—gaiak—
2009KO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA
Talde antolatzailean: Aritz Zerain
Epai-mahaian: Bakarne Urreaga
SAILKAPENA
1. Maialen Lujanbio: 1.630,75 puntu
2. Amets Arzallus: 1.582 puntu
3. Jon Maia: 1.060 puntu
4. Andoni Egaña: 1.058 puntu
5. Unai Iturriaga: 1.046,25 puntu
6. Sustrai Colina: 1.037 puntu
7. Aitor Mendiluze: 1.009,25 puntu
8. Aitor Sarriegi: 983,75 puntu
BERTSO ESKOLA SAILKAPEN TAULAN
Finala:
— Maialen Lujanbio: Txapelduna
— Aitor Mendiluze: Zazpigarrena
Finalerdiak:
— Iñaki Zelaia
— Beñat Gaztelumendi
Final laurdenak:
— Jexux Mari Irazu
— Unai Agirre
Aho zapore gozoena utzi zidan txapelketa izan zen hau. Haurraren jaiotza zela eta gutxien prestatu nuen txapelketa eta oholtzan gehien gozatu nuena, finalerdietako 2 itzulietan kantatuz Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Aitor Mendiluze.... bezalako bertsolari konsagratuekin.
[Iñaki Zelaia]
TXAPELDUNAREN AGURRA
Abenduaren 13a, Barakaldo
Doinua: Martxa baten lehen notak
Maialen Lujanbio:
Gogoratzen naiz, lehengo amonen
zapigaineko gobaraz
gogoratzen naiz, lehen amonaz
gaurko amaz ta alabaz.
Joxei ta zuei, mila zorion
miresmenaren zirraraz
ta amaituko dut txapel zati bat
zuek guztiontzat lagaz.
Gure bidea ez da erreza
hete legez, juizioz, trabaz.
Euskal Herriko lau ertzetara
itzuliko gara gabaz
eta hemen bildu dan indarraz,
grinaz eta poz taupadaz
herri hau sortzen segi dezagun
euskaratik ta euskaraz.
Maialen Lujanbio Zugasti, Joxe Agirrek jantzitako txapela buruan.
Argazkia: Dani Blanco/Argia.
MAIALEN TXAPELDUN
Emakumea eta boterea bada gai bat. Agian kosta egiten zaigu leku horretan egotea ere. Agian badu horretan zerikusia emakume izateak. Zenbaitek esan dit “ez da ikusten txapeldun bat zugan”. Estilo kontu bat ere bada, nik ez dut azpimarratzen hori. Edo agian beldurra? Bietatik izan dezake. Azpimarratu nahi ez izatea izan liteke beldur bat edo baita gauzak beste era batera bizitzeko gogoa ere. Hori bai, asumitzen dut nire lekua, leku horren garrantzia eta sinbolikotasuna. Egon behar zen tokian egoten saiatu naiz. Baina toki guztietan ez egoten ere saiatu naiz, bistan ez egoten tokatzen ez zenean, ez zaidalako gustatzen.
[Argia, 2013-12-05, 2.394 alea]
HITZETIK HULTZERA
Bertso eskolako harremanetatik lan proiektuak ere atera dira. Horrelaxe sortu zen Hitzetik Hultzera web telebista saioa: Agin Laburu (Info7 irratia), Jexux Mari Irazu (Bertsoa.com) eta ni (Argia) bildu eta hiru medioen elkarlanean egina. Aginek irratiz ematen zituen saio denak, eta nik Argiarako jarraitzen nituen, beraz, edukia (gidoia) bion artean osatzen genuen, eta aurkeztu ere bai.
Ederrak ziren astelehen goizeko gosari horiek: bion artean asteburuko bi saioak errepasatu, bakoitzetik bertsoaldi batzuk hautatu, analisia adostu, eta Argiako gela txiki batean grabatzera. Gidoia oso xinplea zen, eta Asier Lopezek (Argia) grabatzen zuen. Kamera aurrean sortzen zen beste dena. Elkartzean berez ateratzen zaigu arpa-jotzea eta umorea (txorakeria ere bai gehiegitan) eta hori nola-hala pantailara iristen zen. Batez ere Aginek grabatzerako momentuan bertan izaten zituen erreakzioekin. Erreportaje zirikatzaileak ere egin genituen, “Asociación de Victimas del Bertsolarismo” adibidez.
