—gaiak—
HERNANI-USURBIL DESAFIOA
ERRONKA, BERTSO JARRIEN BIDEZ
Horra hernaniar bertsolarien izenean Julian Ezeiza “Aterpe”k Usurbilgo bertsolariei botatako desafioa. Bi urte pasa dira Usurbilen Saizar izeneko sagardotegian herriko bertsolarien txapelketa egin zenetik. laz ere egin zuten eta urtero egiteko asmotan dira. Bi txapelketa horiek txapeldun bakarra eman dute: Antton Aranburu.
Hernaniarrek, Usurbildarrak eredutzat harturik, orain bi hilabete egin zuten beren txapelketa. Zeruko Argiako orrialdetan bertako alkatea den Juan Jose Uriak idatzirik eman genuen horren berri. Ea ba usurbildarrak berotzen diren.
...EGIN ZAIDAZU BIXITA
1
Usurbildarrak ikusten ditut
oso bertso zaletuak.
Eta oraintxe asmo berriak
omen dituzte hartuak.
Sasoi ederra daukate denek,
ez baitaude nekatuak,
eta lehenbizi proba nahian
dabiltza Hernanikuak.
2
Inguruetan jarriko dugu
makinatxo bat armoni,
baina gehiegi harrotutzea
hemen ez zaigu komeni.
Bertsoak hemen gustatzen zaizka
gaur herritar edozeini.
Anai bikiak bezala dira
Usurbil eta Hernani.
3
Hernanin bost edo sei lagun
pozikan bilduko gera,
une goxo bat igarotzeko
izaten dugun aukera.
Bertsoen faltaz Euskal Herria
gaurkoz ez doa behera,
ea guk elkar probatzeko, ba,
noiz izaten dugun era.
4
Bertsolariak entzun behar du
hainbat gezur eta egi,
hortik denetik Txirrita zaharrak
bazekien bai ederki.
Eta Usurbilgo semeak ziren
Gaztelu ta Udarregi...
Haien atzetik, zuek gazteok,
ahal duzuen arte segi.
5
Herri horretxek beti izan du
bertsolariaren sena,
hamaika bider gizon haietaz
ni oroitzen naiz maizena.
Gazte ugari ikusten ditut
oso indartsu daudena,
Euskal Herrian ez da ahaztuko,
Usurbil, zure izena.
6
Txoko honetan beti izan da
jende on eta mardula.
Hernani ere jan-edanean
sekulan ez da ahula.
Herri honetan fama dutenak
Txuleta eta Angula.
Biltzen bagara, hortik nahiko
guk jan beharko dugula.
7
Lehengo igandez zuk, gazte horrek,
niri egin desapioa,
ikusiko da herri honetan
non dagoen balioa.
Gure gazteak urte hauetan
daude goraino igoak,
badaukagu, bai, hernaniarrok
probaketako gogoa.
8
Ikusten dugu gure lurrean
hainbeste ezin-eraman.
Denen gustoa hemen egiten
badugu makina bat lan.
Hernanik gure Usurbilekin
dauka milaka harreman...
Gizona hemen, probatu arte,
ez da jakiten zenbat dan.
9
Nik gazte horri erantzun nizun,
gaur zuk ez eman latikan.
Nik ondo dakit gazte askotxo
bilduko dela hortikan.
Ni Hernanitik, lagunarekin,
hor naukazue pozikan:
Usurbildarrek ez dute izango
erantzunaren faltikan.
10
Anai bezala jokatu behar
dugu, bai, guk gizartean,
eta, hauzoak nola izanak
garen hainbeste urtean,
zuen Herrira joango gara
patxada eder batean.
Ta borondatez joka dezagun
gure Euskalerri maitean.
11
Herri horrekin gizatasunez
behar baitugu elkartu,
hontaz aurrera hemen gehiago
ezingo gara nekatu.
Ea haruntza gu joatean
eiten zareten portatu.
Gaizki esanik baldin badago,
behar duzue barkatu.
