—bertsolariak—
AITOR MENDILUZE GONZALEZ
1975ean Andoainen jaioa
Ingeniaritza ikasketak egiten aritua da eta Gizarte Heziketa ikasia. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko langilea da, herrialdeko koordinatzaile eta eragile hasieran eta gaur egun irakasle.
Gu bertsotan hasi ginen Andoaingo ikastolan bertsolaritza atal bat lantzen zelako: bertso batzuk kantatzen hasi, eta jakin-mina piztu zitzaidan, “honek badu grazi bat, forma berezi bat...”
AMAREN ESKUTIK
Gustuko nuela, eta amak Hernaniko Langile ikastolako bertso eskolaren berri jakin zuen. Amari eskutik heldu eta ostiral batean etorri nintzen, zortzi-bederatzi urterekin; eta geroztik urtetan, ostiralero-ostiralero. Langileko bertso eskola sortu zen eguna edo kurtso hasiera zen behintzat, iraila.
Zenbat eta gehiago egin, orduan eta zaleago nintzen. Bertsoekin gero eta paper gehiago betetzen jarraitu nuen, rotuladorearekin eta letra handi handiekin. Azkenean harrak harrapatu ninduen eta geroztik ez nau utzi.
ETXEAN
Amona zena bertsotan ona omen zen, bere garaian. Nik ez nuen sekula bertsotan ezagutu. Gure aita zena bertsozalea zen, egin ere egiten zuen pixka bat.
Bertsozaleak baziren etxean, baina sekula ez ginen bertsotan aritu.
Hernaniko bertso eskolan hastearekin batera hasi nintzen herriko eta inguruko bertso saioak aditzera joaten. Aita zenarekin Xoxokako festetan Mitxelena aditzera joan nintzen, Manuel Lasarte ere bere plazako azken garaian harrapatzeko suertea izan genuen.
Bolada batean, ostiral iluntzetan bertso eskolatik etxera joan, afaldu eta aita eta biok salan jartzen ginen. Aitak kafea hartzen zuen aurrean, eta bertsotan aritzen ginen. “Seme maitea esango dizut” hasten zuen beti lehenengo bertsoa! Horrelako gizaseme batekin parez pare jarri eta egin egin behar, derrigor! eta gainera ez zen edozein, aita. Zer gehiago ume batentzat!
LANGILEKO BERTSO ESKOLA
Perfekzionista nintzen batetik, eta bestetik banuen kezka, idatzi denek nik baino lehenago egiten zuten eta edozer gauza ez nuen bada egingo. “Hi baino hobeak dituk denak” pentsatzen nuen. Lau buelta ematen nizkion bertsoari eta bosgarrenean ere aldatzen nion zer edo zer. Horrek zaildu egiten du hasieran erritmoa eta erraztasuna hartzea. Oso ona bota nahi duzu eta orduan denbora asko hartzen duzu.
Paperetik bat-batekorako saltoa oso gogorra izan zen. Hasieran sentsazio txarra neukan, besteek nik baino azkarrago eta hobeto botatzen zituzten bertsoak. Niri gaia jarri eta noizko bertsoa ekarri! Baina egoskorra izan, eta jardunaren poderioz iritsi nintzen juxtu bestaldeko puntura, bi bertso idazteko gai bat jarri eta hamar idaztera.
ESKOLARTEKO TXAPELKETAK
Euskal Herriko Eskolarteko IV. Txapelketa |
1992 |
Finalista (handitan) |
Euskal herriko Eskolarteko Txapelketa |
1990 |
Finalista (handitan) |
Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa |
1991 |
Finalista (handitan) |
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa |
1988 |
Finalista (txikitan) |
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa |
1990 |
Finalista (handitan) |
Gipuzkoako eskolarteko txapelketa |
1992 |
Txapeldun (handitan) |
Gipuzkoako eskolarteko txapelketa |
1993 |
Txapeldun (handitan) |
Joxe Mari Mujika “Anatx” etortzen zen Langileko bertso eskolara Juanjo Uriari laguntzera eta berarekin biltzen ginen bat-batean egiteko. Lau oinak eman eta bertsoa botatzen genuen. Gogoan dut bertsoa botatzetik Eskolartekoan ateratzera tarte motza egon zela. Behin Anatx etorri eta esan zigun “izena eman dizuet Eskolartekorako” eta nola? eta “bai, joan egin beharko duzue...”
