—gaiak—
1997KO EUSKAL HERRIKO TXAPELKETA
SAILKAPENA
1. Andoni Egaña: 1.340,0 puntu
2. Sebastian Lizaso: 1.272,5 puntu
3. Unai Iturriaga: 1.256,0 puntu
4. Jexux Mari Irazu: 1.241,5 puntu
5. Mikel Mendizabal: 1.233,0 puntu
6. Aritz Lopategi: 1.224,0 puntu
7. Jon Maia: 1.186,0 puntu
8. Maialen Lujanbio: 1.183,5 puntu
BERTSO ESKOLAKOAK SAILKAPENEAN
Finalean
— Jexux Mari Irazu, laugarren
— Maialen Lujanbio, zortzigarren
Final-aurrekoetan
— Aitor Mendiluze
— Unai Agirre
— Iñaki Zelaia
— Jokin Sorozabal
Azken-laurdenetan
— Jon Eizmendi
— Joxe Luis Urdangarin
Lehen fasean
— Xabier Legarreta
(Finalean) Ofizioka bertsolari handi batekin tokatu nintzen. Ura edaten hasi zen, basoa hartu eta dardararekin utzi egin behar izan zuen. Niri hark hotzikara sartu zidan, gu zer “ijiji” genbiltzan. Pertsona batek egun batean zer jokatu dezakeenetik begiratuta, guretzat askoz axalekoagoa zen, eta bazegoen beste jende bat basoa hartzeko gauza ez izateko situazioan jartzen zuena. Beranduxeago, bueltan bueltan guri etorri zaiguna. Oroitzapen oso ona daukat, hango jende pilarekin, konpromiso handirik gabe, erraz edo behartu gabe...
[Jexux Mari Irazu]
Aramaion egin nuen lehen saioa Xabier Silveirarekin, eta Beran finalerdikoa. Bederatzigarren geratu nintzen, finaletik pauso bakarrera. Postuaz eta puntuazioaz aparte, jendaurrean plazer gehiena sentitu dudan eguna Berako finalerdia izan da. Gaskako finala (Gipuzkoako Txapelketa 1995) baino kasi emozionanteagoa kantu-kideengatik, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Loidisaletxe. Frontoiaren burrunbagatik eta egin nuen saioarengatik oroitzapen onena horkoa daukat.
[Iñaki Zelaia]
1995ean Gipuzkoakoa irabaztea sorpresa izan zen, saltoa, eta handik bi urtera Euskal Herriko Txapelketa etorri zen.
Igorren, finalaurrekoan, Sebastian Lizaso eta Iñaki Murua eta aritu ginen, saio negargarri bat eginez gainera, eta nik bi poto egin nituen asko konturatu gabe. Saio hartatik Sebastian bakarrik pasa zen aurrera. Gerora Sebastianek esaten zuen “hemen egin diagun kaka-pila, hirekin geneukan esperantzarekin!” Nirekin esperantza? “Bai, hik egingo duk gero ere, baina Gipuzkoakoa irabazita eta plazan nola habilen ikusita..”. Lehenengo Euskal Herrikoaz sentsazio hori geratu zitzaidan,” guk ere igual zerbait egitea bagenuen!”.
[Aitor Mendiluze]
Finalaurrekoa Igorren zen. Han kantatzeko mentalizatu egin ginen, eta tope preparatu. Igorren, sei puntuko bertso batean kateatu egin nintzen, eta kosta egin zitzaidan bertsoa bukatzen. Baina ordura arte oso gustura geratu nintzen egindako bertsoekin. Eta tabladutik jaitsi eta jendeak “pattal, e!” esan zidan, ez nire lanagatik bakarrik, saioaz orokorrean. Eta “epa, hauek beste ur batzuk dituk” esan nuen. Orduan konturatu nintzen gure dimentsioz kanpo genbiltzala. Igorren saioaren kontrolik ez genuela eduki. Tabladu gainean giro arraro bat eduki genuen, Lizaso izan zen salbatu zen bakarra. Mendiluze bera bi potorekin, Igor Elortza gaizki, Murua... kartzelan gure artean esaten genuen “nahiko txukun ari gaituk, ez?” eta ez ginen ondo ari.
