—gaiak—
ERRONDAK
Hiru-lau lagun elkartzen ginen ostegunero Irizarreneko tabernan. Kafea, fariasa piztu, koparik ez genuen hartzen, botila sagardoa hustu eta erronda egiten genuen herri osoari kantari. Patxi Odriozola, Juan Miel Zugasti “kattarrotarra”, tarteka Juanito “Emeri”... tabernetan sartzen ginen baina ez denetan, hurrengo egunean lanera joan behar zen eta! eta kanta zaharrak kantatzen genituen. Azkeneko saioa, luzetxoena Ramon Amerikanoanean joaten zen (Setiendarrena zen. Andre kalearen bukaeran zegoen, Plaza Berrin).
Orduan ere tabernan geunden. 1962a zen. Irizarrenean, kafea hartuaz, Koldo Goia, Patxi Odriozola eta ni. Patxik esan zuen “gerra aurretik ateratzen ginen Euzko Gaztedi Taldekoak Santa Agedan eskean... Zuek laguntzen badidazue aterako dut kuadrilla!” “Benga!”.
Santa Ageda bezperako erronda 1962an berreskuratu zen.
Iturria: Noticias de Gipuzkoa.
Gerra aurretik errondan ateratzen zuten diruarekin futbol talderako materiala lortzen zuten. Gu maindire zahar batekin ateratzen ginen eta biltzen ziren sosak beharrean zen familia bati ematen zitzaizkion. Eta afaria egiten genuen Joxe Mari tabernan.
[Inaxio Mari Zubeldia]
Errondan lehenengo atera zen bertsolariaren bila Anjel Osa eta biok joan ginen Azpeitira: Joxe Agirre.
[Inaxio Mari Zubeldia]
Ni aurreneko 1963an atera nintzen. Aurreko urtean Joxe Agirre atera zen. Gero harekin Amerikanoan saio bat egin genuen, eta hurrengo urtean ni. Hainbat urte errenkan ni atera nintzen. Errondan ez zen altabozik ez ezer erabiltzen. Ez zen ederra izaten. Gero altabozarekin hasi ginenean, hura paseo bat zen! Baina azkenerako aspertu egiten da bat.
[Tturko]
Hernanin ni bakarrik ateratzen nintzen. Urte batean ni ez nintzela aterako esan nuen eta Batista Madariaga nafarra etorri zen; azkenean ni ere atera nintzen eta biok ibili ginen. Beste batean ni atera ez eta Xalto etorri zen. Ni ateratzen ez nintzen urtetan Eusebio Igartzabal ateratzen zen.
[Tturko]
Jon Odriozola Ohitura Zaharrak Abesbatzaren kideak azaltzen duenez, garai desberdinak ezagutu ditu Santa Ageda bezperako eskeak. 60. hamarkadan herria askoz txikiagoa zen, baina bizitza kalean egiten zen eta horrelako ekimenek jende asko biltzen zuten. 70. hamarkadan, ordea, apostu handia egin zen euskararen alde eta hurrengo urteetan taldeak ohiturari eutsi dio.
[Aitziber Muga, Noticias de Gipuzkoa 2012-02-03]
Kopletan Arozamena eta Tturko ezagutu nituen nik. Agirre ere urte bat edo bitan etorri zen. Gero Igartzabalek hiru-lau urte egin zituen, eta esan zuen: “bueno, zuek jada honako nahikoak zarete, Antton, Aterpe, Argiñarena...” 80 ingurua zen.
[Julian Ezeiza “Aterpe”]
Gu joan ginen Eusebio Igartzabalen etxera errondarako lotzera, eta berak lan pila egin zuen. Igual etorri izango zen hura 6-8 urtean Gabiriatik hona. Guk esaten genion “hau halako taberna duk, goien hau bizi duk, aurrean dagoena horrelakoa duk...” Kaminoa jartzen genion eta bera poliki-poliki aritzen zen. Guk lehenbizi inbidia, baina gero haren ondoan “nik ere botako diat bertso bat!” sentitzen genuen. Poliki-poliki hasi ginen, eta handik urte batzuetara jada gehiago hasi ginen Igartzabalekin sartzen, eta azkenean Eusebiok esan zigun “ba al dakizue zer pentsatu dudan? jada ez naizela gehiago etorriko. Zuek nahikoak zaretela Hernaniko lanak egiteko”. Horrela hasi ginen gu gehiago elkartzen.
