—gaiak—
2011KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA
2011ko Gipuzkoako Txapelketako finalistak, Ilunben:
Alaia Martin, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Jexux Mari Irazu,
Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Jon Martin eta Unai Agirre.
Iturria: http://irutxulo.hitza.info
SAILKAPENA:
1. Aitor Sarriegi (txapelduna): 1.051 puntu
2. Beñat Gaztelumendi: 1.045,5 puntu
3. Alaia Martin: 594 puntu
4. Iñaki Apalategi: 590 puntu
5. Agin Laburu: 588,5 puntu
6. Jexux Mari Irazu: 578 puntu
7. Jon Martin: 577,5 puntu
8. Unai Agirre: 572 puntu
Oñatiko saioan, Hernaniko bertso eskolako hiru kide:
Iñaki Zelaia, Jexux Mari Irazu eta Agin Laburu.
BERTSO ESKOLAKOAK
SAILKAPEN TAULAN
Finala:
— Beñat Gaztelumendi: Txapeldun ordea
— Agin Laburu: bosgarren
— Jexux Mari Irazu: seigarren
— Unai Agirre: zortzigarren
Final laurdenak:
— Iñaki Zelaia
— Unai Gaztelumendi
Final zortzirenak:
— Asier Azpiroz
Lehen fasea:
— Iker Osa
— Arnaitz Lasarte
2011ko Gipuzkoako Txapelketan, Arrasateko saioan
Beñat Gaztelumendi Alaia Martinekin kantari.
Iturria: goiena.net.
Aitor Sarriegi txapeldun, ondo merezita
Beñat Gaztelumendik jokatu zuen buruz burukoa, eta 5,5 puntura geratu zen. Sarriegik Mikel Mendizabali eskaini zion txapela.
Aitor Sarriegik jantzi zuen Gipuzkoako txapela, atzo Illunben, ia 10.000 lagunen aurrean. Lehenengo lanetan berak dominatu zuen, eta buruz burukora 16 puntuko aldearekin pasa zen, Beñat Gaztelumendirekin batera. Gaztelumendik bukaera ikaragarria eman zion saioari, eta bigarren postua lortu zuen, bigarren aldiz segidan. Final ederra izan zen, bertso mailaz eta jendez. Sarriegiri Laxaro Azkunek jantzi zion txapela, eta Mikel Mendizabali eskaini, bertso maisu izandakoari eta bertso munduan hainbeste lan egindakoari.
Orokorrean saio parekatua izan zen atzokoa. Alaia Martin eta Iñaki Apalategi hazi egin zituen plazak, eta hirugarren eta laugarren postuan geratu ziren, saio ederra eginda. Agin Laburuk bosgarren postua lortu zuen eta ale ikaragarriak utzi zituen. Jexux Mari Irazuk puntu bat gehiago behar izan zuen, aurrean sartzeko, saio erregularra eta ona egin baitzuen. Jon Martin eta Unai Agirre izan ziren zazpigarren eta zortzigarren, eta haiek ere ale ederrak utzi zituzten.
Hernaniko bertso eskolako kideek lan ezin hobea egin dute, txapelketa osoan, eta lau kide sartu dituzte finalera. Emaitza ederra, beste behin ere.
[Hernaniko Kronika, 2001-12-19]
Abenduaren 18a, Donostiako Illunben
Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu. Bi hilabete daramatzazue dieta zorrotza egiten. Auzoko dendan Gabonetako saskia egokitu zaizue.
B. Gaztelumendi:
Saski honetan sobran daukagu
janari ta edaria
turroi usaina urrutitikan
ere hain da nabaria.
Nere sabela tanborradako
notekin hasi da ia
hau izango da bi hilabetek
merezi zuten saria.
A. Rezola:
Dunkan dieta hasi genuen
ta hasieran atsegin
aitortuko dit bizpahiru aldiz
nola nuen nik hutsegin
ta orain berriz, saski aurrian
hortza zorrotzekin Agin
esaten ditek destinuai ezin
zaiola kontrarik egin.
B. Gaztelumendi:
Nabaritzen da betaurrekoak
lurrunduta dauzkazuna
janaritara luzatu ohi da
sarri gure maitasuna
gu ez bezela, Dunkan dieta hori
hori bai dela astuna
dietistak zerbait badaki baina
hemen dago osasuna!
A. Rezola:
Ikusten diat turroi tableta
ta txokolate printzia
ez dek errexa baba-jario
Beñat hemen isiltzia
ez dek komeni galtzatan ezin
kabiturik ibiltzia
baino askozez hobia ez dek
izango penaz hiltzia.
B. Gaztelumendi:
Guk nahi genuen uda heltzean
ondartzan sentitu arin
baina jadanik nekatu xamar
gaude Beñat eta Agin
zeren zain zaude kendu estalkia
eta jateari ekin!
Gure tabletan egingo dira
txokolate bigunakin.
A. Rezola:
Txokolatien kontuak nahiz ta
piztu lezaken mamua
gaur lehendabizi probatuko det
eta hor konpon damua
hitz kentzak beso hori hortikan
kozka egitera nua
edo lehenengo kozkan jango dit
igual brazo jitanua!
