—bertsolariak—
ESTITXU EIZAGIRRE KEREJETA
1979an Hernanin jaioa
Larraulen bizi da
Ikus-Entzunezko komunikazioa ikasi du Leioan. Argia astekarian erredaktore 2001etik, zuzendari 2013tik.
AMONA
Amonari eskerrak sartu ginen bertso munduan. Maria Antonia Rekalde Zapirain, Urnietako Zulueta baserrikoa. Oso bertsozalea zen eta txiki ginenetik “Markesaren alaba”ren bertsoak, eta artzainarenak, asko kantatzen zizkigun. Bertsoekiko maitasuna hortik hartu genuen.
Juanjo Uriak Langilen bertso eskola jarri zuenean guk 8 urte genituen eta bertso eskolara amonaren eskutik joaten ginen.
Berarekin jarraitzen genuen Hitzetik Hortzera, txapelketak... Udan siestarako hiruok ohe berean sartu eta radioan bertsoak aditzen egoten ginen.
Eskolatik ateratakoan arratsaldeak berarekin pasatzen genituen eta asper-asper eginda geundenean, hor hasten zen, zekizkien denak kantatu eta kontatzen.
KALERAKO BIDEA
Gu umetan ez gara kalean ibilitakoak. Lehenengo irteera guztiak bertso eskolarekin egin ditugu, umetan Juanjo Uriarekin Santa Agedetan kopla kantari, gaztetan lehen parrandak...
BITERIKO BERTSO ESKOLA
Ikastoletako bertso eskolek Biterin bat egin zutenean Iñaki Zelaia izan genuen irakasle, eta idatziz egiten genuen. Bat-batean Joxe Luis Urdangarinekin hasi ginen, eta taldean biltzen ginen Iratxe Apaolaza, Karmele Apezetxea, Itziar ahizpa, Urko eta Iker Apaolaza.
Hor pare bat urte egin genituen. Eta Karmele, Itziar eta hirurok gelditu ginen aurrera egiteko eta helduekin nahastu gintuzten (Iker Osa, Jon Iraola, Eñaut Agirre, Xabier Legarreta...). Gogoratzen dut etxera bidean beti esaten genuela “bueno, zuek segitzen baduzue nik segiko dut”, “bueno, beste astebetean etorriko gara”. Astero-astero beti hor ginen, utzi edo jarraitzeko mugan. Azkenean zergatik segitu genuen? Bestela horrelako kuadrilla ederrik gabe geratuko ginelako.
ESKOLARTEKO TXAPELKETAN
Gogoratzen dut han ikusi nuela Maialen Lujanbio kantari. Eta momentuan pentsatu nuela: “klaro, eske, neskek ere kantatu dezakete. Ez dira futbolean bezala aritzen, mutilak alde batetik eta neskak bestetik”. Gogorra da esaldia, baina hala da. Lehen aldia zen tabladu gainean neska bat ikusten nuena kantari. Neskak idazten aritzen ginen eta kantuan beti ziren mutilak. Etxera etorri eta amonak komentatu zuen: “ba omen dago neska bat bertsotan aritzen dena... joño, horretan ere hasi al dira?” bera ere poztu zen. Irudi hark “klak” egin zigun buruan.
NERABEZAROAN, ERABAKIA
Hasi berritan bat-batekoa kosta egiten den ariketa bat da, eta badauka bere grazia horretan saiatzeak baina era berean erraza da gaur aurreratu duzuna bihar hoztutzea... txapelketatik txapelketara funtzionatzen duzu. Momentu horretan Joxe Urdangarin izan zen (gure irakaslea) saioak bilatzen zituena, eta gaueko lletan gure etxean telefonoa jotzen zuenean bi ahizpok errietan hasten ginen: “hartu zuk, Joxe da eta; ez hartu zuk, aurrekoan nik hartu nuen eta” eta beti zen hurrengo goizerako saioren bat; eta beti ematen genuen erantzun bera, ez genuen nahi baina ez genekien ezetzik esaten. Baina Lizardiko sariketa etorri zen, eta nola udan zen eta ez zegoen bertso eskolarik, preparatzeko geratu behar izan genuen. Iker Osa, Jon Iraola, Itziar eta laurok geratzen ginen, eta Unai Agirrek eta Jexux Mari Irazuk prestatzen lagundu ziguten. Adinagatik eta gure burua prestatzeko ardura geuk hartu genuelako, hor eman nuen aldaketa.
