Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
2.3.
EMAKUMEAK ERREPUBLIKAN
Bigarren Errepublikako gobernuak aurreko erregimenaren jarduerak berrikusteaz gain, hainbat egitasmo progresista aurrera eraman zituen. Hauetako zenbait, emakumeen eskubide eta rolak eraldatzeko garrantzi handikoak izan ziren. Kontuan izan behar da Errepublika aldarrikatu aurretik, balio tradizionalak gizartean sakonki sustraituta zeudela — eragin katoliko handikoak eta erakundeen babes osokoak zirenak—.
Mendearen hasieratik, emakume modernoaren irudia gero eta garrantzi handiagoa hartzen hasi zen, baina emakume askoren nahia etxekoandre perfektua eta katoliko leial eta zintzoa izatea zen; hau baitzen urte luzez haientzat irudikatutako bide bakarra[17]. Hau guztia zela eta, Errepublikako neurri aurrerakoiek, gizartean zein eremu politikoetan, eztabaida ugari ekarri zituen. Nolanahi ere, aldaketa hauen alde agertu ziren emakumeei esker eta hainbat alderdiren konbikzio politikoei esker, Errepublikak aurrerapen handiak ekarri zituen emakumeentzat.
Errepublikaren lehenengo legeek adierazi zuten emakumeen aldeko eskubideak babestuko zirela. 1931ko konstituzioan pertsona guztiak legearen arabera berdin tratatuko zirela eta sexua ezin zela pribilegio juridikoetarako oinarri izan jasotzen zen[18]. Honetaz gain, Konstituzioak emakumeari bozkatzeko eta hautagaia izateko eskubidea ere eman zion[19]. Haatik, emakume hernaniarrak ezin izan zuten eskubide hau erabili 1933ko udal hauteskundeetara arte. Neurri honek emakumeei parte-hartze politiko aktiboa izateko aukera eman zien, baina hautsak harrotu zituen. Erreakzioak ugariak izan ziren kongresuan, kaleetan zein prentsan.
Kontuan hartuta, 1933ko erreferendumean, Hernanin 2.790 pertsona zeudela erroldan eta 2.747k bozkatu zutela; baieztatu dezakegu emakume hernaniar gehienek bozkatzeko eskubidea erabili zutela[20]. Aipatzekoa da emakumeak Estatutuaren alde bozkatzera joateko aldizkarietan egindako propaganda:
“Mujer católica: La autoridad eclesiástica te autoriza a votar en favor del Estatuto. Tus hijos no irán más a África si lo obtenemos. Por catolicismo y por instinto femenino debes votar el Estatuto vasco".

1933/11/01eko El Dia aldizkaria.
Hezkuntzaren eta lanaren arloetan, erreformak sustatzen zituzten erakunde eta politikak sortu ziren. Goi-mailako hezkuntzarako eta lan-aukera berrietarako sarbidea bideratu zen. Hala ere, soldatak ez ziren berdinak, emakume langileena txikiagoak izanik[21]. Gainera, emakume guztiek emakume-rolari lotuta jarraitu zuten, eta zaintza-lanez zein lan erreproduktibo oroz arduratu behar ziren.
Eremu politikoan eta profesionalean egindako aurrerapenez gain, Espainiako Bigarren Errepublikan familien eta bikote-harremanen inguruko eztabaidak ere sortu ziren. Mugimenduek eta erakundeek borroka egin zuten bikote ezkonduetan eta familian emakumeen eskubideak aitortzearen alde, metodo antisorgailuak, abortua edo dibortzioa sustatuz.
Konstituzioan jada honekin lotura zuten hainbat ideia agertzen ziren. Ezkontzaren oinarria bi sexuentzako eskubide-berdintasuna zela aipatzen zen lehen aldiz. Gainera, elkarren arteko desadostasunez edo bikoteko edozein kidek eskatuta desegin zitekeela ere aipatzen zen, dibortzioa onartuz[22]. Azken neurri hau garatuz joan zen eta 1932ko martxoaren 2ko Dibortzioaren Legeak sostengatu zuen; urte horretan bertan ezkontza zibila ere onartu zen gainera. Honetaz gain, konstituzioak jasotzen zuen pertsona orok askatasuna zuela bere bizilekua hautatzeko[23]. Honi esker, ezkondu ondoren, emakumeek ez zuten nahitaez senarra jarraitu behar, hau lekualdatuz gero. Ezkontzaren eta dibortzioaren inguruko gaiek eztabaida biziak sortu zituen.
