—bertsolariak—
JOXE FERMIN ARGIÑARENA OTAMENDI
1953an jaioa Errazkinen
Argazkia: Estitxu Eizagirre.
ERRAZKIN
Nafarroako herri txikia, Aralarren magalean. Dena euskara egiten da. Erdara zer zen ere ez genekien eskolara joan arte. Gure haurtzaroa 10 urtera arte baserrian izan zen.
Gogoan dut Uztapide eta nola joaten ziren gure herri inguru haietara kantatzera. Txomin Garmendia ere bai, Manuel Lasarte, Lazkao Txikirekin amistadea egin genuen... guretzat jainkoak ziren.
Franco garaian Jon Azpillaga eta Jon Lopategi asko joaten ziren Nafarroako herri txikietara. Gure motoa hartu eta Errazkindik Mutrikuraino joaten ginen Azpillaga lotzera, telefonorik ez baikenuen. Gaia jartzea niri egokitzen zitzaidan eta biharamunean kuarteletik pasa behar izaten nuen, derrigor. Sartu orduko galdetzen nuen “¿qué he roto ayer?”.
ETXEKO GIROA
Bertso giroa baino euskal giro handia zegoen. Irratiz Basarri eta bertsoak entzuteak bazuen bere erakargarria guretzat. Joxe Miel anaia bertso munduan hasi zen eta lorpentxo batzuek egin zituen, txapelketetara joaten zen eta ni ere hura imitatu nahian edo horrelaxe hasi nintzen. Lagunarte oso euskalduna eta bertsozalea genuen.
TOLOSARA IKASTERA
Familia handia ginen, hamabost senidetatik gazteena nintzen eta norabait eskolatu beharra neukan. Senide bat gaztetatik baserri batera joan zen morroi, beste bat Uruguaira joan zen eta hamazazpi urte nituela ezagutu nuen. Ni hamar urterekin Tolosara ekarri ninduten, Sakramentinoen komentura. Euskara hutsetik pasa ginen euskaraz egitera galaraztera, erdaraz ikasi behar, latinez lardaskatu eta grekoa ere ematen ziguten. Hor borroka handia izan nuen nire izaerarekin. Ikusten nuen nire hizkuntzan ez neukala hitz egiterik, erdara oso arrotza egiten zitzaidan, latina zer esanik ez...
Urtetara apaiz euskaldunak ere izan genituen, 1963-64an halako iraultza kulturala izan zen. Tolosako ikastetxea itxi egin zen, Iruñean bukatu nuen batxilergoa eta lanean hasi nintzen.
BERTSOTAN AUTODIDAKTA
Neure kasa ikasi dut, ikasi badut. 12 urtez gero bertsoa buruan ibiltzen nuela gogoan dut, Sakramentinotan zerbait zenean niri esaten zidaten bertsoak jartzeko. Pixkanaka, ez dakizu nondik edo zergatik, baina hor daukazu.
1981ean Amurizak Hernanin emandako ikastarora etorri nintzen.
LANEAN
Soldaduska eginda, 1972-73an, basomutil ibili nintzen anai batekin. Patua behar du: Azpeitian geunden, basoan, eta pentsio batean lo egin eta jaten genuen. Etxeko andrea nor izango eta Uztapideren iloba! Pakita Agirre Gabiria Olaizola, emakume ikaragarri ona.
Gero eraikuntzan hasi nintzen eta gaur arte.
HERNANI
Soldaduskara etorri, Hernaniko jendea ezagutu eta Hernani aldera bildu nintzen. Hernanik salbatu ninduen.
Andregaia aranoarra egin nuen (Maribel Olano, bera dut andrea) eta Ereñozun bizi zen. Bertso mundutik zerbait edaten hasia nengoen eta Ereñozu... ezin hobea zen! Ereñozun segituan lekutu nintzen. Hemen ezkondu ginen 1978an eta Hernanirekin segituan txertatu nintzen. Izan nuen suertea Juanjo Uria ezagutzekoa, Aterpe, Antton Garin, Joxe Anjel Tapia (oiartzuarra)... oso giro euskalduna zegoen. Hernanik ateak, besoak eta denak ireki zizkidan.
PLAZARATU
Lizardi saria irabazi nuen eta hortik hasi nintzen: Egunkari batek zerbait esaten du, Hernanin harreman onak neuzkan eta segituan jakin zuten... eta elur pilota abiatu zen.
Plazan santa eskean hasi nintzen, errebalida hor pasatzen zen. Lehenik Hernanin, Eusebio Igartzabalekin (1975-80 inguruan). Gero Ereñozun, Florian Oiarbiderekin, geroztik Joxe Mari Mujika “Anatx”ekin... Anatxekin hogeita gehiago urtean hutsik egin gabe atera ginen.
TOLOSAN BERTSOA AUSNARTZEN
Amistadea banuen Anatxen osaba Otañorekin, Joxe Luis Otamendirekin (aiarra), eta Xanti Zabalarekin eta Tolosako Lizardi kultur etxean biltzen ginen, Joxe Mari Agirre eta beste euskaltzale batzuek deituta. Bertsotan egiten genuen eta aztertzen genuen nola egin behar zen, gaiak nola jorratu eta abar. Bertsolaritza militantzia kultural moduan bizi genuen.