[Julian Ezeiza “Aterpe” Zeruko Argia, 1980-1-27]
Gure aldizkariaren 861. alean eta hernaniar bertsolarien izenean, Julian Ezeiza “Aterpe”k usurbildar bertsolariei desafio bat egin zien. Usurbildarrak ez dira burua makurtuta gelditu, eta desafioari erantzunez ona hemen Saizartarrek bidaltzen dizkiguten hamaika bertso jator eta alai hauek. Hernaniarrok arretaz irakurri!
HORTZAK ERAKUTSI
1
Zeruko Argiara goaz gaur
Usurbildik ate joka
pake asmotan gabiltza jaunak
gure hau ez da borroka
“Aterpe”ri erantzun nahirik
horra gure bertso sorta
Hernanitik hasi bai zaizkigu
bertsotan desafioka.
2
Bertsolariak asko gerala
hori dago ikusita
errespuestarik izango da
egon zaitezte etsita
desafioka hauxe diote
“Egin zaidazu bixita”,
Usurbil eta Hernanitarren
arteko tema hasi da.
3
Aitormen bat egin behar dugu
gaurkoz apal eta umil:
bertso lur oparo izan dira
Hernani eta Usurbil
Udarregi eta Txirrita bat
ditugu testigu hurbil
oraindik ere bertsotarako
zaletasunik ez da hil.
4
“Aterpe” lagun maitea egon
zaitezen enteratua
Martxoaren azken igandea
jartzen det izendatua
eguerdiko hamabietan
izan liteke ordua
Patrinera azaldu zaitezte
han egingo da tratua.
5
Desafioka agertu dira
hitz arro eta sakonez
usurbildarrik ez da ordea
kanbiatuko kolorez
esan bezela, Patrineraino
etor zaitezte faborez
han ikusiko dugu Hernanin
ba dan gizonik edo ez.
6
Hernani hortatik Usurbila
ez dator erronka gutxi:
txorikaka batzuek gera gu
hernaniarrak nagusi!
Hernaniarrok gauza bat nahi dut
argi eta garbi utzi
kontsigna bakar bat daukagu guk:
“denei hortzak erakutsi”.
7
Bertsolarien neurketa hori
ez da ez gure kalteko
batzuek kontra izanagatik
beste batzuek aldeko
bertsolari bezela kontseju
bat ba daukat emateko:
sopa batzuek jan itzazue
mutU haundi egiteko.
8
Barkatu baina, zuek baino gu
bertsolariago gara
hala ere ez zaitezte bildur
ez zaiteztela ikara.
Bitartekotzat har ezazue
zaindari Santa Barbara
usurbiltarren bertsoetatik
hark zaitzatela anpara.
9
Ixilikan egon besterik ez
pake pakean Hernanin
sortuko zaizkizute ba nik ez
dakit zenbat tripako min
honuntza pozik etorri arren
joango zarete armonin
batzuk ipurdiko minez eta
beste batzuek agonin.
10
Desafio bat gure artean
zuek nahita sortua
gure partetik iritxiko da
zuekiko akordua
zuen itsasontziarentzat txit
urruti dago portua
erretiratu nahi baduzue
orain duzue ordua.
11
Gazteluren bertso hura daukat
zuei gaur gogorazteko:
motiborikan ez degu eman
desafioka hasteko
Usurbil hontan bertsolaririk
zanik ez zuten usteko
bost usurbildar nahikoak gara
horko hamabost hausteko.
[Saizartarrak, Zeruko Argia, 1980-2-9]
Hernaniarrek usurbildarrak desafiatu zituzten. Usurbilgo Saizartarrek desafioa onartu ondoren, bertso gogor batzuek bidali zizkien eta gauzak baretu nahirik, berriro hernaniarrak datoz. Desafioko eguna ailezatu bitartean batzuen hitz gogorrak eta besteen asmo apalak parekatzen joango ez ote dira eta bata besteenganako ika-mika honetan bertso jarioa ez ote zaie galduko
USURBILA BAKE BILA
1
Hernanitikan bertso kantari
berrirogu Usurbila,
lehenengo gure agurra hartu,
Saizar aldeko kuadrilla.
Lagun giroan goazgizonki,
ez setakeria bila,
gugan duzuen laztasun hori,
arren, legundu dadila.
