—gaiak—
1999KO GIPUZKOAKO
HERRIARTEKO TXAPELKETA
Arduraduna: Unai Agirre
Non-noiz: Abenduaren 19an jokatu zen, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. 2.000 entzule kabitu ziren, estu estu-eginda. Zarautz Jai-Txiki eta Erniope taldeak aritu ziren lehian. Talde bakoitzetik, bertsolari hauek: Zarautz Jai Txikiko Julen Zulaika, Andoni Egaña eta Iñigo Manzisidor “Mantxi”, Erniopeko Txomin Garmendia, Amaia Agirre eta Jexux Mari Irazu.
SAILKAPENA
Txapeldun
Zarautz Jai Txiki: 1.856,5 puntu
Txapeldun orde
Erniope: 1.830 puntu
Taldeak: Taldekako izaera hori medio, inoiz izan den partehartzerik jendetsuena izan zuen. Aspaldi txapelketan atera ez edo bertsoa utzita zutenek ere parte hartu zuten. 24 talde aritu ziren. Taldea bertsolariek, gai-jartzaile banak eta epaile banak osatzen zuten. Guztira, 166 lagun bildu ziren taldetan, hauetatik 101, bertsolariak. Donostia eta Deba behea parte hartu gabe geratu ziren, epez kanpo izena eman zutelako.
Oholtzatik herrira: Txomin Garmendiak horrela definitu zuen Herri arteko txapelketa: “Ez dakit, ez ote den izango Gipuzkoan izan den txapelketarik herrikoiena.” (Euskaldunon Egunkaria, 1999-9-8). Andoni Egañak ere, “Herriko bertso giroa indartzeko era bezala” ikusten zuen txapelketa hura (Diario Vasco, 1999-9-8).
Herri askotan aspaldi bildu ez zen jendea elkartu zen,txapelketa prestatzeko aitzakian. Eta txapelketa bera antolatzeko ardura ere herrira eraman zen, Felix Irazustabarrena epaileak azaldu zuenez: “Txapelketaren helburua bertsolari eta bertsozaleak antolakuntzan inplikatzea da eta lehen faseko joan-etorriko saioak lekuan lekukoek antolatuko dituzte.” (Gara, 1999-9-8).
Herri izaera horri eusteko, txapelketa eskualde mailan hasi zen.
Oso giro ezberdina lortu zen: kanporaketa asko afalostean jokatu ziren, herrien arteko desafioak piztu ziren, eta txapelketa giroa baino jai giro handiagoa izan zen finalean ere.
Nahasketa helburu: Belaunaldi ezberdinak elkarrekin nahastea eta tradizio eta estilo ezberdinetako bertsokerak lehiarako berreskuratzea zen txapelketaren helburua. Eta lortu zen, parte hartu zuen bertsolari gazteenak 18 urte baitzituen, eta zaharrenak 71. Horrela definitu zuen Imanol Lazkanok: “Txapelketa bat baino gehiago da erakusketa bat. Gipuzkoan urteotan bertsolaritza izan denaren argazkia izango da.” (Euskaldunon Egunkaria, 1999-9-8).
Andoni Egaña ere kontziente zen txapelketa hura transmisiorako bide egokia zenaz: “Asko erraztu du belaunaldien arteko harremana. Guretzat inportantea da gazteagoei eta gu baino plaza gutxiago egiten dituztenei gure esperientzia batzuetan eta eskarmentua besteetan transmititzea.” (Gara, 1999-12-20). Bapo bete zuten lan hau, Julen Zulaikak nabarmendu zuenez: “Txapelketa honetan izugarri ikasi dut.” (Gara, 1999-12-20)
[Bertsolaritzaren datu-basea]
BERTSO ESKOLAKOAK SAILKAPEN TAULAN
Finalean:
— Jexux Mari Irazu, “Erniope” taldearekin: Amaia Agirre, Aitor Usandizaga, Txomin Garmendia.
Final erdietan:
— Andoain-Urnieta taldea: Aitor Mendiluze, Jokin Sorozabal, Joxe Mari Mujika “Anatx”, Jon Garmendia “Txuria”, Fermin Argiñarena (epaile)
Lehen fasean:
— Hernani-Txisplau taldea: Gorka Tolosa, Maialen Lujanbio, Itziar Eizagirre, Aritz Zerain, Mikel Iturbe (epaile).
— Hernani-Ereñozu taldea: Unai Agirre, Iker Alustiza, Ibon Miner, Estitxu Eizagirre, Juanjo Uria (epaile), Mikel Peruarena (gai-jartzaile).
— Hernani-Iraulio taldea: Iker Osa, Jon Iraola, Eñaut Agirre, Iñaki Zelaia, Joxe Luis Urdangarin, Joxe Anjel Oiartzabal (epaile), Xabier Legarreta “Arano” (gai-jartzaile).
Txapelketekin saltoak ematen goaz, Belodromotik BECera, gauza salgarriak egin nahi dira, eta halako batean jendea mentalizatu zen “hori hor doa, baina tartean taka, ertzetik kuña bat sartu behar dugu “, Horregatik egin zen Herriartekoa, eta Gipuzkoako Txapelketarekin hasiera hartan zalantza asko egon zirelako ere bai. Kuantitatiboki Gipuzkoatik zegoen parte-hartzerik handiena Txapelketa Nagusian, eta jende igualtsua iristen zen bietan finalera, eta batzuek esaten zuten Txapelketa Nagusi bat bi aldiz egitea bezala ote zen. Zalantza horien artean, beste zerbait egitea pentsatu zen. Bazegoen aurrekari bat, Euskadi Irratian garai batean Joxerra Gartziak egin zuena, eta handik esperientzia ona zuen jendeak.