[Unai Agirre]
1997-10-11, Tolosa
Zuek aitona-amonak zarete, Igor Elortza aitona eta Unai Agirre amona. Eman dezagun astelehen goiza dela eta txukun-txukun jantzita Tolosako ferira joan da aitona, bazkaltzera itzuliko dela esanez. Goizeko ordu bietan dator etxera, taxian eta bastoia galduta.
U. Agirre:
Nere senarrak badu
hainbeste bertute,
hara zer egin didan
fiatzean truke!
Hola etorriko zanik
gaur ez nuan uste,
Tolosa alde hortan
zer egin dizute?
I. Elortza:
Tolosaldea ez zegon
gaur jenderik barik,
hiru-lau trago ere
hartu dut azkenik;
mozkortu egin naiz eta
ondo ez naiz oraindik,
baina galdetu zazu
zer egin dudan nik.
U. Agirre:
Galtzak ta alkandorak
zeharo zikinak,
zure ibilerak ditut
lehenago jakinak;
bastoia ere ahaztuta
bere ahaleginak,
gauez ahazten zaizkio
herrenak ta minak!
I. Elortza:
Amonak dioena
ez ote dugu lar?
Nahikoa min badauzkat
gerrietan zehar.
Gauero ezin dugu
bada, egin negar,
behin etorri pozik ta
hauek entzun behar!
U. Agirre:
Berak esan duenak
badu garrantzia,
batzutan izaten du
kristoren trantzia.
Ez da harritzekoa
nik dudan letxia,
bihar ni irtengo naiz
zukzaindu etxia.
I. Elortza:
Gauzarik errezena
dugu esatea,
baina ondorengoa
hola izatea.
Leku peligrosoa
Tolosa partea,
ez al dugu onena
batera joatea?
U. Agirre:
Mozkorra izaten da
zahartzaroan kalte,
horrelakoak hobe
nigandik aparte.
Alkohol kirats horrekin
nik ez zaitut maite,
galtzak erantzi eta
sofara joan zaite!
I. Elortza:
Esaten duenakin
nola egin kasu?
Alkoholaren usainak
antza enbarazu.
Bihar nire ondoan
etor zaitez aizu,
probatzen duzunean
gustatuko zaizu.
1997-11-16, Bera
Iñaki Zelaia ikastetxeko zuzendaria eta Maialen Lujanbio irakasle gaztea zarete. Maialen institutura irakasle sartu zenetik, mutil guztiak txoraturik eta aztoraturik dabiltza.
I. Zelaia:
Eskolan bagenduan
hobetzeko planik,
irakasle berri bat
heldu da jadanik;
badauka lan-gogorik,
badauka afanik,
baina txoramena hain
haundia izanik,
zer erakusten dezun
jakin nahi nuke nik.
M. Lujanbio:
Denetik erakusten
nahi nuke saiatu,
pedagogiaz eta
didaktikaz sartu;
nik hitz egin dezaket
baju edo altu,
txintxo portatu edo
jenioa batu,
baina atraktibo hau
ezin det aldatu.
I. Zelaia:
Gauzak hoberantza jo
behar zuten noizpaiten!
Erakusten du honek
irakurri-idazten,
eta atraktiboai
segi luze eusten;
bazabiltza denetik
bertan erakusten,
nik ere hasi behar det
berriro ikasten.
M. Lujanbio:
Zuk dadukazuna da
aurpegi galanta!
Ikasten hasi nahi du
ta hau da hau marka!
Nik onartuko zaitut
klasean presaka,
abisatuko dizut,
ez zan besteik falta!
Oraindik praktikara
ez gera pasa-ta.
I. Zelaia:
Irakasle gaztea
guztiok tentatzen,
taktika ona dala
ez degu ukatzen.
