Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

gaiak

HERNANI

 

 

BITERITIK HONA

 

                1

Umetan parte hartu genuen

Biteriko historian

bandera gorri-horixka eder

bat gendula atarian,

gero Cara al Sol ozen kantatu

denok zutik galerian,

queso de bola ta leche en polvo

hiru t’erdiak aldian,

zein zoriontsu izandu ginen

España libre haundian.

 

                2

Aurreko bertso hortan brometan

aurkeztu det iragana,

baina ez pentsa brometarako

izan genuela dana,

garai haietan gure herrian

gertatu zen hainbat drama,

bat bereziki maiz sosegua

leher arazten zidana,

ordu ezkero nire barnean

eraman ezin dudana.

 

                3

Goiz jeiki eta bide luzean

badoa baserritarra,

barnean amak, erakutsia

beren hizkuntza bakarra,

erdera ia ez dakilako

egingo diote parra,

derrigortuta, arrotza duen

hizkuntzan egin beharra,

irripar batez ezkutatu du

bere barneko negarra.

 

                4

Garaiak zerbait aldatu ziran

nahiz ez guk nahi bezain laster,

ta euskaldunak sortu genitun

hainbat ekitaldi eder,

ikastolaren sorrera eta

euskara bazterrik bazter,

halere hemen ez digu guri

inork oparitu ezer,

dagona dugu euskal jendeak

egindakoari esker.

 

                5

Esan det urte luzetan zeinek

egin duen ahalegina,

euskaldun jator askoren lanak

izan du bere eragina,

eta efektu kurioso bat

badu berakin egina,

gaur Españako demokraziak

daraman tripako mina,

ez al da Francok ordun izaten

zunaren berdin berdina?

 

                6

Lehen historian ta orain berriz

Españako histerian,

bandera bera, mutur aurrean

oraindik gori-gorian,

leche en polvo ez, baina letxeak

daramagun nekaldian,

baina euskaldunok hogeita zazpi

garren erori aldian,

ikasiko deu danok biltzea

komeni dela agian.

 

[Juanjo Uria, 2003an Joxe Legarretaren omenez
Hernanin egindako bertso-emanaldirako jarriak]

 

Inaxio Mari Zubeldia.

Argazkia: Estitxu Eizagirre

 

      Bertso-saioetara lau baserritar gizajo joaten ginen. Kaletarrik ez, normalean. Jende gutxi biltzen ginen eta urtean saio gutxi izaten zen, jaietan.

[Julian Albistur]

 

      Nik entzun dut emakumea bertsotan! Sabin Ugalde “Komun-arratoia”ren andrea. Orain musika eskola den horretan bizi ziren, eta behin Atzietan barrena sartu nintzen eta andrea kantari sumatu nuen. Nola kantatu, gainera! Zoragarri! Umea loarazteko bertsoak kantatzen ari zen. Artean mutil kozkorra nintzen.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Bertso saioa festetan izaten zen: San Joanetan Hernanin eta San Antoniotan Ereñozun. Bietan gaiak jartzen nituen. San Joanetarako bertsolariak askotan Migel Arozamenak ekartzen zituen.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

 

AZPILLAGA ETA LOPATEGI FRANCO GARAIAN

 

      Saioak antolatzeko baimenak udaletxeak sortzen zituen nonbaitetik. Ezkiaga pasealekuko Kioskoan izaten zen San Joanetako saioa, eta jendea zutik egoten zen entzuten. Franco ezin genuen gaietan aipatu. Euskara kontuak eta ateratzen genituen.

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Bizkaitarrak ere etortzen ziren bertsotara, Jon Azpillaga eta Jon Lopategi. Gai bero samarrak jartzen nituen, eta askotan jarri beharrik ez! Lopategi bera berotzen zen bere gisa! Jendea ere builan “bota motel, bota beldurrik gabe!” eginez. Batean esan nien “bota beldurrik gabe esan, eta beste horiek hemen azalduta? Zer zirku armatuko da hemen?” erraza zen, “bota!” eginez jardutea! Gazteak ziren eta batez ere Lopategik sekulakoak botatzen zituen, eta arrazoizko bertsoak! Franco garai bete-betean gauza serioa zen hura, e!