Bi mendizale zarete. Hamaiketakoa egiteko unean, Unai Agirrek txorixoa eta ardoa atera ditu, eta Alaia Martinek Isostar eta barrita energetikoak.
U. Agirre:
Zer negargure dedan
ez noa esatera
bota gorri hoiekin
gora eta behera
barrita ziztrin hoiek
neri ez atera!
Erniora igo gera
ez Everestera!
A: Martin:
Lehendik igoak ditut
nik Everest batzuk
zuk tortila jan eta
ardoari zurrut!
Zahatotik tragorikan
nolatan hartu guk
bestela malda doble
ikusiko baitut!
U. Agirre:
Eskutan ditugunak
nahi lituzke truka
malda gora ta behera
nolako burruka
malda doble ikusten da
hori ezin det uka
baina ez dio ajolarik
beherantza degu-ta.
A. Martin:
Ez duzu nahi ohiturak
guztiz apurtzea
nahi duzu tragoxka bat
zuri lapurtzea
merezi duzu izerdi
patsetan urtzea
zugatik jarri dute
goiko gurutzea.
U. Agirre:
Ospatzekoa ez al da
hartu degun blaia?
zuk figura nahi dezu
mehea ta galaia
ez dezu disfrutatzen
nahiz gogotik saia
zuk izena bakarrik
daukazu alaia.
A. Martin:
Izana ere badut
ez izen bakarra
baina zure ondoan
gertu dut negarra
geratu zaitez bertan
edaten pattarra
gorantza goaz ni ta
nire Isostarra.
Korrikalariak zarete. Hanka bana galdu zenutenetik, hanka ortopedikoarekin ibiltzen zarete lasterketetan. Donostiako maratoian Jexux Mari Irazuk bistan darama hanka ortopedikoa, Beñat Gaztelumendik ezkutuan.
Doinua: Aizak hi mutil mañontzi.
J.M. Irazu:
Behin jarri eta finkoa
hanka-laguna tinkoa
nere ondoan lotsati zaude
kezka haundikoa.
Azaltzea begikoa
baita nere neurrikoa
kontzientzia ez dedalako
ortopedikoa.
B. Gaztelumendi:
Nik ere korrikalari
moduan nahi nuke ari
inork ez dio erreparatzen
kontzientziari.
Ondoan begi ugari
egongo baitira adi
daukagunari baino gehiago
falta zaigunari.
J.M. Irazu:
Falta zaiguna arazo
izan liteke akaso
guk maratoia egingo degu
hori ez da frakaso.
Egin korri pausoz pauso
ta burua gora jaso
irteeran hanka erakutsi ta
helmugan bi beso.
B. Gaztelumendi:
Nahiz ta bi eskuak igo
nahiz aurrera jo astiro
istripu harek eragiten dit
nahikoa bertigo.
Hemen ez delako giro
ikusten dedan aldiro
zauri itxiek mina ematen
didate berriro.
J.M. Irazu:
Lehengo modu berdinean
ez gaudela jakinean
hala (e)re korri egiten degu
pauso arinean.
Istripuaren minean
ta zaurien ezinean
ez al zenuen hau sinatuko
UBIn zinenean?
B. Gaztelumendi:
Goizero entrenatzera
zazpi terdiak aldera
bai, egia da, pozik helduko
nintzen sinatzera
eta hemendik aurrera
bakoitzak bere karrera
nahiko garaipen bada honaino
iristea bera!
Gaixotasun batetik sendatzeko baja eman zizun sendagileak. Hala ere, haurrak zaindu eta etxeko lanak egin behar izan dituzu. Lehen eginda eta minez zoaz ohera.
Doinua: Habanera.
Beñat Gaztelumendi:
Atzo goizez jeiki nintzen
ni sabeleko min haundiz
lanera joan edo ez
pentsatu det mila aldiz
baja eman didate ta
orain ere hemen gabiltz
barruko minetan baina
seme-alabekin irriz.
Bazkaria jarri diet
berriz goxo eta neurriz
barrenetik egon arren
atsedenaren inbiriz
orain zera pentsatzen det
izarak gainean jarriz:
desberdina litzakeela
gizon jaio izan banintz.
Gizarteak eta biok
dauzkagu gaixotasunak
gaur ere lan asko zeukan
ta nere mutil-lagunak
zaindu ditut umeak ta
garbitu ditut komunak
hogeita lau ordu ez ditu
guztiontzako egunak.
Pentsamenduak argitzen
dizkit gelako ilunak
nola guztia ez duen
sendatuko maitasunak
bajak kendu dizkit nere
lantoki aldeko jardunak
baina lan gehiegi daude
ikusten ez ditugunak.
Emakume bakarra naiz
gure bulego partean
gehiegi gelditu ziren
igoeraren atean
behintzat badaukat lan bat ta
hori ez da nere kaltean
nahiz beste hiru haur ere
izan nere gonapean.
Azken finean genbiltzan
gu honen borondatean
diote aurrera omen
goazela gizartean
eta hala segiko det
ahal dedan bitartean
bi bizitza bizituaz
bizitza bakar batean.