Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
HERNANI 1936-1959
Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
Irati Zuriarrain Asurmendi, 2024
 2.3. EMAKUMEAK ERREPUBLIKAN | 2.4. EUSKAL ESTATUTUAREN ALDEKO BORROKA | 2.5. 1934KO URRIKO MUGIMENDUA 

 

2.4.
EUSKAL ESTATUTUAREN ALDEKO BORROKA

 

 

2.4.1. Lizarrako Estatutua

 

         Foruak indargabetu eta 55 urtera, Errepublikaren etorrerak subiranotasun-maila jakin batzuk berreskuratzeko aukera zabaldu zuen Hego Euskal Herriko lau probintzietan. Aipagarria da Errepublika garaian udal-gobernuek paper garrantzitsua izan zutela eskubideen eta askatasunen defentsaren arloan, udalbatzek funtsezko eginbeharrak baitzituzten estatutua lortzeko. Euskal herritargoaren ehuneko nabari batek, ikusmin eta ilusio handiarekin bizi izan zuen Errepublikaren etorrera, nazionalismoarentzako aukera bat izan ahal zelako.

         Bigarren Errepublika udal hauteskunde batzuen emaitzagatik aldarrikatu zenez, hasiera baten ez zen gobernu zentralik egon. Testuinguru horretan, euskal nortasuna eta lurralde eskubideak berretsiko zituen mugimenduaren hazia erne zen Gernikan. Mundaka, Getxo, Bermeo eta Elorrioko alkateek 1931ko apirilaren 17an Batzarretxean Bizkaiko Batzar Nagusiak biltzeko deia egin zuten. Deialdi hau Euskal Errepublika Federala izendatzeko asmoarekin egin zen. Baina Espainiako indar polizial eta militarrek eragotzita, alkate bizkaitarrak ezin izan ziren Gernikara sartu.

         Ostean, Azpeitia, Getxo, Laudio eta Zangozako udalerriek bultzatuta Alkateen Batzorde Iraunkorra eratu zen, batzorde honek aldi berean Gipuzkoan biltzar bat zuen Azpeitia, Andoain, Bergara eta Zumaiako alkateek ordezkatuta. Hauek “federazio bitartez Errepublika espainolari lotua dagoen Euskal Errepublika" aldarrikatu zuten, izan ere urte horietan EAJ-PNVren helburu politikoa Euskal Autonomia erdiestea baitzen, independentzia lortze bidean bitarteko geltoki gisa ulertuta.

         Hernaniko Udalak bat egin zuen proposamenarekin apirilaren 18ko udal-bilkuran. Herriaren kudeaketaren inguruko hainbat erabaki hartu ostean Luis Achucarro zinegotzi abertzaleak honako adierazpena irakurri zuen eta zinegotziek aho batez onartu zuten:

         “En estos momentos históricos en que ha desaparecido el régimen destructor de nuestra libertad como Nación, ante el hecho de la nueva estructuración del Estado Español, la minoría Nacionalista Vasca del Ayuntamiento de Hernani, después de afirmar los derechos naturales e históricos que como tal Nación le corresponden, reclama, como primer acto de auto-determinación del País Vasco, la proclamación de la República Vasca confederada con las demás Repúblicas Ibéricas A tal fín, significa su enérgico apoyo hacia quienes en tierras cascas pugnan por el cumplimiento de cuanto en este orden se estableció en el solemne pacto de Donostia y piden que, adoptado por la Corporación este acuerdo, se transmita inmediatamente al Presidente del Gobierno Provisional En la Casa Consistorial de Hernani, a 18 de abril de 1931 - Luis de Achucarro - Cesareo de Echeverria - Miguel Toledo[30]

 

1931/04/18ko udal-akta. (Hernaniko Udal Artxiboa).

 

         Hernaniko udalak hilabete batzuetan zehar zeregin honekin jarraitu zuen. 1931ko maiatzaren 20an Hernaniko udalak aho batez hurrengo erabakia onartzea erabaki zuen:

         “1° Adherirse al proyecto de Asamblea de los Ayuntamientos Guipuzcoanos que patrocinan los Alcaldes de Azpeitia, Vergara, Zumaya y Andoain, y en la cual se discutirá y aprobará el Estatuto Guipuzcoano.

