—bertsolariak—
IKER OSA ZELAIA
1978an Hernanin jaioa
ETXEKO GIROA
Zaletasuna denok genuen, gehixeago edo gutxixeago. Gurasoek, anai-arrebek... bertso giro dezentea sumatzen nuen nik.
Gure osaba Gotzon (Anjel) saltsa askotan ibilia zen, eta bertsotan ere etxeko zaleena bera izan zen. Parrandatan bertsotan egiten zuen. Eta antolakuntzan asko mugitzen zen Juanjo Uriarekin, Antton Garinekin eta horiekin. Gogoratzen naiz 1989ko Txapelketa asko jarraitu nuela osabaren bitartez. Giro hori asko sartu zitzaigun orduan.
BERTSO ESKOLAK
10-11 urte genituela, Langile ikastolan, Laubidietan, ikusten genuen gure ikaskideak nola aritzen ziren bai Anatxekin eta bai Juanjo Uriarekin, bertsolaritza ikasten. Eta gu ere zaletu ginen. Orduan oraindik lotsa pixka bat edo gehiegi izango genuen, baina nolabait ere arrimatu ginen gu ere Eli Igartzabal irakaslearen bitartez. Lau-bost bat ginen hasi ginenak: Iker Artola, Jon Ziganda, Jon Iraola, ni...
Lehenbiziko urtea Juanjo Uriarekin egin genuen, 11 urterekin, Langile ikastolan.
Gure bigarren urtea izan zen bi bertso eskolak Biterin batu zirenekoa. Han 14 urtera arte idatzizkoa egiten aritu ginen Jon Eizmendirekin eta azken urtean Joxe Luis Urdangarinekin. Gero jada gure kasa biltzen ginen.
PLAZAK
Lehen saioa: Hernanin, 1990ean, Sandiusterri aretoan, Joxe Legarretaren oroimenezko saioan, bertso-eskolako lagunekin.
Bazkari eta afari guztietara joaten ginenean, urtean igual 20 plaza egiten genituen; Andoain, Urnieta; Altza, Herrera, Donosti, Hernaniko auzoak... Baina ez zen izan txapelketaren batean zerbait egin genuelako edo bertso maila bat eman eta ez dakit nondik deitu zigutelako. Batez ere ezagun eta lagun pila bat genituelako izaten genituen deiak batetik edo bestetik. Eta bai herrian eta bai inguruan mugimendu handia zegoelako. Hor bi-hiru-lau urte politak pasa genituen.
Zizurkil Goian gaztaina jatera urtero ez baina dezentetan joan izan ginen. Hango herriko asko oso lagunak ditugu eta ezagunak ia denak. Eta han gustura geratzeko saioak egin izan ditugu, baserritarren egunean ere bai...
SARIKETAK
Gipuzkoako Eskolarteko |
1996 |
Finalista (handitan) |
Argi Berri saria |
1998 |
Parte-hartzaile |
Argi Berri saria |
1999 |
Parte-hartzaile |
Argi Berri saria |
2000 |
Parte-hartzailea |
Hernaniko Taldekako |
1996-2002 |
Behin irabazi |
Lizardi saria |
1997 |
Finalista |
Lizardi saria |
1998 |
Finalista |
Lizardi saria |
2000 |
Finalista |
Lizardi saria |
2001 |
Finalista |
Orixe saria |
2001 |
Parte-hartzaile |
Orixe saria |
2003 |
Parte-hartzaile |
Xenpelar saria |
1998 |
Parte-hartzaile |
Xenpelar saria |
2000 |
Parte-hartzaile |
TXAPELKETAK
Gipuzkoako Herri Arteko |
1999 |
Parte-hartzaile |
Gipuzkoako Txapelketa |
2003 |
Azken laurdenak |
Gipuzkoako Txapelketa |
2007 |
Lehen fasea |
Gipuzkoako Txapelketa |
2011 |
Azken laurdenak |
Saio eguna iritsi arte gustura egoten nintzen beti, kristoren ilusioarekin... saioko eguna denetik izan dut. Behar baino garrantzia handiagoa eman eta azkenean bertso eskolan baino maila baxuagoan aritzea gertatu ohi zait, urduritasunak ere ez du laguntzen... baina gustora. Hori gaixotasuna da eta alferrik da ihesi ibiltzea.
ESTILOA
Niri gustatzen zaidana bat-bateko bertsoa da. Saiatu horretan egiten naiz, lortzen dudan edo ez, beste kontu bat da. Erantzunekoa eta ahal den denbora gutxienean pentsatuta.
Baina txapelketan beti erortzen gara ez garen horretara.
2001 Euskal Herriko Txapelketarako
Gipuzkoako Sailkapena (martxoaren 24a, Hernani)
Puntua:
Aspalditxo iritsi
ginen ilargira
Iker Osa:
eta oraindik gaude
beraiei begira,
gugan utzi baitzuten
holako dizdira;
oraindikan batzuek
bertan bizi dira.
2011ko Gipuzkoako Txapelketan.
LAN MUNDUA
1
Irakasleek dute
sekulako ganga
lanean hasterako
kobratzeko txanda
asko lasai “langile
fina naiz” esanda
nirekin lan handirik
etzuten izan da.
2
Eskola utzi eta
sei hilabetera
bete nahiean hutsik
zegoen kartera
joan nintzen poteoko
taberna batera
kostata pasa nintzen
barraz bestaldera.
3
Lagunak juergan eta
nik lana galanki
heldu nahi nion beste
behar mota bati
lan gogorrari bildur
gutxitxo izaki
baso lanak bihurtu
ninduen basati.
4
Langilerik finenak
udaletxekuak
ondo goguan dauzkat
beraien datuak
zazpi ordu: gosai ta
hamaiketakuak
Txirritaren legia
ikasitakuak.
5
Obran ikus liteke
hainbeste mutiko
erotikan gehiegi
eurotikan nahiko
teilatu, aldamio
salto eta brinko
nik bizitza zintzilik
ez nuke jarriko.
6
Bela aspertu nintzen
aizkoran ta segan
beste nunbait biziko
bainintzan primeran
enpresa potolo bat
banuen aukeran
ordu(a)n ikasi nuen
entxufe bat zer dan.
7
Gu gara dena eta
geu gaude ondoen
Zikuñagan ta Epelen
zenbat ke dagoen
Urumea ere noizbait
egon zen garbien
ta ez dakit kaltea
zeinek egin dien.
8
Enpresa bakoitzeko
beste hainbat buru
dena da estuasun
ta dena apuru
nahiz eta lanpostu bat
den gure helburu
diru faltak gehiago
kezkatzen gaitu gu.
[Iker Osa, 2003an Joxe Legarretaren omenez
Hernanin egindako bertso-emanaldirako jarriak]