Emakumeen eskubideen alde, Gobernuak antisorgailuen erabilera eta abortatzeko eskubidea onartu zituen, baina neurri hauek jada gerra hasita zegoenean kudeatu zirenez, ez zuten ibilbide luzerik izan. Beste hitz batzuetan esanda, honek ez zuen inolako ondoriorik izan hernaniarrentzat, neurri horiek onartu zirenean herria kolpisten esku baitzegoen.
Lege-arloan aurrerapenak egin ziren arren, muga sozialak —neurri handi batean ideologia katolikoak kontrolatua— funtsezkoak izan ziren emakumeen aurrerabidea moteltzeko[24]. Euskal Herrian erlijioak, tradizioak eta nortasun kulturalak pisu handia zuten, eragin handia izanez garaiko emakumeek aurrerapen sozial eta politikoetan parte hartzeko zuten moduan. Nazionalistak haien mitinetan euskal nortasuna babesteaz gain, emakumeen rol tradizionalaren alde kokatzen ziren[25]. Hau da, EAJ-PNV eta horrenbestez, Emakume Abertzale Batzak (EAB), menpe eta eremu pribatuan mugatuta bizi ziren emakumeak nahi zituzten. Honen eredu ona da 1933ko martxoaren 18an El Dia egunkari abertzalean argitaratutako idatzia:
“¿Emakumezkoak gizonezkoak aña dirala? Ara emen gure egunetako beste ‘gaitz’ bat. Sinistea- edo sinistu nai eragiten ibiltzea- edozein gaietan gizonezkoak aña dirala emakumezkoak. Nik uste aize ‘modernista’ oiekan ur’in gizon gona zaleren batzuekaterako zituztela eta gero emen euren antzekoren batzuek lagun artuta ari dirala gu ‘modernizatu’ naian. Nik ondo dakit- ^eta nork ez? emakumezkoak lan batzuetan duala gizonezkoak baño trebetasun aundiagoa, baño ^emendik ateratzen da gizonezkoak aña al lezakiala gauza guzietan? Kaaa ur’ik ere ez. Gañera ondo ikusten dan gauza da, emakumezkoak ber’iro jaio bearko luketela San Agustin batek Santo Tomas batek eta Balmes batek, esaterako, idatzi zituzten idazti sakon eta ar’igar’iak idaztera eltzeko. Es da señorita Kent ber berak ere. ONALDE[26]”.
Nazionalisten barne eztabaida bat izan zen emakumeak gizartean izan behar lukeen egitekoarena. Orokorrean, emakume tradizionalen alde kokatu ziren jeltzaleak, emakume eta ama nazionalisten papera goraipatuz euskal tradizioa mantentzeko orduan. Hona hemen horren eredu den artikulu bat, lehen aipatutako El Dia egunkariko 1931ko abuztuaren 12ko alean “Emakume abertzale batza'ri” tituluaz argitaratutakoa[27]:
“Emakumeak ez lutekela politikan sartu bear. Emakumeak beren zeregiña lapiko-ondoan, jostor’atzean dutela emakumeak... Ez diogu gai oni ekingo, gaurkoa behintzat. Baña emakumeak ere Aber’ia ama dute, ta ama maite bear. Abertzaletasuna emakumeai ere gizasemeai bezelatsu iagokie, era eta berdinez erakutsiko ez ba-dute ere. Eta emakumeak aber’aldez asko dezateke. Gure zeingi-ezaugar’irik argi ta bikañena euskera degu. Aber’i-esi ta abertzaletasun biderik onena ere, euskera. Euskerak diraun er’ietan abertzaletasuna arin eta sustsu sartu da ta bidez dirau. Euskera galduriko er’ietan, motelago sartu, ta er’az bide-esi-gañeratu. Bai, abertzaletasun-biderik eta esirik onena