Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

ANTTON GARIN

 

1942an jaioa, Andre Kalean

 

      17 urtera arte Andre Kalean bizi izan nintzen eta gero Elkanora jaitsi ginen, ezkondu eta Lasartera joan ginen arte (Zabaleta auzora). Orduan gustura joan nintzen, Lasarte Hernani zen eta esatea baneukan “Hernaniko auzo batera etorri naiz bizitzera”. Muga Oria ibaiak egiten baitzuen lehenago. Gero isildu egin behar! Nik Lasarten lo egiten dut, eta bizi Hernanin. Hernanin daukat dena, lagunak, elkartea... Zapatek beti Hernanira egiten didate.

 

Antton Garin.

Argazkia: Estitxu Eizagirre.

 

 

BERTSOTAKO HASIERA

 

      Aitak istorio asko kontatzen zizkidan bere aitonarenak: aitaren aitona, Olegario bertsolaria zen. Aitak bazuen afizioa bertsotarako, asko kantatzen zuen. Baina kalean eta ez, beti lanean. Karrozeroa zen, eta karroak edo automobilak egiten hura beti kantari edo txistuka ikusten nuen. Baina niri inork ez zidan esan bertsoak kantatzen hasi behar nuenik. Ematen zuen barnetik su bat etortzen zitzaidala. Gaztetan bakarrik nengoenean bertsoa kantatzen nuen. Lanean hasi nintzenean ere, makina bat bider aritu nintzen tornuan piezak egiten bertso kantari...

 

 

PLAZAK

 

      Atrebentzia hartzeko asko lagundu digu Santa Ageda errondan ateratzeak. Horrek irekitzen ditu ate guztiak. Horrek egiten du mikrofonoari beldurra kentzea, jendeari beldurra kentzea, egin egiten zara eta ez zara moztuta geratzen. Hasi ginenean bagenituen 30 urte. Lehenengo aldiz jendaurrean, Santa Agedatik aparte, Feri festan kantatu genuen. Juanjo Uriak ikusten zuen kantatzen genuela eta berak zirikatu gintuen, giroa jartzeko: trikitia zen Atzietan (han egiten zen feria lehen eta Txerri plaza jarri zioten izena), eta Julian Ezeiza “Aterpe” eta ni kantari, Txilibitako koskan tente jarrita. Jende asko zen, eta bukatu genuenean “buuf” egin genuen, deskantsua!

      Hernanin festak ziren auzo guztietan kantatu dugu Aterpek eta biok, bazkari truke: Elkano edo Latxunbe, Lizeaga, Florida, Portu, Karabel, Zikuñaga goian...

 

 

DOINUA

 

      Tailerrean banuen lagun bat, mekanikoa. Berez Aranazkoa zen eta handik etortzen zen lanera gugana. Eta hark kantatzen zituen denbora bateko bertso zaharrak, doinu batekin. Doinu hori buruan sartu zitzaidan, 16 bat urte izango nituen. Behin saio batean Jon Eizmendik esan zidan: “Hi Antton, hasi hadi doinu horrekin, e! asko gustatzen zaidak eta!” Gerora Maialen Lujanbiok ere kantatu zuen doinu harekin.

 

 

KIROLARI

 

      Futbolean lau urte jokatu nuen, Hernanin. Bi urte hondartzan eta beste bi urte jubeniletan, atezain. Gero soldaduskara joan nintzen eta ondoren zortzi urte egin nituen eskubaloian. Gipuzkoako kanpeon izan ginen. Azkenean esan nuen “atzekoei tokia utzi beharko diegu...” portero ni bakarrik bainintzen. Kuadrilla guztia mendira joaten zen eta ni inbidiatan beti, eskubaloiko partiduengatik joan ezin! Ia 28-30 urtera arte aritu nintzen, beraz, denbora horretan bertsotan ia batere ez nintzen aritu. Eskubaloia utzi eta mendian hasi nintzenean, bertso giroa gehiago sartu zitzaidan.