—gaiak—
1991KO GIPUZKOAKO TXAPELKETA
Non-noiz: Abenduaren 22an, Donostiako Belodromoan. Telebistak emandako bultzadari esker, eta bertsolari belaunaldi berriak zaletutako ikusleak medio, boom-aren txapelketa izan zen 1991koa. 11.000 lagun bildu zituen.
Bezperan, 101 urterekin Joxe Migel Barandiaran hil zela eta, haren oroimenez minutu bateko isiltasuna gordez hasi zen saioa.
Bertsolariak: Izen ematea libre. 54 bertsolari
Sailkapena:
Anjel Mari Peñagarikano: 708,5
Andoni Egaña: 706,5
Xabier Perez, “Euskitze”: 698
Jon Sarasua: 696
Sebastian Lizaso: 690,5
Iñaki Murua: 685,5
Martin Rezabal “Olaso”: 671,5
Mikel Mendizabal: 669,5
Epaile eta gai-jartzaileak talde lanean aritu ziren.
Hiru faboritoak: Aparra medio, inoiz baino egunkari orri gehiago bete ziren txapelketaren kontuarekin. Bakoitzaren beldurrak, entrenamenduak eta gainerakoak bistan geratu ziren. Finalaren aurretik, Lizaso, Egaña eta Euskitze ziren faborito bakarrak. Diario Vascoko izenburu gogorrak garbi adierazten zuen (erderaz): “Txapela bat hiru bururentzat”. Zaletuen iritzia ere horrela ematen zuen egunkari horrek “batek huts egitea, bale. Bik huts egitea, tira, baina hirurek huts egitea... hori ezinezkoa da”.
Ordea, Anjel Mari Peñagarikanok irabazi zuen txapela eta entzuleen bihotza. Urte luzez txapeldun izandako Txomin Garmendiak jantzi zion txapela.
Kartzela bor-bor: Kartzela hartan egosi ziren txapelketako osagai gehienak. Kartzelan denak barrez eta kontu kontari aritu omen ziren. Denak bat ezik: Peñagarikano isilik eta kontzentratuta egon zen, bada ezpada. Bere txanda iritsita, kartzelako lanean hartu zion aurrea Peñagarikanok Egañari, ordura arte Egañak 512 puntu eta Peñagarikanok 486 puntu baitzituzten. Lana bukatuta atzean eseri zenean, horrelaxe esan omen zion Egañak: “Anjel Mari, heu geratuko haiz gaur aurrena”. Peñagarikanok: “Adarrik ez jo” zurbil batekin erantzun zion.
Kartzelako gaia bera, txapelketa horretan jarritakoen adierazgarri izan zen, guraso-seme-alaben arteko harremanen korapiloak, alegia: “Zu, ilunabarrean amari musu emanda zeure autoan atera zara festara, ordubiak alderako itzuliko zarela esanez. Une honetan goizeko seiak dira. Oraintxe gogoratu zara amari emandako hitzaz. Zauden egoeran zaudela, zer zauden tokitik hiru bertso”. Egañak Eginen adierazi zuenez “Nere amari ez nion nik hemezortzi urterekin ere ezeren konturik ematen eta orain kosta egiten zait egoera horretan jartzea. Andreari kontuak ematea balitz, tira, errazago moldatuko nitzatekeen.”
Sarasuak “Sortutako morboaren aurka erreakzionatu nahi” izan zuen. Zazpi puntuko bi bertsoren ostean, zortziko “eskas” (sic) bat bota zuen, propio. Morboaren kontra erreakzionatu, eta eztabaidarako gai bihurtu zen hurrengo egunetan”.
[Bertsolaritzaren datu-basea, EHBE]
BERTSO ESKOLAKOEN PARTEHARTZEA
Final-aurrekoetan
— Jokin Sorozabal
Azken laurdenetan
— Joxe Luis Urdangarin
Kanporaketetan
— Jon Eizmendi
— Iñaki Zelaia
Gu ginen bertso eskoletako lehenengotako labealdikoak, eta txoke bat egon zen, betiko bertsolarien eta bertsolari gazteon artekoa.
[Joxe Luis Urdangarin]
Aurrenekoz parte hartu genuen txapelketa 1991koa izan zen. 18 urterekin, Hondarribiko arrantzaleen kofradian. Eizmendi eta biok ginen Hernanitik. Gustura geratu nintzen egindako saioarekin. Zehatz ez dakit, baina badakit puntu gutxirengatik ez nintzela pasa.
[Iñaki Zelaia]
Zu, Anjel Mari Peñagarikano, rock talde bateko partaidea zara eta zu, Jokin Sorozabal, honen aitona. Zuri, Peña, ez dizute kalean ensaiatzeko lekurik uzten eta Sorozabal zure aitonari baserriko ikuilua eskatu diozu ensaioak egiteko.
Doinua: Antton eta Maria.
J. Sorozabal:
Errespeto haundian
didazu hitzegin,
saiatzen naiz izaten
zuretzat atsegin,
kaleko bajeretan
ensaiatu ezin,
ikuiluan sar zaitez
zure lagunekin,
aurrena ensaiatu
gero lanak egin.
A.M. Peñagarikano:
Erantzungo al dezu
zuk nere galdera?
Baserrian hor daude
gurdi eta lega,
ikuiluan zintzilik
hor atxur da sega,
hori utzi zaidazu
aitona, “kolega”,
hau baino leku hoberik
inun ba ote da?
J. Sorozabal:
Leku txarra da baina
zuretzat ederra,
ez nekien zinanik
hain buru okerra,
eman beharko didazu
ondoren eskerra,
lanean jardun gero
ez izan alperra,
hola kobratzen det nik
nere alkilerra.
A.M. Peñagarikano:
“Titi”, ez dadukazu
burua galdua,
ez eta ere kandela
bat’e itzaldua,
kontutan hartu zazu
iloben gradua,
ikuilua zuk utzi
aiton onratua,
ta gustatuko zaizu
gure ganadua.
J. Sorozabal:
Ganadu ona dago
mardul eta gazte
baina lana eskeinita
ihesean laste.
Zertan bildu dituzu
horrenbeste traste?
Ikuilurako bada
hamaika kontraste,
orain sardearekin
ensaia zaitezte.
A.M. Peñagarikano:
Ikuilura nator ni
ikasteko planez,
aitona hemen dabil
ardoa edanez
eta orain iloba
“oi ke guai!” esanez,
ikuilua utziko dit
aitortzen duanez,
pagatuko dizut nik
gero lan eginez.