Eta gogoratzen naiz urte batean bertsolari gehiago izan ginela abeslariak baino! Igual zortzi bat izango ginen: Aterpe, Anatx, Tapia, Argiñarena, Eizmendi, Aristorena...
[Antton Garin]
2005eko erronda.
Ibilbidea: Hasi eliza-atzetik, handik atera eta Paulo Txikia bizi zen etxera joaten ginen, Buxkando aurreko Villa Manolitara. Han kantatzen genuen eta handik plazara. Plazatik Andre kalean Zinko Enearaino, gero Zinko Eneatik kale Nagusian behetik goraino, zeharkako kalean pixka bat sartzen ginen, eta eliz aurreraino. Han bukatzen genuen. Gero Joxe Marirenera joaten ginen afaltzera. Baina norberak pagatuta, e!
[Tturko]
Antolazalea zen Patxi Odriozola, “Tiburtxio”. Hori izaten genuen gure nagusia. Entsaioa parbulitoko eskoletan egiten genuen. Han izaten ziren Mitxirrika, Tejedor, Ugaldetarrak hiru anai...
[Tturko]
Lehen bi erronda egiten genituen, San Joanetakoa eta Santa Agedakoa eta orain hiru egiten dira, Urte Zaharretakoa bestea.
Santa Agedako erronda hasi zenean, igual ibiltzen ginen 50 laguneko kuadrilla, Patxi Odriozolarekin. Patxi izan zen “alma mater”. Guretzako ere bai, bertsotarako “zuek botako duzue! benga, segi! bota horri!”
Zenbat urtetan gertatu zaigun Santa Agedetan kalejira egin, bertsoa bota, horrelako balkoian dagoen neskari, edo tabernan porroiarekin dagoenari, horrelako tabernariari ura gehiago ibiltzen duela ardoa baino... eta plazan erronda bukatzen genuenean Patxik: “ba al dakizue zer esango dizuedan? Santa Agedari ez diozuela bertso bat ere bota!”. Eta arrazoi zuen e! Hura erne ibili beti!
[Antton Garin]
Errondari badiot kariño berezi bat, gure aurrenetako plaza naturala izan delako. Inork deitu gabe joaten uzten ziguten, eta bertan kantatzeko aukera eduki dugu beti. Guretzat inportantea izan da. Uste dut errondak eboluzio bat eduki duela: garai batean erronda hori janztera joaten ginen, eta gaur egun bertsolariak dira errondaren zentroa. Niretzako badu bere mamia errondak, ez hainbeste tradizioaren kontuagatik, baizik eta aukera ematen duelako bertsoa kalera eramateko. Errondan gabiltzanean, aurrean daukagu urte osoan saio bakar batera joango ez den jendea. Aukera hori aprobetxatu egin behar da.
[Joxe Luis Urdangarin]
Hernanin antolatzen diren errondak dira Santa Agedatakoa, San Joan bezperako erronda, sagardotegietako Gabon Gaueko erronda (Loidin hasi, Elorrabi, Iparragirre, Altzueta, Otsua-Enea, Itsasburun barrena egiten dena) eta Urte Zaharretako erronda.
Santa Agedakoa izaten da normalean joko gehien ematen duena, gehien luzatzen delako, eta aste gorrian igual egiten delako eta ez jai bezperan. Jai bezperatan herria dagoen bezala dago eta hor enkajatzea ez da hain erraza izaten.
Ni bertsotan ari naizenetik errondan atera naiz. 14 urtera arte Ikastolako errondan ateratzen ginen eta hortik aurrera herrikoan. Urtero hiru errondetan behintzat atera naiz. Badira gehiago ni bezain finak edo finagoak.
[Joxe Luis Urdangarin]
Nire bertso ibilbidean, oso garrantzitsuak izan dira errondak: lagun artean ondo pasatzeko aitzakia oso polita dira eta bertsotan gutxi xamar zabiltzanean zure burua pixka bat motibatzeko oso ondo datoz. Bereziki Santa Ageda erronda da gure artean kuttuna, bere luzera eta urte garaia kontutan hartuta oso saio ederrak atera izan dira.