2
Zer eta nola gertatu zaigun
argi eta garbi esan
nai genuke gaur ez dakienak
egi dena jakin dezan;
hernaniarrok egindakoa
gonbidatze bakarra zan...
zuengandikako erantzuna
ez al dagogorra izan?
3
Hortzak erakustea omen da
zuen kontsigna bakarra,
auzo lagunak, ez ote da hau
txit erabaki zakarra?
Guk maiteago bihotz alai ta
ezpaineko irriparra,
anaia artean ez da atsegin
gorrotoaren aparra.
4
Zuen bertsoak irakurri ta
gaude sinistu ezinez...
Nola demontre gu igurtzitzea
nahi gaituzue osinez?
Diozuenez atera behar
dugu tripetako minez...
Pasako zaigu, Saizar aldean
trago batzuek eginez.
5
Indarra sobra omen dago ta
hemen gatoz Usurbila
Hernanitikan bertsotarako
kilobatioen bila:
upeletikan jarabea ta
kaxuelako papila...
Orain gainezka omen daukate
jakinduriaz aspila.
6
Zorroztasuna nabarmen dauka
zuen bertsoen ezpalak,
guk ez ditugu zital astintzen
ez aizkora ta ez palak.
Burua bere tokian jarri,
izan gaitezen apalak,
arrisku latza baitu berekin
goregi dagon apalak.
7
Gure aldetik nahi bakarra zan
lagunarte bat igaro.
Ez dago hemen zertan jarririk
“ni igitai ta higaro”.
Lehen ere horrek itsusitu du
hainbat zelai eta soro...
Gizonki joka dezagun denok,
ez zentzugabeko zoro.
8
Aitortu nahi genuke egia,
jarriak gaude kezketan,
bildur baikara ote zaudeten
itxuraik ez dun kasketan;
ezten zorrotza dabilkizue
zuen bertsozko hizketan,
itsusia da auzo artean
hastea zimaur nahasketan.
9
Gutaz behartuz gero sekula,
etorri gizon pausoan,
beti hartuko zaituztegu ta
anaia antzera besoan;
garen apurra eskaintzeko prest
gaude maitasun osoan,
herri lagun bat non daukazuen
badakizue: auzoan.
10
Ez aurka, baizik alde nahi dugu
bertsoa maite dugunak,
bestela oso moztuko’itugu
gure pitxien egunak;
berriro ere zain gaude eta
bidali kopla legunak...
Agur Usurbil, beste bat arte;
besarkada bat, lagunak.
[Zeruko Argia, 1980-4-27]
DESAFIOA
Galarreta frontoian antolatu zen. Leporaino beteta, milatik gora lagun zeuden. Gai jartzailea Joxe Mari Iriondo genuen. Gogoratzen naiz nahiko txukun gindoazela denok: Usurbildik fama handia zuen Antton Aranburuk, eta beste taldekideak ziren Olloki eta Pana, eta Aiakoa izanagatik Usurbilekin kantatzen zuena Lertxundi.
Kartzelako lanean denak behera eraman zituzten eta ni bakarrik geratu nintzen oholtzan. Gaia jartzen hasi zen “Zu mendizalea zara” eta “mendizalea” aditu nuenean lasaitu nintzen. “Everestera igo zara, motxila ireki duzu eta barruan hor azaldu zaizu piper potoa”. Nik bota nituen nire bertsoak, gero Usurbilgoek, gero Hernaniko hurrengoak... ez dakit gure artean zein zen, piper poteak zer esan nahi zuen asmatu ez zuena. Hor hasi zen, piper potea, melokotoi potea... hor galdu genuen puntuazio gehiena. Eta Usurbilgoek denek asmatu zuten.
[Antton Garin]
Ikusten izan nintzen Galarretan. Jende asko bildu zen. Gaiak xelebreak jarri zizkieten. “Everesteko tontorrera igo eta motxilatik piper-potoa atera zitzaiola”. Gogoratzen naiz Aterpek nola esan zuen: Everesteko puntan ikurrina baino hobea izango zela piper potea. Jateko kontua ateratzen zuen baina piper potoa badakizu zer den...
