—gaiak—
BERTSO ESKOLA III
Larre-Gaingo bazkari erraldoia.
Hernaniko bertso eskolaren historian zehar parte hartutako kideak elkartu ginen Larre-Gaingo bazkarian. Bazkalostean saiotxo bat egin zen Maialen Lujanbiok gidatuta. Bertso-eskolaren historia errepasatuz, eta kasu batzuetan belaunaldi berekoak eta beste batzuetan nahastuta kantatuz osatu zen.
[Gorka Tolosa]
“Hurrengo tragua nausi ttikian kontura” bota zuen Arnaitz Lasartek.
[Joxe Mari Mujika “Anatx”]
Bertso eskolako irakasleak
— Itziar eta Estitxu Eizagirre, Gorka Tolosa, Joxe Anjel Aranburu.
— Oier Iurramendi, Amaia Otxotorena, Arnaitz Lasarte, Asier Azpiroz, Unai Gaztelumendi.
2008-06-26, Hernani jaialdia
Aurten Hernaniko jaien hasierako txupinazoa Bertso Eskolak bota du. Zu ere han zinen, beste askoren artean. Zer sentitzen du hernaniar batek halako egoera batean.
Maialen Lujanbio:
Hogeita zazpi urte badira
ez da broma ez da burla!
Ordutik hona zenbat lan egin
dun jende askok kalkula!
Taldegiroa ta herrigintza
bertso eskolan formula.
Balkoiean zer sentitu gendun
ez degu ahaztuko sekula:
taldean ta ondo eindako lana
herriak eskertu dula.
Zenbait proiektu ta zenbait amets
ajatzen ditu denboak
baina guretzat oaindik kolore
ederra dauka geroak.
Errimaz, doinuz eta euskeraz
bete dauzkagu ahoak
bertso eskolan bat eiten dira
ilusio ta gogoak.
Lehengoei esker gaude gu eta
guri esker hurrengoak.
Proiektu onak hola eiten dira
pixkana eta xuabe
protagonismo nahirik ez eta
kriterio haundien jabe.
Maisu handiak izan ditugu
gure ondoan, gure alde
eta gu ere bide horretan
aurrerako gogoz gaude.
Gaurko plaza’re ez da betetzen
inork lanik egin gabe.
3-4 urtean aritu nintzen, oso gustura, bertsolaritza beste era batera erakusten: motibagarriago eginez edo behintzat dibertsitate handiagoz. Ikasle asko ez zen bertsoak erakarrita etortzen, eta astero gustura etortzeko formulak bilatzen genituen. Bertsolaritzarekin harremantzea zen lehen helburua eta zenbaitetan beste alor batzuekin uztartzen genuen —musika, antzerkia, jolasa...—.
[Gorka Tolosa, irakaslea]
Kuadrilla da bertsotan aurrera egiteko bertso eskolak ematen duen garrantzitsuena, eta lehen urteetan klasea emateari beldurra kendu ondoren, ondorengo urteetan irteerak eta ekintzak antolatzeari ekin genion: urtero sagardotegira joaten ginen, Eskolarteko Txapelketak ikustera autobusean, Aste Santutan Azkizura asteburu pasa, udan bost egunez udalekutara (Goizueta, Eulate, Beire), Bertso-Latan umeen saioa antolatzen genuen, Uganera (Ikaztegietako auzoa) joaten ginen ikasleekin kantura urtero, eskoletan saioak egitera... taldea osatzea genuen helburu. Ekintza horietan asteartetako jendea ekartzen saiatzen ginen, helduekin ikasleek harremanak egiteko, eta asko estimatzen genuen haien laguntza (ekintza asko ez ziren aurrera aterako bestela).
[Estitxu Eizagirre, irakaslea]
Hernanikoa talde bat zen. Hernanin hasi izan ez banintz, gaur agian ez nintzen bertsolari izango. Inguruan lagun talde bat gabe, 14 urterekin zu bakarrik bazara zure herrian bertsozalea, zaila da horretan segitzea.
[Beñat Gaztelumendi, ikaslea]
Iker Osak erabaki zuen niri erreleboa ematea. Nik ez nuen ezer erabaki, hura egina zegoen. Bertso eskolan nenbilen bigarren urtea izango zen: Iker Osa genuen irakasle, urte batzuek bazeramazkien, eta ez zuen denborarik galdu; pare bat hilabete pasatzerako “beno, Joxe Anjel, jarri gaia! Hurrengo urtean hik jarri beharko dituk eta!”. Zeharka botatzen zidan, nik ezezkorik eman ez, eta hurrengo urtean txikien talde bat nik hartu nuen: Arnaitz Lasarte, Amaia Otxotorena eta hauek oso txikiak zirenean. Haiekin lau bat urte egin nituen. Karrera bukatzea konplikatu zen arte.
