—bertsolariak—
AMAIA OTXOTORENA GAMIO
1989an Ereñozun jaioa
BERTSOZALETASUNA
Txikitatik datorkit. Etxean amonak (Felipa Huizi) beti kantatzen zizkigun bertso zaharrak. Buruz bertso sorta asko ikasi omen zituen gaztea zela eta guk kantatzeko eskatzen genion, gehienetan “Bizkaiko Txerriaren” bertsoak. Aita ere bertsozalea zen eta gaiak jartzen aritzen zen. Bertsotan ere bazekien eta ni baino hobea zela esanez sarritan hasten zitzaidan bertsotan eta nola ez, erantzun egin behar. Familiako bazkari eta afarietan ere ez ziren bertsoak falta. Urte batzuetan urte zahar gauean lehengusuek (Hernaniko bertso eskolan ibiltzen ginen Otxotorena lehengusuek) bertso idatziak prestatu eta familiaren aurrean kantatzen genituen.
EREÑOZUKO ESKOLAN
Bertan bertsolaritza lantzen genuen Aritz Zerain eta Ibon Minerrekin. Gelakideen artean nituen Arnaitz Lasarte eta Oier Iurramendi eta gustura joaten ginen. Ereñozuko eskola bukatu genuenean Aritz Zerainek animatu gintuen Hernaniko bertso eskolara joateko eta horrela hasi ginen.
HERNANIKO BERTSO ESKOLA
Hernaniko bertso eskolan hasi ginenean talde berean geunden Oier Iurramendi, Arnaitz Lasarte, Ane Lujanbio, Itsaso Zubiria, Iñaki Otxotorena.... Hasieran Joxe Angel Aranburu izan genuen irakasle eta geroago Estitxu Eizagirre. Ostiralero izaten genuen klasea eta ederki pasatzen genuen asteburu pasa Askizura joatean edo udako astebeteko udalekuetan. Kanpora joaten ginenetan zaharragoekin elkartzen ginen (Gaztelumendi anaiak, Unai Huizi, Unai Ezeiza, Jon Otxotorena, Jon Apaolaza...) eta ederki pasatzen genuen, bai bertsoak eginez, bai bestelako kirol ekintzak eginez ere.
BERTSO SAIOAK
Ez naiz jende aurrean asko kantatu duenetakoa. Dantzari Festa, Hernaniko festetako txupinazoa, Osiñagako festak... horietan kantatu dut noiz edo noiz baina horietaz aparte bi saio ditut gogoan. Bat Portuko festetan kantatu nuenekoa. Gai jartzaile Jon Eizmendi zen eta aitarekin bertso eskolan ibilia zen eta egun hartan ezagutu ninduen.
Beste saioa, Hernaniko AEK-k 2007ko Emakumeen Egunean Oialume sagardotegian antolatu zuena. Han aritu nintzen Estitxu eta Itziar Eizagirre, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Amaia Agirre eta Nerea Elustondorekin batera.
GAI JARTZAILE
Aitor Mendiluzek eskatuta aritu nintzen 2010-2012 artean Hernaniko Bertso-Latako saioa aurkezten. Eta 2013an Ereñozuko festetako saioan ere bai.