Irazuk Bertsoa.comerako grabatzen zituen bertso denak eta berak pasatzen zizkigun irudiak.
Finala Hitzetik Hultzeratik eman genuen zuzenean Bertsoa.com, Info7 eta argia.com-etik, Anne Igartiburuk bezala (berak TVErako). Publikoko jende ezagunari elkarrizketak egin genizkion zuzenean, Aginek Jokin Sorozabal eta Anjel Mari Peñagarikanorekin batera egiten zituen komentarista lanak bertsoen artean...
Programa ganberroa izan zen, euskarazko lehen web telebista saioa egin genuen, eta hiru medioen arteko elkarlana abiarazi.
[Estitxu Eizagirre]
Urriaren 18a, Zarautz
Kartzelako gaia: Telefonoa jo eta jo ari da, baina ez duzu hartu nahi.
Unai Agirre:
Hilabete bat pasatua det
halamoduzko peskisan
herriko festak izaten dira
orain hor eta berriz han.
Neronek ondo jakin nezake
nundikan nora zabiltzan
neu’re gazte izan nitzan
garai batean bizitzan.
Jo ta jo dabil jo ta jo berriz
amorratuaren gisan
goizeko lautan telefonoa
ona ezin leike izan.
Zerbaitek dio ordubetean
geldi geratu nadila.
Gurasoaren bizitza degu
batzuetan marabilla
baina besteetan gure barruan
sortzen dan kezka isila...
Imajinatzen dut hila
edo gaxoa, zurbila.
Jaiki ohietik arnasa hartu
lasaitu zaitez mutila!
Mundua ez da beti beltza ta
salara joan zaitez bila.
Hainbeste bildur sartuko zenik
ez nuen asko usteko!
Baina azkenean atrebitu naiz
ondo batekoz besteko.
Amesgaizto hau buka dadila
buka dadila konpleto!
Egiz garbi esateko
ez zait atera hain terko.
Berak esan dit “Atta etorri”
parre-murritz bat tarteko
gasolinarik gabe dagola
ta bere bila joateko.
Azaroaren 7a, Bergara
Herri bereko bi herritar zarete. Zu, Jon Martin, igandero joaten zara mezetara, eta eliza erdi hutsik egoten da. Gaur telebista meza grabatzera datorrela-eta, inoiz ez bezala, Maialen Lujanbio ere etorri da.
J. Martin:
Hainbat kamara eta
mikroak zintzilik
nahiz ta deskonektatu
gu ez gaude hilik.
Bada zu bezelako
pertsona abilik
fedea duzu bainan
telebistan soilik.
M. Lujanbio:
Orduan telebista
da zuretzat mamu
juxtu bihurtu dena
neretzako amu.
Etorriko nintzake
ez nintzake damu
koro hau zenutela
jakin izan banu.
J. Martin:
Gaur loditu da dagon
jendean zerrenda
beteagoa dago
Luxianan denda.
Jainkoa leku guztitan
egoten da benga
ez dagonean ere
bertan egoten da.
M. Lujanbio:
Jainkoa ere dabil
estu eta larri.
Ni elizara ez naiz
ez azaltzen sarri
baina ezin leporatu
hori herritar horri
Jainkua ere badabil
juan ta etorri.
[Argia joan zen eta bertsolariek mikrorik gabe jarraitu zuten]
J. Martin:
Lehen mikrofonoak
ederki zebiltzan
baina ohartu zara
dagoen baldintzan:
argia eten dute
ikusten den gisan
Jainkoaren zigorra
ez ote da izan?
M. Lujanbio:
Elizak ari dira
husten, husten, husten...
Zuen poltsarik ez da
ja gehiago puzten.
Nahiz ta gaur telebistan
grabatu gaituzten
lasai ETB ez du
inortxok ikusten.
2009-11-07 Bergara
Beñat Gaztelumendi eta Maialen Lujanbio. Zuen semeak neska bat bortxatu eta hil zuen. Haren aurkako epaiketa gaur hasiko da, eta oraintxe sartu zarete epaitegian.