[Jokin Sorozabal]
Tartean behin egin beharrekoa, oso esperientzia polita izan zen. Aurretik etorri ziren Hernaniko auzoetako txapelketak, eta batetik auzotako horrek nola funtzionatzen zuen ikusita, eta bestetik Pernando Amezketarra Sariaren garaian herriartekoak nola funtzionatzen zuen ikusita, hortik etorri zen egiteko asmoa. Denak kantuan jarrita egitea defendatu nuen Gipuzkoako Elkartean, adin eta maila guztietakoak bilduko zituena.
[Jexux Mari Irazu]
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa gauza oso polita izan zen, beste helburu batzuekin egindakoa. Oso parte-hartzailea, antolatu eta kantatu behar zutenak denak nahastuan. Herriz herri bilera asko egin ziren, bertso eskola eta taldeekin harreman asko... saio asko afaritan egin ziren... nahiz txapelketa izan, kantatzeko ere trankilxeagoa zen. Merezi izan zuen.
[Jokin Sorozabal]
Gipuzkoako Elkartean antolatzen eta kantatzen aritu nintzen eta niretzat oso berezia izan zen. Ni sartzerako filosofia landuta zeukan Elkarteak, eta nik oso bat egin nuen filosofia horrekin: oinarria zaindu, behar duen garrantzia eman, azpi azpitik lan egin, jendea lotu, zerbait nahi duenak zerbait eman dezala, elitea eta elitea ez dena nahastu, txapelketaren inpultsoa baliatu eta bestela aukerarik ez lukeen jende bat finalera sartu...
[Unai Agirre]
Honek poso handi bat utzi zuen. Gai-jartzen eta abar parte hartu zuen jende asko izan da gero bertsolaritzari eutsi diona. Tartean behin hori egin behar da. Garai hartan ere baziren ikuspegi desberdinak horren inguruan, eta ikuspegi bat zen bertsolaritza mota bat bultzatzea, esfera batekoa. Eta beste ikuspegi bat zen gurea, bertsolaritza bere osotasunean hartu eta bere osotasun bultzatzea, auto-antolakuntzaren ikuspegitik. Herriartekoak 200 lagun inguru jarri zituen lanean. Lanean hainbesteko taldea jartzen duen ekitaldi batek, derrigor zerbait utzi behar du, txapeldunez gain. Eta utzi zuen. Hori ez da inoiz gaizki etorriko.
[Jexux Mari Irazu]
Hernanin eztabaida egon zen herriko hiru taldeak orekatu edo bat ona egin. Afizioak nahi zuena egin balitz, hiru bertsolari handienak bilduko ziren, baina barrutik ikusi genuen txapelketaren filosofia bertso eskolan aplikatu behar zela. Hernanin nahastuan atera ginen denok, gutxiago ibiltzen zirenak, plazaz plaza zebiltzanak, gazteak, zaharragoak... taldeak orekatu egin genituen eta ez zen talderik oso aurrera iritsi.
[Unai Agirre, Hernani-Ereñozu taldea]
Oso giro ona sortu zen. Hernanin berehalako emaitzak oso onak izan ez baziren ere, nik uste luzera begira oso emaitza onak eman zituela.
[Aritz Zerain, Hernani-Txisplau taldea]
Gure taldeak bi saio egin genituen Errenteriaren kontra, eta galdu egin genuen. Nahiz eta ez hain talde gogorra eduki espero genuen pasa egingo ginela, hasi aurretik. Baina Errenteriak uste baino bastante bertsolari hobeak ekarri zituen. Bertsotan egin egiten zuten. Baina oso giro ona sortu zen gure artean eta oroitzapen oso ona daukat.
[Unai Agirre, Hernani-Ereñozu taldea]
Herriarteko Gipuzkoako Txapelketan, Oiartzunen Hernanik galdu egin zuen eta gero bueltako saioa Peña Otañon egin zen. Gustatu zitzaidan hernaniarrek saio hartan zer egur eman zuten. Hor gustura aritu nintzen epaile.
[Joxe Angel Oiartzabal, Hernani-Iraulio taldea]
ENTRENAMENDUAK
Orduan lagunartean pasatzen genuen ondo eta badakit lagunartekoa zela, baina nork bere burua estutzen duenean eta atzera jartzen denean ez du bertsotan egiten. Bilera batzuk egin genituen Aitor Mendiluzeren baxeran, astero bilduz. Han lagunartean gustura sentitzen nintzen baina bateko juradua, besteko publikoaren tentsioa, eta kamerak... ez da nire mundua.
