—gaiak—
2007KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA
SAILKAPENA
1. Aitor Mendiluze: 946.
2. Beñat Gaztelumendi: 914.
3. Jon Martin: 555.
4. Jon Maia: 553.
5. Jexux Mari Irazu: 548,5.
6. Aitor Sarriegi: 546,5.
7. Unai Agirre: 541,5.
8. Iker Zubeldia: 520,5.
BERTSO ESKOLAKOAK SAILKAPEN TAULAN
Finalean:
— Aitor Mendiluze: Txapelduna
— Beñat Gaztelumendi: Txapeldun ordea
— Jexux Mari Irazu: Bosgarren
— Unai Agirre: Zazpigarren
Final erdietan:
— Iñaki Zelaia
Final laurdenetan:
— Agin Laburu
— Joxe Luis Urdangarin
Lehen fasean:
— Aritz Zerain
— Ibon Miner
— Iker Osa
— Iker Alustiza
— Unai Gaztelumendi
— Arnaitz Lasarte
Epaile: Joxe Anjel Oiartzabal, Bakarne Urreaga.
TXAPELDUNAREN AGURRA
Abenduaren 16a, Donostia.
A. Mendiluze:
Aurrena aita zenari
ni nun nengoke bestela?
Etxekoei ta lagunei
ia zorretan bezela
bertso-eskolari noski
badakit hor dagoela
ta lagundu didan hari
nahiz jakin gogorra zela.
Guztioi dagokizue
itzalpe honen epela
baina ezin ditudanez
denak aipatu honela
nolabait maite hitzari
lotu nahi diot txapela:
ditudanek ta nautenek
bere senti dezatela.
Arnaitz Lasarterekin, eta Usurbilgo bertso eskolan Xabier Sukia eta Ibai Esoainekin aritu nintzen preparatzen. Ustez ongi nenbilen bertsotan. Kontua da gaixotu egin nintzela, ingresatuta egon nintzen, kristoren kilo pila galdu nituen... Ospitaletik atera eta lau egunera nuen saioa. Saio ona izan zen, puntuazio altukoa. Arantza geratu zitzaidan osasunez ongi egonez gero gehiago prestatu eta aurrera egin ote nezakeen...
[Unai Gaztelumendi]
Txapelketa baino lehen esaten nuen, “txapelketako gazteena izateko eta Juanito Mitxelenarekin argazkian ateratzeko bakarrik aterako naiz”.
[Arnaitz Lasarte]
Bertsotan gehien egiten nuen garaia zen, Ereñozun astean bi-hiru aldiz biltzen nintzen Aritz Zerain, Ibon Miner eta Iñaki Zelaiarekin. Eta Unai Gaztelumendi eta biok ere geratzen ginen preparatzeko. Preparazioa oso ona izan zen.
[Arnaitz Lasarte]
Ni Gipuzkoakoan proba egiteko hasi nintzen. Kontziente nintzen 20 urte neuzkala, eta nik uste bertsolari denen bizitzan txapelketa momentu batek merezi duela. Bestelako goranahirik gabe joan nintzen, banekien ongi ari nintzela bertsotan baina ikusten nuen ez nintzela besteak baino gehiago. Nik uste faktore askok bat egin zutela eta horri esker iritsi nintzela iritsi nintzen lekura. Baina txapelketa bera hilabete lehenago edo beranduago izan balitz, seguru asko lehenengo fasean kanpoan geratuko nintzen.
[Beñat Gaztelumendi]
Txapelketan ateratzeko asmorik ez neukan jada. “Berriz txapelketara, zertara?”. Baina suerte edo desgrazi bat badaukagu, Hernanin bizi garela, eta asko gara. Bata bestearen anparoan berriz ere sartu egin ginen txapelketan. Aranon biltzen garenon kasuan, uste dut batik bat Agin Laburugatik parte hartu genuela. Bera etorri zen Aranoko bertso taldera, txapelketa horretarako ilusioz beteta. Guk denok laguntzen genion prestatzen, baina hura beste erritmo batean zetorren! Ilusioa galdua genuenok, bera preparatzeko horretan berriz mozkortu egin ginen eta berriz hasi ginen bertsotan geroz eta txukunago egiten.
