—bertsolariak—
GORKA TOLOSA USARRAGA
1976an jaioa Martindegi auzoan
Errezilen bizi da
Fisioterapia ikasketak egin zituen, eta lanbide ugari izan ditu: fisioterapeuta, udaltzain, bertso eskolako irakasle...
Bertso doinu bat plazaratu dut: “Oiartzun aldeko boza”.
Etxetik bertsoaren berri banuen. Aitarekin bertsoak egiten nituen, jolas modura. Gure aitona oso bertsozalea zen eta Gabonetako afalostetan gure etxean bertsoak kantatzen ziren.
Langile ikastolan nenbilela, orduantxe sortu zen bertso eskola jartzeko asmoa, Juanjo Uriarekin. Gelaz gela galdetu zuten ea nork apuntatu nahi zuen eta baiezkoa eman nuen. Eta hortik hasi nintzen.
LANGILEKO BERTSO ESKOLA
10 urterekin hasi nintzen. Hasieran mordo bat ginen. Bat-batean taldetxo bat hasi ginen, Unai Agirre, Aitor Mendiluze eta ni. Gainerako jendeak, askok behintzat utzi egin zuen.
MARTINDEGI
Auzoko festetan bertsolarien aurretik pare bat bertso botatzen nituen. Teloilari lan hori egiten nuen. Oroitzapen on hori badut, saio koxkor bat egitea zen niretzat, bi hiru bertso botatzea.
ESKOLARTEKO TXAPELKETAK
Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa |
1990 |
Finalista (txikitan) |
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa |
1987 |
Finalista (txikitan) |
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa |
1988 |
Finalista (txikitan) |
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa |
1990 |
Taldeka txapeldun |
IKASTOLAN OMENALDIA
Bertso eskolan hasi eta oso denbora gutxira parte hartu genuen lehen aldiz Eskolarteko Txapelketan. Gure bertso eskolatik bi aurkeztu ginen, Unai Agirre eta ni, eta biok finalera pasa ginen.
Unaik txapela irabazi zuen eta omenaldia egin ziguten ikastolan. Laubidietako gelen kanpoaldean, pasilloan, banku baten gainera igo arazi gintuzten biok eta ume mordo bat genuen guri begira. Uste dut bertsoren bat edo beste kantatu genuela. Unaik txapela zuen buruan eta nik hari emandako kopa. Baldako saioarena baino oroitzapen hobea daukat.
SARIKETAK
Lizardi saria |
1990 |
Parte-hartzaile |
Lizardisaria |
1991 |
Parte-hartzaile |
Lizardi saria |
1993 |
Parte-hartzaile |
Lizardi saria |
1994 |
Parte-hartzaile |
Lizardi saria |
1997 |
Parte-hartzaile |
ASTEARTETAKO BILERAK
Ikastolako bertso eskolan bat-batean ari ginenok Anatx genuen irakasle eta astearteko bileretara joateko gonbitea iritsi zitzaigun. Ederra zen, ume ginenontzako jende helduarekin kantatzeko aukera bat. Tourrerako ekipoan sartzea bezala. “Astearteko bertso eskolara noa” esaten genuen, beste konnotazio bat zeukan.
TXAPELKETAK
Gipuzkoako Herri Arteko |
1999 |
parte hartzaile |
Txapelketa Nagusiko |
2001 |
lehen fasea |
Sariketaren batera edo bestera aurkeztu nintzen eta ez nuen horrelako arrakastarik eduki. Gipuzkoako Txapelketan behin parte hartu nuen eta gero denak utzi nituen. Txapelketarako behar diren konpetentzia puntua eta preparatzeko diziplinarik ez daukat eta mundu horrek ez dit barrua betetzen.
Gipuzkoako Txapelketan Sandiusterrin kantatu nuen. Egia esan, askoz hobeto egin nuela uste nuen eta askoz aurrerago ikusten nuen neure burua. Jaitsi eta sentitzen nuena esan nuen “ni nola ostia geratu naiz hain atzera? ez dut eta hain saio txarra egin!” Bertso eskolako lagunek erantzun zidaten “hi, hiru poto egin dituk, e!” “Orduan bale, hi, orduan azkena behar nian!”.
BERTSOA UTZI
Garai bat izan nuen bertsoa erabat utzi nuena. 16 urtetik aurrera bizikletan ere hasi nintzen eta bertsoak ez ninduen batere asebetetzen. Bertso eskolatik deskonektatuta ibili nintzen. Barruak ez zidan deitzen. 18 urterekin Soriara ere joan nintzen ikastera, eta handik bueltan berriz hasi nintzen bertso eskolara inguratzen.