[Joxe Mari Mujika, “Anatx”, Andoain-Urnieta taldea]
Erniope taldean bestela harreman zuzenik izango ez nuen jendearekin biltzen ginen: Txomin Garmendiarekin eta, Amaia Agirreren baxeran. Ariketa batzuk ere baziren, ustez lehenagoko mentalitate batetik begiratuta arraro xamarrak zirenak, “gauza baten alde, kontra eta erdibidea”. Eta gogoratzen naiz Txominekin entrenamendutan nola ibili ginen: gaia jarriko dugu, “kondoia”. Propio aritzen ginen mutur xamarreko gaiak jartzen, haietan ondo egiten bazuen errazean ongi egingo zuelako. Txomin erdibidean jartzen genuen, hori garbi geneukan. Batek alde, besteak kontra, eta Txominek nolabait ere maneiatu. Hori zen estrategia “bestela ere berea botako dik, asike bukaerarako utzi”.
[Jexux Mari Irazu, Erniope taldea]
FINALA
Oso gauza politak egon ziren: Txomin Garmendia bat, nahiz eta bertsolari ona izan adinagatik finalera iritsiko ez zena Irazuren eta eskutik finalera iritsi zen! edo Iñigo Mantzizidor “Mantxi” bat, nahiz eta oso ona etorri oraindik oso gaztea zena Egañaren eskutik finalera iritsi zen! Eta finalean demostratu zuten bertsotan egiten zutela! Txapelketa oso berezia izan zen.
[Unai Agirre]
Finala ere oso hunkigarria izan zen, bi talde eta bi mila lagunetik gora joan zen ikustera... oso txapelketa polita izan zen.
[Jexux Mari Irazu, Erniope taldea]
1999-09-17, Hernani
Taldeak: Hernani-Txisplau vs Andoain-Urnieta
Gai orokorra: Kursaala.
Jokin Sorozabal:
Bertsotan hasi beharra degu
Kursaal zahar horren peskizan
azken aldian beste hainbeste
mintzatu izan den gisan
ta nik ez dakit egin dutenak
gaur zer pentsatzen dabiltzan,
pareta okerrak dauzkan etxeak
ezin du zuzena izan.
Joxe Mari Mujika “Anatx” mendizalea da eta Maialen Lujanbio sherpa, mendizaleari tresnak garraiatzen laguntzen diona. Gaur 8.000 metrotik gorako hamalaugarren mendia igota etxerantz zoazte maldan behera.
M. Lujanbio:
Azkenik egin dugu
rekor nabarmena
nagusiak poza eta
sherpak nahiko pena
zerorri izango zera
munduan aurrena
motxila aurrekaldean
eraman duena.
J.M. Mujika “Anatx”:
Gizonak atzetikan
motxila aurrera
baina gizona ere
heldu gailurrera
orain pozez beterik
nihoa etxera
mila esker Maialen
portatua zera.
M. Lujanbio:
Gaur arte egin nituen
zortzi milako bi
eta hamalaugarrena
pixkana erori
zuk beti behar artean
mila puro lodi
nik’e probatu nahi det
oxigeno hori.
J.M. Mujika “Anatx”:
Estuasun batean
puruarekin arre
eta zurekin ere
ez nago haserre.
Puruak kalterikan
ez dauka ezer’e
aukera orain dezu
nahi badezu erre.
M. Lujanbio:
Mendian gora joaten
nintzan tirri-tarra
gailurreko fotoa
balio bakarra
berde, zuri eta gorri
ditu hamar marra
har zazu zuretzako
zure ikurrin zaharra.
J.M. Mujika “Anatx”:
Zu portatu zerade
sherparen neurrira
eta eraman nauzu
behar zan tokira
nahi badezu fotoa
nahi bazu dizdira
eraman nahi zintuzket
nik Euskal Herrira.
Puntutan aritzeko gaia: Joxe Mari Mujika “Anatx” - Gorka Tolosa. Arratsalde plana egin duzue eta Santa Barbarara joan zarete eskalatzera. Momentu honetan sokak jartzen ari zarete.
G. Tolosa:
Igo beharko degu
poliki-poliki
J.M. “Anatx”:
azkar ez naizela joango
beronek badaki
G. Tolosa:
soka eteten hasi
egin leike aurki
J.M. “Anatx”:
baina bide berria
nahi nuke ireki.
J.M. “Anatx”:
Zuk badakizu karga
handia detena
G. Tolosa:
Ordun bada ezpada
abitu aurrena
J.M. “Anatx”:
neretzat jarri behar da
sokarik fuerteena
G. Tolosa:
fuerteena ez dakit baina
behintzat lodiena.
G. Tolosa:
Leheno kontu hauetan
ibili al zera?
J.M. “Anatx”:
Prueba bat egina det
nik zure antzera
G. Tolosa:
behintzat ez zaitez erori
gaur sokatik behera
J.M. “Anatx”:
hortikan probetxurik
ezin da atera.
J.M. “Anatx”:
Arratsalde bat pasa
nahi nuke gustora
G. Tolosa:
horretarako dugu
bastante denbora
J.M. “Anatx”:
hanka sendoak dauzkat
igo nahi det gora
G. Tolosa:
ez bagera erortzen
behean dagoen zulora
.
G. Tolosa:
Esku handiak baina
tripa ere berdin
J.M. “Anatx”:
hala ere saiatu
nahi nuke ahalegin
G. Tolosa:
gainean dezun karga
gora igo ezin
J.M. “Anatx”:
zuk nire paretikan
zeuk ezin aldegin.
