—bertsolariak—
PEDRO JOXE MUJIKA BIDEGAIN “ANATX”
1929an jaioa, Aitzola Bordan (Anatx etxe zaharrean)
Aitona, gure amaren aita, Aranazkoa zen, hortik Anatx izena.
Gure aita (Pedro) aritzen zen bertsotan, harengandik hartu nuen zaletasuna. Etxean bertso zaharrak kantatzen zituen. Aitari ez nizkion ikasi, amonari (Pantxika Rezola) ikasi nizkion bertso zaharrak.
Nirea afizioa ez, lardaska zikin bat zen, nola izaten den ur zikina? Txapelketa batean Donostian, gogoan hartu nituen bertso mordoxka bat, zortzi-hamar bat bai. Lagunarengana joan nintzen hurrengo egunean, eta han kantatu nituen bezperan ikasitakoak. “Ez ditek milimetro baten okerrik” esan zuen hark.
Epelen obran ari ginela, Zelaiatarrak ziren elkar hartuak, eta haietan batek esaten zuen: “Markesaren alaba? Oraindik ez diat inor sumatu danak tajuz kantatzen dituenik”. Eta nik kantatzen nituen denak, segidan.
NIKASIO REZOLA
Nikasio Rezolak (Agin Labururen aitonak) esaten zidan “bazekiat aritzen haizela, arrebari (Maria), belazean lanean ari zaretenean”. Ezkerranean bizi ziren. Bera eta biok aritzen ginen pixka bat lardaskan, eta Xoxokara joaten ginen. Hark kantatu zuen bertso hauxe:
Parientiak gerade Joxe
esan liteke lehengusu
hala ikasi genuen eta
ontzat hartu biharkoezu
zerbaitegatik holako elkar
maiteak gera ni ta zu
jendea beida ez balegoke
emango nizuke musu.
Xoxoka.
Iturria: Urnietako Udala.
“Oraindik Xoxokan kantatu dan bertsorik ederrena” esan zioten barratikan. Harrek egingo zuen bertsotan gaur bezala eskolarik izan bazen.
ZEPAIREKIN
Behin aritu nintzen Zepairekin, plazara joanda, Ergobiko festetan. Migel Arozamena eta Zepai ari ziren. Ni Arozamenari aritzen nintzen bertsotan, eta etortzeko keinu egiten zidan. Nik atzera egiten nuen, baina azkenean ekarri naute eta Arozamenak “Hau ere bertsolaria dugu!”, “Ongi etorri! Konponduko gera hemen!” Zepaik.
Orduan bertsotan aritzen nintzen eta, Zepairekin pixka bat lotsagabetu edo ez dakit zer egin nintzen. Gauza handiak egiteko txiki xamarra nintzela bota zidan. Nik erantzun nion etxean zera esaten zigutela: belarri handiak nituela eta koskortuko nintzela, noski. “Hori bertso hori moldatzeko, bertsolaria duk!” esan omen zion Manuel Matxainek (gai-jartzaileak) Arozamenari.
ANALFABETOA MAISU
Guk eskolarik batere ez genuen. Ni Arriatsun ibili nintzen sei hilabetean, eta kabi denbora zen eta ez nintzen joan erditan. Juan Batixta eskolan ibilia zen 14 urtera arte, bere laineza hura izaten zuen. Behin Inaxio “Poxta” laguna eta biok juntatu ginen, eta baso erdi bana edatera eliza frenteko tabernara jo genuen. Batixta hori inguratu da eta egin dugu saioa. Egun ona tokatu zitzaidan, eta esan zutenez, paliza eman nion gainera. Kantatu omen zidan “ni bezala eskolan ibili bazina, jakingo zenuen nik adina”. Nik erantzun:
Eskola ta eskola
zinanian gazte
beti estudiatzen
hortxe jai ta aste
asko pintatu(d)izunik
ez zazula uste
analfabeto bat gaur
bada zu hainbeste.
AROZAMENAK BULTZA
Arozamenak esaten zidan “joan hadi bertsotara, hik nik adina egiten duk, eta nik eramango haut, Basarrirengana joan behar diagu”. Haren txofer sartu baitzen Arozamena gaztetan. “Motel, nik ez zeukeat denborarik Basarrirengana-eta joateko, gure etxean bazegok lana” esaten nion.
Berehala utzi nion bertsotan egiteari. Soldaduska pasa eta obran lanean hasi nintzenean. Gero andregaia ere egin nuen eta horrek ez zuen nahi, “zorretarako nuela” eta nik ere gogo handirik ez... Hala, seko ahaztu zitzaidan, ahaztu.
Ez zegoen ondo ikusia, mozkorra zen bertsolaria.
SEMEA BERTSOTAN
Ez naiz gogoratzen semea (Joxe Mari Mujika) behin ere entzutera joan naizenik. Nik berari kontsejurik eman? Ez, ez, eskolan zebilen eta nik zer erakutsiko nion, bada!
Bertsolari aterako zirenak baziren lehenago ere, eskolak izan balira.
KINTOEN BAZKARIA
20 urte nituen. Kintoen bazkaria egin genuen, Villabonako Izkina tabernan. Goizean joan, bertan gosaldu, ardoa ere edan eta han asentatu ginen. Intxaustik (Muebles Intxaustikoak) jartzen bazizun espaldan eskua, seguru punturen bat botako zizun. Nik ahal nuena erantzuten nion:
Intxaustik:
Idiazabalgo gaztak
berdinikan ez du
Anatxek:
bera eiten dutenak
eingo dira poztu
alimentua dula
ez dezagun ahaztu
nahiz ta egiten duan
pitilina moztu.
Gizon bat etorri zen, asteasuarra, eta “zer, bertsolariak al zarete?” “Hau mundiala!” (niregatik, lagunek). Berarekin hasi ginen, eta egin genuen saioa, handia: hasteko handian, eta txikian gero. Ondoko mahaian emakume kuadrilla bat zegoen eta umore ederra jarri genuen. “Ni baino hobea zera!” hori esanda bukatu zuen asteasuarrak. Kontuak egitera joan ginen, eta nagusiak ez zigula kobratuko batere. Oraindik ez zuela taberna hark halako betekadarik hartu sekula. Ez zegoen eta aukerarik bertsorik entzuteko!