[Iñaki Zelaia]
2004ko Urte Zaharretako erronda.
Ikastola garaitan hasi ginen, maindirea eramaten. Gaueko llak arte egon ginen, hurrengo egunean ikastolara joan behar zelako. Eta handik aurrera urtero atera gara Iker Osa eta biok, Hernanin egiten diren hiru errondetan. Gu hasi ginenean Aterpe eta Garin ibiltzen ziren, gero pixkanaka utzi egin zuten eta guk jarraitu dugu. Iñaki Zelaia eta Joxe Luis Urdangarin ere nahiko finkoak dira, eta gustura.
[Jon Iraola]
Igual huts egin izan dugu Santa eskeren batean, herri askotatik eskatzen dituztelako bertsolariak eta banatu izan garelako. Baina gehienetan hor izan gara Iraola eta biok. Hiru-lau-sei-zazpi bertsolari izaten gara. Entzuletan ez da beti nahi beste izaten, baina gure artean giro polita izaten da eta horrek balio du.
[Iker Osa]
SANTA AGEDAKO ERRONDA 1989-02-04
Jon Eizmendi:
Santa Ageda genun santua
aspaldi mundutik juna
baina halare hemen urtero
gogoratutzen deguna
garai batian hasi zan eta
geroztikan oihartzuna
gaurere hala kunplitzen degu
eman genion eguna.
Antton Garin:
Ai, Eizmendi zu gogor zera-ta
bertsotan baita iaiua
Santa Agedetan zintzo asko bai
zuk ematezu pausua
ez dakazu zuk ohitura zaharra
orain behintzat’e ahaztua
gaztea zera baino oraindikan
merezi dezu txalua.
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Eta Eizmendik azaldu digu
santa maitiaren grina
nola genduen oso aintzinan
mundutikan aldegina
gero Jainkuak halaxe nahi ta
egin zun amabirjina
hobe genduke guztiok haren
tankerakuak bagina.
Jon Eizmendi:
Hemen jarraitzen baldin badegu
bukatuko da negua
eta guk berriz beste norabait
mugi nahi degu hegua
nik oraindikan nola daukaten
jarraitutzeko gogua
beste tokira joaten bagera
hartuko degu tragua.
(...)
Julian Ezeiza “Aterpe”
Lehenago ere bagenekigun
Azurmendineko berri
horregatikan gaur gauean gu
honuntza gera etorri.
Antton Garin:
Ohitura zaharrez beti bezela
Santa Agedan gaude-ta
zorion eta agur bero bat
Joxe eta suia dela.
Jon Eizmendi:
Lehenago sarri ibili gera
leku honen konpainian
abaniko bat jarri diote
orain atian gainian.
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Adela honek merezi ditu
gure bertsorik onenak
beti horlaxe ekartzen baitu
borondatia duenak.
Antton Garin:
Batek makila, bestek porroia
zerbeza urruti ere ez dago
martxa hontan ere bukatuko deu
eurian bildurraz nago.
Jon Eizmendi:
Ardua eta zerbezarekin
joaten baitira egarrik
hemen guztiok busti nahi degu
baina ez kanpotik bakarrik.
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Hemen danetik ikusten danez
nola daukagun aukera
horrela gozatzen badirade
berriz etorriko gera.
Antton Garin:
Santa Ageda bezpera degu
ta gaur gabiltza kantatzen
aurreraxio, gehio edanen
behintzat ez gera goatzen.
Jon Eizmendi:
Pentsa zazute gu betirako
hona etorri ez gerala
eta porroiak uzten ditunak
berak pagatu ditzala.
(...)
Antton Garin:
Ondo jantzita sonbrero ta guzi
ikusi det hor gizona
tankera onian argazkiaz ta
sonbrero handia daukana
dudarik gabe hoi izango da
fabrikan baten egona
baino aurrian maindiria egonda
ez du bota horrek txanpona.
Jon Eizmendi:
Gure Anttonek gaur eman digu
hoinbesteko inbidia
bestiak ere hitz egiteko
badegu eskubidia
galdetutzen det zergaitikan dan
Santa Ageda martiria
hemen dirurik bota nahi ez bada
alperrik do maindiria.