J.M. “Anatx”:
Argala degu baina
ni naiz azkarrena
G. Tolosa:
baina hori ez da hemen
gauza inportanteena
J.M. “Anatx”:
berehala pasako naiz
ermitan barrena
G. Tolosa:
hori izan liteke
gauzarik onena.
G. Tolosa:
Baezpa Aita Gure bat
errezatu zazu
J.M. “Anatx”:
zerorrek egin zazu
baldin badakizu
G. Tolosa:
gaurko gauza onean
zuk egin nahi baezu
J.M. “Anatx”:
ni ez naiz eroriko
zertan hainbat izu.
J.M. “Anatx”:
Mendian igotzeko
egin da planoa
G. Tolosa:
badaezpada zugandik
ni urruti noa
J.M. “Anatx”:
Elutxetan ere bada
plan oso sanoa
G. Tolosa:
orain ere jarri dit
gaurkoan amoa.
G. Tolosa:
Lehenago karga asko ta
gehiago hartu nahi
J.M. “Anatx”:
nerekin eramango det
egon zaitez lasai
G. Tolosa:
Ez duela gauza ona
hartzen diot usai
J.M. “Anatx”:
zergati jarri zera
eroritzeko zai?
J.M. “Anatx”:
Nahiz ta soka fuerteak
ditugun hor bota
G. Tolosa:
hori esanda ere
neri ez dit inporta
J.M. “Anatx”:
Elutxetara noa
ezin det igota
G. Tolosa:
a zer bi baserritar
burutikan jota.
1999-09-17, Ereñozu
Taldeak: Hernani-Ereñozu vs Xenpelar
Osaba-ilobak zarete, Iker Goñi iloba eta Ibon Miner osaba, apaiza gainera. Gaur, ilobak, osabaren mesanotxean kuxkuxean zebilela kondoi pakete bat aurkitu du. Oraintxe sartu da osaba gelara.
I. Goñi:
Hauxe ikusi eta
ezin erretira
nere buruan duda
bat dantzan hasi da
hau galdetu nahi dizut
osaba begira:
Hemengo globo hauek
niretzat al dira?
I. Miner:
Kuxkuxero zer ari haiz
kajoian lanean?
Lotsagabe ari haiz
beraz gehienean,
globoekin jostatuko
hazten haizenean
probetxu aterako
ziot bitartean.
I. Goñi:
Itxuraz sortu dizut
hainbat enbarazu
osaba lasai egon
egidazu kasu
ni zalantzatan nago
orain bertan aizu:
Nola erabiltzen diran
esplika zaidazu.
I. Miner:
Galdezka segitzen dek
iloba hala ere
baina ez nau jarriko
oraingoan grabe.
Alper-alperrik ari
zara lotsagabe
eta ikasiko dek
esplikatu gabe.
I. Goñi:
Orain ikusten zaitut
eskuak dardarka
osaba urduri zaude
ene hau da marka!
eta esan behar dizut
eta osaba barka:
Kadukazio fetxa
pasatuta dauka.
I. Miner:
Estu hartu nau bada
honek azkenean
ai lotsa gabe nola
ari den lanean
horregatikan daude
kajoi barrenean
onak ibiltzen ditut
patrikan soinean.
Lau hilabete dira haurdun geratu zarela, baina gaur medikuak datorren haurrak atzeratua izateko posibilitateak dituela esan dizu.
Unai Agirre:
Senarrarekin haurdun jartzea
pentsatu nuen lehenbizi.
Mediku jaunak hitz egin eta
eskemak dizkit gaur hautsi
baina bazterrak ezin litezke
kontu honekin nahasi
atzeratua mundu berri bat
gertatu liteke kasi
bi gauzak egin beharko ditut
irakatsi ta ikasi.
Esan didana asimilatzen
lan handia det oraindik
baina benetan maiteko zaitut
hori ondo badakit nik.
Amak altzoan hartu ezkero
ez dago ume eskasik
atzerapenak ez du gauz txarrik
edo hainbesteko gaitzik
mundu honetako joan-etorrian
traba bat gehiago baizik.
1999-09-24, Oiartzun
Taldeak: Hernani-Iraulio vs Oiartzun
Udako gau izartsu magiko batekin gozatzera joan da Jon Martin Oihalekuko bordara, ez da asko gozatzen ari baina, Iker Osa moskitoak du horren errua.
Jon Martin:
Izarrak aidean eta
borda hau tarteko
zeruan bakarrikan
nengoke hobeto.
Mendi guztia duzu
hegan egiteko
eta nigana zatoz
kozka egiteko.
Iker Osa:
Zuretzako badaukat
nahiko borondate
baina nonbait omen naiz
mesede aina kalte.
Ni ere izar bat naiz
enteratu zaite
ni ere txikia naiz
bertan jarri arte.
Jon Martin:
Izar urrezko denen
eztizko dizdira,
ilargia ere orain
begira ari da.
Jatea baino gauza
hobeak badira
eta disfruta zazu
zerura begira.
Iker Osa:
Zuk esandakoari
ezin egin kasu.
Txintxo-txintxo etorri ta
omen enbarazu.
Neretzat ere izarrak
hortxe daude aizu
zurekin bat gozatzen
utzi akidazu.
Jon Martin:
Orain arte nengoen
nahikoa atsegin
gogoa daukat hola
dena gera dadin.
Badaezpada kozka
ez zaidazu egin
edo bestela zuk zeuk
hartuko dezu min.
