—bertsolariak—
JOXE LUIS URDANGARIN GOÑI
1972an jaioa Hernanin
Enpresa zientzietan lizentziaduna. Tolosaldea Garatzen agentziako gerentea.
Ni bertso munduan inertziaz sartu nintzen. Urumea ikastolan nenbilen, eta 10 bat urte nituela, 5. mailan, ikasgai baten barruan bertsolaritza eman ziguten Don Manuel apaizak eta Joxemari Gabiriak. Han hasi nintzen bat-bateko bertsoarekin lehen kontaktua izaten.
AITONA SANTIOMENDIKOA
Etxean beti egon da presente bertsoa. Batez ere amaren aldeko aitona, Santiomendikoa, oso bertsozalea zen. Bere garaian Bertsolariya aldizkaria beti erosten zuen, buruz ikasten zituen bertsoak eta edozein bazkalondo edo afalondotan kantari aritzen zen... Udarak baserrian pasatzen genituen, eta aste bukaera askotan ere joaten ginen, eta aitonak jakin zuenean halako zaletasun bat bazekarrela biloba batek, txoko batean maitasun handiz gordetzen zituen bertsoak ateratzen hasi zen: karpeta handi batetik ateratzen zituen eta kantatzen aritzen zitzaigun, Jenovebarenak eta Esnesaltzailearenak...
Juntatzen ginen guztietan nire izebek ilusio horixe izaten zuten, aitonaren aurrean biloba batek bertsoa botatzea. Eta aitonak beti esaten zuen: “oso ondo, baina beste bixitasun batekin kantatu behar duk orain” (bertso eskoletako ikasle guztioi hasieran falta zitzaigun naturaltasunaz ari zen). Azkenean onartu zidan ondo ari nintzela, eta orduan lasaitu nintzen.
IKASTOLATIK ASTEARTEKO TALDERA
Bertsoekiko genuen jarrera eta hizkuntza gaitasuna ikusita, ikasle batzuek astean behingo beste talde batera bideratu gintuzten. Asteazkenetan geratzen ginen, bazkalorduan, Mikel Mendizabal bertsolariarekin.
Asteazkenetako talde horretan gogoa azaltzen genuenak beste talde txiki batera bideratu gintuzten. Hor lau lagun elkartu ginen: Iñaki Zelaia, Aitor Lasarte, Juanjo Usarraga eta ni neu. Pablo Joxe Aristorena izan genuen irakasle, lehen urtean. Aristorenak ikasketengatik kanpora joan behar izan zuenean, Jon Eizmendirekin hasi ginen. Jonekin beste urtebete egin genuen. Hortik aurrera gu bakarrik bildu ginen, bi edo hiru urtean. Ostiral arratsaldero Oarson biltzen ginen elkarri failoak ateratzen eta gaiak jartzen.
Fase horretan geundenean, gonbidapena jaso genuen asteartetako helduen bileratik, bertara inguratzeko. Nik uste Pablo Joxe Aristorena eta Jon Eizmendiren bidez etorri zitzaigula gonbidapena.
ESKOLARTEKO TXAPELKETAK
Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa |
1987 |
Finalista (handitan) |
Eskolarteko Txapelketak bat-batekoan aurrenekoz 1984-85ean hartu nuen parte, 14 urterekin. Idatzizkoan lehenagotik parte hartzen genuen.
1987an handien mailan (14-18 urte artekoetan) Baldan kantatu nuen, finalean. Garai hartan gainera Euskal Herri mailakoa zen, gogoan dut tartean zirela Jon Maia, Juan Mari Lopez, Joxe Munduate, Zigor Enbeita, Joxe Joakin Aizpurua, Aritz Lopategi... eta gero hasi ziren Eskolarteko Txapelketak herrialdeka antolatzen.
SARIKETAK
Lizardi saria |
1987 |
Finalista |
Lizardi saria |
1988 |
Finalista |
Lizardi saria |
1989 |
Finalista |
Lizardi saria |
1991 |
Finalista |
Lizardi saria |
1992 |
Parte hartzaile |
Lizardi saria |
1993 |
Parte hartzaile |
Xenpelar saria |
1987 |
Parte hartzaile |
Xenpelar saria |
1992 |
Txapeldun ordea |
Orixe saria |
1999 |
Parte hartzaile |
LEHENENGO SAIOA
1984-85ean izango zen, 12-13 urte nituela. Alegiko elizan izan zen, jubilatuen festa batean. Juanjo Usarraga eta biok ginen, eta aurrenekoz tokatu zitzaigun aldaretik kantatzea. Saio motzak egiten genituen.
PLAZAN
Bost-sei urtez herrian ibili ginen. Errondak zirela, auzotako festak zirela... Gure habitat naturala Hernani zen.
1991ko txapelketan kantatu izanak eta nire aurreikuspenak gainditu izanak, pizgarri bezala balio izan zidan, adin kritiko batean aurrera jarraitzeko. 19 urterekin, Eskolarteko Txapelketa bukatuta, herrian kristoren giroa dago, baina zer gehiago? Ikusi genuen gure neurrian, baina bagenuela leku bat eta bazeukala zentzua jendaurrean kantatzen saiatzeak. Gipuzkoako Txapelketa hartan neu izango nintzen bost gazteenetako bat. Eta parte hartu nuen azken txapelketan hirugarren zaharrena nintzen. Asike urte batzuk pasa ditugu!