[Unai Agirre]
Beste txapelketak baino askoz gehiago preparatu nuen. Koadernoarekin, liburutegian, esaera zaharrak begiratu, errimak jarri eta asko entzun. Bertsoa.com-ekin grabatzera joaten ginen bakoitzean koadernoarekin joan eta zerbait gustatuz gero apuntatu...
[Agin Laburu]
Orixe saritik deitu zidaten eta ezezkoa eman nien “edade honetan jada ez daukat Orixera joaterik!”. Baina baten bat falta zitzaien eta azkenean esan nien “joan egingo naiz ba!” Joan eta irabaztea tokatu. Harekin pixka bat motibatu nintzen, Aranon ere gero eta egur handiagoan hasi ginen... Gipuzkoako Txapelketa etorri zen eta niretzako kantatzeko ederra izan zen: lasai nengoen, disfrutatzera bakarrik joandako txapelketa izan zen, eta dena parean tokatu zitzaidan.
[Unai Agirre]
Jendeak estilo bat aitortu dit orain, eta ni inoiz ez naiz estilo baten bila joan. Nik horrelaxe kantatu dut beti. Tokatu zen bai ni eta bai Aitor Sarriegi, aparkatuta geunden bi bertsolari, Gipuzkoako txapelketan hasi eta finaleraino ailegatzea, gauza txukun batzuk eginda, eta orduan azalpenen bat bilatu behar izaten da.
[Unai Agirre]
FINALA
Ilunbeko finalaren sentsazioa ederra da, hainbeste txalo eta hainbeste jenderen aurrean kantatzea. Baina bertsolari bezala nik uste gehiago markatu ninduela Tolosako saioak. 1997ko Txapelketan entzun nuen Jon Maia, eta Tolosako saioan berarekin kantatzera ateratzeko deitu zidatenean, oraindik gogoan neukan zer bertso kantatu zituen 1997ko finalean. Zure eredu izan denarekin bat egiten duzu saioan eta bertsotan norbait bazarela ikusten duzu.
[Beñat Gaztelumendi]
Finala Ilunben zen, 9.000 lagun... lehenengo aldiz iritsi nintzen finalera, baina edade bat banuen eta gutxieneko taula batzuk ere bai, saioa itxura antzean salbatzeko.
[Unai Agirre]
Bukaera ederra izan zuen Ilunben, Gipuzkoako txapelketa batek aspaldi izan ez zuen errematea. Finaleko kuadrilla ere oso ona zen... txapelketan zehar eta finalean gustu onarekin geratu nintzen.
[Jexux Mari Irazu]
Finalean gure artean komentatzen genuen “joe, hau, handi xamarra da, e!” Hasierako agurra bota eta trumoia bezala entzuten ziren txaloak!
[Beñat Gaztelumendi]
Buruz burukora pasatzerik ez nuen espero. Izenak irakurrita bakarrik zortzigarrenerako borrokan joan nintzen, burutik pasa ere ez zitzaidan egin buruz burukora pasatzerik, inozentzia horrekin joan nintzen. Esan zuten nire izena eta momentu batean flotatzen ari nintzela sentitu nuen. Gero Aitor Mendiluzerena esan zuten eta “beno, orain kantatu egin behar da berriz eta honi segitu egin behar zaio”. Nik gozatu egin nuen buruz burukoan. Alde on hori daukat, nahiko hotza naiz eta buruz burukoan ez naiz nerbioso jartzen.
[Beñat Gaztelumendi]
Bertsozale Elkartean eta inguruan nahiko momentu xelebrea pasata nengoen eta esaten duzu “pasatzen dena pasatzen dela, plazara joan eta bertsoa egiteko oraindik kapaz banaiz behintzat”. Ez da momentu txarra txapela jantzi eta “bertsotan jarraituko dugu, denaren gainetik” esateko. Lehenengo txapelak jo eta erotzeko poz hori ematen badu, bigarrenak beste lasaitasun bat ematen du, beste pisu bat.