         2° Adherirse también a la Asamblea General de todos los Ayuntamientos del País Vascongado, para acoplar el Estatuto Guipuzcoano al Estatuto General Vasco que debe ser presentado a las Cortes Constituyentes.

         3° Mostrar su adhesión a la Comisión de los expresados Alcaldes para la labor preliminar, mientras la Asamblea o Junta General Guipuzcoana acuerde la constitución de una Comisión Permanente Oficial.

         4° Designar a un miembro del Ayuntamiento como Procurador de la Junta General Guipuzcoana y en la Asamblea General de Ayuntamientos[31]".

         Hernaniko udalbatzak, erabaki hau onartzearekin batera, Miguel Toledo Alberdi zinegotzi abertzalea hautatu zuten udalaren prokuradore funtzioak bete zitzan. Hala ere, batasunarekin hasitako proiektu honek ez zuen asko iraun eta istiluak eta liskarrak laster hasi ziren. Bi fronte argi ezarri ziren, alde batetik, tradizionalista eta eskuineko abertzaleak eta bestetik, errepublikazaleak, sozialistak eta EAE-ANV (abertzale ezkertiarrak).

         Lehenek, estatutua udalen batzorde baten bitartez gauzatu behar zela defendatzen zuten, bertan baitzuten beraien indargune politiko nagusiena. Errepublikano eta sozialistek berriz, estatutuaren diseinua Hego Euskal Herriko Aldundiek eratutako batzorde kudeatzaileen gain egon beharko zela defendatzen zuten —organo hauetan ez zen hauteskunderik eman eta izendatutakoak Madrileko Gobernu zentralak zuzenean aipatu zituzten—. Hernaniren kasuan independente eta abertzale gisa aurkezten zirenek gehiengoa osatzen zutenez, hurrengo erabakietan Udalen Asanblada Orokorrarekin bat egin zuten, errepublikano-sozialisten aurkakotasunarekin.

         Estatutuaren prozesuarekin aurrera egiteko Eusko Ikaskuntzari eskatu zitzaion testu bat idazteko. Hainbat proposamen eta aldaketaren ostean Euskal Estatuaren Estatutu Orokorra idatzi zuten eta 1931ko ekainaren 14an aurkeztu zen. Egun horretan, Hego Euskal Herriko udalek Lizarran bilkura bat egin zuten estatutua eztabaidatzeko, Hego Euskal Herriko 552 udaletik 485ek parte hartu zuten, Hernani haietako bat izanik[32]. Bertan aurkeztutako testua, Lizarrako Estatutua, onartu zen. Bestetik, Donostian Aldundiko Gestoreek batez ere, beste estatu proposamen bat diseinatu zuten, mugimendu errepublikar eta ezkertiarrek babesten zutena eta laikotasuna aldarrikatzen zuena.

         Talka politiko hau 1931eko ekaineko hauteskunde orokorretara hedatu zen, non tradizionalista eta abertzaleak koalizioan aurkeztu ziren euskal probintzietan. Erlijio Katolikoaren defentsa eta Estatutuaren defentsa bilakatu ziren haien aldarri nagusiak. Mugimendu errepublikazaleek eta ezkertiarrek, berriz, errepublika eta balore laikoak defendatu zituzten.

         Hernaniren kasuan, lehen aipatu den moduan, hautagai ezkertiarrak atera ziren garaile. Hala ere, tradizionalista eta abertzaleen koalizioak garaipen argia izan zuen Hego Euskal Herrian, eserlekuen gehiengo osoa bereganatuz. Gipuzkoan, esaterako, 6 diputatuetako lau ziren koalizio honen ordezkariak[33].

         Hautetsontzien babes hau baliatuz, 1931 ko irailaren 22an Madrileko Gorteetara bertaratu ziren Hego Euskal Herriko udalen ordezkariak Lizarrako Estatutua izena jasotzen zuen testua defendatzera. Bertara Hernaniren ordezkari gisa Julio Ubarrechena bera joan zen. Madrileko Gorteetan hilabete horretako 25ean eta 26an eztabaidatu zen estatutu proiektua, baina atzera bota zuten. Horretarako arrazoi nagusia Lizarrako Estatutuak Euskal Estatu konfesional baten aldeko aldarria egitea izan zen. Honek Errepublikak babesten zuen laikotasunarekin talka egiten zuen.