M. Lujanbio:
Urtebete bat pasa da baina
oraindik ez nago lasai
gaur da eguna epaitegira
sartzeko izerdi hotzez blai.
Ama den harek umetokia
besten bizitzen bizigai
nere semean ama naiz baina
neska harena ere bai.
B. Gaztelumendi:
Gure semea zen joaten zena
guri helduta parkera
txikia zela zeuzkana hiru
urte ta mila galdera.
Ez dit ardura zenbat urtean
dijoan ziegara bera
nere semea ere hil baitzen
neska harekin batera.
M. Lujanbio:
Hil zen semea ta hil ginen gu
egun hortan juan zen dana
orain arteko gure historia
kolpez bihurtu zen drama.
Hala’re badet kezka sakon bat:
gu gera aita ama
hari erne zaion amorru hura
hari guk erein izana.
B. Gaztelumendi:
Esaten nion “Hitz egin asko
eta borrokatu gutxi
inoiz ez zazu etsi nahiz dena
nahiko beztuta ikusi”.
ja hemeretzi urte baditu
dagoeneko da nagusi
eta neska bat hala tratatzen
nik ez nion erakutsi.
M. Lujanbio:
Ikasiko zun ordun kanpoan
zegon denbora apurrean.
Kontuak kontu neskaren ama
distantzia laburrean...
Eska dezaket errukia edo
belaunikatu lurrean
baina “Barkatu”ze hitz hutsa den
heriotzaren aurrean!
B. Gaztelumendi:
Bere argazki guztiak bota
behar ditugu ta punto
epaiketatik berriz etxera
gu inguratu orduko.
Amarengana barkamen eske
alperrik inguratuko
neri gertatu izan balitzait
ez bainuen barkatuko.
Kartzelako gaia: Argazkilaria zara. Oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura, eta lanean hasteko unea da.
Doinua: Martxa baten lehen notak.
Maialen Lujanbio:
Irratiak zio(e)n kaleetan
zela jendetza demasa
pankarta baten ostean oihuz
bete kale eta plaza.
Egoera da tentsoa eta
bazun iskanbila traza
hemen norbere hitzari eusten
ere ez dago erraza.
Orandik entzuten da oihartzuna
hori pelotazo jasa!
Lurrean odol arrasto batzuk
ta tentsiozko arnasa...
Kordoietik hara-hona nabil
foto bila nere kasa
baina kaskodun batek esan dit:
“Hemen ez da ezer pasa”.
Jendeak ihes ein du korrika
behe-barru ta taberna
hasi denean pelotazoen
eta tiroen galerna.
Lehen ere hau ikusia baitut
hainbat urteetan barrena
ikusi ezta ere hori pasa da
imajina nezakeena.
Poliziari aurre eginez
nere argazkilari sena
espaloi hutsak atera eta
esplikatu leike dena.
Nahiz eta ez dela ezer pasa
den esaten didatena
pasa ez denak erakusten du
sarri asko pasa dena.
Lehen ere problemak izan dira
orain sei urte inguru
lan egiten nun egunkariak
ze komeri! ze apuru!
Herritarrekin bategin eta
beste berri bat helburu
eta geroztik Euskal Herria
dibujatzen dihardugu.
Herri berean gaude zu ta ni
baina nolako bi mundu!
Zure zentsura, zure ezetza
bortitz segunduz segundu.
Baina herri honen berri emateko
nola beti gauden gertu gu
argazkirikan ez izan arren
hitzak jarriko ditugu.
Azaroaren 8a, Gasteiz
Hilabete daramazue ezkonduta. Gaur, Xabier Paya, Iñaki Zelaiak esan dizu ezin duela zurekin segitu.
Doinua: Aizak hi mutil mañontzi.
X. Paya:
Ezkontzea zen asmoa
ez al zan asmo sanoa?
Bete genuen baina sortu da
txarraren susmoa.
Eman dizut kariñoa
musua eta mimoa
horren gogorra ote da nire
sexu erritmoa?
I. Zelaia:
Polita izan zen boda
famili dana gustora
orain latigoz jotzea omen da
azken sexu moda
gauez erabat aztora
nabilki behera ta gora...
Hilabetean pasatu zera
usotik otsora.