PLAZAZ PLAZA
1980tik 2000ra dezente ibili nintzen. Iparraldekoekin kimika ona genuen, Ernest Alkat, Mixel Aire Xalbador II, Jean Pierre Mendiburu, Txomin Ezponda, Jean Louis Laka... asko aritu nintzen haiekin. Bertsolari baino gehiago lagunak ginen. Gipuzkoan Anjel Mari Peñagarikano, Millan Telleria, Mikel Mendizabal, Imanol Lazkanorekin inoiz Ereñozun, Jon Azpillaga, Manuel Lasarterekin kantatu dut, Luis Otamendi, Xanti Zabala, nire anaiarekin dezente...
Hernanin Aterpe eta Garinekin. Militantziaz aritu ginen, euskal kultura suspertu eta gure ekarpena egiteko gure era zen. Festa guztietan kantatzen genuen eta omenaldietan eta herriaren arazoetan han izaten ginen.
Deustuko unibertsitatean kantatu dut Sebastian Lizasorekin! Hain eskola gutxikoa izan eta unibertsitatetik deitzea? Edo Arriaga batean kantatu dut, izugarria zen niretzat! Ez nuen nire buruan han bertsotan ikusten, tabernan botila ardoarekin, agian.
UTZI
Urteak aurrera, ikusten nuen eman beharrekoa emanda neukala. Familiarekin ere egon nahi nuen, semea heltzen ari zen, bertsotara egun guztirako joanez gero emaztea bakarrik geratzen zen semearekin... nekatzen hasi nintzen. “Bazegok zeinek egina, esku onetan uzten diat” pentsatu nuen. Gainera azukrearekin hasi nintzen borrokan, eta medikuak esan zidan nik banekiena: “ez zaizkik tentsio uneak komeni, horiek saihestu behar dituk”.
SARIKETAK:
Ampo saria |
|
Finalista |
Artxanberri saria |
|
Finalista |
Lauaxeta saria |
1980-1981 |
|
Lizardi saria |
1976 |
Txapeldun |
Osinalde saria |
1978 |
Finalista |
Xenpelar saria |
|
Finalista |
TXAPELKETAK
Gipuzkoako Herri |
1999 |
(Gai-jartzaile, arduradun Andoain-Urnieta taldean) |
Nafarroako Txapelketa |
1983 |
Finalista (Donibane Garazi) |
Nafarroako Txapelketa |
1984 |
Finalista (Sunbila) |
Nafarroako Txapelketa |
1985 |
Finalista (Leitza) |
Nafarroako Txapelketa |
1986 |
Txapeldun (Doneztebe) |
Nafarroako Txapelketa |
1987 |
Finalista (Bera) |
Nafarroako Txapelketa |
1988 |
Finalista (Iruñea) |
Nafarroako Txapelketa |
1989 |
Finalista (Baigorri) |
Nafarroako Txapelketa |
1990 |
Txapeldun (Goizueta) Taldeka jokatu zen; kideak: M. Arozena, A. Olano eta E. Fagoaga |
Paulo Yantzi I saria |
1979 |
Lesaka, saio bakarra |
Paulo Yantzi II saria |
1980 |
Lesaka, saio bakarra |
Paulo Yantzi III saria |
1981 |
Finalista (Lesaka) |
Paulo Yantzi IV saria |
1982 |
Lesaka, saio bakarra |
Txapelketa Nagusia |
1982 |
Azken-laurdenak |
Txapelketa Nagusia |
1986 |
Azken-laurdenak |
Txapelketa Nagusia |
1989 |
Azken-laurdenak |
Ez naiz lehia zalea izan. Oso gaizki pasatzen nuen. Konturatzen nintzen nire mugak banituela. Etorri ziren gazte gehiago, kultura handiagoa zutenak eta “utzi pasatzen, segi dezatela beren bidea” pentsatu nuen.
1982 Euskal Herriko Txapelketa (Maiatzaren 15, Tolosa)
Hasierako agurra:
Agurtzen zaitut Tolosa
bertso leku aproposa
bertso kantari nator
eta hau da poza!
nahiz eta estutu boza
saio on bat nahi dut osa
bertsozale jatorrok
dezazuten goza.
1989 Nafarroako Txapelketa (apirilaren 23, Baigorri)
Zaldi lasterketa batean gaude. Zuk Joxe Fermin Argiñarena lau mila duro edo mila franko jokatu dituzu Joxe Migel Argiñarenaren alde. Zu Joxe Migel lasterketa egitera asto zahar baten gainean etorri zara.
J.F. Argiñarena:
Jinete honekin nitun
eginak lainezak
begira zer ekartzen
entrenatu ezak
asto zaharra(re)n pausoak
dira aldrebesak
lekutara joan dira
gaur nere ametsak.
J.M. Argiñarena:
Nere asto zaharrarekin
egin det ahalegin
apustuan saiatu naiz
beti jator ta fin
galdu detela ta zertan
daukat hainbeste min?
trabesa nik esanda
hik ez dek gaur egin.
J.F. Argiñarena:
Jokatzen dun guztiak
beldur izaten du
eta kontu hoietan
egi esaten du
Norteko tren zahar baten
antza ematen du
nunbait lastoarekin
dute ta mantendu.
J.M. Argiñarena:
Etzakela hemen esan
gaur kontu txororik
ez diat nik baldarka
emanda pausorik
ta etzaikela ahaztu
nik esandakorik
ez al dakik ez dagola
joko segurorik.
J.F. Argiñarena:
Joku segurorik ez
nago ohartuta
hogei mila pezta naiz
gaurkoan galduta
zerbait egitera ni
nago behartuta
mugituko da astoa
piper bat sartuta.
J.M. Argiñarena:
Asto zaharra(r)i piparra
sartu edo ez sartu
erreminta zaharra ez zak
horrela behartu
egin zitekenik nik
ez diat ukatu
badakik hurrengoan
nere alde ez jokatu.