Sekulako beldurrarekin, Sandiusterriko aretoan egin nuen debuta txapelketan: Gorka Tolosa, Unai Agirre, Joxe Luis Urdangarin, Iñaki Zelaia, eta Aitor Lasarte ere aritu ziren. Eta lehentxeago (1986an) Etxeberriko festetan Unai Agirrerekin eta Iñaki Zelaiarekin aritu nintzen.
LEHENENGOTAKO PLAZA, AITAREKIN
Nire lehenengotako plaza aitarekin egin nuen nik. Ohitura handia genuen jai iluntzetan Adunako herriko tabernan afaltzeko. Han zerbitzari aritzen zen Txomin Garmendiaren andrea, Karmen. Eta beti afaldu, gozokiren bat jan eta kontu esaten aritzen ginen, askotan bertso kontua, Joxerekin, hango nagusiarekin. Egun batean ez dakit nondik eta nola, aita eta biak bertsotan hasi ginen. Jendea isildu egin zen eta kuadrilla bat hantxe aditzen egon zen. Ni mundua deskubritu banu bezala geratu nintzen, sekula baino azaina handiagoa eginda. Dozena bat urte izango nituen, lehenengo Eskolartekoan kantatu eta bolada horretantxe izango zen.
SARIKETAK
Juan Basurto bertsolari gazteen lehiaketa |
1993 |
Finalista |
Lizardi saria |
1990 |
Finalista eta bertso onenaren saria |
Lizardi saria |
1991 |
Finalista |
Lizardi saria |
1992 |
Finalista |
Lizardi saria |
1993 |
Txapeldun ordea |
Lizardi saria |
1994 |
Txapeldun ordea eta |
Xenpelar saria |
1992 |
Finalista |
Xenpelar saria |
1994 |
Txapeldun ordea |
Hernaniko Txapelketa |
1996 |
Finalista |
ASTEARTEKO BILERAK
Gero jada pasa ginen libreko saioa pixka bat gehiago kontrolatzera. Jarri mahai bueltan, hasi eta tipi tapa egitera. Hamalau bat urte izango nituen joan nintzenean, “zaharren bertso eskola” esaten genion orduan. Sekula txori bat ikusi ez duen bat lehoi artera botatzea bezala zen. Gu ume mokoak, ordurako plazan probatua zen jendearekin, han eseri eta “benga, hasi”. Eta buelta etortzen zenean, pasorik ez, bota. Eta handik irten eta askotan “goazen sagardotegira”. Berandu etorriz gero beti kargu hartzen zidaten gurasoek: “non ibili zarete...”. Baina bertsotarako izanez gero, joaten nintzen tokira joaten nintzela, beti libre. 13 urterekin sagardotegira joatea astearte batean, gure etxean normal hartzen zuten, bertsotara joaten ginela-eta ohitu egin ziren. Gu ere ohitu ginen, eta zaletu ere bai!
BERTSOTAN SALTOA
Eskolartekotan bakarrik kantatzen nuen eta hemen auzotako saioetan. Hasi nintzenean konturatzen nintzen beste ikaskideak ni baino bi koska gorago zeudela. Unai Agirrek txapelak irabazten zituen Eskolartekotan eta ni ez nintzen finalera ere iristen. Konturatzen nintzen bertsoa egiten jakin bai baina kapazidadea neurrian neukala eta kosta egiten zitzaidala. Nire prozesua mantsoagoa izan da.
Eskolartekoan handien mailara pasa ginenean, orduan bai, nabaritu nuen beste maila edo gaitasun bat neukala, lehen ez nuena. 14 urterekin eman nuen saltoa. Eskolarteko azken bi urteetan etorri ziren txapelak, baina aurreko bi urteetatik bazetorren bide hori.
