Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

HERNANI

 

      (Ume garaiko Hernani) Nahiko erdaldundua zegoen, oso euskara gutxi egiten zen kalean. Graziak etxean beti euskaraz egiten zela, bestela... Eskolan batere ez! Egunon esaten bazenuen sarreran nahastuta, “e! Qué has dicho? Sal fuera, cierra la puerta y vuelve a entrar!”. Eskolan lagunen bat edo beste izaten zen euskaraz bazekiena, eta harekin harremana hartzen zenuen euskaraz egiteko.

[Antton Garin]

 

      Gure ume garaian kalean ez zen batere bertso girorik. Garai hartan oraindik, gure barrioan euskaraz egiten zen, guk 10 urte egin genituen arte, gutxi gora behera. Barrioa txikia zen, lau baserri: Beloki, Altzea, Orkolaga, gure etxea... Handik aurrera erabat erdaraz egiten zen, kanpoko asko etorri zen, estremadurarrak, andaluzak...

[Juanjo Uria]

 

      (Zikuñaga) Orduan zenak eta oraingoak ez zuten antzik ere. Gure etxetik jaitsi eta semaforoko inguru hartan baserri bakarra zen, Beloki. Auzo hura dena etxerik gabe zen. Dena euskaraz egiten zen, baina ez daukat gogoan halako bertso girorik.

[Joxe Mari Arrieta]

 

      Hernanin erdaraz hitz egiten zen dena. EPOra joaten nintzenean Ereñozukoak, Urnietakoak eta Astigarragakoak ginen euskaraz hitz egiten genuenak. Hernanin ez zegoen oraingo tabernetako bertso girorik eta ezer ere ez!

[Florian Oiarbide]

 

      Umetatik nahiko erdalduna ezagutu dut Hernani. Guk ere eskolara joaten ginenean, dena erdaraz egiten genuen. Banituen lagun batzuk Ereñozukoak, eta haiekin lagunartean eta kuadrillan euskara girora itzultzen ginen, baina gainerakoan, kalean... Euskara zekienak ere oso gutxi egiten zuen.

[Joxe Mari Arrieta]

 

      1968an Hernanira etorri nintzenean, parrokian euskarazko gauza denak egin beharra tokatu zitzaidan: mezak, hiletak... niretzako oso giro euskalduna zegoen, nik hala bilatu nuen.

[Iñaki Aranzadi]

 

 

BERTSOLARIAK

 

      Sagardotegian pixka bat berotzean denak bertsolari, baina bestela ez zen bertsolaririk. Ostegunetan feriara etortzen zena Urnietako Alkain. Hura pixka bat berotzean afalondoan aritzen omen zen.

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      Garai hartan ez naiz gogoratzen Hernanin besterik aritzen zenik bertsotan. Juanito Altxo, Ereñozun. Harekin aritu izan naiz bertsotan, gutxitan. Musean aritzen ginen, jeneralean, eta elkarri adarra jotzen bertsotan zerbait, baina oso gutxi. Ereñozun ateratzen zuten Santa Agedako erronda, Florian Oiarbide aritzen zela badakit. Gainerakoan, Asteasuko Urretabizkaia izeneko bat etortzen zen eta hura ere ibiltzen zen.

[Joxe Mari Ormazabal “Tturko”]

 

      Bertsotarako girorik ez zegoen, gure aitona horrek (Juan Joxe Andola) jartzen zuen giro hura, baina hura ere ez zen guretzako ez gazteentzako, jende helduarentzako zen.

[Juanjo Uria]

 

      Kalean ez zen inor aritzen bertsotan. Oso modu partikularrean, Paulo Txikia eta Uztapide biltzen ziren Portun, baina hori ez zen jendearentzako. Eta tabernetan ez zegoen girorik. Franco oraindik bizi zen, ez zegoen askatasunik, beldurra, eta horri eransten badiozu bertsoak ez zeukala erakartzeko moduko ezer... Ez zen jaialdirik egiten.

