Saltar al contenido

Título y logo de la página

Ondarea guztiona delako
 
Mostrar/ocultar menú principal de navegación
Bertsoaren haria Hernanin
Estitxu Eizagirre Kerejeta, 2014

 

bertsolariak

MIGEL AROZAMENA LARRALDE

 

1930an Lesakan jaioa

1976an Hernanin hila

 

      Arozamena nafarra zen jaiotzez, baina hemen hasi zen bertsotan, Martindegin. Bere anaia ere bai.

[Florian Oiarbide]

 

      Berak zazpi urte zitualarik, Astigarraga’ra etorri zan fameli guzia, eta Ollalume ballarako Arana-eder etxean bizitzen jarri.

[Antonio Zavala, Mikel Arozamena. Nere aldia]

 

      Lehenengo aldiz kantatu, berriz, bere etxetik hurbil, Ergobian kantatu zuen Arozamenak, hango zaindari jaiak zirela eta. Garai hartako entzuterik handieneko Manuel Olaizola Uztapide eta Iñaki Eizmendi Basarri ziren bertsotan nonbait herriko jaietan, eta haien saioa entzuteko irrikitan joan omen zen harainoxe.

 

Migel Arozamena Arruerekin
1966ko Nafarroako txapela buruan.

Iturria: Argia.

 

      Hala behintzat, eguerdiko saioa egin bide zuten bi bertsolari ezagun horiek, eta bai gozatu ederra hartu ere Arozamenak. Saioaren ostean, berriz, herriko sagardotegi ezagun batera joan ziren, sagardo trago batzuk egin eta festetako bertso jaialdia osatzeko, agian. Migel gaztea ere haien atzetik joan zen, zer ikusiko eta, batez ere, zer entzungo. Bere idoloekin gozatzeko abagune ezin hobea etorri zitzaion, eta bete-betean bizi nahi zuen momentu hura. Sagardo egarria ez baina bertso egarri ase ezin bat omen zuen bere barrenean Migelek egun hartan; eta nola ez zekiela bera ere han hasi omen zen bi munstro handi haiekin kantari, bertsolari konsagratuei txanda hartuz.

      Hamalau edo hamabost urte izango zituen garai hartan, gutxi gorabehera; eta gaztetasunaren ausardia eta artean ondo ezagutzen ez zuen ofizioaren estutasuna elkarri lotuta, korapilo handi bat zerabilen buruan eta eztarrian egun guztian zehar. Hala ere, oso gustura gelditu zela kontatu ohi zuen Basarri eta Uztapiderekin bertsotan egin zuela behintzat eta. Bertsoa bukatu ezinda errenka eta hola ez omen zen gelditu une batez ere, eta ez zen gutxi hori. Lehenengo aldiz bertsozaleen aurrean egindako proba aise gainditu zuela, eta pozik zen mutila, ezbairik gabe.

[Joxe Mari Iriondo, Migel Arozamena Larralde liburua, Bidegileak bilduma 54]

 

      Nafarroan, Gipuzkoan, Bizkaian eta Iparraldeko bertso jaialdietan arrunt ezaguna zen. Bizitzan beste lanbide eta zeregin bat zuelarik ere, herri askotako bertso jaialdietara heltzen zen urtearen buruan.

[Joxe Mari Iriondo, Migel Arozamena Larralde liburua, Bidegileak bilduma 54]

 

 

ASKO IBILIA

 

      Arozamena asko ibili zen. 100.000 pezetako saria jarri zutenean (1968an) goizean baino arratsaldean puntuazio hobea egin zuen, eta finaleko zortzi bertsolaritan sartu egin zen. Basarrik irabazi zuen. Bigarren ez dakit Xalbador zen, hirugarren Lasarte, eta laugarren egin zuen Uztapidek. Lopategi, Mitxelena, Mattin eta zortzigarren Arozamena geratu zen. Hark izen handia eman zion eta plazan asko ibili zen, horiekin denekin. Inguru hauetan asko, Ergobin, Astigarragan, inguruotan edozein tokitan.

[Tturko]

 

 

TXAPELKETAK

 

Nafarroako txapelketa

1962

Txapeldun (Bera)

Nafarroako txapelketa

1964

Finalista (Iruñea)

Nafarroako txapelketa

1966

Txapeldun (Iruñea)

Txapelketa Nagusia

1962

Finalista (Donostia)

Txapelketa Nagusia

1965

Finalista (Donostia)

Txapelketa Nagusia

1967

Finalista (Donostia)
(Xalbadorri txistu jo ziotenekoa)

100.000 pezetako sariketa berezia

1968

Finalista

 

 

OMENALDIAK

 

 

LESAKAN

 

      Nafarroako txapeldun den Mikel Arozamena bertsolariari omenaldia eskaintzen diote lesakarrek, maiatzaren 23an. Lesakako herriak ez ditu nolanahi ahantzi nahi bere semeak.