Antton Garin:
Orain banua gaur agurtzera
Xantin familiarekin
oain dala gutxi etorri omen da
hori sei basurdiakin
guk ez degu ezer probatuko
aspalditik badeu jakin
gaur guk ere konforme behar
txorixo bokadillokin.
(...)
Antton Garin:
Aurten hondartzan zer moda eongo dan
dauneko zera enteratu
zu lasai egon zure alabak
trajebainoa ingoizu prepatu.
Jon Eizmendi:
Berriro ere trajebainuai
hasi behar al deu begira?
gaurko egualdia beti badegu
laiste izkutatuko dira.
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Aspaldin ere nik ez det entzun
izandu horrelakorik
iruditzen zait ez ote dagon
neure tamainakorik.
Antton Garin:
Martxa hontan ere trajebainua
hor egon biharko utzita
Julian hau’re hobe egongo da
abrigo handi bat jantzita.
Jon Eizmendi:
Beti horrela jarraitu baino
bidia bado oraindik
negu guzia pasa artian
segi dezagun hemendik.
(...)
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Pozikan gaude Txantxangorrira
gaur etorri geralako
urteko antza gaur ere ondo
hemen porta diralako
etorkizunai begira jarri
eta horrek ematen du poz
gu zahartzen hemen ai gera baino
landare berrik badatoz.
Antton Garin:
Aspalditikan ixtimatzen deu
guk ere Txantxangorria
hemen badaude arrantzalarik
eta bado ehiztaria
guk ere hementxe gustoz geratu
prestatzen deu eztarria
deskantso eder bat merezi deu ta
jan zagun gero tortila.
Jon Eizmendi:
Hemen tortila eukitze horrek
nola ematen digun poz
istimatu’re egiten degu
guk hemen eskerrikaskoz
Santa Ageda kopla kantatuz
makilarekin lurra joz
txantxangorriak ez gera baino
kabi hontara bagatoz.
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Eta agurra hontaz aurrera
eman bihar det nik laiste
hau ikusita ez gero pentsa
inor dagonikan triste
faisana eta eperra asko
hemen zaharra eta gazte
haien haragik jan ta ondoren
hezurrak uzten dituzte.
Jon Eizmendi:
(...)
baina agur bat gaur eman gabe
nola geran aterako
tortila danak jaterako ta
ardu hoi edaterako
ura aspaldi utzi genduan.
1993KO GABON ERRONDAKO BERTSOAK
Urtero egiten da Gabonetan erronda baserriz baserri. Han kantatzen dute Aitor Mendiluzek eta Iñaki Zelaiak (lehenago Anatxek ere bai). Umetatik joan izan naiz familiarekin eta azken urtetan kantatzea ere tokatu izan zait eta gustura.
[Eli Pagola]
Joxe Mari Mujika “Anatx”:
Zikuñaga hontan ere badago
ere hainbat borondate
beldurrik gabe bota zazute
maindirea bete arte.
Jokin Sorozabal:
Euria hasi azkar eiten dik
eta gelditu poliki
gelditu arte segi behar badek
aspertuko haiz ederki.
Joxe Mari Mujika “Anatx”:
Gaur eskerako ekarri degu
guk maindire bat galanta
baina paperik ez bota arren
busti egingo dira-ta.
(...)
Joxe Mari Mujika “Anatx”:
Aizu gaurkoan ez da tokatu
kapritxoko egualdia
bixitatzera etorri gera
Aterpeko familia.
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Kopla batzuek botatzen hemen
egingo det ahalegina
oraindikan’e etxian daukat
zuentzako oroimina.
Jokin Sorozabal:
Hobe zenduke barrura sartzen
ez utzi ezkero danak
gu baikera behin sartu ezkero
ateratzen ez geranak.
Joxe Mari Mujika “Anatx”:
Galdera bat det: jakin nahi nuke
zerorren opiniua
aizu Julian zer moduz doa
zure operaziua?
Julian Ezeiza “Aterpe”:
Ni bezelaxe beste asko’re
ohi dira konturatuak
ta nik dauzkaten hiru hanka hauek
daduzkat izorratuak.
Joxe Mari Mujika “Anatx”:
Andreai ere galdetutzia
ez al da idea ona?
