Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

ARITZ ZERAIN MINER

 

1973an Ereñozun jaioa

 

 

      Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea, 2008tik. Hernaniko Kronikako langile izana, sorrerako urteetan.

 

 

ZALETU

 

      Aita oso bertsozalea zen. Bertso askorik ez nion entzun, baina bertso kontuak bai. Ereñozu beti izan da oso auzo bertsozalea, bertso saioak ere dezente izaten dira eta hortik zaletu nintzen.

      Hasi nire kasa hasi nintzen. Eskolara Juanjo Uria eta Joxe Mari Mujika “Anatx” etorri izan ziren klaseak ematera eta haiekin puntu erantzunak eta egiten genituen.

      Kuadrillan ere parrandetan bertsotan aritzen ginen, gure kasa, gozatuz.

      Oraindik faltan nabari dut oinarri tekniko hori, sekula ez dut landu izan, beti gure kasa ibili izan gara. Ez genekien egiturak nola ziren, ez doinuak, zortziko handi eta txikia ez genituen bereizten...

 

 

HERNANIKO TABERNETAKO TXAPELKETA

 

      1998an, adinean nahiko aurreratuta, 24 urterekin edo eman zidaten bertan kantatzeko aukera. Nik ordura artean ez nuen pentsatzen inoiz jendaurrean aterako nintzenik. Bat falta zutela eta azken momentuko abisua izan zen. Hor topatu nuen ordura arte bertsotan bilatzen nuena, festa giroa, taberna giroa, lagun giroa... plaza berezia da, lehenengo aldiz kantatu behar duen edozeinentzat, eroso sentitzeko modukoa. Hura irabazi nuen, eta handik etorri zitzaizkidan gero Osinalden kantatzeko deia, bertso eskolan hastekoa... hortik hasi nintzen. Tabernetako Txapelketaren 10. urteurrenean ere parte hartu nuen, eta irabazi.

 

 

HERNANIKO BERTSO ESKOLARA

 

      Tabernetako txapelketan egindako lehenengo saio haren bueltan, Estitxu eta Itziar Eizagirre bixkiak izan ziren ni eta lehengusua Ibon gehien animatu gintuztenak “bertso eskolara joateko eta joateko eta joateko”. Ordura arte sekula ez genuen izan bertsoa serio hartzeko asmorik eta “animatuko gaituk” esan eta elkarren anparoan bertso eskolako afari batera joan ginen. Handik bertso eskolan hasi ginen eta gero eta gusturago aritzen ginen bertsotan. Orduan hasi ginen serioxeago ikasten, beti ere bertso eskolak duen “seriotasun”aren barruan.

      Oroitzapena daukat dena oso azkar gertatu zela, asimilatzen ere pixka bat kosta egin zitzaidala.

 

 

SARIKETAK

 

Axari saria

1999

Parte-hartzaile

Orixe saria

2003

Finalista

Osinalde saria

1998

Finalista

Osinalde saria

1999

Parte-hartzaile

 

 

TXAPELKETAK

 

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

2007

Lehen fasea

Gipuzkoako Herri Arteko
Txapelketa

1999

Lehen kanporaketa
(Hernani-Txisplau taldean)

Txapelketa Nagusia

2003

Azken-laurdenak (Elorrio)

 

      Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa (1999) etorri zen: oso giro ona sortu zen, Hernanin hiru talde atera genituen eta berehalako emaitzak oso onak izan ez baziren ere, luzera begira oso emaitza onak eman zituen. Hor beste maila bat hartu genuen.

      2001ean etorri zen Euskal Herriko Txapelketarako sailkapen fasea. Dinamika horretan sartuta nengoen, eta pixkanaka aurrera egin nuen eta sailkatu egin nintzen Euskal Herriko Txapelketarako. Txapelketa Nagusiko oroitzapena nire bizitzako onenetako da. Nahiz eta aurrera ez pasa saio harekin oso gustura geratu nintzen, Igorren. Txapelketa haren bueltan bertso eskolan entrenatzen ibili genuen giroa ederra izan zen.

      Hurrengo txapelketetan atera izan naiz eta ez dut lortu orduan egin nuena egiterik. Geroztik ez dut hain oroimen onik txapelketan. Emaitzaren arabera neurtzen dira, eta geroztik ez zaizkit gauzak hain ondo atera.

      Zurrunbilo batean bezala sartu nintzen bertsotan, azkar gertatu zitzaizkidan gauza asko, eta gero pixkanaka pixkanaka bere onera etorri ziren. Pentsa, jendaurrean lehenengo aldiz kantatu eta hiru urtera Euskal Herrikoan kantatzea tokatu zitzaidan. Ezohiko bidea da, 24 urterekin lehen saioa egitea.