Lizardiko saio horiek politak atera ziren, gustura geratu ginen, eta bertsoekiko jarrera aldatu zitzaidan. Jada ez zen bertsotarako pereza, egin nahi eta borroka bat zen.
SARIKETAK
Aizkorpe bertso txapelketa |
2004 |
Parte-hartzaile |
Argi Berri Saria |
1999 |
Osinalderako sailkatua |
Argi Berri saria |
2000 |
Osinalderako sailkatua |
Axari saria |
1999 |
Osinalderako sailkatua |
Aztiria saria |
2002 |
Osinalderako sailkatua |
GR-4 bertso bidea |
2004 |
Parte-hartzaile |
GR-5 bertso bidea |
2005 |
Parte-hartzaile |
Hernaniko taldekako txapelketa |
2002 |
Parte-hartzaile |
Hernaniko Txapelketa |
1996 |
Finalista |
Lizardi saria |
1998 |
Finalista |
Lizardi saria |
1999 |
Finalista |
Lizardi saria |
2000 |
Finalista |
Lizardi saria |
2001 |
Parte-hartzaile |
Orixe saria |
2003 |
Txapeldun |
Osinalde saria |
1999 |
Finalista |
Osinalde saria |
2000 |
Finalista |
Osinalde saria |
2002 |
Finalista |
Xenpelar saria |
2002 |
Finalista |
Zarauzko Kopla Txapelketa |
2003 |
Txapeldun ordea |
2003KO ORIXE SARIA
Ez nengoen batere prestatuta. Sailkapeneko afaria nuen astean gertatu zen Euskaldunon Egunkaria itxi zuteneko dena. Horregatik, tripetatik kantatu nuen. Finalean ere amorru horretatik kantatu nuen. Kartzelara atera ginenean oso paretsu gindoazela esan ziguten eta kartzelan erabakiko zela saioa. Jata salto egitea erabaki nuen, bertso eskolan behin ere kantatu ez nuen doinu eta neurrian, zortzi puntukoan.
Kartzelako gaia: Gaur goizean burrunba handi batek esnatu zaitu. Dozenatik gora hegazkin militar pasatu dira zure etxe gainetik gerrara bidean.
Lanpara denak erori dira
eta mahaia dago dantzan
burura eraman eskuak eta
berehalaxe naiz etzan.
Aita ta amai deitu ohi diet
norbaitek lagundu nazan
eskuak ondo gurutzatuta
errezatuz esperantzan.
Hegazkin batzuk ikusten ditut
burnizko txorien trazan
misil batzuek bota dituzte
nola gaituzten erasan!
Ala jainkoa lagun zaidazu
nik ezin baitet hau jasan
zerua dator gainera edo
mundua dago zalantzan!
Amerikarrak mehatxatuaz
ari dira aspalditik
espainiarrak haiei lagunduz
eta inglesak bestetik.
Orain artean bezela ere
gero bizi nahi nuen nik
gu ondo gaude eta munduan
gertatuak ez dit inportik.
Gaur erasoka etortzen dira
eta ez dakit zergatik
diotenez guk buruzagi bat
txarra izateagatik
lepo gaineko burua berriz
nik ez dut galdu oraindik:
hura hiltzaile izan liteke
ni ez naizela badakit.
Guregan dago gure arbaso
ta gudarien itzala
nik ere burka eramaten dut
nire amonak bezala.
Europearrek ez dute ulertzen
guretzako da normala
baina halare errespetua
ez ote da printzipala?
jarri nahi dute euren txanpona,
erlijio ta azala
horregatikan guri tratatu
arratoi zahar hoiek hala
zerura beida jarri naiz eta
hala eskatzen dizutala:
munduan bizi ezin bagara
lurrak tragatu gaitzala!