[Aitor Mendiluze]
Irailaren 22a, Orio
Puntua:
Gaua ura edanez
pasatu ezkero
Agin Laburu:
ertzainai “Zemuz hago?”
esan leike gero
baino hori errexa
ez litzake edo
bestela egingo nuke
gauero-gauero.
Irailaren 23a, Hernani
Zu, Unai Agirre, berandu esnatu zara, eta presaka abiatu zara autoz lanera. Semaforo batean geldi zeundela, Uxue Alberdi kristalak garbitzen hasi zaizu.
U. Agirre:
Ahal zenikan azkarren
etxetik atera;
despertadore zaharra
da nere galera.
Bihotzak buelta eman dit
noa esatera;
ustez nahiko berandu
nijoan lanera;
zu lantegi honetan
noiztik ari zera?
U. Alberdi:
Aspalditikan nabil
baitut diru gutxi;
zikinkeriz autoa
daukazu itsusi;
aparrakin hor nabil
igurtzi ta igurtzi
ta aparrezko bihotz bat
hortxe dizut utzi
ta arren orain nirea
ez zazula hautsi.
U. Agirre:
Semaforoan hona
etorri jo ta su
igual egin zezakeen
zenbait enbarazu.
Bentanillan hizketan
ai gera ni ta zu;
hau da hau lantegia
pobrezia kasu!
Garbia dago baina
garbitu ezazu.
U. Alberdi:
Makurtu egiten naiz
zure ohorera.
Holako gizonikan
gelditzen ote da?
Eskobilla pasa dut
nik goitikan behera;
garbituko dizkizut
ta merke gainera
beira ta kontzientzia
guztia batera.
U. Agirre:
Berriz hitza hartu dut
ur pixkat edanda
nahiz ta egin nahi nukeen
zure propaganda;
berriro(e)re berdean
hor jarri da danba!
Nahiz bihotza xamurtu
lau kontu esanda
agur orain banoa
propina emanda.
U. Alberdi:
Gizon batzuk bihotza
haundia daukate.
Zurekin elkartzea
ez da izan kalte;
dirua duzu baina
kezkarik ez bate(re);
berde jarri da eta
bagoaz aparte
ni(e)re banoa berriz
gorritzen dan arte.
Irailaren 23a, Zaldibia
Zu, Aritz Zerain, bakarrik bizi den adineko pertsona bat zara, eta konpainia egingo dizun gazte baten bila zabiltza. Iragarkia jarri duzu egunkarian eta Unai Gijarro etorri da.
A. Zerain:
Larogei urte bete
berriak ditut nik
eta adin honetan
ez dago gauz onik.
Ez nun uste inor nik
hartu behar nunik
baina ez pentsa hartzeko
seguru nagonik:
zure etxean zaindu
al dezu aitonik?
U. Guijarro:
Lehenago eduki nun
aitona etxean
eta hura zaintzen nun
hala behartzean
ta orain zu hor zaude
nere aurrerantzean;
gertu izango nauzu ni
zure aldamenean
eta zainduko zaitut
denbora luzean.
A. Zerain:
Zaharrak bizi ohi gera
egoera estutan
eta are gehiago
etxe haundi hustutan;
plaza honen bila zu
etorri disputan.
Aitona zaindu dezu
hartu det kontutan
baina zenbat iraun zun
hark zure eskutan?
U. Guijarro:
Zahar-zaharra hil zen
hoi ez da problema;
nik alaitu ohi nion
eunero barrena
ta triste zegonean
emanez kemena.
Zuri hala egiteko
hemen det ordena
nik emango baitizut
falta dezun dena.
A. Zerain:
Ni egoskorra nago
bainago zahartua
honezkero egongo
zera ohartua.
Beno konforme zaude
beraz onartua
baina ez da izaten
hain errez tratua:
lehenengo egingo dizut
proba kontratua.