Orduan hasi ginen mundu horretan mugitzen zen jendearentzat ezagunago egiten, eskoletan saio gehiago egiten, herri batera eta bestera joaten Mikel Mendizabalekin...
Guretzat mundu bat deskubritzea zen. Plaza batera joan, inork ez zigun pistarik ematen zein ziren eta zer egiten zuten, mikrofono bat ematen ziguten eta “guk hemen zer egin behar dugu?” pentsatzen genuen. Eta hor bai igartzen zela asko asteartetako bileretan librean egiten ikasi genuela, eta ezerezetik ordu erdiko saio bat ateratzeko gai ginela. Nik hori beti eskertuko dut.
Argazkia: Sara Santos.
Iturria: http://www.flickr.com
Bazegoen konpartsa paper hori: gaztetxo batek zerbait egin duela txapelketaren batean, eta kolpetik Euskal Herriko bertsolaririk onenekin jartzen da herriko jaialdian. Oso argazki polita, baina guretzako garai hartan handiegi geratzen zen. Kristoren ilusioa izaten genuen, noski! Baina jakinda haientzat faena zela, ezin genuela haien erritmoan aritu. Guretzat zer sorpresa zen Sebastian Lizaso batekin plazara joan eta berak guri bizkarretik heldu eta “horrela egingo diagu” esatea. Nik uste 15 bat urterekin kantatuko nuela maila horretako bertsolariekin, Andoaingo saioren batean.
18 urterekin azken Eskolartekoa irabazita ere, plazan gutxi ibiltzen nintzen. San Tomas egunez Estitxu Arozena eta biok joan gara Azpeitira, eta Estitxu harrituta: “ni Nafarroatik etorri eta jende denak ezagutzen nau, eta zu Gipuzkoako Eskolarteko txapelduna zara eta inork ez zaitu ezagutzen!”. Ordurako ni baino gaztexeagoak zirenak, Maialen Lujanbio eta Estitxu Arozena eta horiek jada plazan dezente zebiltzan. Horretan ere nire jirakoak baino beranduxeago iritsi nintzen. 18-19 urte nituen gehixeago mugitzen hasi nintzenean.
TXAPELKETAK
Gipuzkoako Txapelketa |
1995 |
Txapeldun |
Gipuzkoako Herri Arteko |
1999 |
Final-aurrekoak |
Gipuzkoako Txapelketa |
2003 |
Hirugarren |
Gipuzkoako Txapelketa |
2007 |
Txapeldun |
Txapelketa Nagusia |
1997 |
Final-aurrekoak |
Txapelketa Nagusia |
2001 |
Finalista |
Txapelketa Nagusia |
2005 |
Finalista |
Txapelketa Nagusia |
2013 |
Finalista |
Manuel Lasarte 1995eko Gipuzkoako Txapelketan:
“beraz, zu Mendiluze zaitugu txapeldun.
Zorionak bihotzez horixe nahi gendun”.
1995eko Gipuzkoako Txapelketan, Eskolartekoan bezalaxe gertatu zitzaidan: Txapelketan ikusi zen saltoa, baina lehendik emana nuen jada.
Txapelketa aurretik, udaberri hartan, Lasarteko bertso eskolak Goiegin bertso afaria antolatu zuen. Sebastian Lizaso eta biak ginen buruz buru. Eta ni dar-dar batean joan nintzen. Artean plazan gutxi ibilita, eta Sebastian batekin, 80 lagun afaltzen... “ba egingo dugu ahal duguna”... eta egin genuen hiru ordu eta gehiagoko saioa. Nik errimatu eta neurtu bakarrik egiten nuen. Beste dena berak: Saioa kontrolatu, erritmoa jarri, gaiak atera, niri lagundu, dena. Saio bukaeran ni leher eginda nengoen eta jendea etorri zen eta “hi, zorionak...” eta Sebastianek esaten zidan “ondo, aurten txapelketarako ondo ibiliko haiz eta badituk aukerak...”.