[Juanjo Uria]

 

      Lehenengo kalean ezagutu nituen bertsolariak Aterpe eta Antton Garin izan ziren. 70eko hamarkadaren hasieran ni ere ibili nintzen auzotako festetan kantuan, Txintxuaneko hartan, Zikuñagan beste bi-hiru bertsolarirekin: Xanxanategi, beste oiartzuar bat...

[Iñaki Aranzadi]

 

      Gero hasi ziren Julian Ezeiza Aterpe, Antton Garin, Sansonategi eta Marrakaneko Juan Mari ere bai (Saretxo jatetxea daukana). Horiek ikusi nituen batean eta bestean. Auzoetan festa jarri nahi eta presupuestorik ez bazen, horiek etortzen ziren. Ahalegina egiten zuten eta izugarrizko giroa sortzen zuten. Saiatu ikaragarri egiten ziren. Joxe Fermin Argiñarenak lan asko egin du, bertsotan eta asko ibili da, Aterpe eta Garinekin hor izaten zen.

[Joxe Mari Arrieta]

 

      Hernanin hilda egon zen bertsolaria urte askotan. Denak kanpotik etortzen ziren beti.

      Guk ikusi dugu Hernanin bertsolaririk batere ez izan, eta gero pila bat etortzen (bertso eskolarekin).

[Antton Garin]

 

 

BERTSO GIROA TABERNA BATZUETAN

 

      Basoerdiak edaterakoan ohitura zen kuadrillan kantatzea. Eta noizik eta behin bertso bat edo bi kantatzen genituen, tartean. Jendea gogoarekin ikusten genuen. Ereñozuko bat oso polita zen kantuan, Juan Kruz Beasain. Mendi irteera zenean, autobusean biok bertsotan joaten ginen askotan.

      Ez dakit zer festa zen, eta tabernaz taberna ibili ginen baso erdiak edan eta bertsoak kantatzen. Juan Kruz Beasain ere animatu zen. Jendeak kalean erdara egiten zuen, baina bertsoak entzuten geratzen zen. Egañarenean, Azurmendin, Irizarren, Amerikanoan... bazegoen giroa. Baina ez zegoen bertsolaririk herrian.

      Baserritarrak etortzen zirenean feriara, afaldu eta gero bertsotan aritzen ziren tabernan, eta gu gustura. Ez genekien zein ziren, inork ez zuen ez izenik, ez famarik, ez ezer. Zinko enean entzuten genituen, bertsotan. “Zein duk?” “Horrelako baserrikoa”. “Eta seguru asko erosi duen txekorra ahaztuta utziko dik eta etxera joango duk”. Taberna batzuetan izaten zen giroa.

      Politikari buruz aditu izan dut kantatzen tabernetan, gu ume ginela. Baina normalki ikasitako bertsoak izaten ziren. Txirritarenak, esaterako, “Hil da Cánovas”. Edo Markesaren alabarenak nola kantatzen zituzten aitona horiek! Beren kaxuelita janaz. Gu mutil koxkorrak gustura haiei aditzen.

      Gehiena adarra jotzea izaten zen. Politika nahiko zorrotza zegoen. Euskaraz ere ez zegoen ia kalean ezer egiterik eta! Dena debekatuta zegoen. Politikari buruz hasten bazinen, ez zenekien komedorean besteren bat egongo zen aditzen eta hurrengo egunean bila etorriko zitzaizkizun etxera, kartzelan sartzeko.

[Antton Garin]

 

      Aitari beti aditu nion Hernanin bertsotarako tokia Zinko eneako taberna izan dela. Eta Portun Xangai taberna.

[Antton Garin]

 

 

BERTSO SAIOAK

 

      San Joanetan

      San Joanetan bertsolariak urtero izaten ziren, Elur-Txorik antolatutako saioan, Baserritarren Egunean. Askotan ni izaten nintzen bertsolariak ekartzen. Bat Arozamena hartzen genuen, herrikoa eta gainerakoan Lasarte eta... lau bertsolariko saioa izaten zen. Tilosetan eta Txantxillan kantatzen zuten, herri-kirolekin. Bazkaria Elur-Txorin jartzen genien, eta sukaldari neroni izaten nintzen askotan. Gogoratzen naiz Jexux Mari Irazuk nola esan zidan “ederra zegok legatza!” eta Sebastian Lizasok erantzun “motel motel, ezagun duk mendikoa haizela, bakailaoa duk eta!”

