—bertsolariak—
JOXE MARI ORMAZABAL “TTURKO”
Zizurkilgo Abeletxen jaioa
AITONA BERTSOLARIA
Aitona, Antonio Ormazabal, bertsotan zerbait aritzen zen, garai batean. Andarro deitzen zioten, Andarro baserrian jaioa, eta handik Abeletxera ezkondua, Zizurkilera.
Gerra denboran gure auzoan (Zizurkilen), baserri batean, soldadu tropa bat egon omen zen. Handik behin etorri omen zen kapitaina bi soldadurekin, botak lepoan jarrita. Aitona han azaldu zen eta nire ama harekin. Aitonak erdaraz ez zuen asko jakingo, eta amari zerbait esango zioten, aitonak zenbat urte zituen edo, eta hala esan omen zien aitonak: “Cuatro veinte y tres, nahi badek entendi zak eta nahi badek ez!”. Soldaduek “que dice?” eta “lehengoa berriz’e!” hark.
ZIZURKILDIK HERNANIRA
Zizurkilen, auzokoak ondartzatarrak ziren, eta horien iloba Antonio Kortajarena bertsolaria zen. Gure etxera askotan joaten zen. Nire anaia eta biak bertsotan aritzen ziren, eta ni ere haiekin saltsan zer edo zer. Baina gutxi. 11 urterekin etorri nintzen Hernanira. 13rekin hasi nintzen linternero, lanera.
Afizio handirik ez dut izan nik. Ari baino ez ari nahiago, baina muturra pixka bat berotutakoan zer edo zer zirt edo zart bota eta aurrera!
Ni bertsotan oso gutxi aritu naiz. Aritu naizena sagardotegira joatean.
XANPUNEKIN
Iparraldera joanak ginen, Tapatxulos eta Kinito ikusiz, eta han geunden, taberna batean. Gizon bat sartu zen, kaskazuriarekin. Zein izango, eta Xanpun! Sasoian, Armagnac edanez. Nik bertso bat edo bi kantatu nituen, eta burua behera begira zuela entzunez egon zen. Esan zidan: “Zein zera zu?” “Ba, ni hona etorri naiz bisita egitera”. “Zu baino txarragoak badabiltza hemen!” esan zidan. Erronda pagatu zigun eta alde egin zuen.
PLAZAK
Santa Ageda eskean aritu nintzen urte askoan. Gero Hernanikoa utzi nuenean Egiatik etorri zitzaizkidan kantatzeko eske. Xanti Zabala “Lexo” eta biok ibili ginen.
Asteasun ere ibili izan naiz Santa Eskean, soldadu nengoela. Goizean hasi eta hurrengo egunean bukatu genuen, egunsentian. Pasara hartu nuen, anaia etorri zitzaidan motoarekin bila eta bueltako bidean lo hartzen nuen. Zizurkilen ere atera nintzen. Mitxelenarekin kantatu izan dut festetan Astigarragan. Arozamenarekin ere bai, Zikuñagan.
Hernanin bi aldiz aritu naiz plazan, jende aurrean. Batean, San Joanetan Tilosetan kantatu nuen Manuel Lasarte, Lazkao Txiki eta Sebastian Lizasorekin. Orduan bi gaztek ere kantatu zuten, bat Joxe Mari Mujika “Anatx” izango zen eta bestea Izeta.
Geroago Hernaniko gazteekin ere kantatu dut: Joxe Luis Urdangarin, Jon Eizmendi eta Unai Agirrerekin Elur Txorin. Jexux Mari Irazurekin osteguneko ferian. Jon Garmendia Txuriarekin pare bat aldiz.
Batean Caserio tabernan nengoen eta Andoni Egaña sartu zen. Igual ordubeteko saioa egin genuen!
Garai batean bertsolari on askorekin kantatzeaz gain (Mitxelena, Lizaso, LasarteJ... Hernaniko kaleetan hamaika aldiz aritutakoa. Tturkok gero atzera egin zuen, ez mailan, baina ez zuen nahi izan. Guk ezagutu genuen Tturko suelto suelto kantari. Egun batetik bestera isildu zen. Noski, sozidadean tokatuz gero hor bai, egiten zuen, baina bestela ez. Bertsotan poliki egiten zuen, hamarreko handian hasten zenean kontuz! Eta gainera oso ahots polita zuen.
[Juanjo Uria]
(2013an) Afaria egin genuen Elur-Txorin eta bera ere tartean zen. Elkartean bertsotan aritu zen. Gero poteoan aritu ginen eta Bodega tabernan mahaian eseri eta bertsotan jo eta fuego aritu ginen! 3-4 orduan, isildu gabe. Bota zituen latzak, eta pena, grabatu gabe.