[Joxe Anjel Aranburu, irakaslea]
Hasieran zail xamarra egin zitzaidan, nire ikasleak 10-11 urteko edadean ziren eta nik 10-11 urterekin ez nuen bertso eskola bizi izan. Ni jada 16rekin sartu nintzen bertso eskolan. Niretzako arrotzak ziren beraien erreakzioak, ikaratze hori, “nik ez dut kantatu nahi”... Gu bertso eskolan hasi ginenean, bat-batean egitera joan ginen, paperak harrika botatzera... beste fase batean sartu ginen. Ikasleei hasieran asko insistitu behar izaten nien, nik ere pazientzia hartzen ikasi behar... gero ohitu ginen.
[Joxe Anjel Aranburu, irakaslea]
Hernanira Langile ikastolara etorri nintzenean, bertso eskolan orduan apuntatu nintzen, 12 urterekin. Joxe Anjel Aranburu genuen irakasle eta geroztik bixkiekin aritu nintzen. Nahiko goiz hasi ginen gure kabuz biltzen, 15 urterekin edo, Biteri ondoko lokalean, asteartetan.
[Arnaitz Lasarte, ikaslea]
Gu ikasle ginen garaian dozena inguru ginen eta oso talde polita osatzen genuen: Ane Lujanbio, Amaia Otxotorena, Oier Iurramendi, Joxeba Lizeaga, Eki Jauregi, Jon Hidalgo... Batzuek bertsotan egiten genuen, eta besteak beti zeuden prest entzuteko, gaia jartzeko, giro ona genuen. Ikastoletan propaganda egin genuen eta jende pila bat hasi zen. Aurreneko urtean bertsotan gauza handirik egin ez baina umeek ondo pasatzen saiatu zen Estitxu Eizagirre eta gero pixkanaka bertsoa lantzen hasi zen.
[Arnaitz Lasarte, ikaslea]
2005eko Txapelketa Nagusiko bazkarian.
Hasi ginenean larunbat goizetan ere geratzen ginen bertsotan egiteko, Estitxu eta Itziarrekin, Andrearekin... bertso gaixo batzuek ginen.
[Arnaitz Lasarte, ikaslea]
Azken urtean Unai Gaztelumendirekin eman nien klasea Eli Pagola, Eñaut Martikorena, Aritz eta Aingeru Otxotorena, eta Imanol Sarriegiri (hurrengo urtean Jon Iturbe sartu zen). Lehen egunean Eñaut Martikorena (8 urte zituen) zer eta bertsotan sartu zen atetik! “Hau badugu norbait!” pentsatu nuen. Ez zuen neurtu eta errimatzen, jardun eta jardun egiten zuen. Bere kantu hura bukatu zuenean hasi nintzen “ongi etorri! eseri eta zuen izenak...” eta Eñautek “hau ez al da bertso eskola? ez al dugu bertsotan egin behar?” bota zuen. Buruan “klak” egin zidan “arrazoia!” pentsatu nuen, eta ordura arte ikasleekin idatziz hasten baginen, urte hartan hasieratik bat-batean egin genuen. Umeei ezer esplikatu gabe, utzi bere kasa aritzen eta guk ere eurekin kantatu. Arituz-arituz, denborarekin neurria eta errima barneratu zituzten, bakoitzak bere garaian.
[Estitxu Eizagirre, irakaslea]
Beste behin, Eñaut Martikorenak esan zuen: “noiz egingo gara bertsolariak?” eta guk “nola bertsolariak?” eta berak “noiz joango gara sagardotegira?”.
[Estitxu Eizagirre, irakaslea]
ERRELEBOA
Azken urtean irakasle gazteekin aritu nintzen koordinatzaile, erreleboa ematen. Bertso-eskolaren izpiritua eta zentzua transmititzea zen kezkarik handiena: Bertso-eskola gozamenarekin lotutako eremu bat zela batik bat. Horrez gain, eskatzen zituen gai formalak landu genituen. Diru laguntza eskaerak eta irteeren antolaketak...
Egokia iruditzen zait gurean erreleboa emateko erabili den modu naturala. Ikaslea irakasle izatera pasatzen denekoa. Hala ere, beti irakaslearen formazioaren lanketa faltan bota dut. Intuizioari jarraituz, inprobisazioari zenbaitetan leku gehiegi emanez eta aurreko irakasleen ereduak aintzakotzat hartuta bideratu du bere egitekoa irakasleak gehienetan. Gure bertso-eskolak hartu duen dimentsioa —ikasle kopurua, herrian duen lekua...— kontutan izanda planteamendu orokor eta landuago baten beharra duela uste dut. Haurren bertso-eskola eta bertako kide garenon helduen arteko zubiak eraiki eta dauden apurrak ere indartu beharko lirateke. Formazio eta ikuspegi didaktikoari dagokionean, Bertsozale Elkartearen babes falta sumatu izan dut. Urtetan hezkuntza arautuan jarri izan du indarra eta baliabide gehien eta bertso-eskolek gure kabuz ahal duguna egin behar izan dugu.