X. Paya:
Gorputza gogoz nekea
baina heldu zan urtea
ezkondu eta zabaldu gendun
sexuan atea.
Ez zan traba esatea
hobe gendula maitea
ezkondu aurretik galtzea biok
birjinitatea.
I. Zelaia:
Juan ginan ezkontzera
zuk esan dezun antzera
biok birjinak gero gauean
hain goxo etxera...
Aurrera eta atzera
gehiegi aritzen zera
diferentzia haundia dago
galtzetik galtzera.
X. Paya:
Misionero gisako
ibiltzen zinan galako
niretzat aski ez da hori baina
zuretzako nahiko.
Akabo soka ta salto
felazio ta asalto
baina azkena egin dezagun
despedidarako.
I. Zelaia:
Beti gaude izerditan blai
sexua da gure etsai
eta gureai hartu diozu
despedida usai.
Zuk zure bidetikan jai
ni gabe ibil zaite lasai
nik despedidan kanposantura
ez nuke joan nahi.
Azaroaren 21a, Gernika-Lumo
Kartzelako gaia: Hirurehun eurorekin irten zara etxetik, eta ezer gabe itzuli zara berriz.
Doinua: Habanera.
Teniseko pilota hok
gora eta behera dabiltz
artekariek azpitik
so egiten dute irriz.
Haseran Aimarren alde
jokatu det kontu handiz
baina gero asperturik
nago jada Retegi Biz
dirua galdu ta galdu
ta ezer ez irabaziz
sarritan jokatu ohi det
era hontan arinkeriz
ta gaur beti bezelatsu
nahastuko nintzen neurriz.
Pilotaleku batera
ez naiz etorriko berriz.
Galdu nuen gaueroko
ardo eta patxarana
galdu nuen baserria
eta galdu nuen lana
galdu nuen burua ta
nere emazte laztana
galdu nuen familia
galdu aita eta ama
galdu nuen neukan hura
soilik gelditzen zait drama
galdu nuen semetxoa
dena eman diodana
galdu nuen bizi hontan
inporta zitzaidan dana
eta trukean zer izan
da irabazi dudana?
Famili normala ginen
zoriontsua tarteka.
Parkean ibiltzen ginen
umearekin lasterka
andrea ere zegoen
ta maitasunez beteta
baina hartu nuen dena
urrun bidaltzeko beta.
Sarri esaten zidaten:
“jokua ez da errenta”
baina hain da tentagarria
apustuen erruleta
ta berriro egingo det
mundu ilun hontatik buelta
bizirik sentitu nadin
modu bakarra da-eta!
Azaroaren 22a, Iruñea
Iñaki Zelaia eta Aitor Mendiluze. Animalia exotikoen zaleak zarete. Etxean pitoiak, tarantulak, eskorpioiak, eta halakoak dituzue. Orain, egongelako mahaiaren gainean zaudete biak, azpian duzuen saguarekin ikaraturik.
I. Zelaia:
Oso gustoko animaliak
iguana ta tarantula
ta xagu batek ikaratzerik
ez nun usteko sekula.
A. Mendiluze:
Tarantula ta sugeei buruz
irakurrita geunden gu
baina hau ez det inoiz ikusi
ta honek zer egiten du?
I. Zelaia:
Honen berri nik telebistatik
jakina det ozta-ozta
zer egiten dun ez dakit baino
gu jaitsi ezkero kozka.
A.. Mendiluze:
Halere ez da txarra izango
harrapatu ta akabo
terrariotik gure pitoia
begira-begira dago.
I. Zelaia:
Pitoia ere gosiak dela
oraingoz hala dirudi
ta kozka zeini egingo dio
xaguari edo guri?
A. Mendiluze:
Gelditu egin da begira dago
gauza xelebrea ezta?
Ez dakit ziur zertan ari den
beldurrez edo parrezka.
I. Zelaia:
Geuk moldatu behar deu nola hala
laguntza inork ez eskeini
zenizeroa botako nuke
baina nik ez dakit zeini.
A. Mendiluze:
Bota hautsontzi eta zapata
eta traste denak buka
badaezpada ere ondo apuntatu
arma gutxi dauzkagu-ta!
