—gaiak—
2001EKO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA
Hernaniko bertso eskolako parte-hartzaileak
Andoni Egaña txapeldunarekin.
Sebastian Lizasok ez parte hartzea erabaki zuen.
1993ko finalistak: Iñaki Muruak eta Jokin Sorozabalek eman zuten izena. Aukera baliatu ez zutenak: Xabier Amuriza, Jon Enbeita, Imanol Lazkano, Jon Lopategi, Anjel Mari Peñagarikano, Eguzkitze eta Jon Sarasua.
[Bertsolaritzaren datu basea / Bertsozale Elkartea]
SAILKAPENA
1. Andoni Egaña: 1.922
2. Maialen Lujanbio: 1.906,5
3. Aitor Mendiluze: 1.274,5
4. Jon Maia: 1.257,5
5. Sustrai Colina: 1.256,5
6. Unai Iturriaga: 1.252
7. Igor Elortza: 1.235,5
8. Jexux Mari Irazu: 1.222
BERTSO ESKOLAKOAK SAILKAPENEAN
Finala
— Maialen Lujanbio: Txapeldun ordea
— Aitor Mendiluze: Hirugarren
— Jexux Mari Irazu: Zortzigarren
Finalaurreak
— Unai Agirre
— Jokin Sorozabal
Final laurdenak
— Aritz Zerain
— Iñaki Zelaia
Amurrioko frontoi hotz hartan geratu ziren ilusio denak, eskerrak nire aurretik juxtu juxtu sailkatu zena Unai Agirre zela.
[Iñaki Zelaia]
Euskal Herri mailan ez ginen ezagunak. Nik uste dut jendeak esan zuela “ostras, honek ere maila horretan bertsotan egiten bazekik!”. Baina badakit akatsak egin nituela. Lehen aldiz Markinako finalaurrekoan sentitu nuen “bai, jada maila honetan kantatu dezakezu”, saio hura jada kontrolatu egin nuen.
[Unai Agirre]
Txapelketara doazen denek jokatzen dute, galdu edo irabazi ez da igual, nahiz galtzeko edo irabazteko gehiago izan. Baina 1997koan dena korrontearen alde zen bezala, 2001ekoan lehengoa demostratu behar genuen gutxienez, eta koska bat aurrera egin. Eta gainera, ongi eginda ere okerrago geratzeko arriskua genuen.
[Jexux Mari Irazu]
Finalean gauza batzuk txukun egin nituen, eta bazkalondoan berriz, lo hartzen nuen eta hamarreko txikiko saioan ezin bertsoa bukatu aritu nintzen. Burua blokeatuta ere eduki nuen. Bakarka eta beste gauza batzuetan, nire ikuspegirako gauza politak egin nituen. Baina txapelketak barkatzen ez duena da momentu batzuetan erortzea.
[Jexux Mari Irazu]
Belodromo mitikoan kantatzea pentsa zer izan zen. Hirugarren egin nuen, Txapelketa Nagusian orain arte egin dudan posturik onena, eta aldiz sentsazioa dut ez nuela gogoratzeko moduko ezer utzi. Bertso onak akaso izango ziren, zerbaitegatik egingo nuen hirugarren, baina inor ez da gogoratuko nik han zer kantatu nuen. Finaletan, irabazten saiatzeaz gain, jendearen gogoan zerbait utzi behar da. Badaude bertso batzuk onak, Maialen Lujanbiorekin hasieran egindako saiokoak, baina horiek forofoek bakarrik gogoratuko dituzte, publiko kolektiboaren memorian ezer ez utzi izanaren sentsazio gazi-gozo hori dut. Pena hori geratuko zait, ez nuela bertso brillanterik bota.
[Aitor Mendiluze]
Nire ibilbideko gailurretako bat da.
Emozioak, tentsioa, Belodromoan jende guztia txaloka... testuinguru horretan ondo ateratzen bazaizu egin nahi duzuna, kristoren satisfazioa da. Bertsoak nahi duzun ildotik egiten badituzu, nahi duzun moduan, kristorena da. Kontrakoa ere probatu dugu... sentsazio oso potenteak dira alde guztietara.