ere, euzkera. Eta euskera alde emakumeak asko dezateke, Ar’asate gure er’i onetan euskeraren gorabera emakumeen eskuetan oso-osoan dagoala esango genuke. Ar’asate’ko gizasemeakgeienbat edota beti euskera darabilte. Urtearen aldi luzeak er’itik ur’un daramazkiten gazteak berak ere, er’ira diranean, euren artean euskeraz mintzatzen dira. Neskatxa alboan dutenetan somatzen degu oien ezpañetan erdera. (Neskatxak beren artean zer esanik ere ez). alkar’en artean euskera darabillen mutilak neskatxakin erdera, zergatik? Ar’asateko neskatxak euskera ez dakitelako ote? Ez, euskera ez dakiten neskatxarik Ar’asaten, gutxi; edo-ta bat ez,, bertakorik. Euskeraz ez lutekela erderaz bezin ‘lora’ politik asmatuko? Ba liteke. Baña paperezko lorarik politena baño arkaitz-arteko ‘lora’ basatia ere usaitsuago beti. Eta zein itsusia dan ber’iz: ‘Aintzane, si voy ahi’- entzun-bear’a. oietako bati galdetu genion bein: ^ama nungoa dezu, ume? Eta oraindik oraintsu baser’itik kalera jetxia zan. Etzeraman ba garousai aundirik; erderak dotoretzen nunbait! Baña emakumeak nai izatera, emen euskera indartuko da, iraungo du. ^Eta zer Aber’i -alde lan eder’agorik? Soñekoari eusteko abertzale-ger’ikoa, polito da; alboan igarotzean ‘agur’, goxo; etxean neskame, anai-ar’eba ta aita-amakin, plazan mutilakin eta elizan Jaun eta Jabearekin euskeraz mintzatzea, au ‘oso’. GESALIBAR[28].”
Hainbat emakume hernaniarrek talde honetan parte-hartzen zuten. Asko izan ziren antolatutako ekintza politikoak zein aisialdi eskaintzak, besteak beste: behar zuten pertsonentzako arropa bilketa, 1932ko Hernaniko jai aberkoia —ELA, Mendigoizale eta Euzko Gaztedirekin batera— edota 1933an antolatutako sukaldaritza-ikastaroa. Azken honi amaiera eman zioten afari batekin eta honako hau izan zen izandako menu bitxia: Euzkadi arroza, Arautzak Estatutu erara, Oilaskoa Urraca erara (Rosa Urracari erreferentzia eginez), Angula askatuak eta Garaipena postrea. Afalostean emakumeek sagar-dantza eta beste zenbait dantza egin zituzten[29].
[17] Nash, M., 1999.
[18] 1931ko konstituzioaren 2. artikuluan bere hortan aipatzen zen legearen aurrean espainol guztiak berdinak direla. 25. artikuluan jasotzen da ezin zirela pribilegio juridikoaren oinarri izan: natura, seme-alabatasuna, sexua, klase soziala, aberastasuna, ideia politikoak eta erlijio-sinesmenak.
[19] 1931ko konstituzioaren 36. artikulua: “Sexu bateko zein besteko herritarrek, hogeita hiru urtetik gorakoek, hauteskunde-eskubide berberak izango dituzte, legeek ezarritakoaren arabera".
[20] Bigarren Errepublikako emaitzak. 1933ko hauteskundeak. Euskadi.eus.
[21] Zuloaga, I., 2019, 19-22 orr.
[22] 1931ko konstituzioaren 43. Artikulua.
[23] 1931ko konstituzioaren 31. Artikulua.
[24] Lines, L. M., 2012, 23. orr.
[25] Zuloaga, I., 2023, 31-33. orr.
[26] El Día, 1933ko martxoaren 18koa.
[27] Zuloaga, I., 2023b, 97-56. orr.
[28] El Día, 1931ko abuztuaren 12koa.
[29] Aizpuru, M. (zuz), 2007, Op. Cit.