Lehen ni aritzen nintzan
klaseak banatzen,
ikasleengan guzti hau
onerako izan zen,
latigoa ez zitzaien
gehiegi gustatzen.
M. Lujanbio:
Ni klaseetan ez naiz
pasatu hainbeste,
nahiz ikasleak jardun
gehiagoren eske,
nik ez nien egin nahi
janzte ta biluzte;
kimika ikasterik
ez det asko uste,
baina gorputz atalak
ikasi dituzte.
1997-11-30, Beasain
Kartzelako gaia: Liburu bat zara, herriko liburutegiko apal batean. Azken hamar urteotan hautsa kentzeko baino ez zaituzte mugitu.
Jexux Mari Irazu:
Ez dakit baino esaten dute
anonimoa naizela,
egia da bai ez zait tokatu
halako suerte itzela;
bi mila urtetan edukia det
bilakaera ustela:
apal zaharraren umela
edota hautsa bestela.
Biblia nauzu ta hementxe nago
lehen idatzia bezela,
eta eskerrak apaiz xaharra
tarteka etortzen dela!
Apal batean nola liteke
hainbat urteko bizia?
Nere barruan gordea dago
kristautasunan hazia.
Ondo letuta gordean badet
piparra eta grazia;
baina hau ez da guzia,
bakar nagola auzia;
bibliotekaio gaixuak nauka
baztar batian utzia,
baina halare herriak nauka
ia buruz ikasia.
Oso begiko izana nau ni
beti Erroma kuttunak;
herriarengan ipini ditut
oso lezio astunak.
Nere begikin ikusi izan du
sarri pertsona itsunak;
nere orrialde lizunak
ta tartekako hutsunak.
Garai batean gazte asko ta
bakandu zaizkit egunak,
halare ez da hain gaizki bizi
nere beharrik ez dunak.
1997-12-14, Donostiako Belodromoan
Gabonetako jaiotza bizi bat antolatu dute herri honetan. Zuek jaiotza horretako bi ardi zarete.
Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio:
A. Egaña:
Behin espiritu santuak edo
ume txiki bat ernaldu;
hura gogoan dugu den-denek
herri gutxi batzuk salbu.
Odon Elortzak zinta moztean
hau goiz-goizetik zabaldu;
hemen gertatu zaigunak, aizu,
grazi dexente ez al du?
Oraindik ere gu ikustera
kristorik ez da azaldu.
M. Lujanbio:
Kristorik ez da azaldu, hau da
etsipenezko kolpea;
gure artzaiak erabaki du
gu biok hemen uztea;
gerora apaiz sotanadunak
bendizio bat botea,
kristautasuna da erlijio bat
dogma pozoitsuz betea,
ohore bat da jaiotza hontako
ardi beltza izatea.
A. Egaña:
Ni txuria naiz eta hargatik
ez daukat suerte makala!
Estalpe ondoan kokatu naute
artzaiek nola edo hala.
Horrexegatik daukat halako
belardi eder zabala,
eta zerorrek esan dezunez
zu ardi beltza zerala,
igoal hargatik jarri dizute
belar artifiziala.
M. Lujanbio:
Nahiago nuke loreen ordez
belar piloak banitu!
jaiotza hontan egon beharrak
baditu mila arrisku;
Jesus haurtxoa ere gertutik
ein da zeharo txikitu,
jaiotza bizi honen ideia
ez zait ona iruditu,
erreala egin nahi dute baina
guk ezin degu mugitu.
A. Egaña:
Gure gustoa ahal dala aske
hurreratzea larrera,
zoritxarrean jarri digute
arkume otzan papera.
Gu egizkoak gerala guztiz
egi osoa ote da?
Erregenetan hartuko dugu
kartoizkoaren tankera;
udaletxeko almazenetan
hobeto biziko gera.
M. Lujanbio:
“Udaletxeko almazenetan
hobe geundeke aukeran”
zuk esan dezu, nik hori bera
pentsatua nun haseran.
