—bertsolariak—
JON IRAOLA MARTINEZ
1978an Hernanin jaioa
Bertsozaleak ginen denok etxean eta saioetara joaten ginen etxekoekin. Handitu ahala gure kasa joaten hasi ginen.
BERTSO ESKOLAN
Juanjo Uriarekin hasi ginen, Langile ikastolan, 11 urterekin. Ikastoletako bertso eskolak Biterin batu zirenean, gu astearteko bileran sartu ginen.
Bertso eskolan taldetxo bat sortu genuen, gure belaunaldikoekin eta aurretik zeuden beste batzuekin, eta talde horrekin geure kasa ere biltzen aritu ginen.
ESKOLARTEKO TXAPELKETAK
Behin bat-batean hasita, taldeka izaten zen txapelketa txikien mailan, eta nik gogoan dudala bi aldiz atera ginen. Nekane Igarriz, Iker Osa, Eñaut Agirre eta ni. Iker Artola ere bai, urte batean. Eta gero bakarka ere atera izan naiz, urtero, 18 urte egin arte.
SARIKETAK
Aurreneko Lizardi Sarian parte hartu nuen eta Hernanitik hamar-hamabi joan ginen kantatzera. Geroztik igual hamar aldiz aterako ginen.
TXAPELKETAK
Gipuzkoakoan pare bat aldiz kantatu dut eta 1999ko Herriartekoan ere bai. Niretzako ur handiegiak dira, ilusio eta gogo handia neukan baina. Esperientzia bat eta bertsotan jarraitzeko aitzakia izan dira.
PLAZAK
Afariak eta festa giroko saioak izaten genituen, jaialdietan eta gaiekin oso saio gutxi egiten genituen. Horretarako izen gehiago zuten bertsolariak deitzen ziren. Gu, tokatzen zitzaigun terrenoan hortxe ibiltzen ginen, gustura. Entzuteko eta kantatzeko, bitarako, afalondorena edo bazkalondorena nahiago ditut. Mahaiaren buelta.
Bertsolaritza jarraitzen dugu baina lagunartekoa gehiago. Sozidadean elkartu eta bertsotan egin... elkarren ondoan ederki pasatzea da kontua.
2001eko Euskal Herriko Txapelketarako
Gipuzkoako Sailkapena (martxoaren 24a, Hernani)
Puntua:
Denetik daukagu ta
hala ere eske,
Jon Iraola:
horrela ibiltzen da
horrenbeste gazte;
gauz gehiagokin izan
baigintezke aske,
baina ondorenian
gauz txarrak datozte.