[Inaxio Mari Zubeldia]

 

      Francori haiek egurra ematen zioten. Gozamen hutsa zen diktadura garaian. Beste bertsolariek politikaz ez zuten hitzik ere egiten, eta erregimenaren kontra hitz erdi bat ere ez, beldurra zegoen, eta haiek beldurrik gabe kantatzen zuten.

[Julian Albistur]

 

      Azpillaga eta Lopategi asko etortzen ziren. Nabarmenak izan ziren. Politika gaia, herriko arazoak, besteek baino gai gaurkoagoak erabiltzen zituzten, giroarekin parekoagoak. Adierazi ere bai, multak ere izaten zituzten... Guretzat Lopategi egundoko bertsolaria zen. Oso landua, bertso mundialak botatzen zituen errima aldetik, sakonak...

[Iñaki Aranzadi]

 

      Gure aitona (Juanito Goia) garai hartako abertzale horietakoa zen. Aberria egiteko aitzakia horretan gauza asko egin zituzten. Urumea ikastola eurek egin zuten, bertso saioak antolatzen zituzten, bertso saiotara joaten ziren... amak kontatzen du Iparraldera ere eramaten zutela bertso saiotara; hainbeste jende mugitzen ez zen garai hartan, hauek bai joaten ziren, kontzientzia hori bazutelako eta bertsozalea zelako. Bertsoa ere abertzaletasunarekin bat eginda bizi zuten.

[Unai Agirre]

 

      Aitona ia ez nuen ezagutu. Ni oso umea nintzela hil zen. Gure amaren bidez entzun ditut aitonak kantatzen zituen bertsoak. Auspoaren kolekzio osoa zegoen gure etxean. Hil zenean, Iñaki Aranzadi apaiza etorri zen eta ia kolekzio osoa eraman egin zuen (harreman handia zuten) eta ale batzuk geratu ziren. Gure izebari iritsi zitzaizkion ale horiek eta niri eman zizkidan. 30-35 ale izango dira.

[Unai Agirre]

 

 

1965, TXISTUAK ETA TXISTULARIAK

 

      Dibertsioarekin lotu izan zen urte luzez Hernaniko dantzaldia, baina baita iskanbilarekin ere, sagardoa erruz edaten zen eta batzuetan festa bere onetik atera ere egiten zen. Ezaguna da txistulariei txistu egiten zieteneko pasadizoa, 1960ko hamarkada erdialdean. Txistulariek deskantsuan jotzen zuten, baina antza, jende batzuei ez zitzaien gustatzen musika hori, sueltoan dantzatzekoa eta ez agarraoa, bandaren piezekin egin zitekeen bezala; txistu izugarriak egiten zizkieten ansorenatarrei. Askoren esanetan txistu egiten zutenak “kanpoko” jendea ziren, Lore-Tokitik, Lasarteko hipodromotik edo Donostiatik etorriak batez ere, eta erdaldunak. (...)

      Funtsean, konflikto identitario bat ere bazen hura, ez soilik musika gustuen kontu bat, ez zen huskeria bat. Hernaniar askok sentitu zuen txistulariei txistu egitean eraso egiten ziotela euskal nortasunari, hain justu euskaltzaletasunak berpizkundea izan zuen urteak ziren haiek gainera. Hura moztu beharra zegoela erabaki zuten herriko zenbait lagunek eta hala egin zuten. Ez ziren falta izan kolpeak eta borrokak kuadrillen artean, askotan Hernaniko gazte taldeek apeaderoan itxaroten zieten “bronka armatzera” etorri zirenei “falangekoak-edo izango ziren” eta beste batzuetan Tilosetan egurtu eta kiosko azpiko lokaltxoan edukitzen zituzten sartuta dantzaldia bukatu arte. “Erreakzio popular bat” izan omen zen hura Inaxio Mari Zubeldiaren esanetan.