[Maialen Lujanbio]
Oso kontzentratuta egon nintzen egun horretan eta tentsioa eta nekea oroitzen ditut. Baina tentsio ona. Goizean goizetik oso zentratuta nengoen eta buruan kristoren presioa neukan, belozidadea denbora guztian, ezer ez eskapatzeko.
[Maialen Lujanbio]
Buruz burukoa ondo atera zen, eta batzuetan ezustean poto bat egiten duzun bezala, nik suertea eduki nuen. Errimak ahazten zitzaizkidan, eta azkeneko momentuan etortzen zitzaidana hobea zen! Horrelako irristada batzuk egin nituen eta sekulako suertea eduki nuen, bertsoa mejoratu egin zidaten.
[Maialen Lujanbio]
Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio, buruz-buru.
Ikara, irabazteko ikara nuen. Ez nuen irabazi nahi. Ez nengoen preparatuta, ez mentalizatuta. Belodromo osoa gainera eroriko zitzaidan. Ez nuen disfrutatuko. “Txapelduna... Andoni” esan zutenean kristoren lasaitasuna sentitu nuen. Oraindik gaztetxoak ginen, aurreikusita zegoen Andonik irabazi “behar” zuela. Gogoratzen naiz Jexux Mari Irazuk nola esaten zidan “estu hartu behar duzu Andoni, estu hartu!” eta nik esaten nion “ez, ez, hau ez da gure txapelketa, gure txapelketa hurrengoa da”. Niretzako prozesuz hala zen, eta 2001ekoa goizegi topo egitea izan zen.
[Maialen Lujanbio]
2001ean bigarren egin eta gero publikoki beste “errekonozimendutxo” bat neukan, eta bestelako proposamen batzuk iristen hasi zitzaizkidan. Kristoren oihartzuna izan zuen, eta hango sentsazioak berdintzea oso zaila da, ondorengo txapelketei itzal egin die.
[Maialen Lujanbio]
Azaroaren 4a, Elorrio
Zu, Aritz Zerain, urduritasunez beteta, gidatzeko karneta ateratzeko azterketa egiten ari zara. Kale estu baten gora zoazela, Igor Muniategi aitona tirriki-tarraka zebrabidea gurutzatzen hasi zaizu.
A. Zerain:
Karneta ateratzeak
zailtasuna dauka;
aspaldi hasi nuen
horretan burruka.
Aitonari ari naiz
kotxetik ijuka;
nahiago nuke honen
patxada baneuka!
I. Muniategi:
Patxadaz nago orain
neroni hizketan;
abantaila ederra
dugu hau benetan;
zeroa ziur duzu
azterketa honetan;
preferentzia neuk dut
zebrabideetan.
A. Zerain:
Gainera haundienak
berak esateko!
Gertatu daitezke gaur
zuretzat kalteko.
Hori ez dakidanik
ez duzu usteko.
Baina pasatzeko bai,
ez geldi egoteko.
I. Muniategi:
Zapaldu ta zapaldu,
ekin eta ekin...
buruan zer edo zer
baleuka behinepin!
Zapaltzen banauzu zuk
behar duzu jakin:
buruan joko zaitut
makuluarekin.
A. Zerain:
Makulu eta guzti
paretik ez kentzen!
Oraintxe ari zaigu
burua zuzentzen.
Baina honen kasurik
nik ez det ulertzen;
testetan ez da inoiz
aitonik agertzen!
I. Muniategi:
Neure bidean noa
pozik lasai-lasai,
ta pasatu nahiean
hau hementxe dut zai.
Esplikaziotxo bat
dizut nik eman nahi:
testetan agian ez,
baina kalean bai.
A. Zerain:
Dirudinez hori da
kaletako moda.
Beno, aitona da ta
ez det nahi aztora.
Lagun gisan hartzea
ona izango da;
igo kotxera eta
goazen pasiora.
I. Muniategi:
Azterketa kontua
ahaztu zaio jada;
pasio kontuekin
hona eta hara.
Ideia nahiko ona
dugu beharbada;
karneta duzunean
biok joango gara.
Kartzelako gaia: Pailazoa zara. Urte guztiko lanaren ondoren, oporrak hartzeko garaia heldu zaizu. Zure oporraldia lurralde txiro bateko haurrekin pasatzea erabaki duzu.
Unai Agirre:
Oporrak hartu ditudanean
hasi da nere azaña;
urte osoan zirko batean
lan eginaren ordaina.