U. Guijarro:
Honen galdeketa hau
behintzat ez da broma
azterketa latza da
ta sakon-sakona
baina ni naiz seguru
zuretzat dagona.
Heldu gerritik eta
etor zaite hona
goazen paseatzera
kalera aitona.
Irailaren 30a, Hondarribia
Ezkontzera zoazte, eta gonbidatu-zerrenda egiten ari zarete. Zu, Nerea Elustondo, ohartu zara Iñaki Zelaiak aurretik izan dituen bikotekide guztien izenak idatzi dituela zerrendan.
N. Elustondo:
Inbitazioetan
hor gabiltz galako
eta ez dira izen
gutxi aterako:
gonbidatu dituzu
neskalagun franko;
nere beharrik ba al
dezu gauerako?
I. Zelaia:
Zuk presta soinekua
prestatu pastela;
neretzako zerrenda
ta gaueko gela;
ezkontzera noala
jakin dezatela
lata ematen segiko
baitute bestela.
N. Elustondo:
Beraz orain nahi dezu
dena kontrolatu
zure esana nahi nun
orain aintzat hartu;
hamabost ex horrela
kolpetik kontatu
eta nere ama ez
dezu gonbidatu.
I. Zelaia:
Hamabost exak dauzkat
bistan parez pare
zu berriz zera sendi
haundiaren jabe;
zure ama ederki
ezautze’t hala(e)re
ta hura etorriko da
gonbidatu gabe.
N. Elustondo:
Hori kantatu dezu
oso modu lasaiz
halakoak aditu
izana naiz ni maiz;
denak gonbida itzazu
oaindik zabiltz garaiz;
badezu nun hautatu
ni joaten ez banaiz.
I. Zelaia:
Hamabost abentura
bizitzan barrena
gaur zu ez etortzia
litzateke pena;
bihotzez entzun zazu
esango detena:
betirako dedala
hamaseigarrena.
Urriaren 6a, Errenteria
Unibertsitatera joan zarete matrikulatzera. Ikasgaiak aukeratzeko orduan, zuk, Iker Osa, gaur egungo bertsolaritza hautatu duzu. Zuk, Ibai Esoain, bertsolari klasikoak.
I. Osa:
Nahiz ez diodan egin
hainbat amenazu
bada ez bada ondo
aukera ezazu;
lehengo bertsolaritza
zertan zabiltza zu?
Alde earra Iriondo
edo Elizasu.
I. Esoain:
Elizasu guapoa
diote horrela
baina ez daukate lehen
zeukaten kordela;
uste det klasikoa
askoz hobe dela
nundik ikasi dute
gaurkoek bestela?
I. Osa:
Baina klasiko hori
dana oroitzapena
egungoa ez al da
ikasi behar dena?
Ezagutzen al dezu
hernaniar zezena?
Aurten gipuzkoakoa
jantziko duena.
I. Esoain:
Gaurkoa ta gaurkoa
a ze erraminta!
Ez dezu nahi itxuraz
asko ikasi ta...
Hernaniko zezena
zabiltza nahasita
han bat ezagutzen det
ta hura Txirrita.
I. Osa:
Baina lehengorik ez det
ahaztuko sikira
Txirritak sortu ohi du
hainbeste kupira.
Txapelketan sortu nahi
dutenek diztira
entrenatu ohi dira
Egañai begira.
I. Esoain:
Gaurko bertsolaritza
aztertzera noa:
ez da lehengoa bezain
jatorra, sanoa
haundin, txikin, kartzela
denetara doa
bazpa(e)re hobe izan
lasikomanoa.
Urriaren 20a, Azkoitia
Zu, Jexux Mari Irazu, zure bikotekideari barruko arropa sexya erostera joan zara. Dendaria, Agin Laburu, bikotekiaren aita da.
J.M. Irazu:
Lentzerira sartu naiz
nahiko pixkanaka
ikusi eta ia
bueltan atzeraka;
leopardozko tanga
zaidazu aparta
ai laguntxo batentzat
oparia da-ta.