      Maiatzaren 23an, alai esnatuko da Lesaka txistularien txistuz.

      11etan, herri-meza, herriarekin, bertsolariekin, txistulariekin eta apai bertso-zaleekin. Igartzabal, Garmendia, Gorrotxategi eta Etxeberriak ihardungo dute mezatan.

      12etan, bertso saioa bertako pilotalekuan: Azpillaga, J. Lizaso, Lazkano, J. Agirre, Mitxelena, Lazkao-Txiki, Mattin, Xalbador.

      Ordubidetan, bazkaria Hiru-bide jatetxean.

[Zeruko Argia, 1976-5-23]

 

 

HONDARRIBIAN

 

      Hil eta handik hamabost egunera, Hondarribian omendu zuten berriro, 1977ko urtarrilaren 6an, Errege Egunez. Urepeleko Xalbador handiarekin batera Arozamena zena omentzeko asmoz eta gogoz.

[Joxe Mari Iriondo, Migel Arozamena Larralde liburua, Bidegileak bilduma 54]

 

 

HERNANIN

 

      Bertsolariek bertsolariei izeneko jaialdian biak (Xalbador eta Arozamena) omendu zituzten berriro 1977ko otsailaren 26 hartan Hernanin, biak ere nonbaitetik begira izango ziren itxaropen betez. Bertso saio luzea eta handia izan zen hura, eta bertsolari eta bertsozale guztiek antolatua gainera. Imanol Lazkanok eta Iñaki Muruak egin zituzten aurkezpen lanak; eta haien esanetara hogei/hogeita bi bertsolarik beren sentimendurik ederrenak kantatu.

[Joxe Mari Iriondo, Migel Arozamena Larralde liburua, Bidegileak bilduma 54]

 

 

BERTSO JARRIAK

 

      1976ko maiatzaren 23an bere sorterriak egin zion omenaldi eder hartako giroaz baliatuz, Nere Aldia liburuxka argitara eman zuen Antonio Zavala tolosarrak. Auspoan argitara emandako bertso horiez gainera, Principe de Viana, Umeen-deia, Eudeia, Goiz-Argi, Zeruko Argia eta Eguna agerkarietan argitara emandako bat-bateko nahiz bertso idatzi gehiago ere baduela hark gogoratu nahi genuke, noiz edo noiz norbaitek denak bildu eta argitara eman nahi balitu ere.

[Joxe Mari Iriondo, Migel Arozamena Larralde liburua, Bidegileak bilduma 54]

 

 

XALTORI

 

Batek ez daki mundu onetan

zenbat ordu dun berekin

al den artian saiatu biar

borondate onenarekin.

Zuk ere etzendun oker aundirik,

ta lasai egon orrekin

gu’re ez gera luzarorako,

ta laister gera elkarrekin.

 

[Mikel Arozamena, Nere aldia]

 

 

TXANTXANGORRIA

 

        1

Txori txiki polit bat

ezagungarriya,

Jaunak mundu onetan

guretzat jarriya;

bire-baztar guztitan

azaltzen da iya,

bakarrikan bazuaz

zure gidariya,

beti olakoxia

da txantxangorriya.

 

        2

Kristabari laguntzen

goiz ta illuntzian,

txio ta txio dabil

birian ertzian;

pixka bat ixiltzen da

sasira sartzian,

bañan azaldutzen da

iñor gelditzian,

gustora artzen baitu

zerbait botatzian.

 

[Mikel Arozamena, Nere aldia]

 

 

EHIZEKO KONTUAK

 

        1

Lagun maitiak, esan nai nuke

eizakin gertatzen dana,

garai batian izaten gendun

ibilitzeko afana;

gaur alperrikan ibilaldia

ta egiten degun lana,

etxetik irten gabe egon leike

txanponikan eztaukana.

 

        2

Erri geienak jarri dituzte

uso-tokiak saltzen, da

lenago zegon askatasuna

orretatikan galtzen da;

naiko txanpona daukan gizona

ederki dibertitzen da,

nere moduko mixerablia

etxian gelditutzen da.

 

[Mikel Arozamena, Nere aldia]