[Joxe Mari Ormazabal “Tturko”]

 

      San Joanetan, Baserritarren Egunean kantatzea behin egokitu zait: Baten batek huts egin eta azken momentuan Julian Ezeiza Aterpek eta biok kantatu genuen Tilosetan eta gero Elur-Txorin bazkaldu.

[Antton Garin]

 

      San Joanetan saio bakarra izaten zen, Baserritarren Egunean. Lau bertsolari etortzen ziren, onak: Imanol Lazkano, Joxe Agirre, Lizaso zaharra, Egileor, Mitxelena, Manuel Lasarte... Uztapide eta Basarri ere bai. Bertsolari ona beti Hernanira.

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      San Isidro Egunean

      San Isidrotan aritzen ziren Hernani Txikia, Mitxelena, Arozamena, Tturko...

      Artzaianean izaten genuen bazkaria (Justel farmaziaren parean, karkabaren kontra zegoen, Felix Izagirre zuen nagusia). 1964. urtea zen, eta Hernaniko bikarioa gonbidatzen zuten eta batek esan zuen “gaur gizon bat falta duk hemen” eta Lasarteko Migel Zuaznabarrek esan zion: “eta gizon hori fina al da?”; “izango ez da, ba!” Gero esan zuenean zein zen, Donostiako gobernadorea, Jose Maria Diez del Moral, bikarioaren laguna! “Ez, ez, ez, bestela ere nahiko kastilanoa bazegok hemen” pentsatu genuen.

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      Aitor Zinean

      Txapelketako egun batean bloka eta boligrafoarekin joan nintzen saioa entzutera eta bukaerak apuntatu nituen, denenak.

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      Bai guk antolatu ere! 70eko hamarkadan izango zen, Iruin alkate zegoela. Bazen Luistarretan lan asko egiten zuen gizon bat, Juanito Olano. Txapelketak, danborradak eta gauza asko antolatzen zituen. Olano hil zen eta haren omenez talde zabal bat osatu zen eta kultur ekitaldiak antolatzen zituen talde horrek. Lehendakaria Iñaki Bilbao “Botikas” genuen. Aitorren bertso saioa egin genuen, bastante urtean. Gero talde hori desegin egin zen.

      Larunbata goizean Anjel Osak eta biok pentsatzen genuen “zer bertsolarirekin egingo dugu saioa”? Igande goizean Osaren kotxea hartu eta rekorridoa egiten genuen. Urte batekoa gogoratzen naiz: lehenbizi Azpeiti aldera, Joxe Lizasorekin eta Joxe Agirrerekin hitz egin, eta handik Gabiriara, Eusebio Igartzabalen baserria bilatu, eta harena. Hura bukatu eta Ibarrara, Muñoarengana.

      Lehen ohitura zegoen bertsolari onak eta zaharrak ekartzekoa. Baina gu saioak antolatzen hasi ginenean, gazteak ateratzen hasi ziren eta guk ohitura hartu genuen bertso saiotan beti gazteak ere sartzeko. Eta pentsatu genuen Muñoa eta Kosme Lizaso ekartzea.

      Etxez etxe bertsolariak lotzen ari ginela, behin Gabirian Eusebio Igartzabalen baserrira joan ginen goizeko 9:00etan eta bere amak “Hernanitik honaino etorri eta zer nahi duzue hartzeko?” eta guk sagardoa eskatu, goizeko 9etan! Gabiriatik Oiartzuna, Kosme Lizasoren baserria bilatzera. Bertsolariek baietz esan eta taldea osatzen genuenean, lasai bueltatzen ginen Hernanira, arratsaldeko 15:00etan! Orduan ez dakit, gauza horiek ez ziren telefonoz egiten edo...

      Arozamena ere ekartzen genuen jaialditara, Oialumen bizi zen. Baita Patxi Etxeberria eta Lasarte ere. Iparraldetik Mattin ere etorri izan da. Haren bila ez ginen gu joaten, beste batek egiten zigun lan hori. Mattin, gizon xelebrea! Ordubete lehenago kantari egoten zen zinema aurrean!