Txapelketen inertzia horretan Hernanitik kanpo saio batzuk egiten genituen: Errenterian, Donostian, Astigarragan, Ereñozun, Andoainen, Zumaian, Zaldibin, Alegian, Urnietan, Lazkaon, Oiartzunen...
Nik ez dut sekula plaza asko egiteko aukerarik eduki, baina ez dut horren hutsunerik sentitzen.
TXAPELKETAK
Gipuzkoako Txapelketa |
1995 |
Finalaurrekoak |
Gipuzkoako Txapelketa |
2003 |
Azken laurdenak |
Gipuzkoako Txapelketa |
2007 |
Azken laurdenak |
Gipuzkoako Herri Arteko |
1999 |
Parte hartzaile |
Gipuzkoako Txapelketa |
1991 |
Azken-laurdenak |
Txapelketa Nagusia |
1993 |
Azken-laurdenak |
Txapelketa Nagusia |
1997 |
Azken-laurdenak |
1991ko Gipuzkoako Txapelketan, Usurbilen kantatzea tokatu zitzaigun eta nahiko konpromisua izan zen. Jende helduxeagoarekin eta plazan aritzen zen jendearekin aritu behar horretan, etxean ere jada susmoa hartzen hasi ziren bertsotan zerbait aritzen ote nintzen. Oroitzapen oso ona daukat, kuadrillako lagunentzat nahiko arrotza zen mundu hau eta denak sartu egin ziren... saio hartan lehenengo Zeberiok egin zuen eta bigarren nik, eta hurrengo faserako sailkatu nintzen. Niretzat hori izan zen pizgarria, irratitik eta saioetatik ezagutzen genuen Zeberio baten ondoan jarri eta lotsagabe lotsagabe ahal zena egin genuela. Hurrengo saioa Azkoitin izan zen, final laurdena, han aritu ziren kantari Xabier Euzkitze, Sasiain, Jon Maia... hor erori nintzen, baina saioa bera oso fuertea izan zen eta puntuazioei esker lortu nuen Euskal Herriko Txapelketara lehen aldiz sailkatzea. Oroitzapen oso ona dut, frontoia beteta eta bertsotan gustura egin izanarena.
Hortik aurrera kolpeka funtzionatu izan dut. Handik bi urtera Euskal Herrikoan Laudion kantatu nuen, eta hartarako ere prestatu egin behar. Handik bi urtera berriro Gipuzkoakoa zen, eta berriz lortu nuen sailkatzea Euskal Herrikora... bi urteroko olatutik olatura ibiltzea lortu nuen. Gure maila apalean, baina olatua galdu gabe. Hori inportantea izan zen eusteko, beti genuelako hobetzeko eta saiatzeko aitzaki bat. Uste dut lan txukuna egiten genuela, genituen aspiraziotarako. Nik behintzat oroitzapen polita daukat.
Lehenengo Euskal Herrikoan bai sentitu nuela “non sartu naiz?”. Guk txapelketa haiek Eskolartekoak bezala prestatzen genituen. Baina ikusten zen bazegoela jendea urtean zehar kantari ari zena, eta ofizio handiagoa agertzen zuena. Hala ere, Euskal Herrikoan kantatzen gure labealdiko lehena izanik, uste dut balio izan zigula ikusteko bagenuela hor ere zeresana eta ez zegoela besteekiko halako alderik. Denborak erakutsi du hori.
Urtean zehar saiorik apenas eginda, Euskal Herriko Txapelketetan aurreneko 22-25etan sailkatzea eta Gipuzkoakotan aurreneko 18tan sailkatzea, niretzat halako satisfakzioa da. Neurri eta maila politean aritu naizelakoan nago, hortik gora edo behera kontraesanetan erortzeko arriskua baitago: txapelketan puntan ibili eta urtean zehar ia isilik, edo alderantziz.
BARRUKO HARRA
Barruko har hori betiko da. Kontua da bakoitzaren bizitza plana aldatuz joaten dela eta jakin behar dugula gure afizioak eta gure behar horiek egokitzen.
BERTSO JARRIAK
Txikitatik heldu nion jartzeari. Ohitura hartu nuen bertsopaper lehiaketen aitzakian bertsoak egiteko. Bertsoak idazten, kantatzen adina edo gehiago gozatu dut. Bat-batean denbora faltagatik esan edo borobildu gabe gelditzen diren ideiek bidea libre daukate idatzizkoan. Ez dago aitzakiarik bertsoak maila teknikoan eta literarioan kalitate handiagora eramateko.
Bertso dexente idatzi ditut, eta nahiko maniatikoa naiz sortzeko orduan. Nire bertso sail bakoitza gau bakarrean idatzia da, gelako atea eta leihoa itxita. Erritmorik hartzen ez badut, utzi eta biharamunean berriro saiatuz.