 

 

2.4.2. Gestoreen estatutua

 

         Bigarren Errepublikako gorteek Lizarrako Estatutua atzera bota eta hilabete batzuetara, 1931ko abenduan, Konstituzioa onartu zuten. Bertan estatutua idazteko eskumena Aldundietako Gestoreei esleitu zion Gobernuak[34]. Ondorioz, Aldundiek hurrengo estatutu-proposamena diseinatzera ekin zioten.

         1932ko urtarrilean, Hernaniko Udalak Gipuzkoako Batzorde Kudeatzailearen gonbita jaso zuen Gipuzkoako Udaletxeen Asanbladara joateko. Bertan, Hego Euskal Herriko probintzia guztientzat Estatutu bakar bat edota probintzia bakoitzarentzat ezberdin bat diseinatu nahi zen erabaki zuten. Udalbatzak estatutu bakar baten aldeko proiektua babestea eta bilkurara Julio Ubarrechena bidaltzea adostu zuten. Donostian alkateek eginiko bilkuran estatutu bakarraren aldeko hatua atera zen nagusi. Proposamen hau kontutan hartuta proiektu amankomun bat idatzi zuten gestorek[35]. Mugimendu tradizionalistek ez zuten begi onez ikusten proiektu hau, alde batetik, proiektuaren konfesionaltasun faltagatik eta bestetik “Euskal Estatua” termino gisa baztertua izanagatik.

         Estatutuak aurrera egiteko eta Espainiako Gorteetan aurkeztu aurretik, Udalen Asanbladak eta herritarrek onartu egin behar zuten. Horretarako, Hego Euskal Herriko udaletxe guztiak Iruñera deituak izan ziren 1932ko ekainaren 19an. Bilera honetan Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako udalen gehiengoak baiezkoa eman zioten Estatutuari. Nafarroako udalen artean, ordea, karlisten presentzia zela eta, ezezkoa gailendu zen. Hala ere, 550 udaletatik 354ek proiektua babesteko erabakia hartu zuten.

         Hernaniren ordezkari gisa Miguel Toledo joan zen, proiektua babesteko aginduarekin. Zinegotzi hau ez zen bakarrik bertaratu, proiektua babesten zuten hainbat hernaniar ere joan baitziren. Jai giroan ospatu zen eguna eta Hernaniko txistulari bandak ere parte hartu zuen ospakizunetan.

         Emaitzak kontutan hartuta, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia barne bilduko zituen proiektu bat garatzeari ekin zioten gestoreek. Hiru lurraldeetako udal ordezkariak Gasteizen bildu ziren estatutu proposamena onartzeko. Hernani ordezkatzeko, beste behin, Miguel Toledo zinegotzi abertzalea bertaratu zen. Behin Udalen Asanbladak proiektua onartuta, hurrengo urratsa herritarrek onartzea izango zen. Horretarako, 1933ko azaroaren 5ean erreferendum baterako deia egin zen hiru probintzietan. Estatutua onartzeko, beharrezkoa zen erroldan inskribatutako hautesleen bi herenek baiezko botoa ematea.

 

Estatutua bozkatzeko propaganda.
(El Dia aldizkaria).

 

1933KO ERREFERENDUMAREN EMAITZAK[36]

 

HAUTESLE-ERROLDA

BOTO-EMAILEAK

ALDEKO BOTOAK

AURKAKO BOTOAK

ARABA

56.056

32.710 (%58,35)

26.015 (Arabako hautesle-erroldaren %46,41)

6.695 (Arabako hautesle-erroldaren %11,94)

GIPUZKOA

166.635

151.613 (%90,99)

149.177 (Gipuzkoako hautesle-erroldaren %89,52)

2.436 (Gipuzkoako hautesle-erroldaren %1,46)

* HERNANI

2.790

2.747

2.567

175 ez / no (5 txuriak))

BIZKAIA

267.466

241.629 (%90,34)

236.564 (Bizkaiko hautesle-erroldaren %88,45)

5.65 (Bizkaiko hautesle-erroldaren %1,89)