 

Tabernateko txapelketan. Txapelduna.

 

 

PLAZATAN

 

      Berritasun horretan saio batzuek egin nituen, inguruan. Ereñozuko festetan egindako bat gogoan daukat, auzoan bertan eta festetako jaialdian kantatzea gauza handia da. Aranoko jaialdi bat ere gogoan daukat. Bolada bat eduki nuen, irrikarekin, plazarako gogoz... baina pixkanaka itzaltzen joan zen gogo hori. Orain bertsoarekin gozatzen dut baina niretzat aritzen naiz, jendaurrean kantatzeko gogo berezirik ez daukat. Garai batean mikrofono gosea eduki nuen eta geroztik ez dakit ase egin nintzen, baina orain ez daukat goserik. Bertsotan disfrutatzeko eta lagunarterako bai baina plazako garaiak pasa zirela uste dut.

 

 

GAI-JARTZEN

 

      Auzoko jaialditan normalean gai-jartzen izaten naiz, eta Hernaniko jaialdian ere jarri izan ditut. Gustatzen zaidan lana da. Mikrofono gosea horrek ere kentzen du.

 

 

BERTSOZALE ELKARTEAN

 

      Elkarteko lanak asko baldintzatzen du bertsotako ibilera. Ase ere bai, batzuek taula gainetik egiten dute ekarpena eta beste batzuek atzeko lanetik. Denak dira beharrezkoak. Bertsozale Elkartekoa ez da lan soila, badu borondatezko partea, eta horrek dezente asetzen nau.

      Egia da burokrazi lanak ez dizula bertsolaritza behar beste gozatzen uzten. Kargu hori dudan bitartean ez dut uste txapelketan aterako naizenik, edo tokatzen zaidanik. Txapelketa giroa asko gustatzen zait eta inbidi puntu hori beti edukiko dut.

 

 

 

BERTSOAK EMAN DIDANA

 

      Tabernetako Txapelketa hartan kantatu ez banu nire bizitza bera ere seguru asko oso diferentea izango zen. Orduan kantatu eta bertso eskolan hasi nintzen. Bertso eskolan Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre ezagutu nituen. Horiekin Hernaniko Kronika proiektua atera genuen aurrera, eta hor nengoelako deitu zidaten Bertsozale Elkartetik... Tabernetako Txapelketan atera edo ez, erabaki horrek nire bizitza bide batetik eraman du. Hori bertsolaritzak eman dit.

      Ez naiz sekula jendaurrekoa izan, nire burua ez nuen inoiz imajinatuko jendaurrean hizketan, eta bertsotan aritzeak hori ere ematen dizu, erraztasuna edo ez dakit lotsagabekeria den. Asko eman dit bertsolaritzak.

 

 

2001eko Euskal Herriko Txapelketarako
Gipuzkoako Sailkapena (apirilaren 21a, Urnieta)

 

      Aritz Zerain eta Iñaki Zelaia. Zu, Iñaki, hirugarren aldiz zoaz diru eske Aritz esponsorrarengana, Everesteko espedizioa dela-eta. Aurreko bietan ez duzu gailurra zapaldu.

 

        I. Zelaia:

Bi alditan igotzen

saiatua lehen,

baina ez nuen izan

nik nahi aina kemen;

ta hirugarren aldiz

ni neu nago hemen

ta neuk egiten dizut

propaganda gehien.

 

        A. Zerain:

Eskean zatoz berriz

aldarte onian

ta ni berriro nago

ezezko planian;

propaganda egiten

zure esanian,

baina zertarako det

txarretik denian.

 

        I. Zelaia:

Zu entzutiak orain

ematen dit pena,

oraindikan hanketan

badaukat kemena;

inork uste ez dula

igoko naizena,

ta txarrena bihurtu

daiteke onena.

 

        A. Zerain:

Mendizalea zera

baina ez jatorra,

Everesta badakit

hain dala gogorra;

igo nahi dezu eta

badezu hor zorra,

Iberia harzazu

Iñaki esponsorra.

 

        I. Zelaia:

Iberiakin ezin

juan urrutira,

aspaldi jarri nintzen

beraiei begira,

baina ni igoko naiz

Everest mendira,

buru gogorrak beti

igotzen baitira.

 

        A. Zerain:

Buru gogorra zera

eta astakirten,

horregatikan berriz

nahi zenduke irten;

baina zure ametsak

nahi ditut nik eten,

buru gogorra naiz ta

nik ez det ematen.