Biolentzia, Errepresioa eta Giza Eskubideen zapalketa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan
2.1.
BIGARREN ERREPUBLIKAREN
ALDARRIKAPENA HERNANIN
1931ko apirilaren 12ko hauteskundeetan baina, ez zen soilik tokian tokiko instituzioen ordezkaritza aukeratu. Esan bezala, errepublikazaleek monarkiaren alde edo kontra kokatzeko bozketa gisa ulertu zituzten hauteskunde hauek. Horregatik, hiriburuetan udal hauteskundeak irabazi zituztela ikusita, 1931ko apirilaren 14an Bigarren Errepublika aldarrikatu zen, indar monarkikoek bozka gehiago lortu zituzten arren[5].
Arratsalderako jada, monarkiaren amaieraren zurrumurruek eta Alfonso XIII.aren abdikazioak festa ekarri zuten Hernaniko herrira. Ehundaka herritar kalera atera ziren eta askok soinean zeramatzaten ikur eta kolore errepublikarrak zituzten apaingarriak. Erdiguneko Centro Obreroren egoitzan, bandera sozialista eskegi zen.
Lantegietatik langileak atera ahala jende andana gero eta zabalagoa bildu zen herriko kaleetan. Arratsaldeko zortzietan, manifestazio handi bat egin zen jai giroan herritik. Errepublikako bandera zeraman emakume bat buruan zihoan eta haren atzean hainbat ereserki abestuz ehundaka lagun. Udal Musika Bandak lagunduta Himno de Hernani, La Internacional, Himno del Riego edota La Marsellesaren doinuekin Herriko Plazara bidea hartu zuten, bertan udalbatzako ordezkari errepublikano-sozialistek eta Centro Obreroko buruzagiek Errepublikako bandera eskegi zuten herritarren babes-oihu eta gorazarreen artean. Ostean, Francisco Zapirain zinegotziak hitza hartu zuen eta ordena eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu zuen. Jaca-ko altxamendu saiakera burutu zuten Galan eta Garcia Hernandez militarren aldeko minutu bateko isilunearekin amaitu zen ekitaldia. Gauean Udal Bandak dantzatzeko musika jo zuen udaletxe ondoan. Hurrengo eguna, jaiegun izendatu zen estatu mailan; Hernanin, komertzio guztiak itxi eta fabrika gutxi batzuk goizez soilik ireki ziren[6].
1931ko apirilaren 15ean, hain zuzen, udalbatza osatu eta Errepublika onartu zuten. Gainera, zinegotzien arteko bozketa baten bitartez Julio Ubarrechena izendatu zuten Hernaniko alkate. Ubarrechena funtzio hori betetzen zebilen jada urte hasieratik, diktadura garaiko udalbatza desegin ostean eratu zen batzorde kudeatzailean.
Bigarren Errepublikaren lehenengo egunetan gobernu berriaren aldeko hainbat ekintza eman ziren. Alde batetik, garai horretan Alfonso XIII.a izena jasotzen zuen Hernaniko Kale Nagusiko plakak estaliak agertu ziren eta batean “Fermin Galan Kalea” adierazten zuen pintaketa bat egin zen. Bestalde, Hernaniko hainbat gazte, eskoletan sartu ziren eta bertan zeuden Alfonso XIII.aren argazkiak kendu zituzten. Ekintza hauetaz gain ez zen inolako istilurik egon herrian.
Apirilaren 22an, udalak, Plaza Nagusiari Errepublikaren plaza izena jarri zion eta Alfontso XIII.a kaleari Kale Nagusia. Gainera, Miguel Toledo zinegotzi abertzaleak proposatuta plakak ele bitan jarri ziren. Honetaz gain, hurrengo astean, apirilaren 29an eskola publikoetan eta udaletxean jartzeko bandera eta oihal zintzilikari nazional berriak erostea erabaki zen[7].
Aste batzuk beranduago, 1931ko ekainaren 28an, Biltzar Konstituziogilea aukeratzeko egindako hauteskundeak aspaldian Hernanin egindako lehenengoak izan ziren. Hauteskunde hauetan Gipuzkoak 6 diputatu izendatzen zituen zerrenda irekien bitartez, hau da, hautagaiei botoa emanez, ez zerrenda guztiari. Hautesle bakoitzak —23 urtetik gorako gizonak— 4 hautagai aukeratzen zituen zerrendatik eta boto kopuru handiena lortzen zuten hautagaiak aukeratuak izaten ziren. Gipuzkoako diputatu hautetsiak hauek izan ziren: Lizarrako Estatutuaren lau defendatzaile, errepublikano bat eta sozialista bat[8].

1931/04/22ko udal-akta, Plaza Naugusiari
Errepublikaren plaza Izena jartzen.
(Hernaniko Udai Artxiboa).
Bigarren Errepublikako Gobernua aurreko diktaduraren jarduerak berrikusten zebilen lehenengo hilabeteetatik. Horien artean, Primo de Riveraren garaian Espainiar Estatu guztian zehar ezarri zen Somaten izeneko talde parapoliziala desegiteko neurria hartu zen. Indar armatu hau ordena kontserbadore-burgesa mantentzeko helburuarekin sortu zen. Honen baitan, erlijio katolikoak eragin nabarmena zuen, Somaten-en bitartez, Elizaren balore katolikoak defendatzen baitzituzten, defentsa publikoaren aitzakiapean. Hernaniren kasuan, biraoak jazartzetik langile mugimenduen mobilizazio eta greben aurka oldartzeraino jardun zuten; horretarako, Gobernuaren babesa eta Gobernuak emandako armak zituzten.