A. Laburu:
Ez zaite jun hain azkar
zanpa zazu galga!
Oraindik ez da pasa
iraileko malda;
lagun batentzat ta ni
zurekin asalda:
ehizera joateko
lagunantzat al da?
J.M. Irazu:
Bai zure reflejoa
hartu behar det ontzat
ehiza kontuarekin
harremana behintzat;
ehiza lehen egin nuen
zuzena deritzat
kasu honetan degu
eskopetarentzat.
A. Laburu:
“Lagunarentzat dala
ez esan inori”
ahopeka esan dit
nik ulertu ongi.
Ta eskopetarentzat
tori, tori, tori
punteri txarra badu
alperrik du hori!
J.M. Irazu:
Uste det punterian
bera dala maisu.
Oraindik kotoaren
berri ez dakizu;
lentzeriako jauna
aizu, aizu, aizu
igual pizti txikin bat
iritsiko zaizu.
A. Laburu:
Beraz basapizti bat
aurre ta atzia
eta aitarentzako
hau da hau trantzia!
Pizti txiki bat bada
badu garrantzia
aitan iguala bada
kaiolan sartzia.
Urriaren 20a, Azkoitia
Zu, Unai Agirre, udaltzaina zara. Goizeko lauretan, artean taberna bat irekita zegoela-eta, ixteko agindua ematera joan zara. Eta hara non ikusi duzun Xabier Sukia alkatea.
U. Agirre:
Kaixo alkate jauna
etxerik ez al zen?
Gaur ere ari zera
zu papelak galtzen;
laurak arte ez nintzan
tabernara sartzen;
berriz harrapatu det
ejenplua jartzen.
X. Sukia:
Zatoz barrura sartu
ta itxi atea;
zerbeza baso bat dut
zuretzat betea.
Bihar lehen orduan
sar zazu partea
baina ahaztu gabe
zein dan alkatea.
U. Agirre:
Honek ibili ohi du
hainbat kontrabando
hori gauza onena
ez degu izango.
Bihar hitz egingo deu
lasai eta ondo;
a lehenenego orduan
ez zera egongo.
X. Sukia:
Bueno ba hamabitan
juango naiz aupa;
herriak horregatik
ni ninduen hauta.
Porra xahar horrekin
nola egin zaunka?
Nere boligrafoak
indar gehio dauka!
U. Agirre:
Oraintxe berak ein du
porraren galdea
gaia desbiatzeko
abilidadea.
Agur alde egiteko
daukat nik idea;
bilatuko al dezu
etxera bidea?
X. Sukia:
Alkatea beti da
kondaira ta mito;
lasai ni etxera gaur
bainaiz iritsiko.
Bai, bai segi aldegin
atea itxi, kito;
Praxku beste kaina bat
ta jarri Benito!
Hitza: XXL.
Agin Laburu:
Haunditasunan menpe
gabiltza beti gu
bat baino askoz hobe
baldin bada hiru;
arrakasta topera
behar aina diru;
handikerian ere
hain gera gatibu;
askon usteak taila
hain zuzen hori du.
Urriaren 27a, Eibar
Atzo adarrak jarri zenizkieten zuen bikotekideei. Zuk, Iker Zubeldia, lasai egin duzu lo. Iñaki Zelaiak berriz ez.
I. Zubeldia:
Kezkatzen zaituena
bikotean bronka;
kirioak dauzkazu
lepora igota
ta nei berriz gaurkoan
bat e(re) ez dit inporta
ohera joateko
nekauta nago-ta
lo egingo ez det ba
lau asalto jota!
I. Zelaia:
Lau asalto jotzea
ez degu normala;
badaukazu indarra
ez zera makala!
Baina nik berriz baju
daukat gaur morala
uste baitet adarrak
gaur esan bezala
nere andriarekin
jarri dizkadala.