      (...) Tamalez, istilu horien ondorioz Patxi eta Felix Ansorenak eta Jose Ugaldek agur esan zioten udal txistulari karguari. 1965eko martxoaren 23an dimisioa aurkeztu zuten: “Se da el denigrante caso de que para que un país exprese su tipismo en su propia tierra, sus representantes tengan que actuar bajo la protección de la fuerza píblica” diote gutunean. (...) hilabete batzuen ostean, txistua ikasten ari ziren hainbat gazte hasi ziren zeregin horretan: Antonio Insausti, “Txobito” eta Joakin eta Patxi Apezetxea anaiak. Baina borrokak eta egoera zailak ez ziren berehalakoan bukatu Tilosetako agertokian. Patxi Apezetxeak bere Hernani eta Txistua liburuan, holaxe kontatzen du txistulari hasi berriok nola bizi izan zuten garai hura: “Momentu batzuetan halako abarrotsa sortzen zuen egiten zitzaigun txistu-hots eta protestak, bata bestearen kontra bil-bil jota ere, ezin geniola ezertxo ere aditu elkarri, eta ezta norberak jotzen zuena ere. Baina berdin zion, guk jotzen jarraitzen genuen, bukatu arte, kiosko inguruan jartzen ziren herriko kuadrillek babestuta. Behin baino gehiagotan jaurtiki zizkiguten pezetak, hartxintxarrak, kioskoa inguratzen duen jardineran zeuden landareen pusketak...”.

      Zorionez, denborak aurrera egin ahala, jendearen txistu-zarata apalduz joan zen eta txistu-soinua indartu egin zen.

[Urko Apaolaza Avila, Hernaniko musika banda:
150 urte herria doinuz alaitzen
]

 

      18 urte nituela jarri nituen bertsoak aurreneko (Tilosetako txistu-jotzeez).

      Lau bertso ziren. Aurrenekoa gogoratzen dut:

 

Tilosetako dantzatokia

behin zegoen lotsagarri

txistulariak hasi ziran da

sesiua zuten jarri.

Haiek ez zuten jakingo, noski

gure ohituraren berri

hizkuntza bizirik daukagunok

esku emanda alkarri

eutsi txistu ta danbolinari

eutsi ohitura zaharrari.

 

      Beste bat:

 

Negarra ere egingo zuten

orain larogei bat urte

garai bateko aitona zaharrak

ikusi izan balute.

 

      Bertso horiek nik Basarriri bidali, eta Basarrik radiotik kantatu zituen.

[Florian Oiarbide]

 

 

1969 SAN JOANIK OSPATU EZ ZEN URTEA

 

      Hernaniko Pedro Orbegozo fundizio lantegian 2.000 lagun inguru zebiltzan garai haietan. 1969ko otsailaren 7an langileek asanblada egin zuten, poliziaren begiradapean, eta grebara jotzea erabaki zuten. Astebeteko grebaren ondoren Orbegozoko zuzendaritzak 19 langile despeditu zituen eta ondorioz langileen batzarrak grebarekin segitzea erabaki zuen. (...) Egoera zail horretan, San Joanak gainean zirela, 1969an herritarrek festarik ez egitea erabaki zuten. (...)

      Hernanin, 1969ko festen programak alkatearen eta parrokoaren agurra zekarren eta ohiko moduan “...alaitasun kutsuarekin datozen Juan Deunaren jaiak ondo igaro ditzagun...” eskatzen zuen alkateak. Ekitaldiz betetako festak izan behar lukete: etxafuegoak, pailazoak, zezenak, musika bandaren diana, prozesio eta kontzertuak... zeuden aurreikusita. Baina ez zen halakorik izan, ez behintzat herritarren parte hartzeari zegokionez. Herria aldizkarian argitaratutako artikulu honek laburbiltzen du ezin hobeki zer gertatu zen festekin eta musikariekin:

      “(...) Hortakotz, herriko bestez okupatzen diren Hernaniarrek, hartu dute xedea, bestarik egiterat ez uzteko. Ez baita alegeratzerik, holako gorabeherekin.