[Antton Garin]

 

      Txintxuan

      Txintxuan ere urte askoan kantatu dugu. Onak ekartzen zituzten bi, baina gero gu sartzen ginen, elkarrekin saltsan. Lazkao Txiki eta Manuel Lasarte, Joxe Agirre eta Eusebio Igartzabal... Haiek gauerako ere geratzen ziren. Xanxonategi ere arrimatzen zen. Txintxua hil zen 1993an eta orduan bukatu zen hango saioa.

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      Zinko eneako saioak

      San Agustin festak egiten ziren Zinko enean. Eta bertso saioak egiten ziren leihotik leihora. Orain Hernani karrozeria dagoen horretan lehen terraza zen, eta silak jarri eta bertsolari bat han jartzen zen eserita. Eta beste bertsolaria jartzen zen, Zineko eneako etxeko (orain botea dago) leihoan. Jende dena behean egoten zen entzuten. Bertsolaria bat Manuel Uranga “Azpeiti” izaten zen eta besterik ez zait gogoratzen, mutil koxkorra nintzen.

[Antton Garin]

 

      (Zinko eneakoak) Ziren festa batzuk oso oso bertakoak. Grazia guztia zuen erdian zegoen etxeak. Korrika apustuak eta denak egiten ziren han. Korrikalari onak, igual 40 buelta emango zituzten. Famatua zen aro karrera, ni ere atera izan naiz: Latxunbeko labaderoraino joan eta etorri. Bertso saioa leihotik leihora... Gauean jazzband izaten zen.

      Festa hori galdu egin zen, Hernaniko trafikoa ere asko pasatzen hasi zen hortik... Oso jende hernaniarra zen hor bueltan: gure aita eta lau anai ziren karrozerian, ondoan Rufinotarrak, karroarekin eta behiarekin Hernanin basura biltzen ibiltzen zirenak. Gero ondoan mekanikoak, Zumetatarrak, hiru anai kotxe mekaniko oso onak. Zinko enea taberna sekulakoa zen, giro euskalduna zuen erabat. Baserritarrak bertsotan aritzen ziren han, kaletarrak gutxi.

[Antton Garin]

 

      1989ko Santa Ageda eskean Zinko enean kantatuak:

 

        Antton Garin:

Aspalditikan Zinkone alde hau

izan da asko famatua

hemengo ixkina denbo haietan

majina bertso aitua

ez ezaututa aitona ginun

guk’e oso famatua

txoko hontako baztar guztiak

bertsotan baitzun pixtua.

 

        Julian Ezeiza “Aterpe”:

Zinkone honek izaten ditu

oso une atseginak

hori guztia esan lezake

bertako berri dakinak

ardo zaharra edan eta odolak

gero hortxe irakinak

toki hontara biltzen baitira

zurruterorik haundinak.

 

        Jon Eizmendi:

Gure Aterpe kontuk esaten

azaldu zaigu artista

berak’e lehendik nola dakien

taberna hontako pixta

zurruteruak nola biltzeidan

haiek zuzentzen du bixta

Xanti Frailia gaur falta zaigu

pasatzen badegu lixta.

 

      Portuko saioak

      Urte batean Portuko festetan ez zuten bilatu bertsolaririk eguerdirako, eta arratsaldean Saiburu eta Zapirain zaharrak kantatu zuten. Portu beti bertsozalea izan da, eta batere gabe ez geratzeagatik ekarri zituzten horiek biak.

      Urte askoan Zepai eta Txapel etorri ziren Portura, biak. Zepaik hamar segundo nahikoak izaten zituen bertsoa botatzeko. Castellanoren batzuk builan ikusi eta haien gainean kantatu zituzten, dotoreak.

[Pedro Joxe Mujika “Anatx”]

 

      Urte batzuetan Zepai eta Saiburu ekarri zituzten, hurrengoan Mitxelena eta Uztapide, eta Hernani Txikia eta Uztapide...

[julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      Bazen Amaran Kalamendi abizena zuen bat, txapela begietaraino sartuta ibiltzen zena. Zaharra zen, 65-70 urtekoa. Sasi bertsolari horietakoa zen hura ere. Mitxelena mutil gaztea, eta elkarri puntua jarrita hasi ziren. Askotan puntu-jartzen Goiarro bi anaiak, Asintxio eta Julian Barrenetxea aritzen ziren. Bestea Fernando Andoain. Behin jarri zien:

 

Kalamendi Amaran

baitago alkate

 

        Mitxelenak:

Nunbait gizon aukera

haundi(r)ik ez daukate

dabilen leku danetan

egiten du kalte

adar gorriak laister

eramango dute.

 

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      Festetan urte askoan joan gara bertsotara. Okerrena zen igande eguerditan izaten zela eta Donostian traineruak izaten zirela. Eta bertsotara joan behar...

      Gu txikiak ginela, Portuk fama zuen, San Joan txiki esaten zioten. Uste dut han “Azpeiti”k kantatzen zuela. Portun beti izan dira bertsolariak, giroa zegoen auzoan.

[Antton Garin]

 

      Santa Barbarako saioa

      San Inazio festak Mendi Gain elkarteak antolatzen zituen, eta bezperan bertso saioa egiten genuen. Asko etorri izan dira enbeitatarrak: Balentin, Jon eta Abel, eta Moises ere bai urteren batean. Bezperako jaialdi horretan kantatzen zuten, gero gauean hemen geratzen ziren eta San Inazio egunean Santa Barbaran jarduten ziren. Urte askoan egin zen horrela. Eta gero jiroa eman zitzaion, Julian Ezeiza Aterpe eta hasi zirenean, eta beranduago bertso eskolakoak.

[Juanjo Uria]

 

      1978 baino lehenago egiten ziren Santa Barbarako festak, eta bertsolariak kanpotik etortzen ziren: Lopategi, Enbeita aita eta hiru seme eta suhia, Xalbadorren semea, Ezponda, Joxe Agirre, eta Tturko bastante urtetan. Arozamena...

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

Antton Garin eta Julian Ezeiza “Aterpe”
bazkarirako gosea irekitzen.

 

      Behin, Santa Barbarako festetan Jon Azpillagari esan zioten: Herriko bikarioarekin ez gaude oso konforme. Hortxe egongo da eta esaiozu alde egiteko herri honetatik. Hasi zen, hemen dago Don Eusebio, eta “beste gauzik ez nuke nahi, zu obispo egitea!” bota zion.

[Iñaki Aranzadi]

 

      Bezperatik zer giroa jartzen zuten! Kalean 20:00tarako kantari aritzen ziren tabernaz taberna. Gero festak beheraka joan ziren eta jada ez ziren etortzen.

      Gero taldetxo bat hasi zen San Inazio festak antolatzen, tartean Anjel Osa, eta guri deitzen ziguten kantatzeko.

      1978an kantatu nuen lehen aldiz, eta gaur arte, urtero. Noizbait huts-egingo nuen, hemen ez nengoelako.

[Antton Garin]

 

      Don Eusebio izaten zen meza emaile. Jakina, denak haren kontra aritzen ziren, Tapia, Garin eta Argiñarena. Eta ni beti Don Eusebioren alde. Urte hartan esan nion:

 

Gaurko apaizen lana baita

aldaria ta korua

gezur batzuek kontatu eta

seguru bizimodua

karrera hori egin duena

ez da zihero erua

lanik zailena izango dute

irabaztia zerua.

 

      Geroago Maidaganek ematen zuen meza. Urte batean haserretu egin zen, “meza motza eta sermoia luzea” edo esan nuela... Hurrengo urtean joan nintzenean esan nuen:

 

Juan dan urtian Maidagan jauna

gurekin haserretu zan

meza motxa ta sermoi luzia

egin zula nuen esan

une txar bat izan nula

oso leku aldrebesan

barkaziyua gaur eskatzen det

jende denak entzun dezan.

 

      Meza erdian Migel Lujanbio kanpai sokari tiraka jarri zen eta zast! eten. Eta lehen ere hiru-lau aldiz etena zegoen. Nik bi operazio izandu nituen eta bi urtetan ez nintzen joan. Hirugarrenean joan nintzenean, nire artean pentsatu nuen “kanpai soka berria”.