I. Zelaia:
Arma gutxitxo dauzkagula ta
hori ez da gero broma!
Beraz tiroa bakarra degu
izan beharko du ona.
A. Mendiluze:
Igual badago beste aukera bat
mahai honetatikan behera:
zure aldean ez da kristona
salta zaiozu gainera!
I. Zelaia:
Ez da komeni orain hemendik
horren azkar saltatzea
ez al da hobe mobila hartu
ta bonberoei deitzea?
A. Mendiluze:
Beranduegi izan liteke
hauxe da azken aukera
hil ala bizi eman eskua
ta goazen biok batera.
Azaroaren 29a, Donostia
Iñaki Gurrutxaga eta Maialen Lujanbio. Finalerako sarrerarik gabe geratzeko beldurrez, atzo jarri zineten leihatilaren aurrean, kanpin-denda eta guzti. Lerroan zuen aurretik zegoenak erosi ditu azken sarrerak.
I. Gurrutxaga:
Gure aurrean bi txorimalo
ta azkenak beraientzat
rebentarako aukera behintzat
emango ahal dute behintzat!
M. Lujanbio:
Bi txorimalo hoiek dauzkagu
gertuan ta parez pare
bertsoak aditzeko rebentan
zenbat patzeko prest zaude?
I. Gurrutxaga:
Bi txorimalo nola dauzkagun
rebentako parez pare
momentu hontan salduko nuke
nere bikotea ere!
M. Lujanbio:
Txapelketa aurten halako boom
ta exitoa izan da, ño!
Klasifikatzea errezago
sarrerak lortzea baino!
I. Gurrutxaga:
Beraz sarrerak lortzea zaila
omen degu geurekiko
lau urte barru badakit beraz:
apuntatu eta kito!
M. Lujanbio:
Hara! Hor pasa da Iturriaga
harrotasunez beteta
eska zaiogun seguru asko
erosiak zeuzkan-eta!
I. Gurrutxaga:
Erosita bi izango zitun
Iturriagak bazpa’re
baina Durangon erosi gabe
lehendikan dexente daude.
M. Lujanbio:
Hor pasa da Iñaki Murua’re
lehendakari ohoredun
horren xuabe hitz egiten du
ia ze borondate dun!
I. Gurrutxaga:
Hara Lizaso! Cuatro por cuatro
batekin dator xuabe
seguru bera sartuko dala
bat’e sarrerarik gabe!
M. Lujanbio:
Baina gu sartzea hain erreza
izango danik ez uste!
Antolakuntzako peto hoiek
txinotan saltzen dituzte.
I. Gurrutxaga:
Antolakuntza utzi ezazu
badaezpada apartean
ETB 1en ikusiko deu
anuntzioen artean.
M. Lujanbio:
Hainbeste denbora hemen pasa ta
ez sarrera ta ez bat’e!
Ba hamaka hontan geldituko naiz
U Dos-en kontziertoa arte!
Abenduaren 13a, Barakaldoko BEC, finala
Aitor Mendiluze, zure lehen laneguna da gaur, eta eguerdian lankideekin irten zara nonbait bazkaltzeko asmotan. Andoni Egaña ama dago atean, babarrunak termoan dituela.
A. Mendiluze:
Lehenengo lan eguna
hasi det honela
atarira irten ta
sorpresa itzela.
Sentitu nahi nuen bai
etxean bezela
baina esan nizun ama
hau gehiegi zela.
A. Egaña:
Etxean beti gose
ta beti asekaitz
hargatik taperrakin
etorri ni garaiz.
Lantegitik irtena
zazpi lagun alaiz
denentzako egin det
zuekin joango naiz.
A. Mendiluze:
Berehala topatu
dezu zuk lekua
berehala konpondu
besteekin tratua
denentzako taper bat
ondo berotua
ta gero bulegoan
haize girotua.
A. Egaña:
Klaro gero “Prip” ta “Prap”
han zortzi bat putre
babarrunak jatea
mesede zenuke
lana ze arraio dan
badakizu zuk’e
ta horrela azkarrago
egingo dezute.
A. Mendiluze:
Uxatzeko esan det
ta zuk bueltan irri
semea berriz ere
denen parregarri.