Iker Osa:
Teorian jatorra
eroa praktikan
nik nere esaera
badaukat patrikan.
Neskak bidali zaitu
bakarrik, utikan
ta horregatik zaude
moskeaturikan.
Elkarrekin karrera ikasitakoak zarete, gaur topo egin duzue. Zu, Itziar Eizagirre bulego batean idazkari eta guzti, eta zu, Jon Garmendia “Txuria”, kristalak garbitzen kanpoko aldetik.
I. Eizagirre:
Kobratzea da gauza handia
lana ez degu sanoa.
Inbidi pixkat ote didazun
hartua dizut susmoa.
Goi karguetan igotzeko ere
gerora badut asmoa,
zuk aldamioan iraun ezazu
ni aszensorean noa.
J. Garmendia “Txuria”:
Aszensorean kontuarekin
utzia nauzu erreta.
Aizu mesedez azken hitza det
eta ipini arreta
diskrezioa utzi behar det
ta jarraitu garbiketa
bestela berriz aldamiotik
erori behar det eta!
Bi futbolista zarete. Zu, Aritz Zerain, regionaleko jokalaria zara eta beti jokatzen duzu. Zu, Jon Garmendia “Txuria”, eliteko jokalaria zara, baina beti bankilotik ikusten dituzu partidak.
A. Zerain:
Diferentzi ugari
degu alajaina
handiagoa dezu
patrikan tamaina
baina jokatzen banaiz
aizu zure aina.
Eserita egoteko
zera zu bikaina.
J. Garmendia “Txuria”:
Eserita nago ni
gainera gustora
horregatikan nola
ninteke aztora.
Misterrak ez nau sartzen
sekula jokora
lesionatuko naizen
beldur izango da.
Tximeleta kolekzionista zara, kolezioko bilduma osatzeko mota bakar bat falta zaizu. Lore baten gainean ikusi duzu eta harrapatzeko eskua luzatu duzunean, zast! Ihes egin dizu.
Maialen Lujanbio:
Latinez duen izenarekin
nahiz izan mila endredo,
gau eta egun pentsatzen nuen:
nere eskutan balego...
Lore gain baten ikusi det ta
barrena jarri zait bero,
alde egin dit ta geratu naiz
erdi pozturikan edo
gerorako zer izango nuke
ametsa bete ezkero?
Zu, Itziar Eizagirre, zure kotxe deportiboan Xoxokan gora zoazela garo-gurdia luze bezain zabal duen Aitor Mendiluzerekin egin duzu topo.
I. Eizagirre:
Kotxea “rojo pasion”
ta gurpilak hori
hiritar txulo honek
zenbat kategori!
Aizu baserritarra
larga batzuk tori
pazientzia galtzear
naukazu galzori
zenbat astokoa da
zure kotxe hori?
A. Mendiluze:
Bakarra dauka eta
doa lasai-lasai
beraz, egon beharko
noiz mugituko zai
biak ez geralako
hor kabitzeko gai.
Ehun zaldiak mantsotu
beharko dira bai
astoak ez badie
pasatzen utzi nahi.
1999-10-09, Errenteria-Orereta
Taldeak: Hernani-Iñatzu vs Xenpelar
Zu, Unai Agirre, isunak jartzeko asmoarekin zabiltzan udaltzaina zara. Hara non ikusten duzun kotxe bat egundoko abiaduran. Kotxea geratu eta autotik jaitsi da Aitor Albistur udaltzainburua balantzaka.
U. Agirre:
Walky talkytik pasa
didate lau mezu
ta hau harrapatzera
joan naiz jo ta su
kartzelara joateko
moduan zaude zu
ta gainera bidea
ezagutzen dezu.
A. Albistur:
Kotxeakin abailan
ibiltzen naiz usu
abiaduran bainaiz
guztietan maisu
berde edo gorria
ez du inporta aizu
daltoniko naizela
ahaztu egin al zaizu?
U. Agirre:
Halere hasiko naiz
ondotik herritan
daltonikoa dala
nola esan ditan.
Failo handiegirik
ez duzu begitan
abiadura dago
numero txuritan.
A. Albistur:
Arrazoia izango
duzu nonbait tira
baina ezin aritu
jefeari begira
nire mendeko tipoa
harrotzen ari da,
paga jaitsiko dizut
gainera erdira.
U. Agirre:
Holakoa zinanik
gaur arte ez nekin
eta haserre xamar
nago gaur zurekin.
Paga jaisteari zuk
nahi baduzu ekin
baina osatuko dut
gaurko multarekin.
A. Albistur:
Honek egiten ditu
mila gauza gordin
gustora egon nahi nuke
zure multarekin
baina ene laguna
gaur ez zabiltza fin
alkoholemia kontrola
ez didazu egin.
Zuek bi errugbi taldeko jokalari zarete. Azken partiduan Jon Ansak Estitxu Eizagirreri buruarekin kolpe bat eman eta hortzak dilindan utzi zizkion. Orain jatetxe batean egin duzue topo, txuleta jaten ari den Jonek purea jaten ari den Estitxu nabaritu du berari begira.
J. Ansa:
Nere kaskoan badet
nik nahikoa indar
hortzak barreiatuak
belarretan zehar
zu ez haserre jarri
ta ez jarri zakar
rugbirako ez dezu
hortzarikan behar.