 

Orain bi urte kanpaia zegon

nagitsu eta herrena

berakin zaukan soka zahar hura

lau-bost tokitan etena

ikusitzen det aurten berriya

norbaitzuk jarri dutena

hor ezagun da ermita honek

izan dun aurrerapena.

 

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

      Lehenbizi Indioren omenaldia izaten da eta han bi bertso kantatzen ditugu. Gero handik ermitara joaten gara. Meza izaten da ermitan, eta ez dakit nondik atera zen ohitura mezan bertsotan apaizari adarra jotzekoa. Badaramakigu 30 urte horri eusten. Lehengo bikarioa, Eusebio Iraola, bera ere ederra zen bada hura! Guk bertsoa botatzen genuen, baina hark meza erantzunarekin bukatu! “Nik ez dakit zer gertatzen den azken aldi honetan, baina bertsolariak beti sartzen dira apaizarekin edo guardia zibilarekin!” horrekin bukatzen zuen beti.

      Ermitatik jaitsi eta Atarrabioren harrian beste bertso pare bat bota. Behera jaitsi eta segituan saioa izaten da, herri kirolariekin. Beti esaten diet “bukaeran ez hasi bertsotan, zeren jendea deseatzen egoten da aizkolariak egurra noiz ebakiko, tabernara joateko”. Bazkalondoan ere giro pixka bat izaten da: mahaian dagoen jendeari adarra jo...

[Antton Garin]

 

      Festa hori txikitatik urterokoa izandu dut; familiarekin lehenago ohitura zen bakoitzak etxetik jana eraman eta egun pasa egiteko erromeria giroan. Gero hasi ziren pixkanaka herri bazkaria antolatuz. Bertsolariak urtero izaten ziren. Nire osaba (Anjel Osa) aritzen zen antolatzen eta berak esan zidanez Bizkaitik Lopategi eta Enbeitatarrak eta Azpillaga etortzen ziren.

      Gero pixkanaka bertso eskolakoak hasi ziren, Eizmendi, Aristorena, Unai Agirre, Zelaia... Guk ere parte hartu genuen bi-hiru urtean, eta iritsi zen momentu bat antolatzaileak edadean aurrera joan zirena. Guri egokitu zitzaigun antolatzea eta oso gustura egiten dugu, oso giro polita sortzen da eta jarraipena eman nahi diogu.

[Iker Osa]

 

      Bi-hiru urtean kantatzen aritu ginen, gero antolatzeko jende premia zuten eta antolatzera gonbidatu gintuzten, eta hainbeste gustatzetik azkenean antolatzera pasa gara.

      Bi aste lehenago bertso afariren bat, bertso bazkariren bat edo jaialdiren bat egiten dugu. Egunean bertan Aterpe eta Garin etorri izan dira urtetan. Eta saiatzen gara herriko bertsolari gazteak ekartzen. Zaharragoak eta gazteagoak tartean sartzen.

[Jon Iraola]

 

      Gustatzen zait Santa Barbarako saioa (2010ean kantatu nuen lehen aldiz). Kristoren asta-kozkorrak ibiltzen dira eta handikeriak bota eta gustura geratzen naiz. Inor ez da haserretzen, ez da hitzak neurtzen aritu behar, zeinek handiagoa bota orduan eta hobeto. Gustura ibiltzen naiz han.

[Eli Pagola]

      Zikuñagako saioak

      Zikuñagan Arozamenarekin kantatu nuen, Ama Birjinetan (irailaren 8an) ermita zenean. Horra neronek ekarri izan nituen kantatzera Aristeta, Azpillaga eta Lopategi. Antton Goikoetxea Eziagokoaren etxean bazkaldu zuten. Whiskiak agindu izango zuen pixka bat, eta harro harro eginda atera ziren bertsotara, eta kristorenak esan zituzten eta multa eman zioten.

      Orduan gaiak jartzen Juan Joxe Uria aritzen zen.