[Joxe Mari Ormazabal “Tturko”]
Martin Zabaleta Everest gainera igoa zen. Ez dakit besteek eramango zuten buruan, baina nik hiru bertso eraman nituen, gai hori jartzen bazidaten. Jarri ziguten, baina ikurrinaren tokian piper-potea. Nire bigarren bertsoa:
Nola dan Martin Zabaleta
Portu auzuan jaiua
gure herriak ezagutzen du
mutil honen baliua
munduko mendi altuenera
sherpa batekin iua
herriai fama ekarri zion
ta amai errosariua
Boitila aita santuak hilabete lehenago Everestera igo eta errosarioa utzi eta hura joan zenean hartu eta ekarri egin baitzuen!
[Julian Ezeiza “Aterpe”]
“Usurbil eta Hernani deman” Zeruko Argiako kronika
Bertsolariak ezagutzeko modurik onena, beren bertsoak entzun edo irakurtzea da. Maiatzaren 31ean, Galarreta pelotalekuan, Hernani eta Usurbilgo bertsolarien arteko desafioa egin zen. Hona hemen bertan bota ziren bertso batzuk.
“Lasarteko herria hor dago, bururik gabe. Nor da errudun: Usurbil ala Hernani?”
Antton Aranburuk bi bertso bederatzi puntuan bota zituen.
Usurbil ta Hernanik
mendean daukate,
horrekin badugu guk
guztiok kalte.
Hor eginak ditugu
zenbait disparate,
gauza horretaz denok
ohartzen gerade.
Ba da zenbait kate;
ez gaude aparte,
beharko da galde:
horrela noiz arte?
Lozorrotik esnatu
zaite, Lasarte.
Galdera xinplea da:
nor da nagusia?
Haundien eskutatik
dago utzia.
Ondo pentsatuz gero
gauza itsusia.
Nork zutitu du zugan
dagoen hesia?
gaizki berezia,
ez du merezia.
Hontan da auzia:
Lasarte hautsia.
Noiz etorriko zaigu
demokrazia?
Antton Aranburuekin ibilitako neska, Garinekin hasi omen da orain. Aranburuk, bi bertsotan, honela zioen Garini.
Asunto hori diskutitzeko
orain ez daukat astirik,
bart arratsian hari helduta
Garin, zaitut ikusirik.
Nere bihotza gogortu da ta
ez det haren inbidirik.
Hartu ezazu, neri ez bait dit
sartuko holako ziririk.
Hainbat denboran ibili nintzen
neska hau besotik hartuz,
aitortzen dizut, neska ona da
eta argia talentuz.
Bainan kontseju bat emateko
nere lagun honi kantuz:
Bakar-bakarrik esango dizut,
Garin ibil zaite kontuz.
Aterpe eta Aiaolak, gaiak zioenez, emazteak trukatzea pentsatu dute. Baina, Aterpe, lehengo zaharraz konforme da nonbait.
Hemen hasi beharra
gaur arpegi alaiz,
aukera ere jarri
bait digute garaiz.
Lenago ere horlakuak
ikusi ditut maiz...
Ni lehengo zarrarekin,
behintzat, konforme naiz.
Hori pentsatutzen gaur
ez naiz nekatuko,
Aiaola-n esanakin
ez ikaratuko.
Nik ez det uste gaizki
danik portatuko.
Munduko onenangatikan
ez det trukatuko.
Olano eta Lertxundik, Moskuko Olinpiadata bai ala ez? gaia erabili zuten. Lertxundi Moskura joatearen alde zegoen. Olano, ezetzean. Hona hemen Lertxundiren bertsoak.
Gai xelebrea etorri zaidak
ixil-ixilik nagola,
ta Euskal Herrian gauz honekin’e
izan lezake ajola.
Gainuntzekoak baztertu eta
gure kirola dagola...
Mosku aldean azaldu dedin
Euskal deporte odola.
Aizu, Olano, bai al dakizu
gure kirolen katea
hor ba daukagu erdi itxirik
jarri nahi duten atea.
Bainan kirola Euskal Herrian
beti izan da maitea.
Guretzat bide ederrena da
orain Moskura joatea.
Azkenik, desafioa usurbildarrek irabazi zutela adierazi nahi dizuegu.
[Zeruko Argia, 1980-6-15]