Afganistana joan nahi nuke,
hori lurralde bikaina!
Saiatu naiz, alajaina! (bis)
Hemengo umeei parre eragiten
gauza zaila degu baina,
irripar batek balioko du
hango guztienak aina. (bis)
Erdi gordean muga pasatu
ta etorri naiz propio;
taliban batek bilatu ezkero
banuke mila sesio!
Sudur gorria, zapata haundiak
ta hainbeste ilusio...
Ume txikiak sozio; (bis)
esaten diet “gure lurretaz
zuek ez zaitezte fio”;
hango jendeak pozari ere
prezioa jartzen dio. (bis)
Zuek negarrez ikusi ezkero
banuke nahiko frakaso,
baina ahaleginak ondorio bat
ekarriko dit akaso.
Bizitza oso luzea dezute
ta animo hoiek jaso;
pozik eta gozo-gozo. (bis)
Zuen lurrean ibili beharra
arriskutsua zait oso;
nere buruan pentsatu banu
ordea ez nintzen pailazo. (bis)
Aritz Zerain:
Pailazoa nun aitona eta
pailazoa aita zena,
eta nola ez nik ere hartu
pailazoaren izena!
Irriparren bat sortzea da guk
jasoa degun ordena,
eta horretan jarri ohi det nik
indarra eta kemena.
Hemen irrika utzia det ja
nik Euskal Herri gehiena;
orain urruti hartu behar det
nunbait nere atsedena.
Afganistango paraje hori
ez litzateke hain txarra,
nagusi baita han gerratea,
nagusi bonben indarra.
Haurrak dabiltza hara ta hona
gurasoekin tirri-tarra,
eta bertatik ikusi nahi det
hain egoera zakarra.
Eta gainera neronek ere
daukat probatu beharra
nola lortzen dan benetan behar dun
umearen irriparra.
Herri honetan badet ospea,
hemen badaukat nik sona;
irrati eta telebistetan
hainbat alditan egona.
Baina Afganistan aldean orain
dagona ez da gero broma!
Norbaitek junda egin behar du
horrelako lan sakona;
eta noizbait’e lortuko banu
haurtxo baten zoriona,
betiko hantxe geratuko da
pailazoa ta gizona.
Azaroaren 17a, Etxarri-Aranatz
Jubilatu zinenetik maiz joaten zara mendira bakarrik, nahiz zure seme-alabek, beste norbaitekin joatea hobe dela esan. Gaur, maldan gora zoazela, ondoezak jota lurrera erori zara. Hiru bertso nahi duzun neurri eta doinuan.
Doinua: Haizea dator ifarraldetik.
Maialen Lujanbio:
Maialen Lujanbio:
Hirurogeita hiru urtekin
lanpostutik erretira
egin nuen, ta orain goizero
abiatzen naiz mendira;
maiz pentsatzen det “nere lagunak
animatuko balira!”,
baina alferrak izaki eta
bakarrik joango naiz, tira.
Aldapan gora asnas estua,
ezin ikus urrutira;
inor ez daukat aldamenean,
inor ez nitaz kupira;
erdi etzanda mareatuta
laguntza eskean di-da:
“Etorri bila, etorri bila”
baina beranduegi da.
Hanka meharrak eta adina
nere kontra, nere etsai;
nik nahi nuena aldapa hontan
abitu ta gora jarrai.
Erori egin naiz, baina gaitzerdi,
bihotzak taupaka darrai;
eta gizon bat hor inguruan,
salbazioa leike, ai!
Besoak altxa ta oihu egin det
“hemen etzanda nago, bai!”;
ez dakit asko iraungo dudan,
nago izerdi hotzez blai;
“etorri zaite ni laguntzera,
hementxe nago zure zai”
baina gizonak ez nau ikusten
edo ez nau ikusi nahi.
Malkar batean, noraezean,
hemen nago parregarri;
une batean elkartu zaizkit
heriotz eta jatorri;
ezin naiz jeki, ezin oihu egin,
ezin dut etxera korri;
“nere arnasa geratuko da...”
hemen estu eta larri.
Seme-alabek neri errita
ein izan didate sarri,
ta orain negar egingo dute
ta arrazoi eman elkarri.
Nik adio bat esaten diet
ta zuek hona etorri;
beti hainbeste maite nituen
arrosa gorriak jarri.
