—gaiak—
2005EKO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA
SAILKAPENA
1. Andoni Egaña: 1.796,5
2. Unai Iturriaga: 1.746
3. Amets Arzallus: 1.206,5
4. Maialen Lujanbio: 1.206,5
5. Igor Elortza: 1.174
6. Sustrai Colina: 1.171,5
7. Aitor Mendiluze: 1.156
8. Jon Maia: 1.156
BERTSO ESKOLAKOAK SAILKAPEN TAULAN
Finala:
— Maialen Lujanbio: Laugarren
— Aitor Mendiluze: Zazpigarren
Finalerdiak:
— Jexux Mari Irazu
Kanporaketak:
— Iñaki Zelaia
— Estitxu Eizagirre
Ilusioa eta gogo handia jarri nuen. Prestatzen aritu nintzen, ustez ongi ari nintzen, entrenamendutan gustura nenbilen. Eta lehen kanporaketara iritsi eta gogoratzen dudan bakarra da jende pila bat aurrean, Xabier Silveira tabladuan, eta saio grisa egin nuela. Ez nintzen saio horretan egon, pentsa Lekunberrin kantatu eta azken agurrean “Agur Lakuntza” bota nuen! Ez nuen ezer egin, ez ongi eta ez gaizki. A zer muturrekoa hartu nuen!
[Estitxu Eizagirre]
Inoiz gehien prestatu dudan txapelketa izan zen, batik bat bakarkako ariketa. Urtarriletik hasi nintzen Naufragoa doinuan kantari, baina azkenean hori bakarrik egin nuen itxura antzean, bakarkakoa. Hor ikasi nuen txapelketan burua gehiegi estutzea ez dela batere ona.
[Iñaki Zelaia]
Finaletik kanpo geratu nintzen. Ez dira momentu gozoak izaten. Saioa ez zen brillantea izan, gainera bi poto egin nituen... Aurreko bi finaletan egonda, banekien finalerako borroka egongo zela baina iritsi nahi hori behintzat baneukan eta ez zen tokatu. Bigarren finalaurrekoan, Hendaian, xuxenxeago aritu nintzen baina ez nuen aurreko zuloa tapatzeko adina egin.
[Jexux Mari Irazu]
Finalean mundu guztia txoratzen zegoen eta ni nintzen han gaizki pasa zuen bakarra. Bezperan ez nuen ia batere lorik egin, leher eginda nengoen. Inseguridade handiarekin iritsi nintzen, ez nengoen nire buruarekin eta bertsotarako ziur... eta hori azkenean atera egiten da. Egoera horretan hainbeste jenderen aurrean hainbeste ordutan egotea oso oso gogorra da. Ezkutatzeko eta alde egiteko gogoa neukan.
[Maialen Lujanbio]
Arratsaldeko saioan lehenengo zenbakia tokatu zitzaidan, eta lehenengoa ez da ederra izaten, baina nik hartu nuen poza aurrena bukatuko nuelako, eta bakea! 13.000 pertsona hor, eta ateratzen nintzen aldiro ezintasuna, bertsoak ekarri behar bat... “gaizki ari zara”, psikologikoki nire burua matxakatzen aritu nintzen. Oso gaizki pasa nuen.
[Maialen Lujanbio]
Daukadan penarik handiena da hain egun potentea, hain egun zoragarria eta mundu guztiarentzako grabatuta geratu dena izanik, niri hain sentsazio txarra geratu izana.
[Maialen Lujanbio]
Urriaren 23a Arrasate
Kartzelako gaia: Errezeloak zenituela eta, etxean kamera ezkutu bat jarri zenuen. Orain grabatutakoa ikusten ari zara.
Doinua: Naufragoarena.
Iñaki Zelaia:
Bizi naiz gizon zintzo antzean
emaztea det nere ertzean
ta alaba bat hogei urtekin
beste semerik ezean;
jeikitakoan goizean
kezka denbora luzean
alaba gelan sartzean
horregatikan kamaratxo bat
ipini nion etxean
beldur bainintzen sartu ote zen
drogaren zulo beltzean.