I. Zubeldia:
Hala (e)re ez zait alda(t)u
neri kolorea
hala ere badaukat
nahiko balorea;
emakumatan beti
izan naiz trebea;
beti ezin ibili
bakoitzak berea
etxean egongo da
harzazu nerea.
I. Zelaia:
Orain esan dezunak
nolako ardura!
Ez pentsa hasieran
nik egin det duda
baina gaur segituan
etorri burura:
zuk tratatzen badezu
diozun modura
seguru nekatuta
dagoela hura.
I. Zubeldia:
Izango du izerdie
lepo ta kopetan
asko ateratzen da
horrelakoetan.
Nekatuta dagola
ai da errietan.
Etxera ez joateko
triste ta penetan
hartuko deu trago bat
argi gorrietan.
I. Zelaia:
Orain argi gorria
zutzat ez da traba;
onartzen det: ematen
didazu ikara;
bihar pikatxoiakin
lanera, plazara;
ohean horren ona
trebea bazara
jornala atera zazu
gigolo gisara.
Azaroaren 17a, Eskoriatza
Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre. Bi futbolari zarete. Gaurko partidan hamabosgarren gol aukera ere huts egin duzue.
B. Gaztelumendi:
Uste det porteria
estutu dutela
U. Agirre:
bateon bat sartuko nun
gaurkuan bestela;
B. Gaztelumendi:
Unai guk ezin degu
jarraitu horrela;
U. Agirre:
uste det porterua
onentsuna dela.
U. Agirre:
Portero gabe ere
sartuko al degu?
B. Gaztelumendi:
Keba! Horretarako
desastre gaude gu;
U. Agirre:
“Aldegin zak paretik!”
ein diot erregu.
B. Gaztelumendi:
Hamaseigarrenian
sartu dezakegu.
B. Gaztelumendi:
Baloia iritsi da
harea barrura
U. Agirre:
zuk eman akiozu
nik det mila duda;
B. Gaztelumendi:
erdiratuko dizut
nik zuri burura
U. Agirre:
ta nik emango diot
berriro eskura.
U. Agirre:
Bizi guztia hontan
ta ezin asmatu
B. Gaztelumendi:
baina hala’re ondo
ohi degu kobratu;
U. Agirre:
gaur gol gehiegi ezin deu
guk guretzat batu
B. Gaztelumendi:
baino baten bat edo
behar degu sartu.
B. Gaztelumendi:
Bukatzear daukagu
bigarren zatia;
U. Agirre:
ni korrika nihoa
hemendikan ia;
B. Gaztelumendi:
nik ere ikusi det
zure desmarkia;
U. Agirre:
alde egingo det nik
utzi ta pakia!
U. Agirre:
Bate(re) ez asmatzeko
hobe ez saiatu
B. Gaztelumendi:
baina itxura pixkat
behar degu hartu.
U. Agirre:
Han beste bat bakarrik
azkar konturatu;
B. Gaztelumendi:
zaleak baietz aurki
gukin hasarratu!
B. Gaztelumendi:
Aurki bidali dute
direktiba ere;
U. Agirre:
hura bera joan da
egizu mesede.
B. Gaztelumendi:
Hau bukatzera doa
ta saiatu trebe
U. Agirre:
bate(re) ez saiatzea
ez al degu hobe?
U. Agirre:
Berriz ere segundan
baietz Erreala!
B. Gaztelumendi:
Arbitroak txistua
jo behar duala;
U. Agirre:
ea eskapa zaitez
nola edo hala!
B. Gaztelumendi:
Keba, keba gaur ere
galdu deu finala.
Azaroaren 17a, Eskoriatza
Paseatzen topo egin duzuen bi lagun zarete. Zuk, Jexux Mari Irazu, zure aita daramazu gurpildun aulkian. Zuk, Beñat Gaztelumendi, zure semea haur kotxean.
Doinua: Aizak hi mutil mañontzi.
J.M. Irazu:
Nik aita daramat bertan
zu semearekin bueltan;
alde ederra soma liteke
bien gurpiletan.
