—gaiak—
PATXI BAKALLO ETA
PEDRO SANTA KRUZI
OMENALDIA (1967)
Santa Kruz, Patxi Bakallo eta Txirritaren omenezko monumentua,
1967ko omenaldian jarria.
Egilea: Iñaki Linazasoro. Argazkia: Auñamendi Entziklopedia.
(Joxe Legarreta “Pepito”) Patxi Bakallo eta beste bertsolari batzuen omenez festa antolatzen aritu zen beste batzuekin batera. Monolitoa eta plaka jarri zituzten Ereñotzuko plazan.
Haiek ez ziren garai errazak horrelakoak antolatzeko eta egun horretan Pepitok larri samar ibilia behar zuen. Guardia zibilak atxilotu egin nahi izan zuen, gauean auzo guztian zehar ikurriñaren pegatinak jarri zituena bera izan zelakoan. Juxtu-juxtuan libratu omen zen norbaiten laguntza tarteko.
[Joxe Legarreta “Pepito”ren omenez liburuxka]
“Ernani’n, Ereñozu ballarako gazteriak, bi bertsolari zarren oroipenez, jaialdi bikañak eratu ditu igande ontarako. Patxi Bakallo ta Pedro San Cruz dituzute bertsolari zarrok.
Amarretan, meza nagusia. Izlaria: Juan Mari Lekuona. Amabitan, oroitarriaren estalpe kentzea ta bedeinkatzea.
Ondoren, omenaldira azalduko diran bertsolarien lenengo saioa. Gero, txistu soñua ta dantza, bazkari ordura bitarte.
Ordubitan, anaitasun bazkaria (Ur Mia elkartean).
Bostetan, zortzi bertsolariren ekiñaldia: “Uztapide”, “Xalbador”, “Lazkao txiki”, Arozamena, Azpillaga, Lasarte ta Agirre, kantatuko dutenak.
Gai jartzaile ta bide-emale: “Basarri”. Egun gogoangarria izango ote dan derizkiot gaurkoa, Ereñozu ballararentzat. Nun dira an baño maiteago bertsolariak?
[Basarri, Zeruko Argia, 1967ko urrilak 8]
Txirritaren eskultura jarri zenean, eta Santa Kruz eta Bakalloren eskultura jarri zenean, onenak etorri ziren, Basarri, Uztapide, Xalbador ere bai. Ur-Mia elkartean bazkaldu genuen eta han jardun nintzen bertsotan haiekin.
[Manuel Huizi]
1965-2-21. Sorta horrek ireki zuen bertso jarrientzat txoko bat Zeruko Argiaren lehen orrietan, Basarriren “Nere bordatxotik” atalaren ondoan. 1936an gerra zela eta Zeruko Argia kaleratzeari utzi, eta urte luzeen ondoren berriro ekin zioten urtea zen. Geroztik gaur arte, Zeruko Argian aurrena eta 1980az gero bere oinordeko den Argian ondoren, etenak eten, beti izan da bertso jarrien atala.
[Estitxu Eizagirre Kerejeta]
“Florian Oiarbide degu gaurko bertsolaria.
Patxi Bakallo ta Pedro San Kruz’en berriak emanaz datorkigu”.
1
Milla urte ta bederatzireun
irurogei ta zazpia,
Urrilla’ren amabostean
degu egun berezia.
Ereñozu’ko gaztediaren
jaialdi zoragarria,
aurten gañera nola baitegun
beste jolas bat jarria,
gure aurreko bi bertsolari
jatorren omenaldia.
2
Bi bertsolari oiek ziraden
Ernani’n bizi ziranak,
“Patxi Bakallo”, Pedro Santa Kruz,
zituzten beren izenak.
Euskalerria’k bera bezela,
ben-benetako gizonak,
jaungoikoaren lege santua
ondo betetzen zutenak,
amaika bertso abestu eta
mundu ontatik juanak.
3
“Patxi Bakallo” errenteiarra,
bertan jaio ta azia,
ezkondu eta Ernani’n jarri,
osaturik pamilia.
Al zun bezela atera bear
guztientzako ogia
baña etzuan, zoritxarrean,
izan bear zun guzia,
ta azkenean Amerika’ra
juan zan bertsolaria.
4
Ikusi zuan zegon tokian
bizitzerik etzeukala,
pentsatu zuan urez aruntza
juatea bereala.
Esanaz berriz euskalerrira
etorri bear zuala,
penagarria da azkenean
Ameriketan il zala
Zizurkildarra Pedro Maria
Otaño zana bezela.
5
Pedro Santa Kruz, jaio ta azi,
Andoain’go partean,
ango “Anzizu” izena duan
ain baserri politean.
Bizi-lekua ura izan zun
ogeitazazpi urtean,
ezkondu eta Aduna’n jarri
emazteakin batean,
“Pake” izena dan baserrira
Ernani’ra jun artean.
6
Agur egiñaz erri artako
makiñatxo-bat laguni,
Esanaz: Ereñozu aldeko
txoko artara nua ni.
Egun batean Aduna utzi,
ta artu zuan Ernani,
bere semeak ezagun ditut,
angoa bainaiz neroni,
oraindik ere bi bizi dira:
Gregorio ta Antoni.
7
Iñoiz edo bein izan bazera
Ereñozu’ko elizan,
aretxen goian da baserri bat
“Alkatxuin” bere deritzan.
Antxe bizi zan gure Santa Kruz
baserritar onan gisan
beti osasun ederrarekin,
gaitz txarrik etzuan izan,
izualdi bat izandu zuan
eta artatikan il zan.
8
Bizimodua ateratzeko
jarrita zegon legean,
izarretatik izarretara
gelditu gabe lanean.
Beren seme ta alabak azi
al zan modu onenean,
saiatu ziran biotz onetik
beren bizitza danean,
irurogeita zazpiña urte
zituzten il ziranean.
9
Aiek merezi duten ainbat nik
bertsotan ezin abestu,
baña al dedan guzia egin;
geiago nereak eztu.
Gauzik bearren bearrena da,
onak zirala sinistu;
omenaldian euskaldun danok
biotzak ditzagun poztu,
baratz oneko loreak ziran
ta ezin gindezke aztu.
10
Jaunak ba-dauzka zeru goietan
ondo gordeta tokiak,
lore ederrez apaindurikan
euskaldunentzat jarriak.
Antxe sartuak egongo dira
gure bi bertsolariak,
umildadean egin ditzagun
otoitz bero ta garbiak
egunen batez toki on artan
goza gaitezen guziak.
[Zeruko Argia, “Bertso berriak” saila, 1967-urrillak 29]