E. Eizagirre: [Hortzik gabe bezala bokalizatzen du]
Aitortu behar tipoak
txispa bai badula
postizorikan ez det
ipini sekula
jakin zure botika
probatu duzula
uste al duzu zopak
fideoa zula?
J. Ansa:
Ai nolako grazia
nolako algara!
Lehen jada esaten zuen
eta orain “jada”
arbitroentzat hobe
zaude orain hara
partidotan gutxigo
kexatuko zara.
E. Eizagirre:
Bai, hortzek ez didate
egiten ez traba
zelaiaren erdian
nitunetik laga.
Zuk bi txuleta pare
jan dituzu jada
gaurkoan begi gabe
aterako zara.
J. Ansa:
Orain kardoa zara
lehen zinen lorea
ez dut ondo ulertu
zure umorea
alderdi on bat ere
badauka ordea
irabazten baduzu
merito doblea.
E. Eizagirre:
Hitz egiten ez duzu
nahi adina zentzun
konturatu “kardoa”
nola esan didazun
hauxe desio dizut
lagun modu gozun:
ea mingainai kozka
egiten diozun.
1999-10-10, Hernani
Taldeak: Hernani-Iraulio vs Oiartzun.
Zu, Arkaitz Goikoetxea, korrikalaria zara, ez nolanahikoa gainera, munduko txapelduna. Gaurko honetan, ordea, eskuan zenuen poltsa ostu eta korrika alde egin dizu lapurrak. Eñaut Agirre poliziarengana joan zara eta guztia kontatu diozu.
A. Goikoetxea:
Aztoratuta nengoen
poltsa(re)kin zeharo
eta bi segundu ere
ez dira igaro.
Ni bizkorra naizela
hori ziur dago
baina lapurra ere
ez zen motelago.
E. Agirre:
Guk geldirik daukagu
aurre eta atzea
poliziaren bizitza
hau da bizitzea!
Zuk pasatu badezu
holako trantzea
ez duzu pentsatuko
nik harrapatzea?
A. Goikoetxea:
Hain lotsa gutxi zuenik
ez nuen igerriko
poliziak badira
zerorren neurriko
poliziak ez badu
neurririk jarriko
pentsa ezazu ez dela
hona etorriko.
Hernani-Iraulio taldea 1999ko Herriarteko Txapelketako argazki ofizialean.
E. Agirre:
Orain pasatu dana
ederra izan da,
grazi pixkat egin dit
egia esanda
recordman-a utzita
ihesi joan da
nonbait dopatu gabe
egongo zinan da!
A. Goikoetxea:
Lapurrak erasan dit
modu berezian
poltsa eskutik kendu
lehenengo jauzian.
Ni motzean naiz ona
ehun metro hesian
ta ezin nion jarraitu
distantzi luzian.
E. Agirre:
“Benga segi atzetik”
hartu nauzu estu
baina ez naiz aurkitzen
joateko prestu.
Milioiak darabiltza
eskurikan esku
hamar mila peztaren
premirikan ez du.
1999-11-11, Beasain
Taldeak: Goierri-Ordizia vs Andoain-Urnieta.
Askotan bezala, Jokin Sorozabal, atzo gauean parrandara atera zinen. Gaur goizean zure alboan norbait dagoela iruditu zaizu. Begiak ireki eta Mikel Mendizabal ikusi duzu zure ondoan biluzik.
J. Sorozabal:
Esnatu eta aldamenean
nor ote duten zalantzan,
atzo Beasaingo bertso saioa
oso luzea izan zan.
M. Mendizabal:
Itxura onik ez du azaltzen
Jokin zure aurpegiak
ez zera ari ametsetan eta
zabal itzazu begiak.
J. Sorozabal:
Nik aitortzen det ez daukadala
itxurarik ederrena,
zure ondoan esnatu naiz ta
sustoarena da dena.
M. Mendizabal:
Nola gertatu zan esangoizut
ez zaitezen egon dudan:
Zuk ekarri behar ninduzun baina
neonek ekarri zintudan.
J. Sorozabal:
Besten etxea bilatu ezinik
lagunaren ahalegina
jakin nahi nuke zenbat tokitan
jo ote zuen txirrina.
M. Mendizabal:
Asmatu nuen portala eta
ondo sartu nuen giltza.
Zu ez zinake hemen egongo
ni etorri ez banintza.
J. Sorozabal:
Komunerako ohitura det nik
goizean jeiki orduko
ta espero det han ez gerala
biok batera sartuko.
M. Mendizabal:
Ahaztuko komona ta has dezagun
maitasunaren jokoa
ahaztu dezagun zer pasatu zan
goza dezagun gaurkoa.
1999-12-05, Tolosa
Taldeak: Erniope vs Andoain-Urnieta.
Jon Garmendia “Txuria”, medikua zaitugu. Eta zu, Txomin Garmendia, bere gaixoa. Txomin, mila aldiz aztertu zaitu eta mila galdera egin dizkizu medikuak. Azkenean, esan dizu zure lanerako adikzioa dela zure gaixotasuna, lana gehiegi gustatzen zaizula alegia.
T. Garmendia:
Aspalditxoan erdi-gaixorik
hauxe da gauza ziurra
oraingo hontan osasunetik
nik hartua det egurra.