      Halere, Jondoni Joani bezperan musikariek ideki zuten usaiako bala. Bainan dantzatzeko orde, ehunka gazte lurrean jarri ziren. Apur batean buruan gazte multzo bat igo zen musika lekurat, musikarien handik kasatzeko. Poliza etorri zen musikarien gerizatzerat. Borroka partida batzuen ondoren, musikariek ihes egin zuten. Bi gizon izan ziren arrastatuak: bat gaztea, bertzea adinekoa.

      Biharamunean, gauza bera gertatu zen. Ikusiz gazten aserrea, musikariak ez ziren lotu musika jotzen.

      Anartean, gaztek kausitu zuten herriko alkatea (mera), plazarat etorria, ikusterat gauzak nola zoatzin. Gazte multzo batek alkatea ixkutatu dute, ale tzarrez ito eta, zintzurretik harturik erabili. Erran diote garbituko dutela, ez baditu bi presonerak librarazten.

      Alkatea, ikaratua, joan duzu gobernadorearen ganat eta bi gizonak librarazi ditu.

      Ba, egiazki besta ederrak izan dira aurten Hernanin. Ohart Hernanik badituela ogoi mila arima. Hiri kozkor bat da beraz. Anitz erran nai baitu, holako jendeketa ados agertzea “bazter nahaslen” sustengatzeko... Badute odol Hernaniko gaztek”.

[Urko Apaolaza Avila, Hernaniko musika banda:
150 urte herria doinuz alaitzen
]

 

      Orbegozon ez zieten ordaintzen eta sekulako saltsa zen. Pentsa, ez zen egin festarik San Joanetan! Urte hartan lau bertsolari ziren etortzekoak: Uztapide, Manuel Lasarte, Patxi Etxeberria eta Migel Arozamena, herrikoa. Jakin genuenean ez zegoela festa girorik, jendea haserre zegoela, Jexux “Mesie”ren motoa hartu eta Oiartzuna joan ginen, Uztapideren etxera. Ordubetetik gora aritu ginen berriketan. Joan izana eskertzen zigula esan zigun. “Zuk nire berri pixka bat badakizu eta ni oholtza gainera igo eta txistuka hasi balira, bertan geldituko nintzen!” esan zidan. Bihotzetik eskas samar baitzebilen ordurako.

      2.000 pezeta kobratzen zituzten bertsolariek. 2.000 pezeta polita zen, garai hartan. Jexuxek ez dakit nondik baina osatu zituen 2.000 pezeta horiek eta ostera motoa hartu eta han joan ginen bere etxera. Uztapidek puruak atera zituen, botila bat ardo ere bai mahai erdira eta jarri ginen berriketan. Azkenerako, galdera: “Zertara etorri zarete ba?” Esan nion “horrela eta horrela, azkeneko ez joateko aginduarekin etorri ginen, ba gizona, orain sos batzuekin etorri gara”. 100 pezetako billetetan 2.000 pezeta mahai gainean jarri nituen. Dirua atera nuenean begira-begira geratu zitzaidan Uztapide. Esan zuen: “Ni naiz bertsolari bakarra bertsotatik bizi naizena. Baina lanik egin gabe ez dut hartzen”. Gizona hor probatzen da! Ostera 2.000 pezeta haiek patrikan hartuta etorri ginen.

      Udaletxean kontzejal Tedi Setien zegoen, obispoaren anaia. Tedi hura Migel Arozamenaren bila zebilen, bertsolariak gutxieneko ekarri behar zirela esanez, festa egin behar zela... Migelek erantzun zion: “Nik eskatuta ez dira etorriko! Herria betiko delako eta gu berriz ez!”

[Inaxio Mari Zubeldia]