1931KO EKAINAREN 28KO
HAUTESKUNDEEN EMAITZAK
HERNANIN ETA GIPUZKOAN[9]
|
Hautagaia |
Filiazio politikoa |
Hernani |
Gipuzkoa |
|
ANTONIO PILDAIN Y ZAPIAIN |
Katoliko independentea, Lizarrako Estatutuaren defendatzailea / Católico independiente, defensor del Estatuto de Estella |
518 |
35.942* |
|
RAFAEL PICAVEA LEGUIA |
Katoliko foruzalea, Lizarrako Estatutuaren defendatzailea / Católico fuerista, defensor del Estatuto de Estella |
517 |
35.937* |
|
JULIO URQUIJO IBARRA |
Comunion Tradicionalista (karlistak), Lizarrako Estatutuaren defendatzailea / Comunión Tradicionalista (carlistas), defensor del Estatuto de Estella |
516 |
35.819* |
|
JESUS M. LEIZAOLA SANCHEZ |
EAJ-PNV, Lizarrako Estatutuaren defendatzailea / EAJ-PNV, defensor del Estatuto de Estella |
518 |
35.901* |
|
JUAN USABIAGA LASQUIBAR |
Partido Republicano Radical |
733 |
25.928* |
|
JOSE M. AMILIBIA |
Partido Republicano Radical |
729 |
25.254 |
|
JUSTO GARATE |
EAE-ANV |
733 |
25.407 |
|
ENRIQUE DE FRANCISCO |
PSOE |
732 |
25.612* |
|
LUIS CASTRO |
Errepublikano disidentea |
2 |
459 |
|
NICOLAS URGOITI |
Errepublikano disidentea |
2 |
482 |
|
JOSE BULLEJOS |
PCE |
|
342 |
|
JUAN ASTIGARRABIA |
PCE |
|
329 |
|
JESUS LARRAÑAGA |
PCE |
|
314 |
|
LUIS ZAPIRAIN |
PCE |
|
316 |
|
* Gipuzkoatik diputatu eserlekua lortu zutenak |
|||
Errepublika aldarrikatzean Gobernuak erakunde hau desegitea erabaki zuen eta, ondorioz, Hernaniko Somaten ere ezereztu zuten. Horrela, taldea desegin eta udaletxean beraien kargu zeuden armak entregatzera behartu zituzten. Azpimarragarria da bertako hainbat kide 1936ko estatu kolpearen ostean erregimen frankistaren alde lerratu zirela, Pablo Morencos eta Nemesio Leal, besteak beste.
HERNANIKO SOMATENEKO KIDEAK
(ARMAK ITZULTZERAKO UNEAN)
|
Pablo Morencos Cunchillos |
Agustin Sanchez |
Teodoro Zabalegui |
Vicente Liceaga |
|
Juan Bautista Pagola |
Ramon Ibarburu |
Pedro Berbelzu |
Jose Azpiri |
|
Pablo Lacruz |
Germelino Solis |
Juan Madina Muñoaga |
Nemesio Leal Hernandez |
|
Felipe Miner |
Gorgonio San Adrian Zozaya |
Jose Maria Puig Villar |
|
Aipatutako Gobernuaren berrikuspenen artean, kazikismoarekin amaitzearen aldeko neurriak hartzea erabaki zen. Horretarako, 29. artikulua ezabatu eta Hauteskunde-Lege berri bat sortu zuten. Gobernu zentralaz gain, Gipuzkoako Gobernadore Zibilak ere horretan ziharduen. Udalak kudeatzeko gestoreak izendatu zituen 29. artikulua ezarri zen herrietan, demokratikoki hautatutako udalbatzak bermatu bitartean. Hernaniko udal-akta liburuan jaso zen 1933ko urtarrilaren 25ean zinegotziak bildu zirela “aurreko abenduaren 30eko Legean xedatutakoaren arabera kargugabetu beharreko zinegotziak[10]”,
1933KO URTARRILAREN 24AN GIPUZKOAKO
GOBERNADORE ZIBILAREN AGINDUZ HERNANIN
IZENDATUTAKO UDAL-GESTORAKO KIDEAK[11]
|
ALKATEA |
Pedro Lujambio Beldarrain |
|
LEHEN ALKATEORDEA |
Jeronimo Velamazan Garcia |
|
BIGARREN ALKATEORDEA |
Pedro Zuaznavar Arrieta |
1932ko abenduan onartutako lege horrek zioen 29. artikuluagatik zinegotzi izendatutakoak kargua utzi behar zutela. Haiek ordezkatzeko, aipatutako udal-gestora osatu behar zen; funtzionario batek, langile batek eta zergadun batek osatuta. Honen ondorioz, egun horretan Pedro Zuaznavar Arrieta langileak, Pedro Lujambio Beldarrain zergadunak eta Jeronimo Velamazan Garcia funtzionarioak udalbatza osatu zuten.

1933/01/24ko udal-akta, udalaren kargu-uztea.
(Hernaniko Udal Artxiboa).
[5] Ezin dugu ahaztu kazikismoak bete zuen funtzioa, batez ere, nekazal munduan.
[6] La Voz de Guipúzcoa, 1931ko apirilaren 17koa.
[7] HUA / AMH // A-1-45 (H43). Libro de actas del Ayuntamiento, 1927-1931. 1931ko apirilaren 22an eta 29an ospatutako bilkuren aktak
[8] Instituto Nacional de Estadistica (INE), Fondo documental. Anuario 1932-1933, 552. orr.
[9] Bigarren Errepublikako 1931ko hauteskundeen emaitzak. Euskadi.eus.
[10] HUA / AMH // A-1-47 (H45). Libro de actas del Ayuntamiento, 1933. 1933ko maiatzaren 10ean ospatutako bilkuraren akta
[11] Ibidem.