Etengabean lan egiteko
izan det beti adurra
sendagile hau ona ez ote dan
hori da nire beldurra.
J. Garmendia “Txuria”:
Lana noiznahi da langilearen
sufrimendu enbarazu
gerri aldetik benetan gaizki
aspaldian zabiltza zu.
Medikua naiz ta jakituna
beraz orain egin kasu
eta ohetik egin daitekeen
lanen bat hartu ezazu.
T. Garmendia:
Nere aldean izango dezu
ikasketa berezia
eta nik berriz, sendatutzea
ez ote det merezia?
Nik uste nuen lana nuela
osasuna eta bizia,
baina halere, zintzo egingo det
esaten dezun guzia.
J. Garmendia “Txuria”:
Nere esana betetzekotan
seguru zaude zeharo,
baina garaia pasatu da eta
erremedioak akabo!
Aizazu Txomin, zuk ere Txomin,
bazenekien lehenago
gorputz zaharreko edadearentzat
medikuntzarik ez dago.
T. Garmendia:
Egia esan, holako gaitzik
ez nun izaten gazterik
orain gerritako minez nago ta
badaukat buruhausterik
ta mediku honek esan duenak
neri utzi nau tristerik;
gizajo honek gaur ez daduka
diru ametsa besterik.
J. Garmendia “Txuria”:
Leheno oheko lanan kontua
aipatu dizudanez nik
uste dedanez pixka bat gaizki
nenbilelarik jadanik.
Aizazu Txomin, orain ez zazu
esan arrazoi dudanik
gerritik gaizki bazabiltz ez da
zutzat oherako lanik.
Zu Aitor Mendiluze bertsolaria zara eta Jexux Mari Irazu argitaletxe bateko zuzendaria. Durangoko azoka dela eta Aitor, zure biografia idazteko konpromezua hartu zenuen eta baita bete ere. Jexux Marik, ordea, ez du zure lana argitaratu nahi.
A. Mendiluze:
Ni nolakoa naizen
ederki dakizu,
bertsotan ez naizela
ni inorren maisu.
Hala ere, memoriak
egin ditut, aizu,
ta zuri memoriak
failatzen al dizu?
J.M. Irazu:
Hirurehunen bat orri
ederki beterik
denak letu ditut ta
a zer zurikerik!
Barkatu, hau ez dago
argitaratzerik
ez baitezu kontatzen
gezurra besterik.
A. Mendiluze:
Nik zure enkargua
kunplitu det garaiz,
baina orain ez zaude
zu aurpegi alaiz.
Egia da, gezurrak
kontatzen ditu maiz,
ez al zera ohartu,
bertsolaria naiz!
J. M. Irazu:
Lehendik ere banuen
halako oroitza
pentsamendu horretan
pasatu det goiza,
baina neurtu ondoren
zure hitz bakoitza
ez zait interesatzen
nortasun bikoitza.
A. Mendiluze:
Nik kontatu dedana
egia izanik
gezur pixka bat ere
erantsi diot nik,
baina ez du izango
oso tratu onik.
Berriro ez agindu
alperreko lanik.
J. M. Irazu:
Plazaz plaza daukazu
halako jarduna,
zure bizimodua
hain da ezaguna.
Kanpotikan zer zeran
jendeak entzuna,
orain idatzi zazu
sentitzen dezuna.
Gertutik ezagutu zenituen GALen zipriztinak, lagun bat hil baitzizuten. Irratian entzun duzu Espainiako Gobernuak esan duela GALen auzia berehala ahaztu behar dela.
Jexux Mari Irazu:
Gobernuak beti badu
eskupean hainbat truko
ez gaituzte nahi bezala
betiko zirikatuko
ta lehen afera ahazteak
ez ote gaitu minduko?
Gurea ez da izango,
hori ez degu hartuko.
Lurpean daudenak eta
hainbat zauritu lekuko,
ederki pentsatu zuten
kolpe gogorrena nun jo;
egin bezate legea
gu ez gera beldurtuko
haiek aspaldi ahaztu zuten
guri ez zaigu ahaztuko.
Brouard eta Muguruza
horren postura finean,
oin ederrakin hasiak
horren era gordinean.
Beste hainbateko zerrenda
beti odolaren minean,
orain ere segitzen dun
Gerestaren izenean.
Zer eman behar diegu
halakoei ordainean?
Barruan sufrimendua
etengabeko grinean
egin bezate legea
segi bezate zinean,
oroitzapena ez da ahazten
hilobiaren gainean.
Pertsonak eta herriak
biak sartu nahi lurpera,
baina barrutikan dira
kimu berriak atera.
Orain hamabost urte hasi
gauzak egin du zahartzera.
Lehengo berriak al datoz
orain berriz berritzera?
Zerbait egin beharra dago
horretaz jabetzen gera,
baina hobe pentsatuta
aurkituko degu era,
barkatu, barkatu leike
nahiz ez iritsi ahaztera
adiskidetzeko prest gaude
berdinetik berdinera.
Hitza: Ametsa. Jon Garmendia “Txuria”k alde kantatuko du, Jokin Sorozabalek kontra eta erdibidean Aitor Mendiluze geratuko da.
J.G. “Txuria”:
Amets goxotan bete ohi dut nik
gau beltzetako despentsa.