Guztira

490.157

425.952 (%86,90)

411.756 (%84)

14.196 (hautesle-erroldaren %2,90)

 

         Erreferendumeko parte hartzea handia izan zen orokorki, eta baiezko aukera gailendu zen. Gipuzkoan eta Bizkaian, Hernanin bezala, erroldan inskribatutako hautesleen bi herenek Estatutua onartu zuten. Bi lurralde horietan hautesle-erroldaren % 90 baino gehiago hautetsontzietara joan zen, eta gehiengo zabal batek estatutuaren alde bozkatu zuen. Araban berriz, baiezkoa gailendu zen arren, karlistek bultzatutako abstentzio handia egon zen. Hala ere, estatutua onartzeko baldintzak bete ziren eta gortetara aurkeztu zen.

 

 

2.4.3. Bi urteko beltzaren hasiera

 

         Erreferenduma eta bi aste beranduago, azaroaren 19an, Espainiar Gobernurako hauteskunde orokorrak ospatu ziren Manuel Azaña gobernuburuak dimisioa aurkeztu izanaren ondorioz. Partido Radical Republicano (PRR) alderdia gero eta pisu nabarmenagoa hartzen joan zen, sozialistengandik aldenduz eta eskuineko postulatuetara hurbilduz. Gainera, alderdi ezkertiarren arteko haustura ere nabarmena izan zen, alderdi bakoitza bere kabuz aurkeztu zelarik. Eskuineko alderdientzat, ordea, 1931 ko hauteskundeetako emaitzak ikasbidea izan ziren eta alderdi nagusiak koalizio baten baitan aurkeztea erabaki zuten, Confederacion Española de Derechas Autonomas (CEDA) izenpean.

         Hernaniren kasuan, apirileko udal hauteskundeetan pasa zen bezala, hautagai abertzaleak aise gailendu ziren, sozialistak bigarren indarra izan zirelarik. Gipuzkoaren kasuan EAJ-PNVk lortu zuen garaipena, ia eserleku guztiak bereganatuz.

 

1933KO AZAROAREN 19KO HAUTESKUNDE OROKORREN
EMAITZAK HERNANIN

IZEN-ABIZENAK

FILIAZIO POLITIKOA

BOZKA KOPURUA

JESUS MARIA LEIZAOLA

EAJ-PNV

1220

MANUEL IRUJO

EAJ-PNV

1120

TELESFORO MONZON

EAJ-PNV

1147

JOSE ANTONIO IRAZUSTA

EAJ-PNV

1110

RAFAEL PICAVEA

EAJ-PNV

1057

RAMIRO MAEZTU

Renovacion Española

268

MARIA ROSA URRACA

Comunion Tradicionalista

146

ANTONIO PAGUAGA

Comunion Tradicionalista

151

AGUSTIN TELLERIA

Comunion Tradicionalista

153

ENRIQUE DE FRANCISCO

PSOE

789

TORIBIO ECHEVERRIA

PSOE

785

JULIA ALVAREZ

PSOE

779

FEDERICO ANGULO

PSOE

772

JUAN USABIAGA

PRR

140

NICOLAS BIZCARRONDO

Accion Republicana

233

MANUEL DE LA TORRE

PRF

122

JOSE MIGUEL GOMENDIO

Errepublikar independentea

107

JUAN ASTIGARRABIA

PCE

21

RICARDO URONDO

PCE

18

JESUS LARRAÑAGA

PCE

21

LUIS ZAPIRAIN

PCE

22

JOSE IMAZ

EAE-ANV

14

BOTO ZURIAK

 

3

 

         Espainiar Estatuari dagokionez, indar ezkertiarrek bozka kopuruaren jaitsiera nabarmena pairatu zuten. CEDA eskuindar koalizioak eserleku gehien lortu zituena izan zen, baina Partido Radical Republicanck osatu zuen gobernua Alejandro Lerroux gobernuburu ezarriz. Alderdi hau boterean egon zen bitartean eskuinerantz biratuz joan zen bere jardunean, ezkerraren haserrea eta oposizio gogor bat jasoz.

