—bertsolariak—
IÑAKI ZELAIA IRAZUSTA
1973an Hernanin jaioa
Mekaniko ikasketak egindakoa. Tolosan egiten dut lan, papelerentzako ekipamenduak egiten dituen enpresa batean, 1994tik.
HASIERAK IKASTOLAN
Gurasoak beti izan ditut bertsozaleak. Herri Irratiko bertso programa asteleheneroko irratsaioa zen gure etxean.
Lehenengo pausoa ikastolan eman nuen, 11 urte nituela. Irakasle bat etorri zen “bertso eskola moduko bat martxan hasteko asmoa dugu eta zein animatuko litzateke?” galdezka. Ez nekien zalea nintzen edo ez, baina kuriosidade hori sentitzen nuen eta izena eman nuen, etxean ezer esan gabe. Lehenengo urtean don Manuel apaiza genuen irakasle, Mikel Mendizabal hasi zen arte. Guretzat Pablo Joxe Aristorena, Jon Eizmendi eta Jon Odriozola ere laguntza handia izan ziren.
Handik pare bat urtera, Urumeak bazituen Oarson gela batzuk eta giltza eman ziguten guk nahi genuenean erabiltzeko. Bertan laukote fijo xamarra izaten ginen Joxe Luis Urdangarin, Laxa, Juanjo Usarraga eta ni. Eskolarteko Txapelketak inguratzen zirenean gela hartan sartu eta ahal genuen bezala prestatzen genuen, gure artean. Lagunarte ona osatzen genuen, eta bolada batean ia egunero biltzen ginen.
Urumeako azken urtean, Eskolarteko Txapelketako azken urtea ere bagenuenez, Anatxek esan zigun udaletxeko taldera joateko (astearteko bilerara).
Gero Biterin bertso eskola “ofiziala” martxan hasi zen, eta han elkartzen ginen. Hori izan zen hurrengo pausoa.
ERRELEBOA
Testigu aldaketa bizi izan genuen, Antton Garinek eta Julian Ezeiza “Aterpe”k egiten zituzten saio batzuetan beraiekin batera kantatzen hasi ginen: errondetan, auzoetako festetan (Osinaga, Etxeberri, Santa Barbara).
Gogoratzen naiz lehenengo festetako saio bat Anatxekin egin izana, Etxeberrikoetan.
ESKOLARTEKO TXAPELKETAK
Euskal Herriko Eskolarteko I. Txapelketa |
1989 |
Finalista (handitan) |
Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa |
1990 |
Finalista (handitan) |
Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa |
1991 |
Finalista (handitan) |
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa |
1986 |
Finalista (txikitan) |
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa |
1987 |
Txapeldun orde (txikitan) |
Gipuzkoako eskolarteko txapelketa |
1988 |
Finalista (handitan) |
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa |
1990 |
Finalista (handitan) |
SARIKETAK
Lizardi saria |
1987 |
Finalista |
Lizardi saria |
1988 |
Finalista |
Lizardi saria |
1989 |
Finalista |
Lizardi saria |
1990 |
Finalista |
Lizardi saria |
1991 |
Txapeldun |
Lizardi saria |
1992 |
Parte hartzaile |
Hernaniko Txapelketa |
1996 |
Finalista |
Orixe saria |
1999 |
Parte hartzaile |
Orixe saria |
2001 |
Finalista |
Orixe Saria |
2003 |
Finalista |
Orixe saria |
2005, 2009, 2011 |
Parte hartzaile |
Orixe saria |
2013 |
Finalista |
Osinalde saria |
1992 |
Finalista |
Osinalde saria |
1993 |
Finalista |
Osinalde saria |
1994 |
Finalista |
Xenpelar saria |
1987 |
Parte hartzaile |
Xenpelar saria |
1989 |
Finalista |
Xenpelar saria |
1990 |
Txapeldun ordea |
Xenpelar saria |
1991 |
Finalista |
Xenpelar saria |
1992 |
Parte hartzaile |
14 urterekin Lizardi Sarian hasi ginen parte hartzen eta 13-15 bertsolari azaltzen ginen. Orain izenematea libre utziz gero, 100 igual apuntatuko lirateke. Urte batean irabaztea tokatu zen eta poz handia hartu genuen. Hainbeste sariketetan parte hartu eta batean txapela lortzea, satisfakzio handia da.