Nahiz eta oso gustura geratzeko moduko txapelketa egin nuen, konturatzen nintzen ordurako bide bat egina nuela. Oso zaila izaten da txapelketa batean nabarmentzea aurretik ezer egin ez bada. Kontua da egin den horrek ez duela halako oihartzunik.
Txapela irabazi berritan, San Anton egunez Getariara joan ginen Sebastian Lizaso eta biok. Sebastian eta Andoni Egañak urtero joateko ohitura zuten, baina Andonik ezin eta Sebastianek “bueno, hi, txapeldun berria hi haiz eta biok joango gaituk” esan zidan. Hara iritsi eta “Egun on, Sebastian, zein duk laguna?”. “Hau ez al duk ezagutzen? Hau duk Gipuzkoako txapeldun berria!” besteak zeharka begiratu zidan eta Sebastianek “egon hadi, egon hadi, ikusiko duk!” Joan ginen goiko balkoira eta lehenengo saioa Iparragirreren doinuan egin genuen. Dale berak, eta nik erantzun, ahal nuen bezala. Nahiko saio polita atera zen, eta gero Kaipera joan ginen bazkaltzera. Han ere saioa egin genuen, eta erretirakoan, Sebastianek esan zuen “ikusi duk, ez? hau zein den!” Behar nuen gizarteko aurkezpen hori egin zidan, bertsolari handi batekin joan eta berak “hau halako eta halako duk” esatea.
1999ko Herriartekoa. Handik oso oroitzapen polita daukat, desberdina zen, kolektiboagoa.
2001eko sailkapena. Ordurako Bertsozale Elkartean ari nintzen lanean: sailkapen hura antolatzen aritu nintzen, kantatu ere egin nuen, irabazi ere bai... denak batera egin nituen orduan!
2001eko Euskal Herriko Txapelketan finalista. Gazi-gozo daukat gogoan, hirugarren egin nuen, Txapelketa Nagusian orain arte egin dudan posturik onena, eta aldiz ez nuen gogoratzeko moduko ezer utzi.
2003an bigarrenez Gipuzkoako Txapeldun atera nintzen.
Ordurako banekien zer zen txapela janztea, plazan banenbilen, baneukan leku bat... beste era batera hartzen da, batetik esaten duzu hamabi urte daramatzat 95eko txapelaz gero plazan dezente ibiliz, urtean saio batzuk eginez, izen batekin, eta bigarren txapel hau konfirmazioa da, hamabi urtean hor aritu eta berriro txapela irabazteko gai izatea”.
Joxe Mari Altuna urtetan Gipuzkoako
Bertsozale Elkarteko diruzaina izandakoa
2007an Mendiluzeri txapela janzten.
TODOTERRENOA
Zerbait baldin badaukat, erregulartasuna da, bataz beste nahiko maila onean aritzeko kapazidadea. Eta harrokerik gabe esan dezaket bertso brillanteak ere utzi ditudala. Akaso todoterrenoa ere banaiz. Urteak dira Anjel Mari Peñagarikanok esan zidala “hi luxuzko suplente bat haiz”. Niretzat lore dezente da esatea “hi edozeinen partez joan hinteke edozein saiotara eta beti egingo duk bertsotan”. Edozein saiotan eroso sentitzen naiz.
Aitor Mendiluze eta Fredi Paia,
Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean.
Gabonetako bertso saioa.
Iturria: https://www-flickr.com
JOXE LIZASO ETA JOXE AGIRREREKIN
Guadalupen Joxe Lizasorekin zenbait urtetan egindako saioak oso bereziak dira niretzat, Joxe Lizasorekin egindakoak direlako.
Gogoan dut Joxe Agirrek eta biok Ereñozun egindako saio bat, biok parez pare begietara begira, Ur-Mia elkarteko terrazan. San Antonio eguna edo igandea izango zen, goizean saioa egin eta arratsaldean jaialdia egiteko geunden. Agirrerekin hori da nik egin dudan saio politenetako bat. Ona ez dakit, eta ez dago grabatuta.