         Testuinguru guzti honetan, Europan jazo zen bezala, ideologia faxistaren hainbat ideia hasi ziren txertatzen alderdi zein politikari kontserbadoreen baitan. Bada, joera hau indartu egin zen 1934 urtearen amaieran. Aipatutako hauteskundeen emaitzen ondorioz, sendotu egin ziren indar eskuindarrak (kontserbatzaile antierrepublikarrak). Lima Greccok (2016) azaldu bezala, prozesu honen baitan antolakunde batek faxismoarekiko erradikalizazioa jasan zuen: Falange Españolak, hain zuzen. Tradizionalismoa ere jarrera gero eta autoritarioagoen alde lerratuz joan zen; Iruñean, adibidez, Karlisten Akademia Militarra sortu zen, 1936an militar kolpistak babestuko zituen Errekete talde paramilitarren muina izan zena.

         Esan bezala, EAJ-PNV Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko alderdi bozkatuena izan zen azaroko hauteskundeetan. Hasiera batean ezkerraren ahultasun une hori baliatzen saiatu zen, Alejandro Lerroux eta PRRaren gobernuari babesa emanez, honekin estatutua lortzeko esperantzarekin. Baina hauteskundeetan CEDAk lortutako emaitzek estatutuaren prozesua gelditzea ekarri zuen, katolizismo erradikalaren eta nazionalismo espainiarraren ikuspegitik, aberria kolokan ikusi baitzuen euskal estatutuarekin.

         1934an, testua Gorteetan aurkeztu berri zenean, Jose Luis Oriol Uriguenek —Arabako diputatu karlista batek— Araba euskal autonomiatik baztertzea planteatu zuen, han beharrezko gehiengoa lortu ez zela argudiatuz. Gai hau bakarrik planteatu zen, ez zen argitu, haatik, hauteskundeak irabazi berri zituen CEDA alderdi eskuindarrak proposamena babestu zuen. Honen ondorioz, Euskal Estatutua 1936ra arte blokeatu zen, PRR alderdiak ez baitzuen babestu eta CEDA tradizionalisten aurkakotasuna baitzuen. Horrela, EAJ-PNVk alderdi eskuindarrekin zuen ulermenari amaiera eman eta, era berean, Lerrouxen gobernuari babesa kendu zion, alderdi horien presentziarekin Estatutua bideragarria ez zela egiaztatuta.

 

 

2.4.4. Udalbatzen dimisioa

 

         Euskal udalen eta Madrilgo Gobernuaren arteko harremana gero eta liskartsuagoa zen. Alde batetik, Lerrouxen gobernuak hartzen zuen joera eskuindarragatik eta, bestetik, Euskal Estatutuarekiko zuen jarreragatik. Baina, Ardoaren Estatutua deiturikoa izan zen egoerak eztanda egiteko txinparta. Espainiako Gorteetako diputatu batzuek Ardoaren Estatutua aktibatzea proposatu zuten, honen arabera aurreko urteko ardo produkzio ugariari kenkari fiskalak ezartzea ahalbidetzen zuen. Honekin, nazioarteko beste ardo ekoizleekin alderatuta Espainiar estatuko ardoak ekonomikoki lehiakorragoak izango zirela defendatzen zuten diputatu hauek, eta hauen kontsumoa ugarituko zela.

         Euskal diputatu abertzale eta ezkertiarrek honen aurka egin zuten, izan ere, Kontzertu Ekonomikoaren urraketa bat zela defendatzen baitzuten. Horretaz gain, alkoholaren gaineko kenkari horiek euskal instituzio lokalen diru sarrerak %25 eta %30 bitartean murriztea ekarriko baitzuen, udalen aurrekontu eta proiektuak erabat kaltetuz. Euskal Herrian gaiaren inguruko lanketaz arduratuko zirenak Aldundietako Gestorak izatea erabaki zen —Gestorak gobernuak zuzenean hautatu zituen pertsonaz osatuta zeuden eta PRR alderdiak gehiengoa zuen—. Honek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletan ezinegona piztu zuen, batez ere, EAJ-PNVk eta ezkerreko alderdiek gehiengoa osatzen zituzten udalbatzetan. Horretarako, Kontzertu Ekonomikoaren eta Udal Autonomiaren defentsarako Batzorde bat eratzea proposatu zuten.