LEHENENGO SAIOA
Eskolarteko Txapelketa aparte utzita, lehenengo aldiz jendaurrera kantatzera Alegiko elizara joan ginen. Trenean sartu ginen Joxe Luis Urdangarin, Juanjo Usarraga, Laxa eta laurok. Familia bat omen zetorren Ameriketatik eta haientzako meza eta bazkaria omen zen. Urumeako irakasleren baten bitartez esan ziguten joateko. Buruz ikasitako bertso bana kantatu, eta gogoratzen naiz milana duro eman zizkigutela.
Gainontzekoak herriko saioak izango ziren. Molotoff Festa eta Txalaparta Festa, horiek izango ziren jendaurreko lehenengo saioak.
PLAZARATZEA
Plazaratu? deitu diguten guztietan. Gehienak herri inguruko plazak izan ditut. Behin 14 urtetik aurrera herriko ekintza guztietatik (festak, egunak, omenaldiak...) deitzen zutenean oso gustura joaten ginen. Herritik kanpora ez gara inoiz gehiegi ibili eta gehientsuena 17-19 urte buelta horretan. Sasoi hartan gazteen saiotarako deitzen ziguten, ondoko herrietatik: Andoainen zela, edo gaztetxetako bazkari eta afarietarako.
Baina behin 22-23 urtetik aurrera kasualidadezko saioak egin ditut, ezagunen bitartez handik edo hemendik deituta. Herritik kanpora plazak kontatuak izan ditut.
Bertsolaritza niretzat hobby bat da, denbora librea pasatzeko modua, afizioa.
2005eko Bertso Latako jaialdian
Andoni Egaña estu hartzen.
BELARRIA
Nire belarri txarra ezaguna da, eta txikitan are larriagoa zen. Beti esaten zidaten “belarri txar horrekin, dituzun okurrentziengatik ez balitz”... okurrentziengatik ez balitz, seguraski ez nuen bertso eskolan jarraituko, oso gaizki kantatzen nuelako.
Gure etxeko lehenengo radiokaseta nigatik erosi zen. Jon Odriozolak eta Pablo Joxe Aristorenak zinta bat grabatu zidaten doinu pila batekin.
Edade batekin txapelketetan egin genuenarekin, plaza gehiago ez egiteko motibo nagusietako bat, belarria izan da. Nik hori oso argi eduki dut beti.
Plazan beti beldurrez egon naiz, “zer doinu hartuko dute?”, sei bertsolari librean hasi eta lehenengoak doinu petral xamar bat aukeratuz gero, akabo. Baina nirea nahiko jakina zen eta denek galdetzen zidaten zein doinu hartu nahi nuen.
Denborarekin, errepikatzearen ondorioz, hobetu egiten da. Baina doinu berri bat ateratzen baldin bada, nik handik hiru txapelketetara erabiltzen dut, jada belarria egindakoan. Txapelketaro bat ikasten saiatzen naiz, batez ere bakarkakoak. Bestela beti berekin arituko nintzateke.
KANTUKIDEAK
Puntualki, orain elitean dabiltzan gehienekin kantatzea tokatu zait. Hernaniko Bertso Latako jaialdiak hartuta, edo Ereñozukoak edo San Joanetakoak edo Aranokoak... Hortik aparte, Joxe Agirrerekin kantatu dut bertso bazkariren batean, Jokin Sorozabalekin, Lasarteko saio batean Anjel Mari Peñagarikano eta Patxi Etxeberriarekin, Jon Maiarekin bertso afari batean, Jon Enbeitarekin Andoainen jaialdi batean, Sebastian Lizasorekin pare batean, Osinagan Millan Telleriarekin ere bai...
