—bertsolariak—
AITOR BARRENETXEA
1977an jaioa, Santa Barbara auzoan
Argazkia: Estitxu Eizagirre.
Aita (Pedro Juan) kamioneroa nola izan den, beti bertsoren bat kantari aritzen zen kamioian. 11 urterekin Martindegira bizitzera joan ginen, eta han bizilaguna dugu Tturko. Bere bertsoak buruz ere badakizkit.
Gerora, kuadrillan edo sagardotegian beti aritzen ginen. Kuadrillan ez dago halako bertso zaletasunik, ni nintzen gehiena aritzen nintzena, baina beti baten bat inguratzen zen.
OMENALDIETAN
Urtero egiten da omenaldia Martindegiko festetan, eta han kantatu izan dut, Izaskun Muruarenean. Tturkoren omenaldian ere kantatu nuen.
BERASTEGIN BERTSO AFARIAN
Nik kobratu ere egin izan dut bertsoa kantatzeagatik, eta kalitate-prezioan ondo gainera!
Ibon Karrera elduaiendarrarekin parranda asko egiten genituen eta bertsotan bukatzen genuen beti. Behin deitu zidan: “bertso afaria daukat Berastegin eta laguna falta. Etorriko haiz...”, “nola joango nauk ni bertso afarira jende aurrean kantatzera? Lotsak akabatuko nauk...”; “ezetz, bi potrorekin etorri eta bota!”. Ez nuen joan nahi, baina nahikoa esan nion “bueno, ez baduk beste inor bilatzen, joango nauk”. Berastegira joan, eta seko lotsatuta. Eseri gara mahaian, eta ondoan neska batzuek. Esan zidaten “hi, gazte, hik ez duk ardo gehitxo edaten?”, “bai, gaur ahal dudan gehiena edango dut nik!” Blokeatzeko beldurra nuen, eta nonbait ardoak egin zuen bere eragina, eta mikrofonorik ezin kendu eskutatik! “Mutil hau nondik ekarri duk?” galdetzen zioten Iboni. Soinua jo zuten, dantza egin genuen eta 120 euro kobratu eta etxera! Autobian behera, gustora.