—gaiak—
HERNANI
Hernanin zegoen bertso zaletasuna ez zen nolanahikoa; ezta bertso eskolan genbiltzan gazte taldea ere. Kuadrilla bat bezalakoa zen gurea: giro mundiala zegoen gure artean eta primeran pasatzen genuen bertsoaren aitzakian. Bereziki gogoan ditut Bertso-Latako afariak, antzerkiak, Hernaniko txapelketako saioak, bertsolari gazteen topaketak... luxu handia izan zen guzti horren parte sentitzea.
[Bakarne Urreaga]
Hernanin auzoko jai asko zen: Santa Barbaran, Portun, Etxeberrin, Osinagako jaiak hasi zirenetik bertso eskolako saioa egiten da urtero... festa guzti horietan gu hantxe izaten ginen. Generazio guztiak pasatu gara hortik.
[Jon Iraola]
Auzotako saioak dira egokienak bertso eskolan lehenbiziko urteak dituztenek lehen saioak egin ditzaten.
[Iker Osa]
Niretzako garai hori izan zen politena. Jon Iraola eta biok orduan ibili ginen gehiena batera eta bestera. Bazkaria edo afaria bazen, Iraola eta ni han izaten ginen, dispuesto. Bai Hernanin eta baita inguruan ere pixka bat mugitu ginen eta oso gustura ibili nintzen.
[Iker Osa]
YAUSIKA
Yausika dantzalekuan bukatzen genituen parrandak, askotan bertsotan (Osa, Iraola, Irazu, Maialen...). 2000. urtean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Kulturarteko Topaketak antolatu zituen, munduko inprobisatzaileak bilduz. Haien lainezan, bolada izan genuen Yausika kanpoan erdaraz bertsoak-edo osatzen saiatzeko. Guk bat osatzerako Maialen Lujanbiok hiru kantatzen zituen! Goiz batean amak: “bart gauean lorik ezin izan nuen hartu, mozkor batzuen builagatik. Eta zein izango eta zuek, bertsotan!” gu parrez hasi eta “ojo, bakoitzak zer kantatu zuen ere esango nizueke eta!”. Handik aurrera parrandetako saioxkak amari agurra botaz hasten genituen.
[Estitxu Eizagirre]
Doinua: Habanera
Tabako, ron ta zurito
astebururoko zita
“sorpresas te da la vida”...
bestela ez du merezi-ta!
“Se fue, se fue, mi amor se fue”
rantxeratan intzirika,
zurekin baino su gabe
nago aspertzen hasita.
“Come-on, zipaio laztana”
“zatoz ene Adelita!”
“Emostasu musutxue”
txanogorritxo jantzita
beti geratzen da zerbait
muga guztiak hautsita
maiteminduentzat Paris
eta guretzat Yausika!
[Jexux Mari Irazu]
HERNANI LEHEN ETA ORAIN
1
Santa Barbarara igo eta
begiratu Hernaniri
garai bateko herri txikia
nun bihurtu zaigun hiri.
Batzuen disgusturako eta
beste askoren inbiri
teilatu, horma eta kamio
besterik ez da ageri.
2
Begien bistan eduki arren
hitzez ezin dut azaldu
azken aldean ez zera gutxi
luzatu eta zabaldu.
Baserriari lurra jan eta
eraikuntzak txit ugaldu
nortasun berri bat hartu dezu
eta lehengo zaharra galdu.
3
Bukatu ziran uztarri eta
bukatu karramarroak
bukatu ziran estratetako
gurdi zorrotzen marroak.
Bukatu ziran akuilu eta
itzai zahar haien orroak
etxez etxeko esne partitze
eta ijito karroak.
4
Azken denboran ekonomia
asko indartu da gerriz
etxe bakoitzak bere kotxea
famili askok bi berriz.
Nahiz eta hilaren azkenean
kontua zenbaki gorriz
pobre edo aberats zergaren
elkarri ezin igarriz.
5
Beteko ez dutena eskaintzen
hor ari zaizkigu ezti
hauteskunde kanpainan hori da
politikoen abesti.
Gaztedia biziko litzake
gustorago ta amesti
lan postu eta etxe bizitzak
ez baleude hain garesti.
6
Eten ezinik gabiltz lepoa
estutzen digun lazoa
garai bateko antzera dago
morrontzaren arazoa.
Etxean hala bizi beharra
ez da gauza erosoa
oraindik morroi dago Hernani
eta Euskadi osoa.
[Jose Mari Arrieta, 2003an, Joxe Legarretaren omenez
Ereñozun egindako bertso-emanaldirako jarriak]
IGANDE SOZIALAK
Doinua: Aizak hi mutil mañontzi.
1
Andre Kalen sartu ahala
hau da jendetza zabala
barrarik-barra dabiltz manifa
balitza bezala!
hau egarri nazionala,
gora gu ta Erreala!
Reboluzio eguna degu
“Igande soziala”.
2
Ze euforia daukaten
igande infinito baten,
langabetuak ikusten ditut
problemak edaten.
Nahiz xoxik ez den izaten,
inori ez zerbeza ken,
bihar jeikitzen gutxinez lana
eduki dezaten.
3
Son Cubano ta bolero,
pasioz Apeadero,
Karmona berriz, rantxerak jarriz
dabil gerrillero.
Mamboa zainetan, bero
zoramenak janda edo
munduan azken eguna balitz
bezala igandero.
4
Gaiztotzean irriparra,
ta zorroztu atzaparra,
argia piztu, musika itzali
ta itxi da barra.
Gazte guztiek marmarra,
“zenizienta” trauma zaharra:
zapata galdu baino lehenago
etxeratu beharra!
[Itziar eta Estitxu Eizagirre,
2003an Joxe Legarretaren omenez
Ereñozun egindako bertso-emanaldirako jarriak]