Nere alaba hain da ahula
nahiz ta ustetan izan mardula
bere barruan zer gertatzen den
errez ezin det kalkula.
Dibertitzeko formula
porroa edo pilula
ez nun usteko sekula
inguratu ta esango diot
nahiz ez ondo disimula
ez nagoela haserre baino
hitz egin behar degula.
Hogei urtekin egin nahi hegan
ondo badakit nik hori zer dan
baina hamaika kezka izkutu
izan ditut nik neregan.
Nahiz ta alkoholik ez edan
drogak dauzka bere gelan
oker dabil izaeran
aita hain harro ta hain alaia
alaba dabilen eran...
Etxe berean egonagatik
zein urruti bizi geran.
Azaroaren 26a, Urretxu
Jon Martin eta Jexux Mari Irazu, mendira elkarrekin joan zareten bi lagun zarete. Bidean, Jexux Mari, ikusten dituzuen gauza guztien berri emanez doa. Itxuraz Jexux Marik den-dena daki.
J. Martin:
Ditugu asko nekatzen
ez diren bi zango
ikusi nahi genitun
hemengo ta hango;
dena nolakoa den
azaltzen dit ondo
turismo ikaslea
ez zera izango?
J.M. Irazu:
Aizu kontuai deitu
behar dan bezela
ikaslea ez baizik
maisua naizela.
Begira harri koxkor hau
fosila duela
bi milioi urte bada
hemen dagoela.
J. Martin:
Joño zenbat dakizun
nolako laguna!
Horrelakoxea da
jende euskalduna.
Bi milioi urte ditu
tipo jakituna
ta lehenbizikoa da
begiratu duna.
J.M. Irazu:
Beti begiratzen det
ondo hemen,fin han
gauzak nolatan izan
genitun antzinan.
Begira hor har ttiki
borobila eskinan
duela bi milioi urte
holakoa zinan.
J. Martin:
Holakoa nintzenik
ezin dut ukatu
baina harranarekin
ezin da bukatu;
zure jakindurian
zeure baitaratu
zu egia esan ez zera
askorik aldatu.
J.M. Irazu:
Denbora joan eta
ni lehengo berbera
hizketan eman diot
halako hasera.
Jon begira ezazu
hango gailurrera
bi milioi urte barru
iritsiko gera.
J. Martin:
Zuk segi zazu hemen
zure harrarekin
nik gailurraraino gaur
nahi bainuke egin.
Nahi banu gauza denen
azalpena jakin
etorriko nintzake
hiztegi batekin.
J.M. Irazu:
Azken bertsoan bota
didazu egia
eta gorritu egin da
maisu aurpegia;
bat behar izanez gero
ni naiz hiztegia
guztia dakidana
baina luzeegia.
Abenduaren 18a, Barakaldo BECen, finala
Aspaldiko partez bi begiak busti zaizkizu.
Aitor Mendiluze:
Zenbait egunez lanetik ere
hartu genuen erdi jai
etxean bertan egon nahi nuen
ahal nuen artean lasai;
hasi aurrera begira eta
ustezko hamaika dohai
banituela pentsatzen nuen
bila joan nintzen baina ai!
Ilusioa izan daiteke
halakotan geure etsai
ez nintzen sinisteko gai
ez nuen sinisterik nahi;
ez zetorren nahiz eta luzaro
egon ginen gu bere zai
zoritxarrean ez nuen egin
gero zorionean bai.
Aita bakarrik izan nahi nuen
helburu haundia bera
amagaia ere pronto zegoen
ta jo genuen aurrera
ustekabean erdibidean
eten zen gure karrera
mediku batek hala esan zigun
eta ametsak gainbehera
aurretik egin genituenak
ondoren geure kaltera
pentsatuz beste aukera
nola irtengo ote da?
Bigarrena eregaldu genuen
ilusioaz batera
baina orduan ere zergatik
ez zen malkorik atera?