PLAZAN
Suertea dut. 1995eko txapelketaz geroztik, 80 plazatik gora egin ditut urtero. Urte batean pasa naiz 100 saiotik. Niretzat sekulako kopurua da. Sekula ez naiz beste batzuk adina ibili eta ez naiz ibiliko, nire bertsokeragatik, nire karismagatik, nire izaeragatik, nire irudiagatik... baina ezta nahi ere. Hortik behera? Etorriko da. Guk lekua kendu genien batzuei eta beste batzuk kenduko digute guri.
NORK EZ DU LORERIK ENTZUN?
Doinua: “Ai hori begi ederra”.
I
Nork ez du lorerik entzun?
Zein apain, zer edertasun
ze ondo geratzen zaizun!
“Zureak ere nahiko nituzke...”
zuk ere lorez erantzun
naizenaren harrotasun
hortan berretsi nazazun
ea laguntzen didazun.
II
Lehenengo begiraldian
distira buru erdian
ile falta agerian.
Neure buruaz beste egiten
hasi ziren aspaldian.
Lehengo multzo ugarian
emigranteak abian
itzultzekotan agian.
III
Goitik zenbat ile jausi
bekainak hainbeste hazi
bihurtu dira bi sasi.
Denborarekin beltzen artean
ile zuriak nahasi
lehenaz gain, luzatzen hasi
eta jada dira kasi
begiradaren orrazi.
IV
Begietara begia
utzi du hor ere ia
denborak bere egia.
Ziren hartatik gaur direnera
alde nabarmenegia:
lehengo distira erdia
ez dutela alegia
itzali zait aurpegia.
V
Sudurrak denen irria
nahi gabe erakarria
hain dago barregarria...
Zain gorriz bete eta bikoiztu
egin da bere neurria
zalantzan nago jarria
zer den, irudi berria
ala alarma gorria?
VI
Lepoarekin zer lana
honek ere zer esana
ziur emango didana!
Lepo gihartsu atletikoa
aspaldi da iragana
orain zintzilik darama
nire egoaren zama
a zer zakua daukana!
VII
Zail da begiak ixtea,
zail lepoari eustea,
zail berriz ilez janztea,
zail sudurrari gorria kendu
eta argalaraztea,
beraz, loreen eskea
hobe albora uztea
lehen entzunak sinistea!
VIII
Ustezko galai dotore
entzun arren mila lore
eman behar dut amore
ez didazunez egiten ustez
merezi hainbat ohore
ez begiratzea hobe
eta giltzapean gorde
agur ispilu traidore!
[Aitor Mendiluze, IX. Balendin Enbeita
bertso paper sariketako sorta irabazlea]
DOINUAK
— “Duela hogei urte” Aitorrek sortu eta plazaratua, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako (1995) final-aurrean, Errenteriako saioan.
— Gipuzkoako Txapelketan Tolosan plazaratutako bakarkako doinua, 7 puntukoa.
— 2008an Mendaroko agur batean 10eko txikia.
— 2009ko urtarrilean Oñatin agurreko 10eko txikia.
Ohitura handia dut txistu jotzeko. Txistu jotzen hasi eta “puntu hori desberdina zen”? eta errepikatu egiten dut buruan eta orain mugikorrean grabatzen dut. Hura berreskuratu eta hari beste puntu batzuk erantsi, nik horrelaxe egin ditut doinuak.
Txapelketan atera nuen zazpi puntuko hura izango da nire doinuetan arrakasta gehien izan duena, gehien erabili dena. Errioguardan emaztearekin afaltzen ari nintzela, burutik pasa zitzaizkidan bi puntu, eta “ostra, egon segundo bat!” mugikorrean grabatu eta utzi egin nuen. Biharamunean entzun, sumatu eta “hauxe doinua, listo”. Gero ez dakizu, igual ez du batere balio, baina nahiago dut plazaratu eta nonbait grabatuta geratzea galtzea baino.
UNE ZAILENETAN BERTSOTAN
Idoiak (emazteak) istripua eduki zuenean, hil ala bizi egon zen egun batzuetan. Orduan eta gure aita hil zenean, pentsatu nuen: “eta zer egin behar dut, etxean geratu negarrez? eta bihar ere bai eta etzi ere bai? eta noiz arte?” bizitzak segi egiten du eta bizitzari eutsi egin behar zaio.