Ikusten da egietan
keinu bana begietan;
hara hementxe gure bizitza
fase guztietan!
B. Gaztelumendi:
Metafora ederrena
ikusten degu gardena
biok bizitza arnastuz goaz
parkean barrena;
berdin-berdin da izena
aulki edo kotxearena
gurpilan bueltan jarraitzea da
ajola duena.
J.M. Irazu:
Zaila da hori berdintzen
ez zaio asko gelditzen;
“Kurpilak segi baina noiz arte?”
galdetzen det maizen.
Zu ongi semea zaintzen
ni ere ibili nintzen
baino aita zaintzen ez dira beti
semeak ibiltzen.
B. Gaztelumendi:
Hizketan ideiaz lepo
eta begira parkeko
zuhaitzak daude biluzik, lurra
alfonbra antzeko;
aukera degu konpleto
hostoetan ikusteko
zaharrek erori behar dutela
berriak sortzeko.
J.M. Irazu:
Bizitzaren parabola
ezin aldatu inola;
zuk borobildu duzu guztia
beti dariola;
semea bertan dagola
ipini eskutan hola.
Seguru nago muxu haundi bat
eman nahi diola.
B. Gaztelumendi:
Bi eskuak kotxetxora
haurtxoa bere altzora
muxua eman nahiko balio
emango dio ba!
Sentitu dadin gustora
gelditu dadin denbora
gonbidatuta zaudete biok
bere bataiora.
Abenduaren 16, Donostiako Illunben, finala
Hasierako agurra.
Doinua: Zaldi zuriarena.
Beñat Gaztelumendi:
Hau omen da Illunbe
aibala, aibala
uste nun haundigua
izango zala!
Etorri gera zazpi
zezen eta txahala;
kantatu nahi det lasai
banengo bezala
pentsatuz hau dala
nere etxeko sala;
bi adarrak hala
zorrotz ditudala...
Gainditu nahi nauenak
sufri dezala!
Farmazialaria zara, Beñat Gaztelumendi. Guardian zaudela, Unai Agirre etorri zaizu, goizeko bostetan, kondoi eske.
B. Gaztelumendi:
Silloian esertzea
nuenez mesede
amets egitea nun
gaueroko lege;
ta kondoi bila zatoz
orain alafede!
Ni bezela ametsetan
al zeunden zu ere?
U. Agirre:
Hara! Bilatua det
farmazi edo denda;
goizeko ordu txikitan
hain gustoko prenda...
Gaua zer dan dakizu
isil zaitez benga!
Gutxina uste danean
ordun tokatzen da.
B. Gaztelumendi:
Bai zu ikusi eta
zail da pentsatzea
ez zera uste nuen
ligoian klasea;
farmazi bila dezu
gau dena pasea
soilik gelditzen zaizu
neska bilatzea.
U. Agirre:
Gaurko kondoi kaja da
oso garestia!
Neskak hemen ez daude
baina urrun ez dia;
gaur bat nik bilatu det
ona ta eztia...
Ez dezu pentsatuko
zuri aurkeztia?
B. Gaztelumendi:
Beraz txikiak eman
ohi dizu ikara;
inbiritan al zaude?
Hara, hara, hara!
Gaurkuan ligatzia
hain erreza bada
farmazia itxi ta
goazen tabernara!
U. Agirre:
Ikusi dedanian
begien diztira
zurekin ez nijoa
lagun urrutira;
ligatzea zaila da
baina ai! Begira:
kondoiak garestigo
ateratzen dira!
Jexux Mari Irazu - Aitor Mendiluze. Abokatu bufete bat daramazue bion artean. Emakume bat bortxatu duen batek bera defendatzeko eskatu dizue.
J.M. Irazu:
Abokatu naiz nere ofizioan
asko ikusia nago
kontzientzian gainetik nere
ofizioa oparo;
kondena ezin eman liteke
epaitu baino lehenago
eta bortxatu egin duela
frogatu egin beharra dago.