 

UDALAREN BATZORDE IRAUNKORRA OSATZEKO
1934KO ABUZTUAREN 12AN
EGINIKO BOZKETAKO EMAITZAK
[37]

ZINEGOTZIAK

BOZKA KOPURUA (1933KO APIRILEKO UDAL HAUTESKUNDEETAN JASOTAKO BOZKA KOPURUAREN ERDIA)

BOZKATUTAKO HAUTAGAIAK

LUIS ACHUCARRO ZUBILLAGA

310

Miguel Toledo Alberdi / Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea) Luis Salis Martinez (Irungo alkatea)

DIEGO SASIAMBARRENA ERAUSQUIN

458

Miguel Toledo Alberdi / Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea) Francisco Fernandez Trevin (Irungo zinegotzia)

CAYETANO ZUBILLAGA ZUBILLAGA

457

Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea) Miguel Toledo Alberdi / Luis Salis Martinez (Irungo alkatea)

AGUSTIN TELLECHEA GALARZA

456

Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea) Miguel Toledo Alberdi / Francisco Fernandez Trevin (Irungo zinegotzia)

FERNANDO OLLOQUIEGUI ZULAICA

456

Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea) Miguel Toledo Alberdi / Luis Salis Martinez (Irungo alkatea

JOSE BEROITZ SAROBE

368

Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea) Francisco Fernandez Trevin (Irungo zinegotzia) / Luis Salis Martinez (Irungo alkatea)

JOAQUIN AGUIRRE LECUONA

367

Francisco Fernandez Trevin (Irungo zinegotzia) Miguel Toledo Alberdi / Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea)

MANUEL MUGICA LICEAGA

309

Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea) Miguel Toledo Alberdi / Francisco Fernandez Trevin (Irungo zinegotzia)

MIGUEL TOLEDO ALBERDI

457

Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea) Luis Salis Martinez (Irungo alkatea) / Francisco Fernandez Trevin (Irungo zinegotzia)

CELESTINO RECONDO MUGICA

227

Feliciano Beldarrain Aguirre (Oiartzungo alkatea) Luis Salis Martinez (Irungo alkatea) / Francisco Fernandez Trevin (Irungo zinegotzia)

JOSE SETIEN GALDEANO

226

Miguel Toledo Alberdi / Luis Salis Martinez (Irungo alkatea) / Francisco Fernandez Trevin (Irungo zinegotzia)

 

         1934ko irailaren 7an, euskal udalen aurkako errepresioaren aurkako protesta gisa Udalen Batzordeko kide ziren Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko udaletako alkate eta zinegotziak dimisioa aurkeztea erabaki zuten.

         Horrela, Hernanin, Fernando Sasiain Donostiako alkateak Gipuzkoako alkateei zuzendutako eskutitza baliatuz kargu publiko guztiek dimisioa aurkeztu zuten Jose Maria Puig zinegotziak izan ezik. Azken honek Ardoaren Gerraren baitan udalak hartutako erabakiekiko aurkakotasuna adierazi zuen prozesu guztian zehar, bozketan ez parte-hartzera iritsiz. Horretaz gain, dimisioa aurkeztean Jenaro Bermejo idazkariak alkate eta zinegotziei erabaki hau legearen aurka zihoala adierazi zien, ardura honi muzin egitea legez kanpo baitzegoen. Migel Toledo buru zuen udalbatzak dimititzerakoan eginiko adierazpenean arrazoiak azaldu zituzten[38]:

         “Al Ayuntamiento:

         Los que suscriben, concejales de este Ayuntamiento, atentamente a V.S. dicen: Que se ven obligados a dimitir de su cargo con carácter irrevocable, fundándose en los motivos siguientes:

         PRIMERO: En el cumplimiento del acuerdo de la Comisión de Ayuntamientos del País Vasco.

         SEGUNDO: Como protesta de las persecuciones, multas, suspensiones, destituciones, procesamientos, embargos, detenciones y vejámenes de que se ha hecho objeto por el Gobierno a los alcaldes y concejales vascos.

         TERCERO: Como protesta contra el asalto de los Municipios por la fuerza pública.

         CUARTO: Por los actos de fuerza, violencia y vejamen cometidos.

         QUINTO: Por la prohibición de la Asamblea de Zumárraga.