Gizonak hiru aipatu ditu
zein ote dauka sanona?
Jokin Sorozabal:
Aizazu Anatx, edukazioz
asko ez dezu ikasi
bakarka esan behar diranak
hemen galdetzen ez hasi.
(...)
Jokin Sorozabal:
Berdintsu dio lehenen kantatzen
bat edo beste hasita
ta Egineko agintariak
hor dauzkagu eserita
zerbait susmatzen ari gera gu
hoiek hola ikusita
egunkari bat ez da egiten
tabernetan ibilita.
Joxe Mari Mujika “Anatx”:
Eginekoak Sorozabalek
exeita ditu ikusi
alper xamarrak ote diraden
nahi zuen adierazi
ta hi ohiean hengon garaian
hoik lanean dituk hasi
hainbat ordutan lan egin dunak
hoinbat ez al dik merezi?
Jokin Sorozabal:
Ez det esaten deskantsurikan
ez dezutenik merezi
baina ez nun inoiz Txintxuanean
hainbeste jende ikusi
egia esan horrek badauka
hemen nahiko zerikusi
esango nuke hemen daudela
Atutxangandik ihesi.
Joxe Mari Mujika “Anatx”:
Haundia esaten ari haiz baina
jendea zegok trankila.
Atutxa hoi’re nere ustetan
ez al da jende abila?
gaurkoan ere bildu gerade
sekulakoa koadrila
baldin horren da baliente bada
orain etorri dadila.
EREÑOZUN
Bi gazte etorri zitzaizkidan Santa Agedan Ereñozuko errondan ateratzeko eskatuz: Daniel Zerain eta Pepito Legarreta. Familiakoak ez izateko huts handia sortu zidaten baten eta bestearen heriotzak.
Tturko ere Ur-Mia elkartean entrenatu zen Hernaniko errondan ateratzeko.
Ereñozun lehenengo urtean ni atera nintzen, 1964-65ean. Ni bakarra nintzen koplari, eta gazte gaztea koruak kantatzen, Florian Oiarbide. Gizon hori lan handia egina da, Santa Agedetan ere.
Soinuarekin Balentin Zialtzeta ateratzen zen.
Dozena erdi bat urte edo egingo nituen, eta gero ondoezik hasi nintzen. Nerbioak jasaten ditut oraindik batzuetan, eta plazetan aritzeak ere kaltea pasa zidan. Santa Agedetakoa horrelaxe utzi nuen. Lehen mutilak bakarrik aritzen ziren, eta neskak handik bost urtera edo hasi ziren ateratzen.
Erronda bukatutakoan Florian Oiarbideren gurasoek zeukaten tabernara joaten ginen afaltzera. Afalondoan dantzan eta bertsotan aritzen ginen, eta Florianek han bertsoak kantatzen zituen.
[Manuel Huizi]
Ereñozun Santa Agedan eskean ateratzen gara, koplaka. Urte askoan Manuel Huizi eta atera ziren, gero Florian Oiarbidek eta utzi zutenean kanpotik ekartzen genituen Joxe Fermin Argiñarena eta Anatx, eta gero Aritz Zerain eta biok hasi ginen. Azken urteetan Unai Agirre ere etorri da. Koplaka egiten da eta bukaeran Larre-Gainen bertsotan aritzen gara.
[Ibon Miner]
Joxe Fermin Argiñarenarekin 24-25 urtez aritu nintzen Ereñozun errondan. Eta Garin eta Aterperekin kalean.
[Joxe Mari Mujika “Anatx”]
Lehenik Hernanin atera nintzen, Igartzabalekin (1975-80 inguruan). Gero Ereñozun hasi nintzen errondan, Florian Oiarbiderekin, geroztik Anatxekin... Anatxekin oso kimika ona nuen eta hogeita gehiago urtean hutsik egin gabe atera ginen. Baserri denak pasatzen genituen eta Larre Gainen bukatzen genuen. Eta gero Ur-Mia elkartera joaten ginen afaltzera.
[Joxe Fermin Argiñarena]
Behin atera nintzen Ereñozuko errondan kopla kantari, Unai Agirre eta Aritz Zerainekin.
[Arnaitz Lasarte]