Abendua 16a, Donostiako Belodromoan, finala
Hasierako agurra:
Doinua: Iparragirre abila dela.
Jexux Mari Irazu:
Saioa umorez hasi nahi nuke,
lagunei adarra juaz:
Egaña igual etorriko zan
txapelerako asmuaz;
Lizaso eta biak,
bertso torre bikiak,
beren ke ta beren suaz...
bat bere kaxa erori da-ta
bestearen bila guaz.
Kartzelako Gaia: Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke.
Doinua: Habanera.
Jexux Mari Irazu:
Aturritikan Ebrora
mendetako ibilera,
joan daneko aspaldian
ez ote doa gainbehera?
Buruak ez du ematen,
bihotzak berriz minbera,
bidea baitijoa hor
bakar batzun arabera;
kolpeka bakarrik goaz,
baina norantza gainera?
Irriparrerik ez dago,
sufrimentua sobera.
Herri bat omen gera bai,
baina ezin egin aurrera,
lau urtean behin bakarrik
elkartzen baldin bagera.
Ekintzarikan ez dago,
hitz politak mingainean;
geroari guk zer utzi
hor ari gera lanean.
Ezer geldituko ote
saiatzean ordainean?
Bertsoak elkartzen gaitu,
elkartzen gaitu sailean.
Herri hau Belodromoa
bere zentzu gordinean,
txirrindularitza pista
hor daukagu eskinean,
Euskal Herria horixe
baitegu azken finean;
buelta ta buelta gabiltza,
baina irten ezinean.
Gerorako nahi det herri
bat ederra ta anitza,
sinbolo ez du zertan izan
betiko bertsolaritza.
Atertu behar hortako
alde bietako ekaitza,
geldi beharko hortarako
hainbeste eraso bortitza.
Zein ote irtenbidea
ta zeinek ote du giltza?
Denek berea jarri nahi,
denek daukate baldintza.
Kontua hala omen da:
erabakia ta hitza;
hau konponduta zegoen
hori bakarrik balitza!
Zuek nortasun agiri edo identifikazio kartak zarete. Aitor Mendiluze, ENA edo Euskal Nortasun Agiria zara, eta Maialen Lujanbio, Espainiako nortasun agiria. Biok zaudete pertsona beraren karteran.
A. Mendiluze:
Gaur bi agirik topo egin degu,
baina zer demontre da hau?
Bistakoa da: bere buruan
aurretik eginak dirau.
Nahi ez duela heldu zaizkio
hainbat lege, hainbat arau;
zu jarrarazi egin zaituzte
eta ni berak jarri nau.
M. Lujanbio:
Baina bidea nik libre daukat
ta zuk bete-bete trabaz;
ni gazteleraz inprimatua
eta zu berriz euskaraz.
Gure jabea beti dabil zu
beste baterako lagaz,
argazkia ere muituta dezu
izango zuen dardaraz!
A. Mendiluze:
Biak batera zeuzkan ordea
dardara eta zentzuna.
Ni egitea izan da beraz
zurekiko erantzuna.
Nik azaltzen det jabeak duen
berearen maitasuna;
zuk bere izena azaltzen dezu
ta nik bere nortasuna.
M. Lujanbio:
Biak patrika berean gaude,
biak elkarren hurrean;
ni zurekin ez baina zu zaude
nerekiko haserrean.
Zu nortasuna omen zerala
diozu modu errean,
nortasuna ere galtzen du batek
goardia zibilen aurrean!
A. Mendiluze:
Goardia zibilen aurrean nahiz ta
susto bat duen hartua,
ni atera nau nahiz eta izan
zuregatik galdetua.
Jarrera horrek ni indartzen nau
ta zeu zera kaltetua;
indarra dezu baina horrela
kenduko dizut lekua.
M. Lujanbio:
Neri lekua kendu nahiean
al da zure jo ta kea?
Oraindik indar haundia daukat,
beharko dezu tartea.
Nere aurpegiak sortarazten du
patxara eta pakea;
zure aurpegiak irekitzen du
kalabozoko atea.
Andoni Egaña - Maialen Lujanbio
Euskal Herrian aspalditxotik bizi dugun gatazka honetan seme bana galdu duzue biok. Zuk, Maialen Lujanbio, seme iheslaria galdu zenuen; Andoni Egañak seme ertzaina. Hilerritik etxera bidean hizketan hasi zarete.