Zerbait eskatzen dizut
ama nago larri:
ez zaidazu lepoan
serbilleta jarri.
A. Egaña:
Noski hori zuretzat
litzake tristea
nik ez neukan burutan
horra iristea
baina eskatzen dizut
ai seme gaztea
bukatzean ahoa
garbitzen uztea.
Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio. Zuen ama gaur irtengo da anorexia gaixotasunetik sendatzeko zentrotik. Hirurentzako bazkaria prestatzen ari zarete.
Doinua: Aizak hi mutil mañontzi.
M. Lujanbio:
Gure amak ze gaitz grabe
eta guk ze atsekabe!
Itxuran miran ia ez zala
berrogeiren jabe...
Lehenik pure bat xuabe
gero arraia; hala’re
astiro-astiro joan gaitezen
baina etenik gabe.
A. Arzallus:
Urteetako palizan
buelta hartu du balizan
ta orain garai berri bat hasten
dugunez bizitzan.
Arrai pixkat bere ditxan
asko ez, betiko gisan
berak ere ezetz esan beharrik
ez dezala izan.
M. Lujanbio:
Guazen beraz pausuz pausu
amari eginez kasu.
Animo ama proba itzazu
kutxaraka batzu
ispilua’re hor daukazu
andre ederra zera zu
ispiluari gezurra zuk zeuk
esaten diozu.
A. Arzallus:
Ene zenbat korapilu
platera eta katilu
ispiluaren aurrera juan ta
bi begien brillu...
Baina ze ispilu istilu!
Ze arma ta ze iskilu!
Gaurtik aurrera gure begiak
dituzu ispilu.
M. Lujanbio:
Denborak aurrera darrai
garai batean nolanahi
esaten zigun “Bazkaritan ez
ba meriendatan bai!”.
Lana da sinistea ai
lana da egoten lasai
gu bioi jaten eman zigunak
ez duela jan nahi!
A. Arzallus:
Ez zazu egin zalantza
irauliko da balantza
nik hartzen diet Eguberri zahar
pasatakoen antza.
Ama hor daukazu saltsa
jan lasai ta hartu hatsa
baina hori bai bukatu aurretik
ez zaitea altxa!
Medikua zara, Maialen Lujanbio. Minbizia duten ume bi ikusten dituzu ospitaleko korridoreetan gurpil-aulkiekin lasterketak egiten.
Zabal-zabalik geratzen zaizkit
nere begi nere aho
ospital hontan sartu zirala
denbora joan da luzaro:
abuztu, irail eta urria
bihurtu zaie azaro
ta zai-zai daude noiz irtengo edo
noiz aginduko “Akabo!”
Elkarri nola deitzen dioten
“Burusoiltxo!” eta “Kalbo”
minbizi duten bi umeeri
begira-begira nago
eurengan minak badu indarra
baina bizitzak gehiago.
Egiten dute irrifar eta
begitan dute dizdira
etsitzen dute nahiz ta lagunak
eta eskola desira.
Denborarako egin zieten
laguntxoei despedida
eta orain biak hemen dabiltza
juerga, salto, buelta, biba...
Tututxo batek lotuta dauzka
oxigenoan harira
baina kontentu ta lasai daude
jolas hoietan argi da
ta maitasuna behar dutenak
euren gurasoak dira.
Aita ta ama hor ikusten ditut
ta nola ez konprenitu?
Esperantzako eskatzen dute
arren zerbait zirrikitu.
Euren aurrean negar ein nahi ez
ta barrun ezin kabitu
urruntzen dira umeengandik
ta orduan begiak blaitu.
Nik gurasoei esaten diet
“jarraitu! Gogor jarraitu!
Zuen umeak indartsu dira
hemen ez da deus amaitu
ze bizitzeko gogoa dunak
bizitzea lortzen baitu”.
Buruz-burukoa. Kartzelako hitza: Sua.
Maialen Lujanbio:
Hura asmakizuna
homo habilisena!
Bazun intentzioa
bazuen sena!
Bi harrik elkar jota
txispa bat aurrena
asmakizun haundina
mendeetan barrena.
Sua da problema
zenbait basorena
edo jaki dena
berotzen duena
eta bi begiradek
sortzen dutena.