Halere Idoia animatzeko
hartu nuen nahiko kemen
bere gogoa, bere indarra
akitu baitzen nabarmen
holakoetan aitaren lana
babes ematea omen
eman nuen bai baina neuk ere
beharra sentitu hemen
pasa zaionak ondo badaki
haurtxo bat galtzea zer den
baina bi galdu ondoren
horra Jontxu non dagoen
eta malkoak atera zaizkit
eskuz estali baino lehen
zuk lasai seme utzi negarrez
aspaldi egin nahi nuen.
Unai Iturriaga eta Maialen Lujanbio. Hiru ume txikiren gurasoak zarete. Aspaldiko partez asteburu osoa zuek biok bakarrik pasatzeko aukera duzue.
M. Lujanbio:
Ez da bat eta ezta bi ere
hiru ta hiru da hiru:
hiru neke ta hiru lan karga
bider hiru zenbat diru!
Umeak nola gainetik kendu
pentsatzen gabiltz beti gu
ta orain bakarrik geratu eta
ia ze ein ez dakigu.
U. Iturriaga:
Hain emankorrak izan gu eta
hiru haur etorri ziren.
Presarik gabe behingoagatik
elkartu garenez hemen
igual aukera dugu gaurkoa
zera egiteko ejem...
Ia ahaztuta daukat maitea
gu lehen nondik hasten ginen.
M. Lujanbio:
Nere eguna hiru umekin
hasten da eta bukatu
senarrak berriz beti lanen bat
aitzakian mila datu.
Beti bezela zure ejem hori
berriro ere aipatu
ezagun dezu diferentzirik
zuk ez duzula sumatu.
U. Iturriaga:
Nire laztana, nire maitea
ez zaitez jarri horrela
zurekiko dut berotasun bat
berotasun bat itzela
ez dakit zer den beherago edo
berotu zaidan sabela...
Kauen la letxe berriz mobila
ziur zure ama dela!
M. Lujanbio:
Ai nere amak une txarretan
deitzen du eta akabo!
Ia ze parte berotu zaizun
ez nago ziur zeharo.
Hara, nikian, ipintzen dizun
bezelaxe hola nago
nik ere etxean horixe daukat
hiru ume ta gehiago.
U. Iturriaga:
Amak umeak beti buruan
hori da betiko lege
eta gizona txoriburua
gizona beti xelebre
baina eske daukat labea gori
ta egin behar zaitut neure
ze bero-bero ipintzen nauzu
haserre zaudela ere.
Kartzela bateko hormaren bi aldeak zarete. Zu, Maialen Lujanbio, barrura begira dagoena. Zu, Sustrai Colina, kanpora begira dagoena.
M. Lujanbio:
Ladrillo batzuk tarteko
gera bi horma azal peto:
zu aukerako jendea joan
etorri ikusteko
ni itzalaren menpeko
lagun ez gabiltz antzeko
nik beti aurpegi berriak eta
beti geratzeko.
S. Colina:
Nahiz kanpotik ofensiba
misterio ta satira
egin asmotan grafiti batzu
nigan egin dira.
Eguzkiaren argira
horitzen naiz baina tira
finean nago presoen gisan
kanpora begira.
M. Lujanbio:
Zure inguru hortan hotz
hemen goxoago askoz
kanpora beira baina barruan
ez da hainbeste poz.
Hartu zerbait punta zorrotz
ta markatzen naute gogoz
egun zaharrak joanagatik
berri gehio datoz.
S. Colina:
Ez beldur ta ez erruki
nigandik oso urruti
ez dira aurkitzen kaputxa jantzi
nahi duten bi punki
eginez zenbait grafiti
idatzi dute poliki:
kartzelak itxi behar dira ta
tabernak iriki.
M. Lujanbio:
Grafiti eta endredo
egitik zerbait balego...
Nik ere hainbat marka nukeenik
ez zazu espero.
Bihar, etzi edo gero
lan egin behar egunero
eta ni ere eroriko naiz
zu bota ezkero.
S. Colina:
Biak gabiltz elkartean
ez elkarri atakean.
Hara Galindo ekarri dute
furgona batean
lotu dezagun katean
ez da izango kaltean
gure barruan gorde dezagun
usteldu artean.