Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

MIKEL ALKORTA

 

1971an Donostiako Egia auzoan jaioa

 

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

      Etxean denok gara zaleak. Amonak abesteko joera handia zuen eta amak (Mertxe Aizpurua) bertsotan ere egiten zuen.

      Aitak bertsotan egiten du (Iñaki Alkorta): bazeukan halako izen bat Igeldo aldean eta ni txikia nintzela, ezkontza batean beste bertsolari batzuekin batera kantatzeko deitu zioten. Txikitan Tolosara joaten ginen apustuak ikustera eta kotxean bertsotan aritzen zen. Orbegozon aritzen zen lanean, eta bertako beste langile batek bertso hau egin zion, nik ikasi eta kantatu nezan:

 

Ni Mikel Alkorta naiz

mutiko gaztia

hamar urte oraindik

baina bai trastia

bi zaletasun ditut

bat da jolastia

eta bestia berriz

bertso abestia.

 

 

BERTSOA BALIATU

 

      Urte askoan baliatu nuen “ni Mikel Alkorta naiz...” bertso hori. Eta nire alabek egun erabiltzen dute.

      Eskolan ere, zortzigarren mailan idatzitako bertsoak banituen, zuzendariari pelota eginez.

      Parranda urteetan, berriz, bertsoa nesketarako oso erraminta ona iruditzen zitzaidan, normalean esatera lotsatzen garen gauzak bertsotan beste era batera esan baitaitezke.

      Arreba eta biok soinua jotzen hasi ginen, bertsotan zerbait ikasi genuen eta askotan hasiera emateko bertsoak abesten genituen, bi ahotsetara.

 

 

LEHEN SAIOA

 

      Parrandetan eman genuen bertsotan saltoa, tartean Hernanin. Parrandetan elkartzen ginen Iurrebaso, Oxan, Txuria...

      Egiako gaztetxeko azken kontzertuan Joseba Tapiak jo zuen eta han atera ginen bertsotara Xomorro usurbildarra, Inaxio Usarralde eta hirurok. Jendaurrean egindako aurrenetako saioa hura izango zen.

      Gero Usurbilgo bertso eskolan aritu nintzen German, Tola, eta hauekin.