         SEXTO: Por los atropellos cometidos contra los parlamentarios catalanes y vascos.

         SEPTIMO: Por la destitución del Ayuntamiento de Vitoria y el nombramiento de la gestora municipal.

         OCTAVO: Por la prolongación de las gestoras de las Diputaciones.

         NOVENO: Por los contrafueros cometidos.

         SUPLICAMOS: A V.S. se sirva recibir este escrito y aceptar la dimisión que presentamos de nuestro cargo de capitulares de este Municipio Hernani, 7 de septiembre de 1934

         Miguel Toledo Alberdi, Luis de Achucarro, Lazaro Lujambio, Diego Sasiambarrena, Cayetano Zubillaga, Agustín Tellaeche, Fernando Olloquiegui, Manuel Mugica, Joaquin Aguirre, Jose Setien, Celestino Recondo, Jose Beroitz[39]”.

         1934ko irailean, Hernaniko udalbatza ia guztiak dimisioa aurkeztu zuen eta, erabakiaren eraginez, epaitu eta zigortu egin zituzten. Udalbatza osatzeko Batzorde Kudeatzaile bat eratu zen Gipuzkoako Aldundiaren aginduz; Hernanin bezala, dimisioak aurkeztu zituzten udalerri guztietan.

 

1934KO AZAROAREN 8AN
ERATUTAKO BATZORDE KUDEATZAILEA
[40]

ALKATEA

Jose Maria Villar

LEHEN ALKATEORDEA

Jose Maria Telleria Azurmendi

BIGARREN ALKATEORDEA

Joaquin Orayen Ochotorena

SINDIKOA

Miguel Arrozpide Oyarzabal

ORDEZKO SINDIKOA

Jose Antonio Gancerain Guridi

ZINEGOTZIAK

(1934ko azaroaren 30ean izendatuak)

Bernardino Elizaran Lopetegui

Juan Lizaso Garmendia

Juan Iturrarte Elola

Luis Adarraga Gorrochategui

Antonio Montes Enciso

Victor Ochotorena Recalde

Antonio Perurena Inchauspe

Bautista Sarobe Aramburu

Jose Sarobe Jauregui

 

 

2.4.5. 1936ko hauteskundeak

 

         1936ko otsailean hauteskundeak egon ziren, gobernuak Gorteak desegitea erabaki ondoren. Ezkerreko indarrez osatutako Fronte Popularrak irabazi zituen hauteskunde hauek estatu mailan. Euskal lurraldeetan, EAJ-PNVk irabazi zuen. Aipagarria da hainbat probintzietan, Gipuzkoa barne, bigarren buelta bat beharrezkoa izan zela, lehenengo deialdian ordezkariek ez zituztelako boto nahikoak lortu. Bigarren buelta honetan eskuineko lau hautagaiak erretiratu egin ziren.

 

1936KO OTSAILEKO HAUTESKUNDEEN EMAITZAK[41]

HAUTAGAIA

FILIAZIO POLITIKOA

LEHENENGO BUELTA HERNANIN

LEHENENGO BUELTA GIPUZKOAN

BIGARREN BUELTA HERNANIN

BIGARREN BUELTA GIPUZKOAN

MANUEL IRUJO OLLO

EAJ-PNV

916

44.053

1.389

62.035*

JUAN ANTONIO IRAZUSTA MUNOA

EAJ-PNV

857

38.220

1.387

61.862*

TELESFORO MONZON

EAJ-PNV

910

38.268

3

145

JOSE Ma LASARTE ARANA

EAJ-PNV

888

37.178

1.389

62.659*

RAFAEL PICAVEA LEGUIA

EAJ-PNV

1.148

37.928

1.384

62.121*

ANTONIO PAGUAGA

Comunion Tradicionalista

262

43.656

4

1.112

JUAN P. LOJENDIO

CEDA

308

43.936

3

635

RICARDO OREJA

Comunion Tradicionalista

271

43.689

4

1.116

JOSE MUGICA

Renovacion Española

293

43.495

4

599

MIGUEL AMILIBIA MACHIMBARRENA

PSOE

1.199

40.195

1.179

41.498*

MARIANO ANSO ZUNZARREN

Izquierda Republicana

1.199

40.595

1.165

41.905*

LUIS APRAIZ

Izquierda Republicana

1.199

40.129

1.168

40.325

JESUS LARRAÑAGA

PCE

 