[Aitor Barrenetxea]
SAGARDO BOLADAN TTURKO HIL?
Petritegi sagardotegia.
Iturria: http://www.sidrerias.ws
Gripearekin ohean egun mordoxka bat pasa nituen. Bolada hartan Floridan linternero bat hil zen eta jendeak “Tturko omen zegoen ondoezik, eta Tturko izango zen!” Batek esan eta besteak errepikatu, herri osoan zabaldu Tturko hil dela. Anjel Garaiar taxilariak hura aditu eta bere lagun Bascongada funerariako nagusiari esan, eta funerariakoa etxera etorri zen, nire datuak hartzera. Gure ama zaharra bizi zen, eta “bai, ez dago ederki baina ari da bizkortzen” esan zion. Hark pentsatu zuen “amona hau joana zegok! Ez duk harritzekoa, horrela pasa bazaio...” Amak “zer, enkargu bat al zenuen beretzat?”, “Ez, ez, nik bera ikusi nahi dut”. Ekarri zuen, eta ni ohean. “Oi, bizi haiz eta!”
“Turko bazkide den Elur-Txori Elkarteko arduradun batek hori jakin zuen bezain laster, Elkarteko masta-makiletik ikurriña jarri zuen zintzilik krespoi beltz eta guzi”.
[Juanjo Uria, Txirrita 50. urteurrena liburua]
Eguerdian jaiki nintzen eta atea jo zuten. Ireki nuen eta Joakin, Petritegi sagardotegiko nagusia bere andrearekin. Meza dirua ematera etorriak ziren. “Aiba, hau ere ba al dugu? Maria eta Jose!” zur eta lur geratu ziren ni bizirik ikusita. Bizarra moztu, eta eurekin joan nintzen sagardotegira, ospatzera. Haiek kotxetik atera eta sukaldera, eta Joakinek aitari: “Tturko hil dela”, eta aitak “bai, motel, ez duk gehiago etorriko hura ere!” eta “e! Zeinek esan du hori!” nik besoak zabalduta. Gora igo ginen sagardotegira, eta han Pacok, kanpotarrak “mira quién viene ahí! Ya decía yo, Tturko se va a morir? en la temporada de sidra?!”.
MITXELENAREKIN
Jose Joakin Mitxelena Agirrezabal.
Iturria: Auñamendi Entziklopedia.
Noiz edo noiz Mitxelena etortzen zen eta harekin bertsoren bat edo beste kantatzen genuen. 17 bat urte izango nituen; Amerikanoaren bodegan (Banco Gipuzcoanotik beheraxeago, ardo almazena ere bazuen) afaria egin genuen: baba oiloarekin. Afaria antolatua zuten, eta ni eramanarazi ninduten, ezer esan gabe (bestela ez nintzen joan ere egingo-eta). Juanito Goia, bere anaia Patxi, Joakin barberua... horrelako kuadrilla bat bildu zen. Handik atera eta Amerikanoa tabernara joan, eta Mitxelena behin hasiz gero isiltzen ez zena zen, eta hor egin genuen saio bat. Orduan Mitxelena onenean zegoen, indarrean. Handik aurrera noizik eta behin, Leku Zaharren eta tokatu izan ginen.
Gero Juan Joxe Uriak esan zidan, horren gainean bertsoak jarri behar nituela, eta azkenean zerbait jarri nituen.
Doinua: Mutil koxkor bat
1
Milla beatzirehun larogei eta
hirugarrengo urtian,
Urtarrilaren hamazazpian
astelehen triste batian,
Turko hil dala beste konturik
etzan Hernani guztian,
ikurriña’re ipiñi zuten
Elur-Txori-ko atian,
ez egin gehio horrelakorik
bizi naizen bitartian.
2
Gaixo nenbilen, ohetik altxa,
berriz ohean etzanaz,
baina notizi horrek jarri nau
estuasunik beltzanaz,
ikusia det San Pedro eta
ikusia det Satanas,
sustoarekin ia hil nintzan
sinistu nik diodanaz,
gezurtia ez gehio etorri
larrialdiak emanaz.
3
Sendi guztia alkarri deika
gehienak erdi negarrez,
beste batzala, ez nintzala ni
etzuten sinistu errez,
baina ni gaixo nengon gorputzez,
osasunez ta indarrez,
notizi horrek ipini nindun
ia hilian dardarrez,
akats haundia egin zirala
nago aitortu beharrez.
4
Astelehen batez, hor esan zuten
linternero bat hil zala,
ta batek dio, Turko zan gaizki,
ta ni izango nintzala,
ta beste batek erantzun zion
hori egia ez zala,
hor zabaldu da ezetz ta baietz
berriketan dabiltzala,
baina oraindik Jaunak eman dit
arnasa eta itzala.