TXAPELKETAK
Gipuzkoako Txapelketa |
1991 |
Kanporaketa |
Gipuzkoako Txapelketa |
1995 |
Finalista |
Txapelketa Nagusia |
1997 |
Finalaurreak |
Gipuzkoako Herri Arteko |
1999 |
Lehen kanporaketa |
Txapelketa Nagusia |
2001 |
Azken-laurdenak |
Gipuzkoako Txapelketa |
2003 |
Final-aurrea |
Txapelketa Nagusia |
2005 |
Azken laurdenak |
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa |
2007 |
Finalaurrekoak |
Txapelketa Nagusia |
2009 |
Final erdiak |
Gipuzkoako Txapelketa |
2011 |
Azken-laurdenak |
Txapelketa Nagusia |
2013 |
Azken-laurdenak |
Parte hartu genuen aurrenekoa 1991koa izan zen. 18 urterekin, Hondarribiko arrantzaleen kofradian. Jon Eizmendi eta biok ginen Hernanitik, eta Eizmendi pasa zen saio hartatik bigarren fasera. Gustura geratu nintzen egindako saioarekin. Puntu gutxigatik geratu nintzen kanpo.
Hurrengo Gipuzkoakoan, 1995ekoan, finalean kantatu nuen. Esperientzia polita izan zen. Ondorengo hilabete askoan bertso guztiak buruan izan nituen bueltaka, errepasatzen, “hau egin banu, hura egin banu...”. Ezagutzera emateko txapelketa izan zen, “hau finalean egon zen hori duk”.
1997ko Euskal Herrikoan oso oroitzapen ona daukat: Aramaion egin nuen lehen saioa Xabier Silveirarekin, eta Beran finalerdia. Jendaurrean plazer gehiena sentitu dudan eguna Berako finalerdia izan zen, frontoiaren burrunbagatik eta egin nuen saioarengatik. Gaskako finala baino kasi emozionanteagoa kantukideengatik, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Loidisaletxe.
Bederatzigarren geratu nintzen, finaletik pauso bakarrera. Haritz Lopategi sartu zen finalean zortzigarren, eta zortzi puntuko aldea edo zegoen. Pena hori geratzen da. Aukera hori bizitzan behin izango dut!
Eskolarteko Txapelketan
Sebastian Lizasorengandik saria jasotzen.
Argazkia: Argia.
BERTSO PAPER LEHIAKETAK
Arrano Beltza bertso-paper |
1987 |
Aipamena |
Gipuzkoako Eskolarteko |
1986 |
Aipamena |
Gipuzkoako Eskolarteko |
1991 |
Aipamena |
On Manuel Lekuona |
1990 |
3. saria |
2005-06-12 Hernani, jaialdia
Hernanin hemezortzi baserri soilik omen dira baserritik bizi direnak. Zuek biok baserritarrak zarete, baina egoera ezberdinean zaudete. Zu, Joxe Agirre, beti baserrian bizi izan zara; zu, Iñaki Zelaia, ordea, baserrian jaiotakoa zara, baina egun ez zara handik bizi.
I. Zelaia:
Baserri asko hustuta daude
beste askok lana utzi
lanbide horrek guri ez baitigu
aurpegi onik erakutsi:
prezio danak baju dabiltza
ezin etekinei eutsi;
baserrian dago lana asko
eta negozio gutxi!
J. Agirre:
Arrazoi dezu jarria dago
nahiko jokera tristia
eta nik berriz hortxe daramat
nere denbora guztia;
ni baino askoz listuagua
aterako da gaztia:
bizi izatea gauza bat da ta
sufritutzia bestia.
I. Zelaia:
Sufritzen ari dana joaten da
baserritikan ihesi;
askok diote “Hola ibiltzeak
asko ez baitu merezi”
baina Joxeren kasua orain
argitu nahi det lehenbizi:
inori ez diozu esaten
ondo ez zeranik bizi.
J. Agirre:
Ni juxtu-juxtu ibilitzen naiz
aitortuko det ondradu;
bizitzeko ere izaten dira
munduan hamaika modu
baina nere ustez baserritarrak
oraintxe ia-ia jo du
eta jendeak zer jan behar du
lurrak ematen ez badu?
I. Zelaia:
Lurra ez degu gehiegi lantzen
emanda nago tankera;
horrek ekarri digu baserri
ugariren amaiera.
Kanpoko produkto trasgeniko
hoiekin ezin aurrera...
dauden apurrak hustu baino lehen
konturatuko algera?
J. Agirre:
“Dauden apurrak hustu baino lehen”
orain zuk esan dezunez
benetan ondo hartutzen dizut
neuk hala uste dedanez
kanpotik ere hala moduzko
gauzak etortzen diranez
laster jendeak hasi beharko du
hemen plastikoa janez!