Ingurutara begiratuta
adizu ze beldur dedan:
Gabon egunez jarri gaituzte
jaiotzako pieza eran
ta Eguberri eguerdirako
artzaiaren kazuelan.
Zuen herrien egoerak kezkatzen zaituzten bi adiskide zarete, Sebastian Lizaso euskalduna eta Jexux Mari Irazu irlandarra. Egun hauetan biok Euskal Herrian zabiltzate.
S. Lizaso:
Herrian kezkak elkarrizketa
sortua digu propio,
zerbait konpontzen hasteko badut
zuk hainbeste intentzio;
behin betirako pakea lortu,
ez dut besterik desio;
elkarrizketan egin dezute
Irlandan hainbeste saio,
zuen bideak Euskadirako
ez ote digu balio?
J.M. Irazu:
Adibidea nere herrian
ia ezin argiago:
begiak itsu baldin badaude
orduan dena akabo.
Mahai inguruan eseri dira
ta gauza dago oparo;
mahaian aitzakin Irlanda aldean
pakea da hurbilago,
eta hemen bat ez da mugitzen,
bestea kartzelan dago.
S. Lizaso:
Aste honetan izan ditugu
adibide nabarmenak:
batu nahi gendun kritikatzeko
epaiketaren kondenak,
ta atzo Bilbon biltzeko ginan
abertzalerik gehienak,
baina ametsik ez digu bete
zoritxarrez ondorenak;
esnatu ezkero eteten dira
ametsikan politenak.
J.M. Irazu:
Geronek ere bizitzan degu
urte askotako pena;
Jerry Adams ta Tony Blairekin
nolako aurrerapena!
Batzuk hizketan eta besteek
bota zuten suetena;
zuek ametsak ta esnatzean
desegin omen da dena;
konpromezua behar da hemen
baina alde guztiena.
S. Lizaso:
Aznarrek garbi erakusten du
Franco txiki baten planta;
Mayor Orejak ez entzuteko
belarri pare galanta;
Espainia aldetik prentsak gogorra
gure aurka daukan lata,
baina bidea aurki dezagun
konponezinak lagata,
itxaropena gorde dezagun
oraindik bizi gera-ta.
J.M. Irazu:
Zuek halatsu eta guk ere
borrokatzen urte pranko;
itxaropena ta odol beroa
daramakigu biharko.
Lasaitu zaitez, egoera honek
noizbait hobetu beharko;
gurearekin laster zuentzat
bakea helduko da bapo,
penagarria izateaz gain
lotsagarria dalako.
Ekitaldi eta ospakizun jendetsuetan lapurretan aritzen zaren karterista zara. Besteak beste, Sevillako Expo 92an ere ahaleginak egin zenituen. Orain jakin duzu hogeita hamabost mila milioiko zuloa agertu dela.
Maialen Lujanbio:
Ondo dakigu ze izaten dan
gu pobreonon patua:
patriketako txanpon mordoxka
aspaldian agortua.
Karteren bila ibili nintzan,
batzuk ezin ulertua,
eta gertutik gertua
diru mordoxka lortua;
hogeita hamabost kiloko zorra
bat-batean agertua,
ta nik barrenen damu bakar bat:
gehiago ez lapurtua.
Ordun Felipe Gonzalez zegon
gaur Aznar dagon antzea,
bere negozio eta proiektu
haundia joan zan hutsea.
Milioi pilo bat auskalo non-da
banketxeetan haizea!
Ni jendearen ertzea
juanda kartera kentzea,
ez da pekatu ta ez espero
jendaurrean damutzea,
ia ekintza on bat’e bada
lapurreri lapurtzea.
Asperturikan nola nengoen
pobreziaren kolorez,
lapurretako nere bizitza
hautatu nuen umorez
eta Sevillan politikoak
euki ere parez parez;
gehientsunak irrifarrez,
ni barne umore txarrez.
Hango dirua banatu izan
baligute neurri berez,
Sevillan zuloik ez zan egongo
ta gure patrikan ere ez.