Sari batzuk jasotzea ere tokatu zait. Enkarguz ere askotan jarri dut, lagunen baten ezkontza, urteurrena edo eskela medio, edo baita neskaren bati eskainia.
BERTSO PAPER LEHIAKETAK
Andoaingo bertso paper lehiaketa |
1991 |
2. saria |
Arrano beltza |
1986 |
1. saria |
Arrano beltza |
1987 |
1. saria |
Balendin Enbeita |
1989 |
2. saria |
Joxe Legarreta |
1993 |
3.s aria |
Leioako saria |
1992 |
1. saria |
Lekuona |
1989 |
3. saria |
Lekuona |
1990 |
2. saria |
Zapirain anaiak |
1991 |
1. saria |
Zapirain anaiak |
2001 |
Akzesita |
Zapirain anaiak |
1990 |
1. saria |
Zumarraga eta Urretxu |
1995 |
1. saria |
Zumarraga eta Urretxu |
1997 |
1. saria |
Basarri saria |
2004 |
1. saria |
Okelar saria |
2003 |
1. saria |
GAU BATEN KRONIKA
11.00
Mugikorra, Chesterrak,
belarriko pintza,
bi koloni printza,
hogeita hamar euro,
kondoia ta giltza
riñonera barruan
sartzean, bizitza
iruditu zait dela
benetako ditxa;
mundua jango nuke
presaka ez banintza.
12.00
Lagunak hamaiketan
esan zidan baina
falta alajaina!
Ez naiz zain egoteko
irten hain apaina.
Etortzerako pronto
aitzakia bikaina:
“amonak lehertzear du
kopeteko zaina”.
Hil zitzaionetikan
ezin nau engaina.
01.00
Etorri garenean
halako bi lora
taberna zulora,
zer nahi dugun eskatu,
barratik: “ondo da”.
“Zuena zer zen?” ordu
erdi ta gerora.
Nik: “gaztea naiz, hartu
behar den denbora...”;
saltako nintzaioke
gai banintz lepora.
02.00
Bihotzaren bulkadaz
dantzan jo ta fuego;
beno, dantzan edo...
erritmora moldatzen
asmatu ezkero.
Kolko aldea ipar
ipurdia hego,
jauzia aitagure
ostikoa kredo;
hemen hotza duenak
infernuan bero.
03.00
Chesterra piztutzeko
aitzakiarekin,
neska bati ekin:
“bikote ona egingo
zenuke nirekin,
zu zaitu nire bihotz
gaixoak errekin,
proba zazu egizko
gizonen batekin...”
“barka zure mutila
hau zenik ez nekin”.
04.00
Maskuria heldu zait
ia eztarrira,
komunak non dira!
Tristura etorri zait
anima erdira,
mutilenean dago
e(g)undoko aintzira,
neskenerako zain
ehun daude guztira;
zerbeza bat edanaz
pasako zait, tira.
05.00
Lagun usteko ezagun
bat inguratu da
mandeuli modura;
ihesi joatea
datorkit burura,
baina aitzakirikan
ez daukat ta hura
bakarrizketan hasi
zait bere kontura.
Somatuko ote du
nire negargura?
06.00
Ni naiz edariaren
muga non den soma
dezakeen pertsona,
baina gaur gauekoa
ez da gero broma;
azkeneko zerbeza
ez zegoen ona,
irakiten jarri dit
buruko bonbona...
nor da botila honen
barruan dagona!
07.00
Zerbait gosaldu eta
zinbili-zanbala.
Erne! Banoala,
etxea aurkitu ta
sartu nola hala.
Kondoia kajoiera
gauero bezala,
ni ohera bi oinek
txanda eman a(ha)la.
Argia nahi duenak
itzali dezala.
08.00
Mila zazpirehun eta
hirurogei ta lau
lo(r)ik e(g)in gabeko gau
alferrik galdu ditut,
gaurkoz azkena hau.
Astean bost egunez
egin arren barau,
seigarrenaren grinak
lehengoan dirau...
presaka ez banabil,
munduak jango nau.
2007ko Gipuzkoako Txapelketa. (Irailaren 23a, Hernani)
Kartzelako gaia: Tren geltokian zaude trena noiz iritsiko zain.
Alaba ez det inoiz tratatu
oso aldarte onean:
beti erritan hartzen nuen ta
aldegin zun azkenean;
bainan hala’re bizitza bueltak
ematen hasten denean
beste aukera bat eskeini nahi dit
kupidaren izenean;
horregatikan azken aukera
etorriko zait trenean.
Berrogei urte pasatu ditu
aparte dabil luzaro;
nik eskutitzan aipatu nion
hiltzera noa, akabo!
Baina hala’re poza piztu zait
gero eta argiago;
azken finean denbora joan da
dena bere lekun dago
aitak zu behar zaituelako
zuk aita baino gehiago.
Trena iritsi da eta trenetik
jeitsi da nere alaba;
hainbeste aldiz pentsatutako
hitza ahaztu zait hara!
Bainan hala’re oso ederra
zaude bertatik bertara;
zu berriro ez ikusteak nei
sortzen zidanez ikara
alaba arren barka nazazu
beranduegi ez bada.