—gaiak—
TXIRRITAREN HITZAK
Madrilgo Estampa aldizkarian Txirritari egindako elkarrizketa erreportajeatua argitaratu zuten, 1936ko apirilean, Txirrita hil baino bi hilabete lehenago. Txirritari egindako azken elkarrizketa izan daiteke, beraz. Hiru orri oso eman zizkioten, argazki ederrez jantzia. Jose R. Ramos kazetariak sinatu zuen. Txirritaren erreportajea, “Un poeta de 150 kilos” izenburu zuena, “Campeones vascos” serieko hirugarrena zen. Atal horretan txandan aterako ziren beste hiru euskaldun handiak ziren: Keixeta aizkolaria, Kortajarena harri-jasotzailea, eta Patxi Bollos, Antiguoko Istingorra elkarteko kidea, 236 kroketa jan ostean afaldu egin omen zuena. larrabetzutik.org webguneak berreskuratu zuen erreportaje hau, Madrilgo artxiboa zokomihatuta.
Estampa aldizkarian erdaraz ageri diren Txirritaren hitzak euskarara itzuli ditugu:
“Ez zait iruditzen bertsolari onak izango direnik ‘poeta’ horiek. Bertsoak kantatuta luzitzen du. Errenteriako papeleran ere ez dago nik nire denboran kantatutako bertsoak idazteko paperik.
Behin, Andoainen erromerian, Pello Errotak eta biok topo egin genuen tabernako atean. Jendea zirikan hasi zitzaigun. Pello egon den bertsolari onenetakoa izan da. Ez genuen inork zirikatu beharrik izaten. Pellok eta biok aurrez aurre topo egiten genuenean istilua pizten zen. Ni hasi nintzaion, estreinatu berri zuen blusaren kontuarekin. Berehala erantzun zidan, nire triparekin sartuta. Ni ez nintzen isildu, baina bera ere ez zen mutua. Bere lagunek hari jotzen zioten txalo, eta nireek niri. Tabernan afaria prestatu ziguten. Afaldu bitartean bertsotan jarraitu genuen, elkarri trapu zaharrak boteaz. Ez zen sagardorik falta. Horrela jardun genuen gau osoa, bietako inork amore eman gabe. Taberna itxi ziguten, eta eguna argitu zuenean bakarrik geratu ginen pixkanaka, plazan... Ea beste poeta horiek hainbeste bertso lotsagabe non idatzi dituzten, ezta meza emateko latinezko liburu handi horietan ere...
Biok ongi atera ginen. Pellok azken bertsoan esan zidan nahikoa sagardo zegoenean ondo zegoela lagunak dibertitzeko kantatzea, baina dagoeneko izarrak ere lotara joanak zirela. Nik erantzun nion niri ere ez zitzaidala gustatzen eztarri lehorrarekin jarduterik, baina ez nintzela jarraitzeko beldur, izarrek alde eginda ere, oiloak zebiltzala kalean”.
“Andregaia behin izan nuen eta ordubeteko. Txomineneako erromerian. Paseatzen ari ginen eta erroskillak erosi nizkion. Baten batek bertsotarako desafioa jo zidan eta ixtantean aldegin nuen. Ez nintzen berehalakoan etorri, eta bitartean soldadu batekin joan zen hura. Nik erositako erroskillak janaz nola zihoazen ikusi nuen”.
TXIRRITAREN LEHENDABIZIKO BERTSO-LAGUNAK
1
Milla zortzirehun hirurogei ta
hamalau urte urrian,
lehenengo plazan kantatu nuen
nik Hernaniko lurrian,
San Antonio deitzen diogun
ermita baten aurrian,
lagunak alkar ixtimatuaz
lehengo ohitura zaharrian.
2
Joxe Migelek atera zuan
oso hizketa leguna:
«Au da, gaztiak, prezisamente
guk egin bihar deguna:
altxa dezagun San Antonio,
gaur da beraren eguna!».
Gaur Goiatz-txikin dago itxututa
orduko nere laguna.
4
Hirurogei ta hamar bat urte
badaduzkat bizkarrian,
kargamenturik txarrena hau da,
ezin utzi baztarrian;
hanka batetik kojoka nabil,
reuma daukat ixtarrian,
baino baditut laguntzaileak,
ez nago modu txarrian.
3
Orduko hango bertsolariak
lau lagun ginan guziak,
Hernanin bertan bataiatuak,
barriu hortan haziak:
Joxe Migel da Erramun hilak,
ni ta Juan Mari biziak,
San Antoniok merezi du ta
eman zaizkagun graziak!
5
Gazte-gazterik hasi nitzan da
oraindaino bitartian
zenbait umore eder jarri det
Kantabriako partian;
pixka batian ez naiz ahaztuko
sartuagatik lur-pian,
nere aitamenak izango dira
beste larogei urtian.
Ereñozuko ermita.
Iturria: Auñamendi Entziklopedia.
Txirritak aipatzen ditu “Joxe Miel ta Erramun hilak, ni ta Juan Mari biziak”. Joxe Miel (gure aitona zena) eta Erramun lehengusuak ziren. “Gaur Goiatz Txikin dago itsutua orduko nere laguna”. Gure aitona Joxe Miel eta Goiatz Txikiko itsua anaiak ziren. Goiatz Txikikoak dira Otxotorena. Handik etorri ziren bizitzera Altzera. Eta Altzen begia galdu, ez dakit mandoak jota-edo. Eta begibakar geratu. Goiatz Txikira joan eta sagarrak kimatzen ari omen zen, eta adaxka batek ukitu du eta beste begia hustu! Eta itsu geratu.
“Ni ta Juan Mari biziak” dio, eta Juan Mari ezagutu nuen nik, hori zen Ugaldetarra.
[Antonio Zubiarrain]