—bertsolariak—
SETIENDARRAK
PATRIZIO SETIEN, IEROLAKOA
1909an jaioa
Kristoren aitona omen zen, nik ez nuen ezagutu. Gerran alde egin eta gero Etxegaraten egon zen mikelete eta Irunen jarri zen bizitzen.
Irunen txapelketan (Patriziok 41 urte zituen) Basarrik puntu hauek jarri zizkion, hain handi ikusita:
Asko jaten al zendun
gaztia zinala?
Harrapatzen nun tokitik
beti eginahala
hoinbestekua ez nintzan
hazi berihala
amak zion mantentzen
aspertu zirala.
[Florian Oiarbide]
Onak izango ziran
zure gurasuak...
Bai, onak ziran baina
hil ziran gaixuak
Jaunak izango ahal ditu
zerura jasuak!
eta handik entzuten
semian bertsuak.
Bertsolari ederra: Patrizio Setien. Gizon galanta zan ura. Eun da ogei ta amar kilo pisatzen zituan, eta etzan ala ere gizon parregarria.
Ura ere Ereñozu ballarakoa zan jaiotzaz. Arekin kantatu izan genduan iñoiz Irunen; ura an bizitzen zan, ba.
[Manuel Uztapide, Lengo egunak gogoan]
Pagoaga baserrian Lizeaga “Kizkurra” zen nagusia eta egur lanean ibiltzen ziren. Fabrika guztietan izaten da bat xelebre xamarra, eta Agustin Errekaldeko hura han, beti denen alkahuete, saltsa jartzen aritzen zena. Baten batek esan omen zion Patriziori “hori, ardiarekin larrutan ari zen lehengo igandean!”, akaso kontua izango zen dena. Eta etxerakoan, bazkaltzera zihoazela, jartzen omen da eta:
Alperrikan da denbora joanda
gero egotia penetan
orain artian gezur ta saltsa
libratu zera danetan
ez al dakizu ze ibili zeran
lehengo igande horretan?
gizonak eztu ondo ematen
ardiarekin larrutan.
[Florian Oiarbide]