5
Urtarrilaren hamazazpian
notizi txar bat entzuna,
Turko hil dala esan duanak
galdua dauka zentzuna,
sinistatzen det odol txarretik
hori esango etzuna,
ez jakiñean ez dedin egon
hil nintzala esan zuna,
bizi naizela bertsotan eman
nahi nioke erantzuna.
6
Elur-Txoriko Elkarte hortan
jarri zuten ikurriña,
erdian zeukan lazo bat beltza
nere lagunak egina,
Turko hil dala eta orduntxe
bazuten zer hitzegina,
neretzat etzan izandu baina
oso une atsegina,
oraindik behintzat bizirik nago
noiz arte ez dakit baina.
7
Egun hortantxe ez dakizute
zer trago nuan eraman,
bizik dagona hiltzat jotzea
begira nora daraman,
begik itxita ikusten nuan
haizeak nola neraman,
gezurra zala nahi ordurako
ez zion errez antzeman,
berriz holako rato txarrikan
ez akidazute eman.
8
Hil naizela ta kezka batean
sendia eta lagunak,
beste konturik etzan herrian
etziran ordu legunak,
dardar batean igaro ditut
ondoreneko egunak,
meza dirua ematea’re
baziran etxera junak,
gezurti horri barka zaiola
zeru ta lurraren Jaunak.
[Joxe Mari Ormazabal “Tturko”, Txirrita 50. urteurrena liburua]
BERTSO JARRIAK
Alkarrena bilduta
auzo naziuak
hoien akziuak
egin behar dituztela
estradiziuak
sozialista faltso
en traiziuak
berritu nahi dituzte
kontribuziuak
Gonzalez ta Miterran
bi demoniuak.
Txirrita balitz bezala jarriak:
Bai al dakizute nuntsu dagon
Donostiako Atotxa?
Han izan dedan jolasbidea
ez da ez izandu motxa
neska gazte bat inguratu zait
izena duna Arantxa
lau peztagatik hor utzi dida
hanka tarteko pototxa
ederki asko bai zimurtu’re
Txirrita zaharran lokotxa.
Brusa bizkarretikan hartuta
banua etxe aldera
berriro beste neska gazte bat
datorkit aldamenera
antzeman diot, jarri nahi zidak
lehen eindako lan klasera
barkatu bainan berriz ez nua
lantegi hortan hastera
neduzkan zorna guztiak hortxe
Arantxak dizkit atera.
Tturkori ikasi nion bertso hau, baserritarraren paperean jarria:
Nere etxian behia susara,
txerria berriz, inausi
txakurra altan dagola eta
astua ieltzen hasi
katua ere marruxka dabil
egin nahirikan ihesi
bart arratsian nere andriak
lo egiten ez dit utzi
leihotik behera botako nuen
bere kamisoi ta guzi.
Behin bakarrik kantatzen zizkidan, eta esaten banion “e, aber, hori apuntatu behar dut...” “ez, niri ere behin kantatu zizkidaten, eta hik ere nahi baduk horrela ikasi!” erantzuten zidan.
[Aitor Barrenetxea]
JUAN ORMAZABAL
Nire anaia ez zen Hernanin plazan atera. Zizurkilen bizi ginela, Pedro Mari Otañori omenaldia egin zioten eta nire anaiak sariketa irabazi zuen. Zizurkilgoak bakarrik ziren bertsotan. Bigarren Teodoro Mujika, hirugarren Joxe Antonio Iturbe “Saizar” eta laugarren Kortajarena geratu ziren. Anaiak 17ren bat urte zituen orduan. Enpate geratu ziren bi, eta anaiari puntu hau jarri zioten:
Errota aritzen da
trinkili-trankala
irina egingo badu
jardun bihar hala
artorikan ez baitu
puskatzen bestela
nun da tartian sartzen
ez zaion ustela.
Tolosan bi-hiru aldiz atera zen txapelketan baina ez zuen aurrerako asko egin. Behin puntua jarri zioten:
Zer moduz portatzen da
zuen behi pintua?
jateko kontu hortan
ez dago tontua
tratalaiak saldu arte
bazuten kontua
orain zeinek kendu hari
esnian tantua?
Gero jada geratu egin zen. Santa eskean bi-hiru aldiz atera zen Asteasun.
[Joxemari Ormazabal “Tturko”]
“Hura ere aritzen zen bertsotan, ondo gainera”.
[Florian Oiarbide]
“Juanek kontatu zidan bera bertsotan ibiltzen zela gaztetan. Hernanin eta Gipuzkoa guztian. Eta esan zidan: Andregaiak eskatzen zidan bertsoa edo ni eta utzi egin nion bertsolaritzari’“.
[Iñaki Aranzadi]