A. Mendiluze:
Bai, bai nahiz eta medioetan
epaiturik duten aurrez
bufete hontan erabakiak
ez dira hartzen hain errez;
guk defendatu ta epaitzea
hala dagokio legez;
epaile batek esan behar du
erruduna den edo ez.
J.M. Irazu:
Ikusten da bai gaurko hau dela
benetan kasu gogorra
ikuitzen baitu indarkerian
generoaren alorra.
Defenditzean aldekoa naiz
bere argudioak horra;
entzun ondoren eskatuko det
tokatzen zaion zigorra.
A. Mendiluze:
Gure lan honek badauzka beraz
aurrea eta atzea;
nola liteke defendatu ta
zigortzeko eskatzea?
Ba horixe da, tokatzen zaigu
bi alde kontra jartzea
galdu dezala desiatu ta
irabazten saiatzea.
J.M. Irazu:
Irabaztea desio igual
izan leike azkenean;
gertaera baten alde bakar bat
daukagu aldamenean;
honi baietza eman ta segi
geure abokatu lanean
ta berdin baietz esango degu
biktima etortzen danean.
A. Mendiluze:
Biei emango zaie baietza
ta lanari lotu estu;
bien aldeko frogak bilatu
biak legeaz babestu;
biekin joan epai gelara
ta bien frogak aurkeztu...
Hortik aurrera pasako dena
ia ez dago gure esku.
Aitor Mendiluze - Beñat Gaztelumendi. Bi espermatozoide zarete. Hil edo biziko lasterketan zoazte.
B. Gaztelumendi:
Salto egin degu ta
hor guaz aurrera
A. Mendiluze:
baina hau ilun dago
zergatik ote da?
B. Gaztelumendi:
Ta zera nun galdu da?
Hori da galdera
A. Mendiluze:
segi, segi ta noizbait
iritsiko gera!
A. Mendiluze:
Hor aurrean behar du
mugitu buztana!
B. Gaztelumendi:
Beraz entzun behar det
zerorrek esana
A. Mendiluze:
baina milaka goaz
eta hau ez da plana...
B. Gaztelumendi:
Helduko da azkarren
ibiliko dana.
B. Gaztelumendi:
Ta nik dadukat askoz
itxura hobea;
A. Mendiluze:
biok aukera bera
daukagu ordea.
B. Gaztelumendi:
Txikitasunak badu
bere balorea;
A. Mendiluze:
mugituz azaltzen da
abilidadea.
A. Mendiluze:
Ta behin heldutakoan
zer eiten da gero?
B. Gaztelumendi:
Nik jakingo dedanik
ez zazu espero;
A. Mendiluze:
akaso sartu behar da
arraultzera edo;
B. Gaztelumendi:
orain konturatu naiz:
egiten du bero.
B. Gaztelumendi:
Baino ni helduko naiz
zalantzarik gabe;
A. Mendiluze:
biok karrera hontan
goaz parez pare;
B. Gaztelumendi:
ni txoko guztitatik
sartzen naiz hala’re...
A. Mendiluze:
Hor dezu ba txoko bat
ta zeren zain zaude?
A. Mendiluze:
Hara han ikusten da
zera borobila;
B. Gaztelumendi:
lehen ere irten gera
gu beraren bila;
A. Mendiluze:
bai baina zure aldean
nik daukat hurbila
B. Gaztelumendi:
baina azkarrena dena
iritsi dadila.
B. Gaztelumendi:
Eta azkenerako
nik egin det salto;
A. Mendiluze:
bai baina azaletik
ez zera pasako.
B. Gaztelumendi:
Beraz pixkat gehiago
saiatu beharko;
A. Mendiluze:
zugandik gauza onik
ez da aterako!
A. Mendiluze:
Beno azken kolpea
ta biok barrura.
B. Gaztelumendi:
Beraz biok lortuko
al degu helmuga?
A. Mendiluze:
Bixkiak dira,juxtu
nahiko zuten hura.
B. Gaztelumendi:
Zeozer egiteko
garaia heldu da.