen Manuel Mugica Liceaga zinegotzi-ohiak. Oharrak zioen zinegotzi guztiei jakinarazten zitzaiela Hernaniko Udala eratzea beharrezkoa zela eta, horretarako, urriaren 17an Bilboko Henao kaleko 23. eraikinera joan behar zutela. Izan ere, han burutuko baitzen Hernaniko Udalaren eraketa[460]. Preseski, hilaren 19an adierazi zuten udal berria sortua zegoela eta aipaturiko eraikinean ezarri zutela egoitza. Manuel Mugica Liceaga ezarri zuten alkate presidente gisa[461]. Udalbatza honen inguruko datu gutxi batzuk baino ez ditugu, baina 1937ko otsailean, bederen, Joaquin Aguirre Lecuona erbesteko udal errepublikarreko zinegotzia zela dakigu[462].

 

 

 

[452] Fernandez Redondo, I., 2018.

[453] HUA / AMH // A-1-49 (H47). Libro de actas del Ayuntamiento, 1936/01/11 - 1938/12/23. 1936ko irailaren 23an ospatutako bilkuraren akta.

[454] HUA / AMH // A-1-49 (H47). Libro de actas del Ayuntamiento, 1936/01/11 - 1938/12/23. 1936ko urriaren 10ean ospatutako bilkuraren akta.

[455] HUA / AMH // A-1-49 (H47). Libro de actas del Ayuntamiento, 1936/01/11 - 1938/12/23. 1936ko urriaren 8an ospatutako bilkuraren akta.

[456] HUA / AMH // A-1-49 (H47). Libro de actas del Ayuntamiento, 1936/01/11 - 1938/12/23. 1936ko urriaren 22an ospatutako bilkuraren akta.

[457] HUA / AMH // A-1-49 (H47). Libro de actas del Ayuntamiento, 1936/01/11 - 1938/12/23. 1936ko azaroaren 26an ospatutako bilkuraren akta.

[458] Ikus langile publikoen garbiketaren atala.

[459] AIRMN, 3317/38 Aurretiazko Eginbideak.

[460] Euzkadi, 1936eko urriaren 17koa.

[461] Euzkadi, 1936eko urriaren 19koa.

[462] EAH / AHE // Atala, Politico Social; Azpiatala, Bilbao; Signatura, 0102_018.