“Oso garbi dut txapel hori amorrua bertso bihurtu nuelako irabazi nuela.
Txapela Pello Zubiriari eskaini nion, eta askatu zutenean
Argian egin genion ongi-etorrian eman nion”.
Argazki hau Egunero-ko (Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean
langileek hainbat hilabetez kaleratu zutena) azala izan zen.
BERTSO ESKOLAKO IRAKASLE
16 urterekin hasi ginen irakasle eta 25ekin utzi nuen (Larraula joan ginen bizitzera, eta 27 urte nituela jaio zen gure alaba zaharrena).
Nik primeran pasatu dut irakasle. Izugarri disfrutatu eta ikasi dut, beste irakasleekin eta ikasleekin. 10 urtean jende mordoa pasa da, baina garaian garaian talde bat izan gara, euretako bat sentitu naiz. Eta zenbat barre eta zenbat erokeria egin ditugun! Urbieta kopiak-ekoak esaten zigun bezala “ui, bixkiak maleta eta kartulina pila batekin... ke peligro!”. Umeentzat sormenerako eta besteekin harremanetan euren burua lantzeko leku bat izatea nahi nuen.
TXAPELKETAK
Gipuzkoako Herri Arteko |
1999 |
Parte-hartzaile (Hernani-I) |
Gipuzkoako Txapelketa |
2003 |
Final-aurreak |
Euskal Herriko Txapelketa |
2005 |
Lehen kanporaketa |
Baditut txapelketako oroitzapen oso politak, gustora geratu izandakoa, eta zer ederra den! Txapelketan ongi kantatzen duzun unea, hori hortxe geratzen da, luxu bat da. Baina ez dut kontrolatzen zein diren txapelketaren klabeak. Prestatzen ari zara, landu duzu eta ustez ongi aritzeko moduan zoaz, eta beste alde batetik etortzen zaizu zaplakoa.
2003ko Gipuzkoako Txapelketa: Final laurdenetako ze oroitzapen ona daukadan, eta aldiz finalerditan zer sentsazio gaitza akojonatu egin nintzela eta ez nuela ezer egin! Azkeneko gaian soltatu nintzen, baina ordura arte bukaera iristeko desiatzen eta eskakeatzen egon nintzen...
2005eko Euskal Herrikoa. Kristoren ilusioa eta gogoa jarri nuen. Ustez prestatzen aritu nintzen, eta ustez ongi ari nintzen, entrenamendutan gustura nenbilen. Eta hara iritsi eta saio grisa egin nuen. Ez nintzen saio horretan egon, ez nuen ezer egin, ez ongi eta ez gaizki esatekorik.
GARIALEA
Garialea bloga 2001eko txapelketarekin sortu nuen. Bertsoari lotutako lehenengotako bloga eta webgune bakanetako zen, hasi nuenean. Pello Zubiriak bultzatzen zuen internet Argian, eta asmoa azaldu nion eta segituan jarri zuen martxan. 2013ra arte bertan idatzi nituen iritzi artikuluak, albisteak, lan luzeak... eta formulario bat betez eskaera egiten zidanari bertsoak jartzen nizkion!
LARRAULEN ETXEAN BERTSOTAN
2007an Larraulera joan ginen bizitzera eta bertsotako eguneroko kuadrilla aldatu zitzaigun, baina nolabait bilatzen ditugu bertsotan egiteko txokoak.
Bildu izan gara sozidadean, bertsotan egiteko. Umeak bueltan ibiltzen dira, eta nahi dutenean entzun eta nahi dutenean zerbait kantatzen dute. Bestalde, Larraulen baserriz baserri erronda egiten da Gabonetan eta Santa Agedetan. Hor koplari gustura aritzen naiz.
Nire umeei asko kantatu diet, tripa barruan nituenetik. Inixio (umeen aita) amorratua da eta denok ere librean asko aritzen gara etxean eta kotxean, etorri ahala botaz.