—gaiak—
UMEAK BERTSOTAN?
Usurbilgo Kalexarrera joan ginen bertsotara Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izarzelaia, Jon Sarasua, Xabier Euzkitze, Joxe Mari Izeta gai jartzen... Edadetu mordo bat zegoen han. Galdetu genuen:
— Komisioa edo festen organizadorea zein da?
— Zer duzue ba?
— Ez, zera, bertsotara etorri gara eta...
— Aditu al duk? bertsotara etorri omen dira. Zer egin behar duzue ba zuek? piura ederra daukazue. Hori ere bai? (Arantzazu Loidirengatik).
— Bai, hori ere bai
— Zuek zer uste duzue? horrako tripandi horrek akaso egingo du pixka bat (ni seinalatuaz).
Estututa gelditzen ginen; eta Arantzazuk entzuten zituenak! Edadeko jendeak bazeukan aurreiritzi hori, gero denborak jan duena. Mespretxu hori, gazte jendeak ezin egin dezakeela. Bertsolariak behar zuen tripa-handia, txapelarekin eta gizon handia gainera!
[Joxe Mari Mujika “Anatx”]
Gure edadeko jendea bertsotan ikustea ez zen oso normala. Gaztea bat-batean eta plazan ikustea harrigarri egiten zen.
[Jon Eizmendi]
Orduan zeuden bertsolari bertsolariak, helduak, eta “bertsolari gazteak”. Eta bertsolari gazteen gainean beti zegoen jakin-min hori “ea eskolatik datozen gazte hauek zer egiten duten, ea nolakoak datozen”. Gazte txapelketetan pixka bat azaltzen zenari, ra, jendeak heldu egiten zion. Bertsolari gaztea! Ostra, hori herriko festetarako.
[Jokin Sorozabal]
Oraindik nobedadea zen, lehenengo Eskolarteko Txapelketak ziren. Batzuek harridura agertzen zuten, nola zen posible hain umetatik kantatzea, beste batzuek sinesgaitz agertzen ziren, hori ez zela posible, berezkoa behar zuela...
[Joxe Luis Urdangarin]
Askotan entzuten genuen berezkoarena, ez berezkoarena, ikasiarena... baina Xabier Euzkitze eta plazetan ari ziren pixka bat, eta jende batek jada onartzeko ere ordua bazuen.
[Iñaki Zelaia]
“Ume batzuek bertsotan ikasi?” harridura hori bazegoen. Gu Langile ikastolako lehen bertso belaunaldia ginen, ez zekiten zer emaitza emango zuen. Irakasle denak zain... orduan guretzako gauza berezi bat zen. Guk horrela bizi genuen eta kanpotik ere nola horrela bizi zen, dimentsio handia hartzen zuen.
[Unai Agirre]
Aldaketa handia eman du denbora gutxian. Guri ikastolan ez dut esango burla egiten zigutenik, baina “kaxero” deitu eta kasi barre egiten ziguten, “aitonen gauzetan zer ari dira hauek?” Handik urte gutxira bueno, miretsiak ginen, telebistan ateratzen ginenez...
[Maialen Lujanbio]
Langilen bertso eskolak ematen hasi nintzenean ez nuen inondik ere pentsatzen bertsolariak aterako zirenik. Niri aitonak erakutsi zizkidan bertsolariak Uztapide, Txirrita, Basarri ziren. Nola ikasiko zen bertsotan eskolan? Bilakaera ematen hasi zen: oinak zerrendan jarri arbelean, eta batek bertso polita idatzi du! Ni bai konturatu nintzen azkar, bertso politak idazteko jende dexentek zeukala erraztasuna, ez batek edo bik bakarrik. Baina gero esaten nuen “hurrengo pauso hori, bat-batekoa, oso oso handia da”.
[Juanjo Uria]
Nik ez nuen esaten “ez da posible bertsotan ikastea”. Hori ez zen planteatu ere egiten! Xabier Amurizak gaia planteatu zuen arte.
[Juanjo Uria]