Ametsik gabe errealitate
onik ez dagola pentsa.
Hizlari batek behin esan zu(e}n da
hola egingo defentsa:
Ameslaria hil leike baina
inoiz ez haren ametsa.
J. Sorozabal:
Ametsa inoiz ez dela hiltzen
hori omen da jakina
gure herriak ere egina du
bere ametsik handina
baina amets soilak neretzat behintzat
urria du etekina
deus egiteko gai ez direnak
kontsolatzeko egina.
A. Mendiluze:
Gu joan da ere ametsek segi
behar dute indar betean,
besterik egin ezin duenak
ametsa ez du kaltean.
Nahiz ta ametsak bizirik segi
gu mundu hontatik joatean
egi bihurtzen saia gaitezen
bizi geran bitartean.
Zu, Aitor Mendiluze, burua galtzeraino maitemindua zaude. Txomin Garmendiak maitasun kontuak ez ditu kontuan hartzen.
A. Mendiluze:
Nere bihotza joan da
nahiko urrutira
berak maite duena
zegoen tokira.
Zuk ez dezu federik
horretan ta tira
maitasuna(re)n kontuak
zer diren begira,
ez dira sinisteko
sentitzeko dira.
T. Garmendia:
Aitor nik nahi nizuke
gaur jakinarazi
batekin dezu
hortxe mila grazi
ta erdi eroturik
hor zabiltza kasi
ta hauxe nahi nizuke
nik adierazi
burua galtzerikan
ez dula merezi.
A. Mendiluze:
Horrela hitz egiten
ote du lagunak?
Burua galduta nik
nolako jardunak
zer ekarriko ote
dit etorkizunak?
Nahiz ta burua galdu-
arazi kuttunak
ez al du gehigo galtzen
bihotzik ez dunak?
T. Garmendia:
Bihotz kontua izan
liteke mikatza
eta beti zuzentzen
ez dago erraza.
Ahoa zabaldurikan
harzazu arnasa
mundua handia da
bizi zaitez lasa
eta neurritikan
zu ez zaitez pasa.
A. Mendiluze:
Pentsatu gabe ez da
pasatzen egunik,
baina ez uste neurririk
pasatzen degunik.
Zuk ez badezu izango
zuretzat kutttunik,
ez badezu maiteko
halako lagunik,
lasai zabiltza baina,
erruki zaitut nik.
T. Garmendia:
Aitor zuk maite dezu
Maria Antoni
ta zer esan behar (d)iot
gazte polit honi
hemen hasarratzerik
ez baita komeni.
Hortik etorri leike
hamaika agoni;
bi ho(r)i(e)tatik aspaldi
pasea nago ni.
1999-12-19, Azpeitia: Finala
Taldeak: Erniope vs Zarautz Jai-Txiki.
Julen Zulaika-Jexux Mari Irazu.
Julian Retegi pilotariaren zale amorratuak zarete. Zuk, Julen Zulaika, uste duzu hobe duela erretiratzea. Jexux Mari Irazuk aldiz, frontoian noiz berragertuko zain dago.
J. Zulaika:
Hamaika txapel buru gainean
egindako lanarekin
orain saioa bajatu zaio
eta ez dabil horren fin
frontoira ez joanda hobea duela
behar duzu lagun jakin
ehizera joanda nahikoa dauka
daukan edadearekin.
J. M. Irazu:
Ehizera joanda miatu ditu
zenbait uso eta laino
baino oraindik ez da iritsi
erabat eskasteraino.
Aupa julian segi zazula
ia jubilatzeraino
haren herrena hobea baita
zenbaiten bi hankak baino.
J. Zulaika:
Garai batean bizkorra gendun
azkarra eta nahiko bala
baina gaur egun galduta dauka
lehengo hori, eginahala.
Hanka herrenarena zuk ere neri
esan dezu berehala
baina ez zera zu konturatzen
hanka sartuko duala.
J. M. Irazu:
Harek hankarik ez du sartuko
zer den ez zuen ikasita
handi xamarra gerta liteke
banakoarekin hasita
baina binaka oraindik ez da
Julian zaharra etsita
ta joatekotan joan dadila
azken txapela jantzita.
J. Zulaika:
Batek noiz hasi ta noiz bukatu
norberak behar ikasi
eta Julian garai batean
gendun jaun eta nagusi.
Orain frontoira ez joatea
hobe izango da kasi
beregatikan sufritu baino
nahiago det ez ikusi.
J. M. Irazu:
Hark partiduak jokatzen ditu
sufritu ez, jokatzeko,
desiratzen ni nago frontoira
Julian zaharra itzultzeko.
Jenio biziz, indar betean
beti kopeta beltzeko
holakoren bat beharko baita
Goñi arrastuan sartzeko.
J. Zulaika:
Arrastotikan irtenda dabil
bere buru galduakin
baina Julianek galduak dauzka
lehengo zenbait etekin.
Frontoira ere joan dadila
beste lantxoren batekin
ta partiduak eman ditzala
Xabier ta Tolosarekin.
J. M. Irazu:
Retransmisio ona izango da
gerta litekeen apurra
ta partiduak eman lezake
emozio eta beldurra.
Lau’terdikoan “mano a mano”
elkarri emanaz egurra
Azkoitin ongi etorria eta
Azpeitin berriz agurra.