Plazak sendagaitik ere badu. Plazara joan, hustu, akaso zure min horretatik sortzen asmatu, eta seguruenik plaza horren ondoren pixka bat hobeto egongo zara. Uste dut bi kasu horietan saio txar txarrik ez nuela egin. Niri lagundu egin dit bi kasu horietan plazara joateak. Aurre egiten diot bizitzari, aurre egiten diot munduari, eta ea kapaz naizen daukadan beldur edo pena hori bertso bihurtzeko. Eta badakit tabladutik jaitsitakoan mina hor egongo dela.
BIRIBILA
Bertso eskolako Aitor Mendiluzeren bertsoarekin akordatzen naiz beti. Ertzain batek gazte bat egurtu zuen aurrena, eta gero bere amona joan eta hura ere egurtu egin zuen. Gaia jarri genion eta Mendiluzek:
Lehenik ilobari eutsi
ta gizarajoak etsi
zenbateraino eman zioten
ezin det sinetsi
gero amona ikusi
eta begirune gutxi
oraindik bada errespetua
zeini erakutsi.
[Unai Agirre]
1995eko Gipuzkoako Txapelketa (azaroaren 11, Errenteria)
Epailea zaitugu. Garrantzi handiko kasua duzu esku artean. Erabakia ematekotan zaudela heriotza mehatxua jaso duzu.
Epailea naiz ta juzgatzeko
oraingo hontan aukera,
kasu gogorra eta datozkit
atzetikan atakera.
Orain nor ote garrantzitsua
epaile edo norbera?
Une hontatik aurrera,
dudatan hasi ohi gera.
Merezi arren kondenatzea
izan liteke kaltera,
neure kondena firmatzen badut
haienarekin batera.
Batzutan otso izaten dena
beste batzutan bildotsa,
baina mehatxu baten aurrean
inor ezin izan hotza.
Erabakiak izan behar du
justua bezain zorrotza,
baina sentitzeko lotsa,
horra pistolaren hotsa.
jarraitu behar ote dut orain
barrunbearen ahotsa,
gaur zein ote da garrantzitsuna
burua ala bihotza?
Zuzenbidea ikasi nuen
ta zuzen naute hezia,
baina inorrek ezin lagundu
gainditzen gaurko hesia.
Aukeratzea nahiz eta izan
nik daukadan lan guzia,
pentsatzen nago hasia,
eta guztia nahasia.
Hala ta guztiz kondenatuta
nahiz eta galdu bizia,
nere bizitza dala ta ez dala
ez gelditu justizia.
2001eko Txapelketa Nagusia (azaroaren 18a, Markina-Xemein)
Erabat maiteminduta zaude neska bategaz. Badakizu droga arazo larriak dituela berak. Ezin duzu burutik kendu!
Doinua: Naufragoarena.
Sudurzulotik sator-zulora,
hilkutxa, meza, malko ta lora;
laburtuz zoaz horretarako
geratzen zaizun denbora.
Behin lortu zenuen droga,
egin zenuen aproba,
eta orduan gustora;
baina konforme ez eta hortan
jarraitu dezu gerora;
arrisku hori merezi badu
oso ona izango da.
Guraso jator batzun alaba,
daude ez irri ta ez algara,
gogorregia egiten ari
baitzaie azken bolada.
Ta inor kezkatzen bada,
berandu omen da jada;
betiko aitzakia, hara.
Saiatu egin omen zera ta
ezin omen duzu laga;
maite zaituzten guztien mina
baino gehiago al da ba?
Jada ez zaude zeure onean,
pozoia dezu zainen barnean
ta sinistu nahi ez duzun arren,
hilko zaitu azkenean.
Gainditu behar denean,
saiatu gogor lanean
lagun denen izenean;
eta ez zazu beldurrik izan
larritzen zeran unean,
zure ondoan egongo bainaiz
hala behar nauzunean.