[Joxe Mari Ormazabal “Tturko”]

 

      Zikuñagan goian sekulako euskal giroa zegoen. Gu baino lehen, kanpotik bertsolariak etortzen ziren bertara: Joxe Lizaso, Joxe Agirre... ni mutil koxkorra nintzen, eta bertako festak sakratuak ziren hernaniarrentzako. Zikuñaga zen auzo bakarra, festetan Hernaniko musika banda jotzera joaten zena.

[Antton Garin]

 

 

FESTA JARTZEKO TALDEA

 

      “Hi, halako saiotarako etorriko al zarete?” galdetzen ziguten eta ez genekien ezetz esaten. Taldetxo bat egin genuen: lau bertsolari (Juan Mari “Marraka”, Aterpe, Argiñarena eta laurok), harri jasotzen bi (Kinito eta Pakito), eta aizkoran beste bi (fijoa zen Juan Miel Larrabide, eta bestea aldatu egiten zen, batzuetan Joxe Anjel Tapia oiartzuarra, bertsotan ere aritzen zena). Hernanin sei auzotan (Portun, Floridan, Elkanon...) gurekin egiten zuten festaren parte bat. Bazkari trukean joaten ginen.

[Antton Garin]

 

 

SAGARDO LEHIAKETAK

 

      Elurtxori urtebete lehenago hasi zen Txantxangorri baino. Baina Elur-Txorin gu baino lehenago Tturko aritzen zen saria ematen eta bertso kantatzen. Tturkok behin edo bitan egin zuen, gehiago ez. Imanol Larretxeak zuzentzen zuen lehiaketa eta urte batean esan zigun ea joango ginen, bertso pare bat kantatzera. Tturkori ikusia nion, eta Aterperi esan nion “emango al ditugu sariak bertsotan?” eta horrela hasi ginen gero gu. Hernanin hiru txapelketa egiten direnez, Txalapartakoa, Elur-Txorikoa eta Txantxangorrikoa, hiru elkarteetatik deitzen ziguten. Peña Otañok ere egin zuen bi urtean.

[Antton Garin]

 

      Garin eta biok hasi ginen, Txantxangorrin, duela 26-28 urte.

[Julian Ezeiza “Aterpe”]

 

 

TXIRRITAREN OMENEZKO JAIALDIAK

 

      Igaz ekin genion, Mendi-Gainek antolaturik, Txirrita zenaren omenez, Hernanin bertsolari jaialdiak antolatzeari.

      Igazko jaialdia, benetan interesgarri eta atsegina gertatu zen. Jendetza haundia bildu zen Galarretan, eta bertso eder asko entzun genuen.

      Hona hemen Lopategiren bertso bat. Gaia, “gogoko zaizun gauza bat”.

 

Auxe da gai polita

goxo ta leguna

zuek eta nik, denok

maitatzen deguna

nola desio degu

gure etorkizuna

lendabiziko ametsa

da askatasuna.

 

      Jakin dugu, jendea pozik irten zela Galarretatik. Guk, antolatzaileok, hori lortu nahi izan genuen eta jakina, gu ere, pozik geratu ginen.

      Egoera honek asko indartu gaitu; hemen bagatoz berriz, IIgarren Oroigarri hau eskaintzera. Berriz ere sei bertsolari bikain eta trebe aukeratu ditugu San Jose egunaz Hernanin kanta dezaten: Lopategi, Azpillaga, Igarzabal, Agirre, Lizaso, eta Gorrotxategi.

 

Mendi Gainen kartela.

 

      Iturengo Fagoaga anaiek ere (11 eta 12 urte) saio labur bat egingo dute.

      Igazkoa bezain ederra gertatzen baldin bada ez gara haserre izango. Bestalde, badugu itxaropen, igaz adina jende bilduko dela aurten ere martxoaren 19an, Hernaniko Galarreta Pelotalekuan, goizeko 11:30etan.

      Esan behar dizuegu, aita Zabalak beste liburu bat argitaratu duela Txirritari buruz. Oraindik ez da salgai ipini dendetan, baina, San Jose egunerako bukaturik izango da, eta egun horretan ikusiko du argia Txirritaz egindako liburu berri honek.

[Gazte Bi, Zeruko Argia, 1976-3-14]