Doinua: Iparragirre abila dela.
M. Lujanbio:
Nere semeak alde egin zuen
herri urrun batetara;
han minbiziak jo zuen eta
ez da itzuliko jada.
Ni behin ama izana,
eta zu ere ama,
ulertu zaitzaket, hara:
modua ez da berdina baina
hutsunea berbera da.
A. Egaña:
Zure semea herriz kanpora
joan, hori zuen xede,
borroka baten ilusioak
egin baizituen bere.
Nere zenak soldata
nominaz aterata
bizibehar, alafede!
Nere semeak ez zuen izan
aukeratzerikan ere.
M. Lujanbio:
Ez batentzat ta ez besteantzat
ez da amaiera polita,
amak ez dauka zertan sufritu
bere semearen kinka.
Zurea zan polizi,
boterean kutizi,
nerea tiroz hasita...
Baina ama baten ideologia
maitasuna bakarrik da.
A. Egaña:
Nere semean oroitzapenik
ez zait ahaztuko sekula,
hain gendun mutil gazte sanoa,
formala eta mardula.
Zatoz nere ondora,
bihotzetik kolkora
zera nahi dizut xuxurla:
gauza batean seguru nago,
berdin maite genitula.
M. Lujanbio:
Atzapar beltzak harrapatu zun
ta hura nigandik kendu;
ez esker on ta ez animo hots,
gaur ezer ez da ukendu.
Zu ere zabiltz berdin,
bizitza dezu samin,
ta nahi nuke nabarmendu:
seme-alaba bat hiltzen duenak
bere ama ere hiltzen du.
A. Egaña:
Ez det pentsatzen geranik ere
zu laiotz ni egutera;
biok daukagu gure bihotza
sufrimenduz egarbera.
Kontuak esateko,
lagunak izateko,
goazen taberna batera;
gure hutsunea berdina bada,
bete dezagun batera.
Buruz burukoa. Kartzelako gaia: Zure lagun min bat hil zen joan den astean Himalayan. Gaur jaso duzu berak handik bidalitako postala. Hiru bertso, nahi duzun neurri eta doinuan.
Doinua: Habanera.
Maialen Lujanbio:
Kaixo Maialen: zer moduz?
Oroimena daukat zugan,
presente zauzkadalako
nere mendi abenturan.
Zorionean gabiltza
mendiarekin loturan;
badakizu, beti gisa,
nahi ta ezinaren mugan.
Makaluko gailur horrek
gu jartzen gaitu liluran;
etzirako egongo gera
gailurrarekin joskuran.
Har zazu muxu bero bat,
jarri konfiantza gugan.
Zein bero zen muxua ta
nik zeinen hotz hartu dudan!
Negar egin nahi dut baina
ez egitea hobe da,
malkoak jausiko dira
bestela postal gainera,
ta korritu ta borratu
hemengo muxu ta zera...
Intzirika hasi nahi baina
nijoa aguantatzera.
Imajinatu dezaket
kanpo-base hartan bera...
Bere ilusio ta amets
guzia juan da gainbehera,
ikurrinarekin juan nahi
zazpi milako batera,
ta orain Makalun dago
heriotzaren bandera.
Irratiak eman zuen
elur-jauzien abisu,
baina zuk ametsarekin
horrenbeste konpromisu
bazendun, ta holakotan
egoskor bat dirudizu;
aurrera segiko zendun,
beti egin dezu berdintsu.
Bizitzan ilusioa
herioren paradisu;
gero arte esaten ere
ez didazu utzi, aizu;
ta zuri azken hitz batzuk
esan nahiean naukazu,
karta bat egingo dizut,
akaso jasoko dezu.
Buruz-burukoa. Hitza: Eskua.
Doinua: Zaldi zuriarena.
Maialen Lujanbio:
Maialen Lujanbio:
Langileek lakar ta
pianistek fin-fin,
instrumentua joaz
bost hatz hoiekin.
Eskua eman leike
edo kendu berdin.
Sinbolizatu nahi det
nik herriarekin;
hemen hainbeste min
eta biziezin,
hainbat negar gordin,
behingoz buka dedin,
heldu eskutik eta
aurrera egin.