Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014
 GAZTE SARIKETAK | EUSKAL HERRIKO GAZTE BELAUNALDIA | BERTSO-LATA 

 

gaiak

EUSKAL HERRIKO GAZTE BELAUNALDIA

 

 

      Orduan gazte berriak sortzeko bolada zegoen, gero pixka bat kupoa bete da. Suertea izan nuen garai horretan tokatuta.

[Jexux Mari Irazu]

 

      Gu oso garai jakin batean atera ginen, neska gutxi zeuden garaian, eta pixka bat “behartu” ere egin zen gure plazaratzea. Ez neskena bakarrik, gazte belaunaldi baten premia zegoen. Eskolarteko Txapelketan nabarmentzen zirenekin zerbait egiteko gogoa zegoen. Horregatik hasi ginen plazatan gutako batzuk hain gaztetxotan. Prozesu naturala azeleratu egin zen.

[Maialen Lujanbio]

 

      Bakar xamarrik sentitzen nintzen, gizonezko heldu artean, bertsolari oso onekin... baina aldi berean leku guztietan jende gaztea ateratzen ari zen plazara. Unai Iturriaga eta Igor Elortza, Estitxu Arozena, Jexux Mari Irazu beranduxeago ezagutu genuen... eta hor gazte talde bat sortu zen, guretzat askoz naturalagoa zena. Gure mundua konpartitu ahal izatea oso inportantea izan zen niretzako. Antolatzaileak ere gazte saioak egiten hasi ziren... babes horretan eman nuen aurrera jarraitzeko pausoa, gazte talde hori klabea izan zen niretzat.

[Maialen Lujanbio]

 

      Jendearentzako oso efektista zen: ni 15 urteko gaztetxoa, neska, eta munstro horiekin, bertsolari hain eginekin kantatzen ikustea. Baina ez zen batere erreala. Eta leku batean bi aldiz gertatu zitzaidan pasarte desagradable bat: kantatzeko deitzen zidaten baina saioa baino lehen deitu izan zidaten “beno ba gaiak esango dizkizut...” Iraingarria zen. Kantatzeko ez badaukat mailarik bada ez deitu. Baina ez eraman ni han itxura egitera eta saioa edertzera, eta aurretik gaiak esaten ibili.

[Maialen Lujanbio]

 

      Garai hartan “bertsolari gazteen plaza” zegoen. Geroztik “gazte” asuntoa aldatu da, gurea luzatu egin da, aurrekoek oso goiz utzi zutelako. Gu 23 urterekin gazte ginen, eta 30 urterekin ere gazte izaten segitzen genuen. Ni 25 urterekin harrapatu ninduen olatuak, Jon Maia, Unai Iturriaga eta hauek ere bai, eta pixkanaka erantzukizun maila igotzen zioan, baina pisua oraindik lehengoengan zegoen, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Anjel Mari Peñagarikano, Iñaki Murua eta jende horrengan, 2001 arte behintzat.

[Jexux Mari Irazu]

 

 GAZTE SARIKETAK | EUSKAL HERRIKO GAZTE BELAUNALDIA | BERTSO-LATA