39.213

1.151

39.470

JUAN USABIAGA

Partido Republicano Radical

14

249

 

 

TXURIAK

 

7

121

1

569

HAUTESLEEN ZENBATEKOA GUZTIRA

 

2.669

134.643

2.580

107.574

* Gipuzkoatik diputatu eserlekua lortu zutenak

 

         Gobernua aldatzeak ondorio nabarmenak ekarri zituen Hernaniko udal-gobernuan, 1934an epaitutako zinegotziak amnistiatuak izan zirelako, programak ezarri bezala. Hauteskundeak eta astebetera, 1936ko otsailaren 23an ospatutako udal-bilkuren aktan horrela jaso zen:

         “Se personan en la Casa Consistorial los señores don Miguel Toledo Alberdi, don Luis de Achucarro Zubillaga, don Lazaro Lujambio Beldarrain, don Diego Satín Tellaeche Galarza, don Fernando Olloquiegui Zulaica, don Manuel Mugica Leiceaga y don Jose Setien Galdeano (que con los señores don Jose Beroitz Sarobe, don Joaquin Aguirre Lecuona y don Celestino Recondo Mugica, son los Concejales amnistiados a que se refiere el preinserto telefonema) declarando que concurren a reintegrarse a los cargos que ocupaban en el Ayuntamiento al cesar en el mes de septiembre de 1934[42]."

         Fronte Popularrak 1936ko otsaileko hauteskundeak irabazi ondoren, zigortutako zinegotzien afera bideratzeaz gain, gai autonomikoa gaurkotasun politikoaren lehen planora pasatu zen. Baina Euskal Estatutua martxan jartzeko lanak geldituta geratu ziren 1936ko uztailean Bigarren Errepublikaren kontra emandako altxamenduagatik eta hasitako gerragatik. Hala ere, urrian, espainiar errepublikako gobernuak estatutua onartu zuen, Hernani jada altxatuen mende egonda.

 

 

 

[30] HUA / AMH // A-1-45 (H43). Libro de actas del Ayuntamiento, 1927-1931. 1931ko apirilaren 18an ospatutako bilkuraren akta.

[31] HUA / AMH // A-1-45 (H43). Libro de actas del Ayuntamiento, 1927-1931. 1931ko maiatzaren 10ean ospatutako bilkuraren akta.

[32] Estornés Zubizarreta, I., 1990.

[33] Fondo documental del Instituto Nacional de Estadistica (INE), Anuario 1932-1933. “Elecciones generales de Diputados a Cortes Constituyentes, celebradas en 28 junio de 1931” 552. orr.

[34] 1931ko konstituzioaren 12. Artikulua.

[35] Mikelarena Peña, F., 19/2022, 129-176. orr.

[36] Bigarren Errepublikako emaitzak. 1933ko hauteskundeak. Euskadi.eus.

[37] HUA / AMH // A-1-48 (H46). Libro de actas del Ayuntamiento, 1934-1935. 1934ko abuztuaren 12an ospatutako bilkuraren akta. / Resultados de la Segunda República. Elecciones de 1933. Euskadi.eus.

[38] HUA / AMH // A-1-48 (H46). Libro de actas del Ayuntamiento, 1934-1935. 1934ko irailaren 7an ospatutako bilkuraren akta.

[39] Ibidem

[40] HUA / AMH // A-1-48 (H46). Libro de actas del Ayuntamiento, 1934-1935. 1934ko azaroaren 8an ospatutako bilkuraren akta.

[41] Bigarren Errepublikako emaitzak. 1936ko hauteskundeak. Euskadi.eus.

[42] HUA / AMH // A-1-49 (H47). Libro de actas del Ayuntamiento, 1936/01/11 - 1938/12/23. 1936ko otsailaren 23an ospatutako bilkuraren akta.

 

 2.3. EMAKUMEAK ERREPUBLIKAN | 2.4. EUSKAL ESTATUTUAREN ALDEKO BORROKA | 2.5. 1934KO URRIKO MUGIMENDUA