SORIATIK BUELTAN IRAKASLE
Lagun kuadrilla batekin berriro piztu zitzaidan bertsotarako gogoa baina beste ikuspegi batekin. Orduan hasi nintzen irakasle, eta 3-4 urtean aritu nintzen. Azken urtean irakasle gazteekin koordinatzaile lanean, erreleboa ematen.
PLAZAK
Lehenengo plaza Astigarragan egin nuen, kantu-lagun, besteren artean, Unai Agirre eta Aner Mertzero zituela.
Lehenengo plazak, gu txiki ginela, Juanjo Uriaren bidez egiten genituen. Egundokoa izaten zen, Elgetaraino ere joan ginen kantatzera. Kantatu eta dirua ematen ziguten, eta harrituta geratzen ginen. Deskubrimendua zen guretzat.
Umetan behin Oriora joan ginen, Estropalari auzora (Asier Gozategiren auzoa), eta Asier Gozategi bera aritu zen gai-jartzen eta momentuan asmatu zituen gaiak.
Saio mordo bat herrian egiten genuen. Marroi mordoa jan dugu, eta saio ederrak ere bai. Geroztik plazan gutxi aritu naiz. Neroni ez naiz sekula kontzienteki saio bila joan.
Oso oroitzapen ona daukat Tabernetako Txapelketa batekoa. Batez ere gustura aritu nintzelako bertsotan eta egon zen giro ederragatik.
GAI-JARTZAILE
Nolabait bertsoarekin harremanetan jarraitzeagatik hartu nuen gai-jartzailetza. Niri oholtza gustatu egiten zait eta jendaurrean hitz egitea ere bai, eta gai-jartzailetzak horretarako aukera ematen zuen. Probatu egin nahi nuen, nahiz eta aurrez banekien bere arriskuak zituela: konnotazio txarra izan du, saio txarra ateratzen bada gai-jartzailearen ardura da... Hasieran gustura ibili nintzen eta txapelketa batean ere aritu nintzen gai-jartzen, eta geroztik plaza gehiago egin nituen. Orain urtean hiru saio egiten ditut. Gustatzen zait noizean behin egitea, bertso eta bertsolariekin harremanetan jarraitzeagatik, eta gustatzen zaidalako bertso saioa oholtzatik bizitzea.
Gai-jartzen aritua naiz Martindegin, Hernanin, Goizuetan, Usurbilgo San Esteban auzoan, Larraulen, Errezilen...
ERREZILEN BIZI
Kultur talde bat daukagu, Atala, eta urtero egiten dugu bertsoarekin zerikusia duen ekitaldiren bat. Hor aritzen naiz antolatzen. Eta herrian bertso saioren bat edo afariren bat tokatzen bada, gai-jartzen ere egiten dut.
BERTSO JARRIAK
Behin animatu nintzen bertso paper lehiaketa batera aurkeztera. HIESA zeukan pertsonaren larrutik jarri nituen, orduan furi furian zegoen gaia. Niretzat sekulako arrakasta zen zortzi bertso egitea lortu izana. Denbora hartuta, urtebete edo ez dakit zer pasatu nuen. Ustez ez ziren hain txarrak. Aitor Mendiluze zegoen epaileen artean, eta esan zuen “ba, hori maila eskasa sariketa honetan! nigatik lehen saria eman gabe utziko nuke!” “Hi, ba nireak ere tartean dituk!” “A bai? ba han ez zegoen bertso onik, e!” bota zidan.
Gorka Tolosa eta Aitor Mendiluze Eskolarteko Txapelketan kantari.
Atzean Unai Agirre eta Maialen Lujanbio.
2001eko Euskal Herriko Txapelketarako
Gipuzkoako Sailkapena (martxoaren 24a, Hernani)
Hasierako agurra.
Oiartzun aldeko boza
da aurkari aproposa,
donostiar bat ere tartean
Bilintxek ze poza!
Iraola eta Osa
Aritzek taldea osa,
baina gregario lanetarako
ez dator Tolosa.
Hitza: Zorra
Gazteentzako bizimodua
gertatu ohi da gogorra,
aipa diteke langabezia
edo ta etxe alorra;
ez dut izan nahi nik modelo bat
edo ta aiton jatorra,
nahiz ta ilobek opari gisa
nahi duten haren altxorra,
nere ilobei herentzi gisa
utzi behar diet zorra.