—gaiak—
SAGARDOTEGITAKO SAIOAK
Zenbat bertsolari geunden ikusita, eta plazan ateratzeko aukerak gutxi zirenez, esaldia atera zen: “guk aurkitu beharko ditugu plazak”. Sagardotegi batzuekin hitz egin eta eurekin adostu zen asteguna. Halako egunetan joan, afari truk kantatu, eta entzule bertsozale eta euskaldunak badaude ondo, eta bestela, afaldu, konplitu eta etxera. Orokorrean esperientzia oso ona izan zen.
[Iñaki Zelaia]
Lehenbiziko urteak hotz xamarrak izan ziren baina jendea hasi zen ohitura hartzen halako egunetan halako sagardotegitan bertsolariak bazirela.
Larre-Gainen, Lizeagan, Rezolan eta Oialume Zar-en hasi ginen. Oialume-Zar utzi egin genuen eta pare bat urtean Astarben egin zen.
[Iker Osa]
Hasierako helburua kantatzea zen. Formatu polita zen, sagardotegiei gustatu zitzaien, eta azkenean beraiek etorri izan zitzaizkigun “zer, aurten ez al duzue egin behar?” Bost urtetik gora iraun zuen. Herriko 15 bertsolari hasi ginen, eta gero tartean tartean kanpotik sartu ziren, Zarauztik Iñigo Mantzizidor “Mantxi”, Bizkaitik Onintza Enbeita, Xabi Paya, jende talde polita sortu zen.
[Jon Iraola]
Propagandarik ez genuen egin, nahiago genuen espontaneoa izatea. Giroak laguntzen bazuen bertso afari bihurtzen zen eta bestela joandako bi edo hiru bertsolarik euren artean egiten zuten bertsotan eta kito.
[Iker Osa]
Txapelketaz kanpo gehien gozatu ditudan momentuak izan dira. Bereziki gogoratzen naiz Rezolan egindako bi saiorekin. 21:00etan hasi eta goizeko 2:00etan han ginen, eta ez gu latan ari ginelako, jendeak ez zuelako alde egiten eta “segi” esaten zigulako baizik.
[Iñaki Zelaia]
20-30 entzule, aurpegiz aurpegi, euren parrak eta lotsak zuzenean sartuta. Hain zenez gertukoa entzulea, behin baino gehiagotan beste afari baterako zita jartzen zen kuadrilla berarekin.
[Iñaki Zelaia]
Batean Unai Muñoarekin tokatu zitzaidan, ordu erdi aritu ginen bertsotan biok gogoz geundelako, baina ez zegoen entzulerik. Horrelakoak ere gertatzen ziren.
[Iñaki Zelaia]
Mahaiez mahai joanda, sagardotegikoari informazioa eskatu nongo kuadrillak diren, sorpresaz harrapatu... mila anekdota izan ditugu. Batean Mantxirekin Rezolan, txotxean jendea ari zen erabat “paziente” eta horrelakoak esanaz, eta komentarioa egin genuen, “hauek nolabait ere medikuak edo dira”. Hortik bideratu genuen saioa, “gure artean bada jendea gaixotuz gero laguntzeko moduan...” eta bete betean asmatu genuen, ospitaleko 30-40 pertsona ziren, erdiak baino gehiago euskaldunak eta sekulako sorpresa hartu zuten. Horrelako egoerak oso politak dira sagardotegian. Edo halako politikari dela edo halako kultur taldekoak direla, bertsolariak garenik jakin gabe zirikatzea.
[Iñaki Zelaia]
Sagardotegitako saiotan gozatzen dut gehiena, terreno horretan gehiago identifikatzen naizelako izango da, formatu aldetik gehiago gustatzen zaizkidalako.
[Jon Iraola]
Izugarri gustatzen zitzaidan sagardotegitan kantatzea. Afaldu, eta inork ezer espero ez zuela, hasi kantari! Fuerte kantatu behar ziren lehen bertsoak jendearen arreta lortu arte. Oso heavya zen. 2006an “ni astero kantatzeko prest!” esan nien. Asteartero Lizeagan, eta beste bertsolariren batek ezin bazuen, ostegunetan han eta hemen aritu nintzen. 19 saio egin nituen urte hartan sagardotegietan.
[Estitxu Eizagirre]
Nik bi aldeak probatu ditut: bertsolari eta sagardotegiko arduradun. Bertsotara joanda, gogorrena hastea egiten zitzaidan, jendeak ez zekielako bertsotara gindoazenik, baina hasi aurretik ez zen zaila izaten igartzea gau hartan entzulerik izango genuen edo ez.
Sagardogile ikuspegitik, oso polita zen giroa sortzen laguntzen zuelako. Giro sanoa. Azken urtetan ordea, krisiaren eraginez, entzulerik izango ote zen kezka gero eta handiagoa zen. Lehen urteetan, ostegunero 100 lagunetik gora izaten ziren gure etxean eta azkenekotan 50 elkartuz gero pozik. Gaur egun, sagardotegiren batean salbu, ez dago baldintzarik hori egiteko, ostegunetan ez behintzat.
[Agin Laburu]
Ostegunetan Larre Gainen egiten ziren. Joxe Anjel Aranburuk eta Aitor Mendiluzek egindako saioa daukat gogoan. Eibarko eta Portugaleteko AEK-ko ikasleak zeuden eta sekulako giroa piztu zen. Mendiluzek kristoren saioa egin zuen eta Joxe Anjelek hobea, nire iritziz. Beste saio bat ere ederra izan zen, Aitor Mendiluzek eta Xabi Payak egin zutena.
[Arnaitz LasarteJ