Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

Orduko Hernani

 

      Aldaketa handiena ingurumenaren arloan gertatu da Hernanin 2010eko hamarkadan, hondakinen kudeaketan hain zuzen. 2002an Gipuzkoako Aldundiak errausketa aurreikusten zuen hondakinen plana aurkeztu zuenean hasi zen eztabaida. Txingudi inguruko medikuek lan itzela egin zuten errausteak sor ditzakeen osasun kalteez kontzientziatzen eta kontrako plataformak berehala ugaldu ziren. Errauskailuaren kokapen zehatza behin eta berriz aldatu izanak kontrako iritzia zabaltzen lagundu zuen gainera —Hernaniko mugan dagoen Igoin-Azpin jartzea ere proposatu zuen Donostiako udalak—. Azkenik, errauskailua Zubietan jarriko zutela erabaki zuten agintariek.

      Errausketari alternatibak bilatu nahian, Usurbilen hondakinak atez ate biltzen hasi ziren 2009an, eta 2010eko maiatzean Hernanin ere sistema hori jarri zuten. Ordurako Hernanin Zero Zabor taldea sortuta zegoen, hondakinen kudeaketa burutsu baten alde lanean. Gerora Zero Zabor taldeak Gipuzkoa osora zabaldu ziren. Atez ateko bilketak herritar zenbaiten artean mesfidantza sortu zuen eta ika-mika eta oposizio handia izan zen —alderdi politikoak eta hedabideak tarteko— sistema hori ezarri aurretik eta ondoren. Aitzitik, emaitzak ikusgarriak ziren: % 30 birziklatzetik % 80 birziklatzera igaro ziren hernaniarrak. Gerora, Usurbil eta Hernani eredu gisa txalotu izan dira munduko hainbat tokitan, hondakinen kudeaketaren arloan; 2013an Luis Intxauspe alkatea Europako Parlamentuan izan zen azalpenak ematen.

      Bilduk 2011 ko hauteskundeen ondoren Aldundian eta udal askotan agintea hartu zuen eta atez atekoa Gipuzkoako beste zenbait herritara zabaldu zen. Gorabehera askoren ondoren, 2013an Zubietako proiektua etetea erabaki zuen Hondakinen Partzuergoak. Hondakinen eztabaidak herritarren pentsaera aldarazi du eta zero zabor filosofiarekin bat eginez urrats gehiago ematen ari dira toki askotan, autokonpostaren inguruan, esaterako.

      Ezin da frogatu errausketak epe luzera osasunean kalteak sortzen ez dituenik, baina askok oso gogoan dute amiantoarekin gertaturikoa. Euskal Herrian milaka izan daitezke kaltegarria ez omen zen substantzia horrekin lan egiteagatik kutsaturiko lagunak, asko dira jada minbiziak hildakoak. 2010ean CCOO sindikatuak Hernaniko Orbegozo fabrikan amiantoarekin lan egindakoei ohartarazi zien Osalanekin harremanetan jartzeko; 2013ko ekainean Pedro Grijalba langile ohia hil zen amiantoak sortutako minbiziak jota.

      Heriotza ilun gehiago ere izan dira urteotan. 2011 ko uztailean Rosario Roman labankadaz hil zuen bikotekide ohiak. Hilketa hark erakutsi zuen emakumeen kontrako indarkeria oso zabalduta dagoela XXI. mendeko Hernanin. Baina ez da muturreko egoeretara joan beharrik, arazoa estrukturala da eta guztiok gara horren parte: Udaleko Berdintasun sailaren arabera, genero indarkeriaren jatorria “emakumeek bizitzaren arlo askotan jasaten duen berdintasun eza da”.

      Urte hark beste ezusteko bat ere ekarri zuen amaitu aurretik. 2011ko azaroaren 6an azken hamarkadetako uholde larrienak bizi izan ziren Urumeako erriberan. Kalte handiak izan ziren —Elorrabiko zubia bera ere eraman zuen errioak— eta erakunde arteko mahaia osatu zen, uholdeen aurrean behingoz epe luzerako neurriak hartzeko —besteak beste Karabelgo zubia botatzea aurreikusten da—.

      Hamarkada gaztea dugu oraindik honakoa, baina gertaeren zerrenda luzea da dagoeneko: Ereñozu auzo udal izendatzea; musika bandaren 150. urteurrena, Hernaniko Kronikaren 10,a; Kontrakantxa gaztetxearen eta gazte asanbladaren susperraldia; euskal jaiak berriz ere ospatzen hastea; errugbiko mutilen taldea ohorezko mailara igotzea; pilotan herriartekoan eta paletan irabazitako txapelak; futbolean eta atletismoan lortutako emaitza bikainak eta... bandera espainola udaletxean jarri behar izatea.

      ETAk 2011ko urriaren 20an borroka armatua behin betiko bertan behera utzi zuela iragarri zuen. Bake prozesuan aurrera egiteko, preso politikoen egoerari irtenbide bat eman beharra ezinbesteko jotzen dute Euskal Herriko eragile ia guztiek. Aitzitik, Espainiako Estatua ez da mugitu ere egin errepresio mekanismoak lasatzeko, ezta bultzada politikoa duten auzietan ere. 2012ko irailean Hernaniko eta Urnietako 10 gazte epaitu zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean talde terroristako kide izatea leporatuta. Fiskalak 7 eta 9 urte arteko kartzela zigorra eskatu zuen bakoitzarentzat. Frogak? Inkomunikazio aldian egindako adierazpenak, kamisetak, pinak... Azkenean epaileak denak absolbatu behar izan zituen.

      2008an ekonomiaren kaskarraldi bat baino ez zela uste zena, 2010ean jada ziurtzat zen gure artean geratzeko etorritako krisi sistemikoa zela hura. Langabezia bikoiztu egin da azkeneko bost urtetan: 2008ko irailean 790 langabetu zeuden, 2013ko uztailean 1.446 ziren lanik gabe zeudenak. Egoera larriagoa da kontuan hartzen badira iraupen luzeko langabetuak edo langabezia saririk gabe geratu direnak. Urteotan, bestalde, ez dira gutxi Hernanin itxitako enpresa eta tailerrak, horien artean Gureola Celulosas de Hernani S.A, paper lantegi historikoa.

      Kaleratze, murrizketa, etxegabetze eta erreformei aurre egiteko langileek euren esku dagoen arma nagusia erabili dute: greba orokorra. Dozena erditik gora greba orokor egin dira eta paro partzial eta sektorial ugari ere bai. 2012ko martxoaren 29an lan erreformaren kontra egindakoa dateke guztietan sendoena, sindikatu nagusi denek babestua izan baitzen. Patronalak berak egun hartako greba orokorraren arrakasta onartu zuen.

      Grebak eta sindikatuen ekintza bateratua langileen eskubideen defentsarako funtsezkoak diren gisan, krisitik irteteko alternatibak eskaintzea ere oso beharrezkoa da. Hernaniko Udalak 2013ko apirilean hitzarmena sinatu zuen Fiare banku etikoarekin eta herrian talde bat sortu da proiektu hori bultzatzeko. Gero eta zabalduago daude mundu finantzarioaren roletik kanpo aritzen diren kooperatibak, enpresak eta elkarteak, tokiko ekonomia sozialari begiratzen diotenak, ez gutxi batzuen patrikak betetzeko, baizik, guztion onerako jarduten saiatzen direnak.

Urko Apaolaza Avila