[Gorka Tolosa, utzi zuen irakaslea]
Elkarrekin irakasle hasitako Iker Osak, Karmele Apezetxeak eta Aitor Mendiluzek pixkanaka utzi egin zuten eta Itziar ahizpak eta biok jarraitu egin genuen, Joxe Anjel Aranbururekin eta Gorka Tolosarekin. Joxe Anjelek ere utzi zuen, Tolosak astero ezingo zuela etorri... Erreleboak loa kentzen zidan momentua iritsi zen. Ikasle zaharrenek 16 urte zituzten. Gu ordurako klaseak ematen hasiak geunden, alde horretatik ez zen nobedadea. Baina gu irakasle hasi ginenean, asteartetako bileretan helduen taldearen babesa genuen. Aldiz, ordurako asteartetako helduen taldea Biterin beharrean sozidadeetan gauez biltzen zen, eta gaztetxoak ez ziren sozidadeetara etortzen.
Ahizpa haurdun geratu eta bertso eskola utzi zuenean erori nintzen arbolatik. Beti ez nintzen bertso eskolako irakasle izango...
[Estitxu Eizagirre, utzi zuen irakaslea]
Guk aurrekoekiko hamar urteko adin diferentzia daukagu. Eta gure ondorengoekiko bostekoa. Gu bertso eskolan hasi ginenean zaharragoek beste trote bat zeramaten eta azpikoak gertuago ikusi nituen.
[Unai Gaztelumendi]
Ondorengo irakasleak ahalik baldintza onenetan uzteko, urtebetez elkarrekin eman genituen klaseak. Armairutan materiala txukun uzten aritu ginen... alde batetik primerakoa da erreleboa ematea eta garaian garaiko irakasleek bakoitzak bere erara gauzak egitea. Baita ere uste dut irakasle belaunaldi bakoitzak beti utzi dietela ondorengoei eurek jaso zuten bertso eskola baino antolatuagoa, osatuagoa eta urteekin esperientzia asko aberastu dela. Baina bestetik pena da batzuek etortzeko motiboa besteak joatea izatea.
[Estitxu Eizagirre, utzi zuen irakaslea]
Bixkiek aurrera begirako beste plan batzuk zituzten, eta eurek utzi aurretik gu ere klaseak ematen hasi ginen. Nik Estitxurekin batera ematen nien klasea umeei, 15 urterekin. Oier Iurramendik eta Amaia Otxotorenak ere elkarrekin ematen zioten klasea talde bati. Eta hurrengo urtean gure esku geratu zen bertso eskola.
[Arnaitz Lasarte, irakasle hasi zena]
Erreleboa hartu eta lehen urtean, 15-16 urterekin irteerak eta udalekuak antolatzeko larri ibili ginen eta batzuetan Agin Labururi eta Joxe Anjel Aranbururi deitzen genien irteeretan laguntzeko.
[Oier Iurramendi, irakasle hasi zena]
Estitxuk utzi zuenean ni hasi nintzen Arnaitzekin klaseak ematen. Igual behar baino goizago izan zen, tartean beste inor ez zegoelako eta lekukoa norbaitek hartu beharra zeukalako.
[Asier Azpiroz, irakasle hasi zena]
Arduraren zentzua bagenuen: hiru urte egin genituen ikasle, bagenekien aurretik jende asko ibili zela, eta guk hain ongi pasatzen genuenez, bertso eskolak segitzea nahi genuen. Baina oinarririk ez nuela sentitzen nuen, bertso zaharrik ez dakit buruz, material falta...
[Arnaitz Lasarte, irakasle hasi zena]
Segurtasun falta eta beldurra genuen, ikasletik irakasle izatera pasa ginelako. “Nik zer erakutsi behar diet hauei?” sentitzen genuen. Ahal genuen bezala, batzuetan bertso zaharrak eraman, hutsuneak bete, bixkiek material asko utzi ziguten paperetan eta hortik tiraz egin genituen aurreneko urteak. Lehenengo urtetan bertsotan ere egiten genuen baina gure helburua ikasleek ongi pasatzea zen. Doinuak eta bertso zaharrak ikasten hasi ordez, ikasleak lotu egin nahi genituen, astean behin ordubete gustura etor zitezela. Batez ere klasean ongi pasatzea zen gure lana.
[Oier Iurramendi, irakasle hasi zena]